118. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

310E/2016 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2016an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

2014-2016 aldiko Nafarroako Agenda Digitalean aurreikusitako ekintza batzuk garatzen dira “2016an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko diru-laguntzaren” deialdiaren bidez, eta hiru proiektu motatarako diru-laguntzak hartzen ditu bere baitan: web-orri berriak sortzea, merkataritza elektronikoa ezartzea eta enpresarako soluzioak hodeian hartzea, eta bestetik, IKT soluzio berritzaileetako lankidetzakoak, lehiakortasuna eta “fabrikazio aurreratua” hobetzeari aplikatuak.

Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartutako erabakiaren bidez, baimendu zen diru-laguntza hau Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “2016an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko” diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 350.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua” izeneko 810011-81220-7709-467900 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko:

–50.000 euro, web-orri berriak sortzeko proiektuetarako.

–150.000 euro, merkataritza elektronikoa ezartzeko eta enpresarako soluzioak hodeian hartzeko (cloud computing).

–150.000 euro, IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuetarako, haiek enpresaburuen lehiakortasuna eta “fabrikazio aurreratua” hobetzeari aplikatuta.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810011-81220-7709-467900: Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua

2016

150.000,00

810011-81220-7709-467900: Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua

2016

150.000,00

810011-81220-7709-467900: Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua

2016

50.000,00

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baten gastu baimenduan soberakinik izanez gero, besteen gastu baimenduan erabiltzen ahalko da.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 3an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea honako hau da:

–ETEek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiei (IKT) hel diezaieten bultzatzea.

–IKT soluzioak har daitezen sustatzea, enpresaburuen kudeaketari eta “fabrikazio aurreratuari” (Industria 4.0) aplikaturik; soluzio horiek lankidetzan garatzen dira bezero den enpresa baten eta Nafarroako IKT sektoreko hornitzaile teknologiko den enpresa baten artean.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Hurrengo proiektu motek jaso ditzakete diru-laguntzak, baldin eta ondoren aipatzen beharkizunak betetzen badituzte:

A) Web-orri berriak sortzea.

B) Merkataritza elektronikoa ezartzea eta enpresarako soluzioak hodeian hartzea (cloud computing).

C) IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak, enpresaburuen lehiakortasuna eta “fabrikazio aurreratua” hobetzeari aplikatuak.

2. A) motako proiektuek, “Web-orri berriak sortzea”, beharkizun hauek bete beharko dituzte:

–Eduki estandarrak administratzeko sistema bat (CM) izatea, hura kudeatzeko murriztapenik gabe. Merkatuan dagoen edozein CM estandar (wordpress, drupal, joomla, eta abar) onartuko da, edo frameworks web estandarrekin (CakePHP, Codelgniter, Ruby on Rails, eta abar) egindako edozein. Kasu horietatik kanpo, ez da neurrira egindako CMrik onartuko.

–Web-orriaren domeinuak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera egon beharko du kontratatua enpresa eskatzailearen izenean.

–Web-orria 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu eta igo beharko da Internetera.

–Enpresa eskatzaileak Interneten agertu gabea izan beharko du 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen.

–Web-orriak gailu mugikorretara egokiturik egon beharko du.

–Web-orria ez da beste domeinu batzuen birbideratzetik etorriko.

3. B) motako proiektuek, “Merkataritza elektronikoa ezartzea eta enpresarako soluzioak hodeian hartzea (cloud computing)”, beharkizun hauek bete beharko dituzte:

3.1. Merkataritza elektronikoa ezartzea:

–Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

-B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

–B2B merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute online kontratuak egiteko, eta ordaintzeko, transakzioaren xedeko ondasun edo zerbitzuen izaerarentzat egokitzat jotzen den edozein ordainketa sistema baliatzen ahalko da.

–Diru-laguntzaren xedetzat joko da turismoaren sektoreko enpresek web-orriak sortzea edo egokitzea, kontuan hartzen badute edozein erreserba plataformako integrazioa, horrela aukera emanez eskaintzen diren zerbitzuak online kontratatu edo erreserbatzeko.

3.2. Enpresaburuen soluzioak hodeian (cloud computing) hartzeko, “cloud computing” teknologietan oinarritu beharko dira, ETEa kudeatzeko esparruei loturik, haren lehiakortasuna hobetzeari begira.

4. C) motako proiektuek, “IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak, enpresaburuen lehiakortasuna eta “fabrikazio aurreratua” hobetzeari aplikatuak”, IKT soluzioak ezarriko dituzte, haiek lankidetzan garatuta enpresa baten (hornitzaile teknologikoa) eta lehiakortasuna hobetzeko soluzioa ezartzen duen enpresaren artean (bezeroa den enpresa).

Diru-laguntza jasotzeko modukotzat joko dira hurrengo esparruekin zerikusia duten lankidetza proiektuak:

–Enpresaburuen kudeaketa hobetzeko soluzio teknologikoak, gauzen internetean edo mugikortasunaren esparruan lan egiten dutenak.

–Fabrikazio aurreratuaren (Industria 4.0) hainbat esparrutan aplikatzen diren proiektu ziberfisikoak, hala nola zibersegurtasuna eta komunikazioak, cloud computing, big data eta analitika aurreratua, robotika, errealitate handitua, ikuspen artifiziala, sentsore bidezkoa edo fabrikazio gehigarria.

5. Diru-laguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean hurrengo beharkizunak betetzen dituzten enpresak (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez) izaten ahal dira onuradun:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ).

b) Nolakoa den diru-laguntza jasoko duen proiektua, honelakoak izanen dira enpresak:

–Mikroenpresak edo enpresa txikiak, A) motako proiektuentzat.

–ETEak, B) motako proiektuentzat.

–C) motako proiektuen kasuan, bezeroa den enpresa ETEa edo enpresa handia izaten ahalko da, eta hornitzaile teknologikoak ETE izan beharko du eta aurrekoari lotu gabea.

Enpresen tamaina zehazteko, ETEaren definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraituko zaio.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. 1. ataleko b), c) eta d) letretako beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko, enpresek eskaeran datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko dute.

Alabaina, diru-laguntza eskatzearekin baimena ematen zaio Garapen Ekonomikorako Departamentuari hurrengo datuak kontsultatzeko diru-laguntza ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, eskatzen diren beharkizunak betetzen direla berresteko:

–JEZaren altako data eta epigrafea.

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

–Enpresaren kotizazio kontuko kodeei dagokien lan-bizitzari buruzko txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, enplegatuen batez besteko kopurua egiaztatzearren.

–Eskatzailearen datu fiskalak, negozioaren bolumena eta balantzea egiaztatzearren.

–Oinarri honetan ezarritako beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein informazio.

4. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak, izan ere sektore horiek salbuetsirik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

b) Erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak.

c) Informatikako aholkularitzako eta ingeniaritzako enpresak, eta horiei loturik daudenak, haien jarduera deialdi honen diru-laguntzaren xedeko proiektuei dagokienean; salbu dira C) motako proiektuetan hornitzaile teknologiko gisa diharduten enpresak.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta burutzeko epea.

1. Proiektu motaren arabera, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

1.1. A) motako proiektuak: kanpoko aholku-emaile espezializatuak onuradunari fakturatu dizkion gastuak, web-orri berria sortzeko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe.

Diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren gutxieneko zenbatekoa 1.500 eurokoa izanen da.

1.2. B) motako proiektuak:

1.2.1 Merkataritza elektronikoa ezartzea: kanpoko aholku-emaile espezializatuak onuradunari fakturatu dizkion gastuak, merkataritza elektronikoaren plataforma bat ezartzeko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe.

Merkataritza elektronikoaren plataforma enpresaren kudeaketa sistemarekin integratzeko kostuei loturiko gastuak egozten ahalko dira diru-laguntza jaso dezaketen proiektuaren gastu gisa. Integrazio horretan honako hauek sartzen ahal dira: fakturazio eta kontabilitate prozesuak, salmenten idazpen bakarra (salmentaren tiketak), faktura-aukera, bezeroen datu-basea, salmenten analisia eta stocken kudeaketa.

Transakzioen lege, logistika eta segurtasun alderdiei buruzko aholkularitza kostuak, merkataritza elektronikoaren plataforma ezartzeari lotuak, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptutzat hartuko dira.

1.2.2 Enpresarako soluzioak hodeian hartzea (cloud computing): zerbitzua emateagatik onuradunari fakturatu zaizkion gastuak. “Software as a Service” (SaaS) formatuko aplikazioak ezartzen dituzten proiektuetan, zerbitzu horren kostuak jasotzen ahalko du diru-laguntza, ezartzen direnetik lehen 12 hilabetean gehienez ere.

Diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren gutxieneko zenbatekoa 1.500 eurokoa izanen da.

1.3. C) motako proiektuak:

1.3.1 IKT soluzioa ezartzen duen enpresa bezeroarentzat: hornitzaile teknologikoak IKT berritzailearen aplikazioa garatzeko fakturatzen dizkion kontsultoretza eta aholkularitza teknologikoko gastuak, eta proiektuari zuzenean lotutako kanpoko beste gastu batzuk.

Fabrikazio aurreratuari loturiko proiektuetan, gainera, proiektuari zuzenean lotutako hardwareko gastu eta inbertsioak egozten ahalko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastu gisa; gehienez ere, kontsultoretza eta aholkularitza kostuen %50.

1.3.2 Hornitzaile teknologikoarentzat: zerbitzu teknologikoak azpikontratatzeko gastuak, proiektuari lotuta eta hura garatzeko ezinbestekoak direnak; gehienez ere, proiektuaren aurrekontuaren %50.

2. Ezin izanen dira diru-laguntzaren xede izan honako hauek:

a) Diru-laguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak.

c) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak, software lizentzietako gastuak eta hardwareko gastuak, salbu aurreko puntuan aurreikusitakoak C) motako proiektuetarako eta, oro har, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuetan espres sartuta ez daudenak.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza eta “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztuko ditu.

Onuradunak ez dira behartuta egonen hiru eskaintzak eskatzera hurrengo kasuetan, baina aipatu inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Diru-laguntzen xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan hornitzaile edo zerbitzu-emaile diren entitateak aski ez direnean.

b) Gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

4. Proiektuak gauzatu eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 15era bitartekoa izanen da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gaineko laguntzaren portzentajea eta gehieneko laguntza, proiektu motaren eta enpresa onuradunaren tamainaren arabera:

PROIEKTU MOTA

LAGUNTZA

(%)

GEHIENEKO LAGUNTZA

A) Web-orri berriak sortzea

%50

2.000 euro

B) Merkataritza elektronikoa ezartzea

%60

6.000 euro

B) Enpresarako soluzioak hodeian hartzea (cloud computing)

%60

6.000 euro

C) IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak: enpresa bezeroa ETEa bada

%50

15.000 euro

C) IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak: enpresa bezeroa enpresa handia bada

%20

15.000 euro

C) IKT soluzio berritzaileetako lankidetza proiektuak

%30

4.000 euro

2. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie hurrengo neurrietakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko.

a) Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako agiri bat aurkeztuko da.

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien (Neeze) “Reconcilia zigilua”, eta abar). Laguntzen eskaerari gehituko zaio.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran, adierazi behar da jakinarazpenak jaso nahi direla baliabide telematikoen bidez, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

3. Aurkezteko epea iragan ondoren jasotzen diren eskaerak ez dira onartuko, ez eta deialdi honetan berariaz ezarritakoetatik ez, beste bide batzuetatik hartzen direnak ere.

4. Honako hau da eskaerari gehitu beharko zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa (dokumentuak banatuta aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta daudela):

a) “Proiektuaren memoria eta erantzukizuneko aitorpena” izeneko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki horretan proiektua deskribatzen duen txostena, proiektu mota bakoitzerako ezarritako edukiaren gidoiari jarraitzen diona, eta 3., 13. eta 14. oinarrietan eskatzen diren beharkizunen gaineko erantzukizuneko aitorpena sartzen dira.

b) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehakatuekin batera.

c) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta, zein den kasua, 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

d) Eskaera ordezkari baten bidez aurkezten bada, ahalordetze-eskritura, edo entitatearen dokumentu pribatuaren kopia, ordezkariari eskaera aurkezteko baimena ematen diona.

e) Zein den kasua, 5.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria eman izana frogatzen duena.

f) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

5. Enpresa bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, eta bertan sartuko ditu laguntzaren xede dituen jarduketa guztiak (A eta B proiektu motetakoak). Enpresak, aldi berean, C) motako proiektu batentzat eskatzen badu laguntza, hurrengo lerroaldean xedatutakoari jarraituko zaio.

C) motako proiektuetarako, enpresa bezeroak eta hornitzaile teknologikoak bereiz aurkeztuko dituzte eskaerak. Alabaina, azken horrek diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dituenean bakarrik aurkeztu beharko du.

6. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira eskaerak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zer hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira, laguntza zer proiektu motatarako eskatzen den kontuan izanda, eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak aurkezteko ordena bereiziko da, proiektuak A), B) edo C) motakoak izan.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) A) motako proiektuak: 2.2 oinarriko beharkizunak betetzen ote diren egiaztatzeko baloratuko dira.

b) B) motako proiektuak: 2.3 oinarriko beharkizunak betetzen ote diren egiaztatzeko baloratuko dira.

c) C) motako proiektuak: hurrengo irizpideak kontuan hartuta baloratuko dira:

–Proiektuek Nafarroan garatutako IKT aplikazioak izan beharko dute.

–Berrikuntza bat izan beharko dute beren sektorean Nafarroan; 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren hirugarren digituan definitzen da sektorea.

–Berritzaileak izan beharko dute teknologiaren ikuspuntutik edo produktu nahiz zerbitzu bati aplikatzearen ikuspuntutik.

3. Hurrengoek osatzen duten kide anitzeko organo batek ebaluatuko ditu C) motako proiektuak:

a) Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Informazioaren Gizartea eta Enpresa Sektoreak Sustatzeko Ataleko burua.

c) Informazioaren Gizartea eta Enpresa Sektoreak Sustatzeko Ataleko teknikari bat.

d) Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzua ordezkatzen duen pertsona bat.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta C) motako proiektuak ebaluatzen dituen kide anitzeko organoaren irizpena ikusita, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Laguntza hauek emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak 12. oinarrian adierazitako moduan eginen dira.

9. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2016ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne, justifikatu beharko dute diru-laguntza jasotzen duen jarduketa; horretarako, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa:

a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Proiektu mota bakoitzerako ezarritako edukiaren gidoiaren araberako txostena sartuko da inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko.

c) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira).

Fakturek eta ordainketek 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 15era bitarte eginak izan beharko dute.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan frogatzea.

c) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, 2016an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko deialdian”.

d) Diru-laguntza jasotzen duten web-orriak, merkataritza elektronikoaren plataformak eta IKT soluzioak jardunean izatea, gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste diru-laguntza batzuekin, baina bateragarriak beste entitate batzuek ematen dituztenekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskaeraren inprimakian adieraziko dute zer diru-laguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

14. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zergaldiko edozein denboralditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaeraren inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1607136