118. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Udal ordenantza, Zaharberritze lanetarako eta fatxadak konpontzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2016ko martxoaren 23an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zaharberritze lanetarako eta fatxadak konpontzeko diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2016ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, apirilaren 7an, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Mendigorrian, 2016ko maiatzaren 18an.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.

ORDENANTZA, ZAHARBERRITZE LANETARAKO ETA FATXADAK KONPONTZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO

Diru-laguntza emateko oinarriak arautzen dituen arauak honako hauek zehazten ditu:

1. artikulua. Diru-laguntza emateko prozedura.

1.–Obra lizentziaren eta diru-laguntza eskaeraren espedientea abiaraztearekin batera hasten da prozedura.

Eskaerak nola eta zer epetan aurkeztu behar diren: inprimaki orokorraren bidez, obra lizentzia eskaerari atxikirik.

2.–Hirigintzako txostena ematen da. Hark erabakiko du ea diru-laguntza jasotzeko modukoa den zaharberritzea edo fatxadaren konponketa.

3.–Agiria ematen da, adieraziz zer kreditu dagoen erabilgarri eskaerako obrak diruz laguntzeko.

4.–Obra onartzeak berarekin ekarriko du diru-laguntza ematea, eta, hala, sarrerako eta gastuko kontabilitateko dokumentuak emanen dira, behar den konpentsazioarekin.

5.–Ebazpena interesdunari jakinaraztea.

2. artikulua. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak: zaharberritzeko obren EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) %50 izanen da diru-laguntza, eta fatxadak konpontzeko obraren EIOZaren %100.

3. artikulua. Diru-laguntzaren xedearen zehaztapena: Mendigorriko zaharberritzeetarako eta fatxaden konponketetarako obretarako diru-laguntza.

4. artikulua. Zer baldintza bete beharko dituzten onuradunek diru-laguntza jasotzeko, eta, kasua bada, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 11. artikuluko 2. idatz-zatian eta 3. idatz-zatiko bigarren lerroaldean jasotako entitateetako kideek.

1.–Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoera dutenak: Mendigorriko zaharberritzeetarako obrak eta fatxadak konpontzekoak sustatzen eta gauzatzen dituztenak.

2.–Lege honetan araututako diru-laguntzetarako, ez dute onuradun izaera edo entitate laguntzailearena izanen honako inguruabar batean dauden pertsonak edo entitateak:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea, edo kondenaturik izan direnak delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionarioen funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen legez kanpokoak edo hirigintzako delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea –salbu horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duenean–, kontu-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera gaitasungabeturik egotea, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako desgaikuntza aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, ezta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean ere, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Diru-laguntzak eskuratzeko aukeraren galerarekin zehatu izana, lege honen ondorioz edo horrela ezartzen duten beste lege batzuen ondorioz.

i) Ezin dira onuradun bilakatu Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko bigarren lerroaldean aurreikusitako batasunak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

j) Diru-laguntzak biltzeko debekuak orobat eraginen die beste enpresa batzuei, baldin eta, ikusita haien kudeatzaileak nor diren edo beste inguruabar batzuk, pentsatzekoa bada debeku hori jaso duten enpresen jarraipen edo eratorriak direla, eraldaketa, bat egite edo oinordetza bidez.

3.–Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan lege honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4.–Artikulu honen 2. idatz-zatiaren b), d), e), f), g), h), i) eta j) lerroaldeetan eta 3. idatz-zatian ezarrita dauden egoeren ondoriozko kontratatzeko debekuak automatikoki balioetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute debekuek.

5.–Aurreko 2. idatz-zatiko a) eta h) lerroaldeetan ezarritako debekuak automatikoki balioetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren irismena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da irismena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6.–2. idatz-zatiko c) lerroaldeko debekuaren balioespena eta irismena ezarriko da Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 21. artikuluak 20.c) artikuluari dagokionez agindu bezala (aipatutako testu bategina ekainaren 16ko 2/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

7.–Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 2. eta 3. idatz-zatietan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo erkidego autonomoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizuneko aitorpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

Deialdiaren laburpena zer aldizkari ofizialetan argitaratuko den, BDNSaren bidez, behin hartan aurkezturik deialdiaren testua eta hura argitaratzeko informazioa: Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

5. artikulua. Lege honen 12. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren pertsona juridikoek bete behar dituzten kaudimen eta eraginkortasun baldintzak.

Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

Zer obratarako eskatzen diren lizentzia eta diru-laguntza, hura gauzatzeko gaitasunak frogatzen du kaudimena.

6. artikulua. Diru-laguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa: zaharberritzeko eta fatxadak konpontzeko obren gauzatzea baloratuko da horien aurrekontuaren arabera.

7. artikulua. Diru-laguntza onartzeko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea: Hirigintza Alorreko zinegotzi delegatua izanen da prozedura bideratzeko eta instruitzeko organo eskuduna, eta Udaleko Osoko Bilkurak izendatutako organoa izanen da ebazteko eskuduna: Hirigintza Alorreko zinegotzi delegatua, 3.000 eurotik beherako obretarako; Hirigintzako Batzordea, zenbateko hori gainditu baina proiekturik behar ez duten obretarako, eta Osoko Bilkura proiektua behar duten obretarako. Bi hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, obra lizentziaren onarpenarekin batean.

8. artikulua. Diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena: obraren aurreikuspenaren eta gauzatzearen frogagiriak eskatuko dira.

9. artikulua. Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua: obra bukatzen denetik bi hilabeteko epea izanen da, eta obra gauzatu izanaren ziurtagiria edo aitorpena eginen da.

10. artikulua. Diru-laguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den. Ez da beharrezkotzat jotzen.

11. artikulua. Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak. Likidatzen den EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) konpentsazio gisa gauzatzen da diru-laguntza; hortaz, ez da aurreratuko bermatu beharreko funtsik.

12. artikulua. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak. Diru-laguntza aldatu edo ukatu eginen da baldin betetzen ez badira zaharberritzeko edo fatxadak konpontzeko gauzatze baldintzak.

13. artikulua. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, jatorria edozein izanik ere: administrazio edo entitate publiko edo pribatuak edo nazioko, Europako Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeak. Diru-laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarria izanen da, baina ezin izanen dira jaso inbertsio gastua gehi EIOZa (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) gainditzen duten funtsak.

14. artikulua. Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote. Ez da ikusten ez-betetzeak mailakatzeko irizpiderik.

Iragarkiaren kodea: L1606255