118. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 20a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

EBROKO UR KONFEDERAZIOA

Iragarki-oharra – 1988-M-64

M.ª Teresa Arrondo Ayestaránek, Manuel Salcedo Izuren alargunak, eskatu du Oltza Zendeako udal mugapean (Nafarroa) dagoen eta industriarako erabiltzen den aprobetxamendu baten titulartasuna aldatzea eta hura handitzea; Erregistro Orokorrean 60.504 zenbakiarekin dago inskribaturik, 46. liburuan, eta Konfederazio honen Ur Publikoen Liburuan, 7. liburuan, 15. orrian. 2.300 l/s-ko emaria hartzen da Arakil ibaitik, 2,2 metroko jauziarekin.

Eskatutako baimenarekin aprobetxamendua handitu eginen da, emaria 30.000 l/s-koa izateko, eta desnibela 2,20 metrokoa, zentral berri batean energia elektrikoa sortzeko. 5.000 kVA-tik beherako potentzia duten aprobetxamenduetarako emakidak eta baimenak tramitatzeko prozedura berezia ezartzen duten maiatzaren 25eko 916/1985 Errege Dekretuan eta martxoaren 18ko 249/1988 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, batera tramitatzen dira proiektatutako instalazioetarako administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa, hura jartzeko behar diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzearen ondorioetarako eta bide zortasuna ezarri eta baliatzeko.

Horretarako, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu zituzten: “Artazkotz- Oltza Zendeako (Nafarroa) minizentral hidroelektrikoaren obra zibilaren proiektua”, Iruñean, 1987ko maiatzean Jose María Solesio Lillo bide, ubide eta portuetako ingeniariak izenpetua; “Artazkotz-Oltza Zendeako (Nafarroa) zentral hidroelektrikoaren proiektu elektro-mekanikoa”, 1988ko maiatzean, Iruñean Juan José García Martínez industriako ingeniari teknikoak izenpetua; “Ingurumen gaineko ukipenen azterlana”, 2013ko uztailean arc3 industriako aholkularitza zibilak izenpetua (planoen arabera). Agiri horietan aztertzen da energia elektrikoa ekoizteko eskatutako emariaren aprobetxamendua. Laburbilduz, honako lanak egin behar dira:

–Egun dagoen presa, Artazkozko presa deitutakoa, sendotu baizik ez da eginen toki jakin batzuetan, harri-lubeta eta masako hormigoia jarrita. Era berean, ibaiaren berezko ezponda indartuko da presatik behera, eskuinaldean, eta presa bera harri-lubetarekin babestuko da. Presan arrainentzako eskailera bat eraikiko da.

–Hargunea eta kargarako ganbera, egungo presaren gainean ezkerraldean; harea kentzekoa, material xeheetarako bi sareta eta segurtasuneko bi uhate jarriz egokituko da. Zabalera, guztira, 14 metrokoa izanen da, eta luzera 8,5 metrokoa.

–Zentrala presan bertan kokatuko da, lehengo eraikina zegoen tokian; kanpoko plantaren neurriak: 21,4 m x 8,60 m.

–Hustubidea hormigoi armatuzkoa izanen da, sekzio errektangeluarrarekin, 13,20 metroko zabalerarekin eta 3,20 metroko altuerarekin.

Emariak isuriz deribatzen dira, erregulaziorik gabe. Proiektuan adierazitako kotak, erlatiboak, hauexek dira: 100,00 metrokoa presaren tokirik altuenean, eta 97,80 metrokoa ur azalean, deribatutako emariak ibaira itzultzen diren tokian. Guztira, aprobetxatutako desnibela osotara 2,20 metrokoa da.

Makineriari dagokionez, semikaplan motako bi turbina bertikal ezartzea aurreikusi da, 15.000 l/s-ko emarirako eta 2,20 metroko jauzirako, 260 kW-eko potentzia, 380 V-eko tentsioa eta 750 rpm duten bi sorgailu asinkrono trifasikorekin akoplatuta. Transformagailu trifasikoa olio bainuan, 630 kVA-ko potentziaduna. Instalazioaren osagarri dira maniobrarako behar diren elementuak, babesa eta neurria, zerbitzu osagarriak eta langileen babesekoak, lurreko sareekin.

Sortutako energia inguruko banaketa enpresaren sarera ateratzea aurreikusi da, zentralaren eraikinetik 60 metrora dagoen aireko linea batean bidez; horren proiektu berariazkoa ondoren eginen da.

Lanek ukitzen dituzten interesak, eskatzaileek diotenaren arabera, hauek dira: ur jabari publikoa, haien jabetzako lurrak, eta zentralaren mugakide den finkan jarduketarako beharrezkoa den azaleraren erabilera; finka hori Estanislao Elizalderena da, baina Manuel Salcedo Izuren aldeko akuedukto zortasuna du.

Era berean adierazten da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan aurreikusitakoa dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak abuztuaren 28an emandako 350E/2013 Ebazpenaren bidez erabaki zuela Artazkozko (Nafarroa) minizentral hidroelektrikoaren proiektuak ez duela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa prozedura bete behar.

Argitara ematen da orok jakin dezan, adieraziz eskaera honek kaltetzen dituela uste dutenek erreklamazioak aurkez ditzaketela Ebroko Ur Konfederazioan (Sagasta pasealekua, 24, 50006Zaragoza), Nafarroako Gobernuko Energia, Meategi, Telekomunikazio eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan (Tomás Caballero parkea, 1, 5.a. 31005 Iruña), edo Oltza Zendeako udaletxean, hogei egun balioduneko epean, iragarki-ohar hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik edo jendaurrean jartzen den aurreneko egunetik kontatzen hasita, erreklamazioak Oltza Zendeako udaletxean aurkezten diren kasurako. Epe horretan ikusgai egonen dira espedientea eta proiektuak, lanorduetan, Ebroko Ur Konfederazioaren aipatutako bulegoetan.

Zaragozan, 2016ko maiatzaren 13an.–Ur komisarioa, eskuordez, komisario albokoa, Francisco José Hijós Bitrián.

Iragarkiaren kodea: E1607034