118. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

677/2016 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, kluster, prekluster eta enpresei elkarlanerako proiektuen gastuetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Europako espezializazio adimentsuaren estrategian, Ikerketarako eta Berrikuntzarako 2014-2020 esparru-programaren lehentasunezko ekintza gisa, klusterrak sortu eta sendotzeko laguntza agertzen da, merkatuaren gabezia batzuk, tamaina eta koordinazio arazoei lotuak, leunagoak izan daitezen, eta enpresek aukera izan dezaten haien arteko harremanak izateko, ezagutza eta berrikuntza fluxuak ezartzeko eta jardunbide berritzaile egin ahal izateko masa kritikoa lortzeko, haien lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko.

Klustertzat joko da espazio geografiko batean enpresak eta ikerketa eta prestakuntza zentro publiko edo pribatuak metatzea, elkarlanerako truke prozesuetan aktiboki sartuak, proiektu berritzaileak elkarrekin gauzatzearen ondoriozko abantailak eta onurak lortzeko, xedeko merkatu edo merkatu-segmentu baten inguruan, edo erreferentziako adar edo sektore zientifiko baten inguruan.

Espainian, orientabide horiekin bat, Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza arloetarako Espainiako 2013-2020 Estrategia berriak beharrezkotzat jotzen du klusterren rola indartzea, unibertsitateen eta I+G zentroen eta ehun produktiboaren arteko elkarlana sustatzeko eragileak diren aldetik, lehiakortasuna hobetzeko neurri gisa.

2006tik aurrera, Espainian, klusterrak egonkortu eta sendotzeko neurriak hartu dira, enpresa-talde berritzaileei laguntza emateko programaren bidez. Industria, Energia eta Turismo Ministerioko enpresa-talde berritzaileen erregistroan inskribatutako entitateek parte hartzen ahal dute programa horretan.

Europan, Espainian eta autonomia erkidego batzuetan, klusterrei laguntza emateko deialdi publikoak egin dira. Deialdi ezagunena Industria, Energia eta Turismo Ministerioarena da. Enpresa-talde berritzaileen erregistroa erabiliz, kluster hasiberriei eta kluster egonkortuei ematen die laguntza.

Espezializazio adimentsuaren estrategian (RIS3) Nafarroako sektore batzuen aldeko apustua definitzen da, eta elkarlanerako ereduaren alde egiten du sektore horiek garatzeko. Bestetik, Nafarroako Gobernuak klusterren politika definitu du, eta horiek funtzionatzeko modua bideratu du (ikusi eranskina).

Klustertzat jotzeko, bigarren lerroaldean ezartzen diren helburuak betetzeaz gain, nortasun juridiko propioa izan behar dute, eta dagozkien xedapenetan ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte. Hala ere, Nafarroan enpresa-talde batzuk ez dira kluster gisa eratu, baina horretarako bidean daude, eta nortasun juridiko propioa dute. Talde horiek preklustertzat jotzen dira, eta Nafarroako Gobernuak interesa du klustertzat jo daitezen.

Nafarroako Gobernuak laguntza eman nahi die kluster eta preklusterrei, garapen fase guztietan, eta elkarlanerako eredua sustatu enpresen artean, haien lehiakortasuna eta gaitasun berritzailea bultzatzeko. Epe ertainean lortu nahi den helburua enpresak ekimenaren zuzendaritza eta klusterren lidergoa hartzea da.

Elkarlanerako proiektuak garatzeko gastuen zati baterako diru-laguntza ematea garrantzitsutzat jotzen da, baliabide eskasiagatik halako jarduketak planteatzen ez dituzten enpresak sar daitezen. Intentsitate maila aldatuko da, egonkortasun mailaren eta proiektu motaren arabera. Klusterra sortzeko lehenbiziko faseetan intentsitatea handiagoa izanen da, eta gastuen %100etarako diru-laguntza eman daiteke. Klusterra egonkortu ahala, laguntzaren intentsitatea gutxituko da. Hitz batez, laguntza hauen helburua dauden klusterrak egonkortu eta kluster berriak sortzea da, intereseko ekonomia arloetan edo merkatu-hobi esanguratsuetan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kluster, prekluster eta enpresei elkarlanerako proiektuen gastuetarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 225.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2016ko gastuen aurrekontuetako “Klusterrak bultzatzeko plana” izeneko 810009 81310 4819 422200 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 3an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen helburua Nafarroako enpresen elkarlanerako ekintza sustatzea da, bai eta kluster edo preklusterren proiektuetan parte har dezaten sustatzea ere, haien lehiakortasuna hobetzearren.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1.–Honako jarduketa hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) A lerroa. Klusterra sortzea.

Jarduketa lerro honetan kluster berriak sortzeko behar diren jarduerak sartzen dira:

–Plan estrategikoak. Elkarlanerako ereduaren bidezko kluster bat sortzeko plan estrategikoak prestatzea hartuko da kontuan. Gutxienez, I. eranskinean adierazten den edukia izanen dute.

–Klusterraren sorrera dinamizatzeko jarduketak.

–Klusterraren sorrera.

Klusterrak 2016ko azaroaren 15a baino lehen eratu behar dira.

b) B lerroa. Klusterra kudeatzeko egituraren funtzionamendua.

Jarduketa lerro honen xedea klusterraren funtzionamenduaren eta kudeaketaren berezko jarduerak garatzea da. Jarduera hauek biltzen ditu:

–Klusterra kudeatzeko egitura. Bazkideak bereganatzea, lan-mahaiak antolatu eta egitea, enpresa-taldea kudeatzea, klusterra ordezkatzea, klusterrerako eta enpresetarako elkarlanak bilatzea, elkarlanerako proiektuak detektatzea, proiektuetarako kanpo finantzaketa bilatzea (Europako, Espainiako eta Nafarroako deialdiak), etab.

–Plan estrategikoak eguneratzea.

–Marketin eta komunikazio jarduerak. Marketin eta komunikazio ekintzak gauzatzea (ekintzen diseinua, kanpainak, azokak eta ekitaldiak prestatzea, katalogoak garatzea, direktorioak, esku-orriak, jardunaldiak, etab.).

–Aholkularitza legal, ekonomiko eta finantzariorako zerbitzuak. Klusterrari eta bere enpresetarako aholkularitza zerbitzuak alderdi horiei buruz.

–Prestakuntza jarduerak. Klusterrerako edo klusterreko enpresetarako prestakuntza ikastaroak, sektorearen berariazko gaiei buruz edo enpresa multzo baten premiak asetzeko.

c) C lerroa. Lankidetzarako proiektuak.

Jarduera lerro honen xedea enpresen lehiakortasuna eta berritzeko duten ahalmena sendotzea da. Jarduera hauek biltzen ditu:

–Bazkideen arteko elkarlanerako proiektuak. Lehiakortasuna hobetzera bideratuak: produktu edo zerbitzuen dibertsifikazioa; ikerketa, garapena eta berrikuntza, teknologikoa edo ez teknologikoa, eta kudeaketakoa; merkatu berrien edo merkatu-hobien prospekzioa.

–Adimen estrategikorako zerbitzuak. Zaintza estrategikorako sistemak (ingurunea, teknologia, merkatuak eta lehiakideak) ezartzea eta klusterreko enpresa guztiei eskaintzea.

–Spin-off enpresarialak. Negozio planak garatzea klusterreko elkarlanaren bidez sortutako spin-offetarako.

d) D lerroa. Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea.

Lerro honek Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea bultzatuko du, lehiakortasuna, berrikuntza eta/edo produktu eta merkatuen dibertsifikazioa hobetzen badituzte.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak lehenetsitako ekonomia arloetakoak izanen dira. Deialdi honen ondorioetarako, hauek dira lehenetsitako arloak: ekonomia berde, osasun, eta talentu arloetako sektore industrial eta teknologikoak.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte sortu eta pagatu badira:

a) A lerroko proiektuetan (Klusterra sortzea):

–Proiektuaren garapen eta gauzatzeari atxikitako langileen soldaten kostuak eta dietenak. Gastu hori ez da izanen diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %80 baino handiagoa.

–Kanpo zerbitzuen kontratazioa klusterraren eratze prozesurako. Plan estrategikoak prestatzea ere sartuta dago. Gastu hori ez da izanen diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %80 baino handiagoa.

–Klusterra entitate juridiko gisa eratzeko kostuak Eratze kostuak sartuta daude, hala nola notariotzakoa eta erregistrokoa, hala bada.

b) B lerroko proiektuetan (Klusterra kudeatzeko egituraren funtzionamendua) eta C lerroko proiektuetan (Lankidetzarako proiektuak):

–Proiektuaren garapen eta gauzatzeari atxikitako langileen soldaten kostuak eta dietenak. Gastu hori ez da izanen diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %80 baino handiagoa.

–Kanpo zerbitzuen kontratazioa klusterrerako. Gastu hori ez da izanen diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %80 baino handiagoa.

c) D lerroko proiektuetan (Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea):

–Nafarroatik kanpoko klusterrari atxikitzeko kuota, eta Nafarroatik kanpoko klusterren elkarlanerako proiektuei atxikitzeko kuota.

2.–Lerro hauetako proiektuetan zuzenean lan egiten duten langileen kostuek ezin dute gainditu hurrengo koadroan kategoria bakoitzerako ezartzen den gehieneko kopurua. Orobat, ezin dute gainditu diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %80, kilometraje eta mantenu gastuak barne.

KATEGORIA

SOLDATA, ENPRESAREN
KARGURAKO GIZARTE
SEGURANTZAREN
GASTUA BARNE

KOSTUA ORDUKO

(1.800 ordu urtean)

Zuzendari teknikoa/proiektuaren zuzendaria

43.862 euro

24,37 euro

Goi mailako teknikaria

40.252 euro

22,36 euro

Erdi mailako teknikaria

33.707 euro

18,73 euro

Administraria

26.925 euro

14,96 euro

Ekonomikoki mende dagoen autonomoa

30.963 euro

17,20 euro

Kilometraje kostuek ezin dute gainditu 0,30 euro kilometroko. Bestetik, mantenu kostuetan, gastuaren muga 15 eurokoa izanen da, BEZa barne, otordu eta pertsona bakoitzeko.

3.–Kanpo elkarlana 12.000,00 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe) hornidura edo laguntza batean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez eskaturiko hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak eskatzera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

4.–Oinarri honetako kontzeptu guztietarako diruz laguntzen ahal den gastuaren kalkuluan, dagokion BEZa aplikatu aurretik dagoen zenbatekoa erabiliko da.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.–Laguntzak zenbateko hauetakoak izanen dira:

a) A lerroko proiektuak.

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN GASTUAK

DIRU-LAGUNTZA JASO
DEZAKEEN GASTUAREN MUGA

LAGUNTZEN INTENTSITATEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

(eurotan)

Proiektuaren garapen eta gauzatzeari atxikitako langileen soldaten kostuak eta dietenak

3. oinarria

2. atala

Proiektuaren aurrekontuaren %80

%100

16.000

Kanpo zerbitzuen kontratazioa klusterraren garapenerako

Proiektuaren
aurrekontuaren %80

Klusterra entitate juridiko gisa eratzeko kostuak

%100

b) B eta C lerroetako proiektuak.

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN GASTUAK

DIRU-LAGUNTZA JASO
DEZAKEEN GASTUAREN MUGA

LAGUNTZEN INTENTSITATEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

(eurotan)

Proiektuaren garapen eta gauzatzeari atxikitako langileen soldaten kostuak eta dietenak

3. oinarria.

2. atala

Proiektuaren aurrekontuaren %80

%80

40.000

Kanpo baliabideak kontratatzea

Proiektuaren
aurrekontuaren %80

c) D lerroko proiektuak.

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN GASTUAK

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKEEN GASTUAREN MUGA

LAGUNTZEN INTENTSITATEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

(eurotan)

Nafarroatik kanpoko klusterrerako kuota

%100

%75

1.000

5. oinarria.–Onuradunak.

1.–Honako hauek eska ditzakete laguntzak:

a) A lerroa. Klusterra sortzea.

Preklusterrak diren entitateak, nortasun juridikoa izan ala ez.

Bi kasuetan, ulertuko da enpresa-talde bat preklusterra dela jarduera ekonomiko bera edo jarduera osagarriak egiten dituzten enpresak biltzen baditu, Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak lehenetsitako ekonomia arloetako batean, eta, klusterra izateko baldintza guztiak bete gabe, asmo argia badu kluster gisa eratzeko eta funtzionatzeko, klusterren politikaren arabera.

Horrez gain, baldintza hauek bete behar dituzte:

–Elkarlanerako akordio bat sinatua izatea, alderdien arteko kontratu pribatu baten bidez, edo eraketa-akta eta estatutuak.

–Sustatzaile gehienek egoitza soziala Nafarroan izatea.

–Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak lehenetsitako ekonomia arloetako batekoa izatea, eta, tamaina edo proiekzioagatik, arlo ekonomiko edo merkatu-hobi esanguratsu batean egotea, berezko izaera duena eta Nafarroako beste klusterrek jorratzen ez dutena.

–Preklusterrak nortasun juridikoa ez badu, eskaeran adieraziko dira taldeko enpresa bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromiso ekonomikoak. Halaber, taldearen ordezkaria edo ahaldun bakarra izendatu beharko da. Kasu horretan, egoitza soziala Nafarroan duten enpresak izanen dira onuradunak, hartutako konpromiso ekonomikoen arabera.

b) B lerroa. Klusterra kudeatzeko egituraren funtzionamendua; eta C lerroa. Lankidetzarako proiektuak.

Nortasun juridikoa duten klusterrak.

Deialdi honen ondorioetarako, klusterrak izanen dira jarduera ekonomiko bera edo jarduera osagarriak egiten dituzten enpresen kolektiboak, taldeak edo elkarteak, Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak lehenetsitako ekonomia arloetako batekoak.

Baldintza hauek bete behar dituzte:

–Irabazi-asmorik gabeko entitate gisa eratuta egotea.

–Enpresak eta ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak biltzea.

–Bazkide berriak sartzeko aukera izatea, Nafarroan sektoreko ordezkagarritasuna handituz.

–Plan estrategiko bat izatea, lehiakortasunaren hobekuntza, berrikuntza edo merkataritza proiektuetara bideratua.

–Egoitza edo helbide soziala Nafarroan izatea, eta bazkide gehienak Nafarroakoak izatea.

c) D lerroa: Klusterrei atxikitzea.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak:

–Egoitza edo helbide soziala Nafarroan izatea.

–Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko klusterretan parte hartzea. Klusterrek deialdi honek bultzatzen dituen helburu berak izan beharko dituzte arlo hauetan: lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza eta/edo produktu eta merkatuen dibertsifikazioa.

–Nafarroako beste klusterrek jorratzen ez duten arlo ekonomiko edo merkatu-hobi batean egotea.

2.–Preklusterrek eskaera bakar bat aurkez dezakete A lerroko laguntzetarako; klusterrek, berriz, eskaera bat B eta C lerroetako laguntzetarako, eta beste bat D lerroko laguntzetarako.

3.–Laguntzen enpresa edo entitate eskatzaileek ezin dituzte urratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekuak. Eskabide-inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.

4.–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

6. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1.–Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 1ean bukatuko da.

Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ondoko agiriak dokumentu edo fitxategi bereizitan aurkeztuko dira, bakoitza bere izenarekin identifikatuta. (adib: “memoria”).

2.–Laguntzarako eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) A lerroko laguntzak (Klusterrak sortzea) eskatzen dituzten preklusterrek edo, nortasun juridikoa ez badute, enpresen ordezkariak agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Laguntzarako eskabide-inprimakia.

–Enpresen arteko akordioa klusterrean parte hartzeko edo elkarlanerako, edo eraketa-akta eta estatutuak, horiek edukiz gero.

–Garatu nahi den klusterra eratzeko proiektuaren memoria; atal hauek izanen ditu, gutxienez:

I. Proiektuaren helburuak, zioa.

II. Egin beharreko lanak, kronograma eta arduradunak.

III. II. eranskinean agertzen den klusterren politikara egokitzea.

IV. Aurrekontuaren deskribapena, koadro batean honako hauen arabera xehakatua: jarduera lerroak, parte-hartzaileak eta gastuaren kontu-sailak.

V. Partaide bakoitzak gauzatzeari dagokionez hartutako konpromisoak, eta gastua.

–Preklusterreko bazkideen direktorioa, datu hauek adierazita: izena, jarduera, mota (ETEa, enpresa handia, ezagutza zentroa...), gutxi gorabeherako fakturazioa eta langileen kopurua.

b) B lerroko laguntzak (Klusterra kudeatzeko egituraren funtzionamendua) eskatzen dituzten klusterrek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Laguntzarako eskabide-inprimakia.

–Klusterreko bazkideen edo entitate sustatzaileen direktorioa, datu hauek adierazita: izena, jarduera, mota (ETEa, enpresa handia, ezagutza zentroa...), gutxi gorabeherako fakturazioa eta langileen kopurua.

–Klusterraren eraketa-agiria edo akta.

–Erakundearen estatutuak.

–Plan estrategikoa.

–Klusterrak azken bi urteetan egindako jarduketen laburpen memoria.

c) C lerroko laguntzak (Lankidetzarako proiektuak) eskatzen dituzten klusterrek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Laguntzarako eskabide-inprimakia.

–Klusterreko bazkideen edo entitate sustatzaileen direktorioa, datu hauek adierazita: izena, jarduera, mota (ETEa, enpresa handia, ezagutza zentroa...), gutxi gorabeherako fakturazioa eta langileen kopurua.

–Klusterraren eraketa-agiria edo akta.

–Erakundearen estatutuak.

–Plan estrategikoa.

–Klusterrak azken bi urteetan egindako jarduketen laburpen memoria.

–Garatu nahi den proiektuaren memoria; atal hauek izanen ditu, gutxienez:

I. Proiektuaren helburuak, zioa.

II. Gauzatze-adierazleak eta emaitza-adierazleak.

III. Proiektuaren elkarlana, egin beharreko lanak, kronograma eta arduradunak adierazita.

IV. Klusterraren garapenerako ekarpena, laguntzaren ondorio pizgarria adierazita, bai eta proiektuak kluster ereduaren garapenerako duen ondorio pizgarria ere.

V. Aurrekontuaren deskribapena, koadro batean honako hauen arabera xehakatua: jarduera lerroak, parte-hartzaileak eta gastuaren kontu-sailak.

VI. Partaide bakoitzak gauzatzeari dagokionez hartutako konpromisoak, eta gastua.

d) D lerroko laguntzak (Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea) eskatzen dituzten enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Laguntzarako eskabide-inprimakia.

–Jarduketaren aurrekontua.

–Atxikimenduaren xedeko klusterraren deskribapena, Nafarroan antzeko kluster edo preklusterrik ez dagoela adierazita, eta atxikimenduan sartutako zerbitzuen zehaztapena.

3.–Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioak proiektuak baloratzeko behar den informazioa bilduko du. Hurrengo oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuko dira balorazioan.

4.–Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1.–Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskaerak, eta 4. oinarria (Diru-laguntzaren zenbatekoa) aplikatzearen ondoriozko intentsitatearen arabera esleituko da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2.–6 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuek jasoko dute diru-laguntza.

3.–Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) A lerroan (Klusterra sortzea) aurkeztutako jarduketak:

Entitate eskatzailea: gehienez ere 10 puntu. 0tik 10era baloratuko dira puntu hauek:

–Nafarroako klusterren politikara egokitzea. Deskribapen memorian aztertu beharko da klusterraren egokitzapena, II. eranskinean definitzen den klusterren politika kontuan hartuta, puntuz puntu. Balorazio osoaren %40 izanen da.

–Klusterraren ordezkagarritasuna. Klusterreko bazkideak baloratuko dira, bakoitzaren jarduera, langile kopurua eta fakturazioa zehaztuta. Horrez gain, klusterrak sektoreko enpresen multzoan izanen duen munta. Balorazio osoaren %15 izanen da.

–Helize hirukoitzaren parte-hartzea. Ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateek klusterraren kudeaketa organoetan izanen duten partaidetza baloratuko da. Balorazio osoaren %15 izanen da.

–Heldutasun maila eta hazkunde ahalmena. Egin diren elkarlanerako jarduketak baloratuko dira, bai eta haien arrakasta maila ere. Horrez gain, etorkizunerako planteatzen diren proiektuak baloratuko dira, bai eta klusterrerako aurreikusten den bazkide berrien kopurua ere. Balorazio osoaren %30 izanen da.

b) B lerroan (Klusterra kudeatzeko egituraren funtzionamendua) aurkezten diren jarduketak.

Entitate eskatzailea: gehienez ere 10 puntu. 0tik 10era baloratuko dira puntu hauek:

–Nafarroako klusterren politikara egokitzea. Klusterraren egokitzapena baloratuko da, II. eranskinean definitzen den klusterren politika kontuan hartuta, puntuz puntu. Balorazio osoaren %30 izanen da.

–Klusterraren ordezkagarritasuna. Klusterreko bazkideak baloratuko dira, bakoitzaren jarduera, langile kopurua eta fakturazioa zehaztuta. Horrez gain, klusterrak sektoreko enpresen multzoan izanen duen munta baloratuko da. Balorazio osoaren %20 izanen da.

–Helize hirukoitzaren parte-hartzea. Ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateek klusterreko kudeaketa organoetan duten partaidetza baloratuko da. Balorazio osoaren %15 izanen da.

–Heldutasun maila eta hazkunde ahalmena. Egin diren elkarlanerako jarduketak baloratuko dira, bai eta haien arrakasta maila ere. Horrez gain, etorkizunerako planteatzen diren proiektuak baloratuko dira, bai eta klusterrerako aurreikusten den bazkide berrien kopurua ere. Balorazio osoaren %15 izanen da.

–Aurkeztutako plan estrategikoa. Plan estrategikoaren kalitatea baloratuko da. Balorazio osoaren %20 izanen da.

c) C lerroan (Lankidetzarako proiektuak) aurkeztutako jarduketak:

Aurkeztutako proiektua: gehienez ere 10 puntu. 0tik 10era baloratuko dira puntu hauek:

–Proiektuaren edo proiektuen anbizioa. Proiektuaren zailtasuna, bideragarritasuna, eragina eta laguntzak proiektua gauzatzeko duen ondorio pizgarria baloratuko dira. Balorazio osoaren %25 izanen da.

–Gauzatze-adierazleak eta emaitza-adierazleak. Lortu nahi diren helburuen definizio egokia baloratuko da, bai eta helburu bakoitzerako lortutako emaitza neurtzeko adierazleen ezarpena (adibidez: bazkide berrien kopurua). Balorazio osoaren %10 izanen da.

–Elkarlana. Klusterreko bazkideek proiektua garatzeko duten konpromisoa baloratuko da. Balorazio osoaren %25 izanen da.

–Klusterraren garapenerako ekarpena. Proiektuak klusterraren garapenerako duen ondorio pizgarria baloratuko da (zerbitzu berriak sortzeak, lankidetzak ezartzea...). Balorazio osoaren %20 izanen da.

–Jarduketen kostuaren koherentzia. Kostuaren egokitasuna baloratuko da, garatu beharreko jarduketak kontuan hartuta. Balorazio osoaren %20 izanen da.

d) D lerroko proiektuetan (Nafarroatik kanpoko klusterrei atxikitzea) aurkeztutako jarduketak:

Gehienez ere 10 puntu. 0tik 10era baloratuko dira puntu hauek:

–Kluster edo proiektuak enpresarako duen interesa. Kluster edo proiektuan parte hartzeko motibazioa baloratuko da, bai eta atxikitzearen helburuak ere. Balorazio osoaren %50 izanen da.

–Kluster edo proiektuak Nafarroarako duen interesa. Atxikimenduak beste enpresa batzuetarako izan dezakeen interesa baloratuko da, bai eta Nafarroako kluster edo preklusterrekin sortzen dituen sinergiak ere. Balorazio osoaren %50 izanen da.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1.–Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, SODENA sozietate publikoaren laguntzarekin, 7. oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

2.–Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira dagokion laguntzaren intentsitatea eta onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

4.–Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa.

Onuradunek diruz lagundutako jarduketa justifikatu beharko dute, 2016ko azaroaren 15ean beranduenez. Horretarako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 6 oinarrian adierazitako moduan:

1.–A lerroko laguntza justifikatzeko, klusterraren eraketa-akta edo agiria eta estatutuak aurkeztu beharko dira.

2.–Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

3.–Fakturak eta ordainagiriak, laguntzaren entitate eskatzailearen izenean.

4.–”Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan dagoena, 3. oinarrian adierazitako edukiarekin. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla.

5.–Diruz lagundutako ekintza finantzatu duten bestelako diru-laguntzen edo diru-sarreren zerrenda zehatza, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

6.–Aurkeztutako proiektuei atxikitako langileen zehaztasuna, datu hauek adierazita: kontratu mota, lanpostua, proiektuari dagokion soldataren kostua (Gizarte Segurantza barne), kostua orduko (1.800 ordu urtean) eta proiektuari emandako ordu kopurua.

7.–Bidaien gastuen zerrenda, datu hauek adierazita: proiektua, bidaiaren arrazoia, tokia, modua, zenbatekoa eta, norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, kilometro kopurua.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1.–Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute gardentasunari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatzea.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2.–Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.–Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1.–Frogagiriak aztertuta, SODENAren laguntzarekin, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana. Txostenean laguntzak ematean hartutako konpromisoen betetze maila agertuko da, bai eta diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila ere.

2.–C lerroan, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada, diru-laguntzarako eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3.–Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Nolanahi ere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

13. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Onuradunak diru-laguntzen finantzazioa publikoa dela adierazi beharko du diru-laguntza ematean hartutako konpromisoak betetzeko ekintzen publizitatean, informazio jardueran (korporazioaren web orria barne) eta hedapen publikoan.

Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) argitaratuko ditu emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak eta emandako diru-kopurua.

I. ERANSKINA

Plan estrategikoaren egitura

1.–Enpresa-taldearen izaera.

1.1. Aurrekariak eta testuingurua.

1.2. Taldearen oinarri industrialaren ezaugarriak.

a) Enpresen izenen zerrenda, eta taldeko enpresa bakoitzaren produkzio jarduera nagusiaren mota eta, hala bada, bigarren mailako jarduerarena.

b) Enpresa bakoitzaren kategoria, tamainaren arabera.

c) Enpresa bakoitzaren munta taldean.

d) Enpresa bakoitzaren ezarpen geografikoa (bulego nagusia eta beste bulego batzuk).

e) Taldeko enpresen artean lankidetzan edo elkarrekin egindako ekintzak, bai eta enpresa horien eta ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateen artean egindakoak ere.

1.3. Taldearen oinarri teknologiko eta berritzailearen ezaugarriak.

1.4. Taldeak jarduten duen merkatuaren ezaugarriak.

a) Ingurunea (produktuak/zerbitzuak) eta tamaina (eskualdeko, nazioko edo nazioarteko merkatua).

b) Merkatu horren bilakaera azken bost urteetan.

c) Merkatu horietako lehia maila eta mota (lehiakide nagusiak, enpresa nagusiak, prezioan edo produktua desberdintzean oinarritutako lehia).

d) Taldearen munta edo merkatu-kuota merkatu horretan.

e) Taldeko partaide bakoitzaren merkatu-kuotaren tamaina eta bilakaera.

1.5. Daude edo aurreikusten diren gobernu eta kudeaketa egiturak.

2.–Estrategia eta aurreikusitako ekintzak.

2.1. Estrategia.

a) Merkatu-kuota edo salmentak handitzeko helburuak, epe laburrean eta ertainean.

b) Taldeak egin beharreko garapen teknologikoak, berriak nahiz hobetuak.

c) Produktibitatean aurreikusten den hazkundea, prozesuetan eta antolaketan ezartzen diren berrikuntzen ondorioz.

d) Merkatu berriak edo merkatu-segmentuak handitzea eta/edo sakontzea.

2.2. Aurreikusitako jarduketak.

2.3. Aurreikusten diren elkarlanerako proiektuak.

a) Proiektuaren gaiak, eta programa publikoetan izan dezaketen moldaketa.

b) Ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak, proiektu bakoitzean parte hartzen ahal dutenak.

c) Proiektu bakoitzean aurreikusten den gutxi gorabeherako kostua.

d) Parte hartzen ahal duten enpresak.

e) Proiektuaren gutxi gorabeherako aurrekontua.

2.4. Taldearen hazkunde ahalmena.

3.–Bideragarritasuna.

3.1. Finantziazioa.

3.2. Aurreikusitako inbertsioak.

3.3. Eragin ekonomiko eta sozialaren zenbatespena.

II. ERANSKINA

Definizioa eta Nafarroako klusterren politika

Zer da kluster bat?

Definizio batzuk daude enpresen klusterrerako. Horien guztien artean, ondoko definizioa laburbiltzen da:

Klustertzat joko da espazio geografiko batean enpresak eta ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak metatzea, elkarlanerako truke prozesuetan aktiboki sartuak, proiektu berritzaileak elkarrekin gauzatzearen ondoriozko abantailak eta onurak lortzeko, xedeko merkatu edo merkatu-segmentu baten inguruan, edo erreferentziako adar edo sektore zientifiko baten inguruan.

Klusterren helburua jardunbide berritzaileak erraztea da, elkartutako enpresa eta erakundeen masa kritiko nahikoaren bidez, sektore jakin bateko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko proiekzio eta ikusgaitasuna hobetzeko.

Nafarroako klusterren politikarako irizpideak.

1.–Proiektu estrategikoak, berritzaileak eta nazioartekotzeko ahalmena dutenak lehenestea.

Klusterren helburua proiektu estrategikoak lortzea da, ezaugarri hauekin: Nafarroako industria edo teknologiako arlo ekonomiko emankorretan eragina izatea, berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta nazioartekotzeko ahalmen handia izatea.

2.–Enpresen parte-hartzea eta konpromisoa sustatzea.

Eremu pribatuaren parte-hartze eta konpromiso handia lortu behar da, proiektu eta ekintzen finantzazioa barne, beharrezkoa balitz.

3.–Partaideen arteko konfiantza harremanak sortzea.

Konfiantza lankidetzaren oinarria da, eta horregatik funtsezkoa da konfiantza lantzea proiektu eta esperientzia arrakastatsuen bidez. (Proiektuen araberako proiektuak).

4.–Lidergo pribatua eta adostua.

Enpresek esan behar dute zer nahi eta behar duten Moderna planaren helburuak betetzeko. Lider pribatuek ekimenak gidatu behar dituzte. Liderrek onartu behar dute rol hori, eta taldeko gainerakoek onartu behar dituzte liderrak. Gobernuak laguntza eta erraztasunak ematen ditu.

5.–Lankidetza eta integrazioa.

Azpiegiturak eta zerbitzuak partekatzetik, enpresen integrazio bertikal edo horizontalera. Elkarguneak eta jarduketak elkarrekin egiteko aukerak identifikatu behar dira hurbilketa ezberdinetatik.

6.–Ezagutzan oinarritutako lehiakortasuna.

Klusterrek ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak biltzen dituzte egituretan, berrikuntzan eta balio erantsian oinarritutako lehiakortasun hobekuntza bultzatzeko.

7.–Epe ertainean autofinantzaketa izan dezaketen ekimenak.

Ekimen guztiek oreka eta errentagarritasuna bilatu behar dituzte epe ertainean. Parte hartzen duten enpresek jartzen duten finantzaketa ekimenak sortzen duen balio erantsiaren isla izanen da.

8.–Sektoreko informazioa ezaugarritu eta balioan jartzea (sektoreko adimena).

Enpresek eta administrazioek erabakiak hartzeko informazio garrantzitsuena bildu eta banatzen da.

9.–Tratamendu ezberdina klusterraren behar ezberdinetarako.

Jarduketa modu ezberdinean bideratu eta tratatuko dira, beteko dituzten beharren arabera (nazioartekotzea, lankidetza, berrikuntza, prestakuntza, enpresa berriak sortzea...).

10.–Barne-eskaria, hazkunderako palanka.

Nafarroak inportatzen dituen produktu eta zerbitzu batzuk, Nafarroako enpresek lehiakortasunez eskaintzen dituzte edo eskain litzakete.

11.–Kluster multisektorialak (metaklusterrak).

Klusterrak aberatsagoak dira beste kluster edo sektore batzuekin harremana dutenean; komeni da klusterren irismena gehiegi ez murriztea.

12.–Eskualdez gaindiko sareetan parte hartzea.

Inportantea da sustapen lana enpresek eta klusterrek eskualdez gaindiko sareetan parte har dezaten, kontaktu hobeak izateko, ezagutza gehiago trukatzeko eta Nafarroan eta Nafarroatik kanpo lankidetzarako aukerak handitzeko.

13.–Prestakuntzaren aldeko apustua.

Ezagutzaren eta garapenaren oinarria da edozein sektoretan, produktu eta zerbitzuen balio erantsia handitzeko.

14.–Emaitzak publikoari jakinaraztea.

Jakinarazten ez dena, ez da ezagutzen, ez eta sumatzen ere. Inportantea da klusterren emaitzak eta aurrerapenak jakinaraztea.

15.–Esperientzian oinarritutako ikaskuntza.

Lortutako emaitzen jarraipena eta ebaluazioa eginen da. Eskualdeko klusterrek eta beste kluster bikain batzuek lortutako jardunbide onak definitu eta hartuko dira. Zikloa: plangintza, ebaluazioa, jarraipena eta atzeraelikadura.

Iragarkiaren kodea: F1607051