119. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEINTZA-LABAIEN

Ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Beintza-Labaiengo Udalak, 2015eko azaroaren 23an egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantzan (4. artikulua).

Onespen horren iragarkia urtarrilaren 12an argitaratu zen, 2016eko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Udalaren iragarki oholean, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza eta argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.

Beintza-Labaienen, 2016eko ekainaren 6an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.

UR HORNIDURAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzeko martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Edateko uraren horniduraren zerbitzua eskura izan nahiz egiazki erabiltzea da zergagaia, baita edateko uraren banaketa sarerako hartune eskubidea ere.

3. artikulua. Zergadun baitira, ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizia osatu eta edateko uraren etxerako hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, eta hauek, behar balitz, onuradunei erasaten ahalko dizkiete kuotak.

4. artikulua. Tasak.

Zerbitzuagatik, tarifak ondotik aipatzen diren kontzeptuen ariora igorriko dira:

a) Horniduragatik, erabilera mota guztietarako, kontsumituriko metro kubiko bakoitzagatik: 0,09 euro, BEZa kanpo.

b) Sareetako hargunea, bai landa finketan bai hiri finketan: 90,15 euro.

c) Kontagailuaren alokairua: 10,00 euro.

5. artikulua. Likidatu beharreko kuota. Likidatu beharreko kuota laugarren artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

6. artikulua. Sortzapena.

a) Kontsumoagatik, gertatzen den une beretik.

b) Ur-hartunea paratzeagatik, ur hartunearen irekidura, lizentzia edo erabilpena onartzen den unean sortu eta ordainaraziko da.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

a) Instalazioa eta hornidura paratzeko behar diren materialak eta eskulana sarera lotzea edo hornidura eskatzen duenari kobratuko zaizkio.

b) Prebentzio moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen hartunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

c) Erabiltzaileak ez du inondik ere bertze inor urez hornitzen ahal, ez eta eskubidea ez duenari hartzera uzten ahal ere. Gainera, galarazi beharko du bere axolagabekeriaz gertatzen ahal den iruzurra. Halakorik bada, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

d) Erabiltzaileak behartuta daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera, baita beren ur kontagailuan gertatzen ahal diren aberiak ere.

e) Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

f) Kontagailua matxuratua izan eta gehienez ere 15 egunetan konpondu ez duenari haren pareko zergadun handienak (familiakideak, aziendak, etab.) egin duen kontsumoa halako bi kobratuko zaio.

g) Ordenantza honetan aipatzen diren kontzeptuetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuta daude kontagailua dagoen tokira sartzera uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

h) Ur kontagailuak Udalarenak izanen dira, eta haiei dagozkien mantentze lanak edo berriak paratzea Udalaren bizkar izanen dira. Gaizki dauden kontagailuak kendu eta berriak paratuko ditu Udalak.

8. artikulua. Likidazioa eta dirubilketa.

a) Kontagailuen irakurketa eta tarifen likidazioa urtean behin eginen da.

Kobrantza urtean behin eginen da, eta haren dirubilketa Nafarroako Toki Ogasunen gainean indarra duen Erregelamenduak tributu-zor jakinarazietarako ezartzen duen maneran eginen da.

Kuotak Udalaren izenean helbideratuz ordain daitezke, edo bertzenaz eskudirutan udal bulegoetan. Horretarako, ordainketak helbideratzeko inprimakia emanen zaio zergadun bakoitzari.

b) 4. artikuluko a) atalean aurreikusitako ordainarazpena sortzen den momentuan ordainduko du erabiltzaileak.

9. artikulua. Salbuespenak.

Ez da salbuespenik onartuko ordainarazpen honen ordainketan.

10. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak.

Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langile edo kide behar bezala kreditatuek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak eragoztea.

c) Toki entitateak ezarritako zigilu, zerraila edo aparatuak aldatzea.

d) Toki entitateak neurgailuak edo kontsumo-aparatuak aldatzeari buruz emandako jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa espreski aldatzeko asmoz baimenik gabeko mekanismoak erabiltzea.

Arau-hauste eta zehapenen gainerako alderdiei dagokienez toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari lotuko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, 2/1995 Foru Legea aldatzeko martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Iragarkiaren kodea: L1607125