119. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

KASEDA

Animaliak edukitzeari buruzko ordenantza

Udalaren osasun ordenantza, animaliak edukitzeari buruzkoa, Udaleko osoko bilkurak behin betiko onetsia 2005eko uztailaren 28an.

Kasedan, 2016ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Jesús Esparza.

UDALAREN OSASUN ORDENANTZA, KASEDAKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Kasedako udal mugapean animaliak edukitzeko begiratu behar diren baldintza eta osasun arauak ezartzea, bai eta, Udalaren eskumenen barrenean, haien inguruko jarduera guztiak arautzea ere.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskugarriak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugapean bizi diren zakur guztiak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren gainean, edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak horren berri eman behar die erakunde eskudunei dena delakoa, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

4. artikulua. Udal mugapean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasiz eta berrituz. Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guziak paratzea ere.

Zakurrak identifikatu eta haiei txertoak paratzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria eta haren berri emanen zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

5. artikulua. Zakurrek eremu publikoan ibiltzeko baimena dute; behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.

Lehenago eraso egin duten zakurrek edo aldez aurretik arriskugarri gerta daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan, ikastetxeetako patioetan eta haurtzaindegietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salatu eginen dute zakurrak ez badabiltza baldintza hauetan eta ordenantza honen gainerakoan ezarritakoetan, bai eta zakurrak bildu eta gorde ere, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

6. artikulua. Aurreko artikuluak dioena aplikatzearen ondorioz bildutako zakurrak agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte eta jakinaraziko diote jabeari, zeinak 72 orduko epea izanen baitu zakurra erreklamatzeko.

Jabeek erreklamatu gabeko zakurrak edo identifikatu ezin daitezkeenak, udal zerbitzuek, lehenbizi, agintaritzako agenteei eman edo salaketa egin zuen pertsonari eskainiko dizkiote, eta bigarrenez animalia hauek biltzeko zentroei. Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak zakurraren jabeak ordaindu beharko ditu.

7. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da zakurrek eremu publikoan kaka egitea galaraztea. Zakurraren gidaria behartua dago hark egindako gorotzak bildu eta kentzera. Horretarako etxeetarako zaborrontziak edo Udalak zehaztuko dituen tokiak erabiliko ditu. Zikindutako tokia garbitzea jabearen ardura izanen da.

8. artikulua. Atari zakurrak libre uzten ahalko dira bakar-bakarrik jabetza partikularreko esparruetan, baldin eta eremu publikotik behar bezala itxirik badaude, alegia, kanpora ateratzea ezinezkoa dutela, eta jabea beharturik dago babestutako esparru horren sarbide guztietan seinaleak paratzera, argi ikusteko lekuan eta irakurtzeko maneran, zakurra bertan dela ohartarazteko, 2. artikuluan aipatzen diren trabak inola ere gerta ez daitezen.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak

9. artikulua. Definizioa.

Honako arraza hauetako zakurrak izan daitezke arriskutsuak: pit bull terrier, staffordshire bull terrier, american staffordshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu, Mallorcako ausiki-zakurra, Kanarietako ausiki-zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak eta haien gurutzatzeak.

Horrelako animaliak dituztenek berenak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

10. artikulua. Lizentzia.

Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Erosi aitzin eskatuko da lizentzia. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, salbu lizentzia aldi baterako eteteko zehapena, hura osoki bete bada.

–Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

–Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekoa duena.

–Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

Lizentzia eskatu behar dute arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek, eskatzailea Kasedan bizi bada.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio Kasedako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentziak irauten duen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.

11. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko administrazio lizentzia.

Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, gehienez ere eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa erakusten duen ziurtagiria, eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Kasedara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera.

12. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Kasedako Udalari komunikatu beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Eraso kasuak.

–Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

13. artikulua. Segurtasun neurriak.

Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa paratua dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Lagun bakarrak ez du inoiz eramaten ahalko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin tikikoek ez dituzte inola ere eramaten ahalko.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurretako instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

–Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

–Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

–Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

Arau-hausteak eta aplika daitezkeen zehapenak

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta ondoko artikulu hauen arabera zehatuko da:

Zehapen prozedurari ofizioz emanen dio hasiera erakunde eskudunak, bai beraren ekimenez bai salaketa baten ondorioz.

15. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

16. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

17. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak izanen dira jardueretarako eta instalazioetarako baimenean ezarritako baldintzak eta ordenantza honen betebehar eta xedapenak ez betetzea, arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badute.

b) Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larritzat joko dira:

1.–Udal agintaritzari, haren funtzionarioei edo udaltzainei, beren eginbeharretan ari direla, informaziorik ez ematea edo desmen egitea; halaber, informazio edo dokumentazio faltsua edo okerra ematea ere bai.

2.–Animaliek nahitaez hartu beharreko txertoak ez hartzea.

3.–Zakurrak arduradun batekin loturik ez ibiltzea.

4.–Animaliak haurrak jostatzeko eremuetan edo eskolako patioan egotea edo ibiltzea.

5.–Animaliei tratu txarrak ematea edo jipoitzea, edo justifikaziorik gabe mina edo sufrimendua ekar diezaiekeen edozein jarduketa eginaraztea.

Zakur arriskugarriez den bezainbatean, kasu hauen tipifikazioa arau-larriarena izanen da:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

–Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

–Erregistroan ez inskribatzea.

–Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

–Adingabe batek zakur arriskugarria eramatea.

–Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

c) Arau-hauste oso larriak:

Hauek arau-hauste administratibo oso larriak izanen dira:

–Hiru arau-hauste larritan berrerortzea.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein zakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

Arau-hauste larrien edo oso larrien tipifikazioa dutenek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea edo akabatzea.

Arau-hausteak kalifikatzean, asmoa, egindako kaltearen tamaina, izandako partaidetza maila eta lortutako irabaziak, egindako kaltearen konponezina eta, oro har, Udalaren agintaritza eskudunak atzemandako aringarriak eta astungarriak ere hartuko dira kontuan.

–Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

18. artikulua. Ordenantza honetako aitzineko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1.–Arau-hauste arinak 60 eurotik 200 eurora bitarteko isunarekin.

2.–Arau-hauste larriak 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

3.–Arau hauste oso larriak 600.1 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin.

–Animalien jabe edo edukitzailea eginen da arau-hausteen erantzule.

Artikulu honetan izaera administratiboko erantzunbeharra aurreikusten da; horrek ez du esan nahi bide penal eta zibiletan ere eskatzen ahal ez denik.

–Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia konfiskatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

19. artikulua. Alkatetzari dagokio ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztian men eginen zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeari, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legeari, Osasunari buruzko Foru Legeari, Osasunari eta Animalien Hazkuntzari buruzko Arauei, abenduaren 23ko 50/1999 Legeari, arau hauek garatzen dituzten lege xedapenei eta gai honen gainean aplika daitezkeen gainerako arauei.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1606380