2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELO
Ordenantza, Herrilurretako aisialdiko baratzeen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena
Eloko Udalaren Osoko Bilkurak, 2016ko otsailaren 10ean, hasiera batean onetsi zuen Eloko herrilurretako aisialdiko baratzeen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onesten da Eloko Herrilurretako aisialdiko baratzeen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Elon, 2016ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Izaskun Zozaya Yunta.
Hona hemen ordenantza berriaren testu osoa:
ELOKO HERRILURRETAKO AISIALDIKO BARATZEEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 156. artikuluak ezartzen duenez, “horretarako lur egokia dagoen herrietan, toki entitateak lurzati bat uzten ahalko du, zozketa bidez, ezaugarri bereko lurrik ez duten eskatzaileen eskuetan, familia-baratzea edo gisa bereko aprobetxamendua para dezaten. Azalera, kanona eta baldintzak toki entitateek libreki finkatuko dituzte behar den ordenantzan, helburu hauetarako jarri den azalera globalak inola ere ez duelarik gaindituko laborantzarako herrilurraren azaleraren ehuneko hamarra”.
Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 177. artikuluan garatzen da lege-manu hori.
Aisialdiko familia-baratzearen esleipena, erabilera eta aprobetxamendua baldintza hauei lotuko zaizkie:
Lehenbizikoa.–Onuradunentzako baldintzak (Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 154. artikulua)
1. artikulua. Orokorrean, herrilurretako familia-baratzeen aprobetxamenduaren onuradun izateko, familia unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Eloko udal erroldan inskribatua egotea gutienez ere urtebeteko antzinatasunez.
c) Elon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Eloko Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
Bigarrena.–Aprobetxamenduaren baldintzak.
2. artikulua. Familia-baratzearen aprobetxamendua eta ustiapena klausula hauen arabera eginen da:
a) Familia-baratzea zuzenean esleipen-hartzaileak edo familia unitate bereko gainerako kideek landu beharko dute. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 164. artikulua)
b) Barazkiak hazteko erabiliko da familia-baratzea.
c) Herrilurretako aprobetxamendua eta familia unitatearen eskubidea izategatik, familia-baratzearen ustiapena ez da errentan, apartzerian edo bestelako eskualdaketa edo lagapen mota batean emanen.
Kontrakoa eginez gero, Udalak arau-hausleari kenduko dio bai esleitutako baratzea bai 4 urtez beste baten esleipen hartzailea izateko eskubidea, eta osorik aplikatuko da Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 166. artikuluaren edukia.
d) Esleipena zortzi urterako izanen da.
e) Aita-amek seme-alabei transmititzen ahalko diete, familia unitate beraren barnean, baita seme-alabei ere, beste familia unitate bat osatzen badute ere, inoiz esleitu ez bazaie familia-baratzerik, titular transmititzaileak aitzinetik izendatuta. Eta Udalari komunikatuko zaio.
f) Aprobetxamendu kontzeptuak dakar baratzea modu jarraituan lantzea; alde horretatik, Udalak hura kentzea xedatuko du frogatzen baldin bada urtebete baino gehiago egin duela landu gabe, behar bezala frogaturiko ezinbestekoetan izan ezik.
g) Debeku da bi baratze edo gehiago batzea, baita lurzatiak ixtea ere.
3. artikulua. Zilegi da ur biltontziak paratzea lurzatia ureztatzeko; gehienez ere 1,20 altu eta 1,20 metro zabal izanen dute, eta lanabesak gordetzeko kutxen ondoan jarriko dira. Kutxa horiek ere biltontzietarako ezarritako gehieneko tamaina izanen dute, eta 50 zentimetroko sakonera.
Orobat, baimentzen da berotegiak jartzea, gehienez ere 3 x 3 m² neurrikoak, ezartzen den lerrokaduran.
Lurzatietan jartzen diren elementu guztiek lerrokadura bera izanen dute, eta Udalak erabakiko du non jarri, kontzesiodunekin adosturik.
4. artikulua. Ez da onartuko baratzeetan uztea edo abandonatzea materialik, ontzirik edo bertzelakorik, desordenu itxura ematen duenik.
Baratzea abandonu egoeran edo egoera txarrean izanez gero, Udalak kontzesioa berreskuratzeko prozedurari hasiera emanen dio, eta, horrekin batera, penalizazioa emanen da: hurrengo lau urtean ezin izanen da berriz ere baratze baten esleipendun izan.
5. artikulua. Familia-baratzearen esleipen hartzaileek ez dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen bertan egindako hobekuntzengatik.
6. artikulua. Familia-baratzearen esleipen hartzaileak ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Udalak bere aurrekontuetan. Kanon hori urtero eguneratuko da, Nafarroako Foru Komunitateko erakunde ofizialak argitaratzen duen kontsumoko prezioen indizearekin bat (KPI).
7. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 156. artikuluan eta harekin bat heldu direnetan aurreikusitako ondorioetarako, ezaugarri bereko lurrak dira Ilarkoa alderdiko aisialdiko baratzeak.
Huerta del Maestro, Higako errepidean, lote bakarrean jarriko da enkantean, banaka, izaera desberdina baitu.
8. artikulua. Baldintza-agiri honetan ezarritakoa ez betetzeak berarekin ekar dezake, zehapen espedientea instruitu ondotik, familia-baratzea kentzea eta arau-hauslea etorkizuneko esleipenetatik baztertzea, lau urterako.
9. artikulua. Ondoko artikuluetan arautzen da nola esleitu baratzeak, bai udal deialdian ezarritako epea bukatutakoan bai baratzeren bat eman gabe gelditzen denean.
Nolanahi ere, nahitaezko baldintza izanen da, betiere, eskatzaileak 1. artikuluan eskatzen dena betetzea, salbu eta 1.b) artikuluan ezartzen den baldintza, hau da, bizilagun gisa izan beharreko antzinatasuna.
10. artikulua. Eloko bizilagunek eman gabeko baratze baten esleipena urte osoan eskatzen ahalko dute edozein egunetan, eskaerarekin batera behar den fidantza ordainduz gero.
11. artikulua. Eloko alkateak onartutako eskaeren zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
12. artikulua. Onartuen behin-behineko zerrenda Herriko Etxeko iragarki oholean edukiko da 10 egun balioduneko epean, interesdunek bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
13. artikulua. Alegaziorik aurkeztu bada, Nekazaritza Batzordeak edo hura legez ordezkatzen duen organoak ebatziko ditu, baita izangaien behin betiko zerrenda onetsi ere. Onartuen zerrenda hori Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da.
14. artikulua. Behin betiko esleipena Nekazaritza Batzordeak edo hura legez ordezkatzen duen organoak eginen du zozketa bidez, gisa honetara:
1.–Zenbakiak jarriko dira modu batean nahiz bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan.
2.–Herrilurretako baratzeei zenbakiak emanen zaizkie.
3.–Ondoren, modu tradizionalean, poltsatik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duen bizilagunari dagokiona, eta beste bat baratzeari dagokiona; horrela behin eta berriz, zozketa bukatu arte.
15. artikulua. Baratzeen esleipena bukatuta, esleipen hartzaileen eta esleitutako baratzeen zerrenda ikusgai jarriko da Herriko Etxeko iragarki oholean.
Xedapen indargabetzailea
Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren edo honekin kontraesanean dauden udal xedapen guztiak.
Azken xedapena
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta ondoko hamabost egunera hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1606369