117. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

380/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, kirolean hasteko prestatzaile diploma lortzeko prestakuntza ikastaroetan matrikulatzeko prezio publikoen araubidea ezartzen duena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa da, gaur egun Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikita dagoena (irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren 3.2. artikulua). Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuen 29.1 a) artikuluan ezarritakoarekin bat, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (CEIMD) erakunde autonomo horri atxikita dagoen zentroa da eta, kirol programa eta jarduerei dagokienez, Kirolaren Zuzendariordetzaren menpean dago.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) eginkizunak dira, besteak beste, kirol jardueren esparruko prestakuntza programak planifikatu, koordinatu eta gauzatzeari loturikoak; bereziki, kirolean hasteko prestatzaileak eta teknikariak prestatzeko esparruan. Eginkizun horiek Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 73. artikuluan deskribatuta daude nahiz Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuetan bertan. Halaber, kirol prestakuntzarako gela birtuala eguneratu, kudeatu eta mantentzeko eginkizunak esleitu zaizkio, baita zentroak kirol prestakuntzarako duen eskaintzaren baliabide didaktikoak bultzatu eta mantentzea ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak finkatuko dituela prezio publikoak izan ditzaketen jarduera eta zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak (gaur egun Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentua) eta haiek ematen edo egiten dituen departamentuak edo erakundeak proposatuta.

Dena den, otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak; horien barnean honako hauek daude: izena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ikastaro, jardunaldi, topaketa, lantegi edo beste edozein jardueratan. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen Nafarroako Gobernuaren baimena eskuratzea prezio publikoak ezartzeko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak kirolean hasteko prestatzaile izateko antolatzen dituen ikastaroetan izena emateko, otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimen generikoaren barnean baitaude.

Erakunde autonomoek zuzen-zuzenean ezarriko dute prezio publikoen zenbatekoa, betiere dagokien departamentuak baimena eman eta gero (martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.2. artikulua). Artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren 20/2016 Foru Agindua onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari baimena ematen zaio kirolean hasteko prestatzaile ikastaroetako prezio publikoak ezarri eta onesteko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak antolaturik.

Kirolaren Zuzendariordetzak txostena aurkeztu du eta bertan adierazten du Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzeko interesekoa dela prezio publiko murriztuak aplikatzea kirolean hasteko prestatzaileari buruzko modalitate bateko ikastaroetan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen ditu ikastaro horiek Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez; halaber, Nafarroako Kirol Federazioen lankidetza dute. Prestakuntza horrek ez dauka ondorio akademikorik kirolaren araubide bereziko irakaskuntza arautuen esparruan, ezta aldi iragankorrean ere, eta diplomek Nafarroan beste inon ez dute baliozkotasuna izanen. Kirol modalitate guztietan komuna den zeharkako edukietako bloke batez osatua dago, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan (CEIMDen gela birtualaren bidez) ikasten ahal dena, eta kirol modalitate bakoitzaren edukiak dituen berariazko bloke batez, presentziala edo erdipresentziala.

Kirolean hasteko prestatzaileari buruzko kirol modalitate jakin bateko prestakuntza ikastaroek oinarrizko prestakuntza ematen dute eta kirolaren hastapenean adingabeak haien kargu duten monitoreei edo entrenatzaileei ezagutzak, prozedurak eta oinarrizko jarrerak ematea dute helburua, zeregin horretarako inolako prestakuntzarik jaso ez baitute, kirol jarduera osasungarria eta segurua lor dadin. Interesaren oinarria da oinarrizko kirolaren lehiaketetan (esate baterako Nafarroako Kirol Jokoak) entrenatzeko eta laguntzeko zereginetan parte hartzen duten pertsonen kopurua handia dela prestakuntza egokia izan gabe; horrek ondorio negatiboa dakar ematen dituzten zerbitzuen kalitatean.

Kirolaren Zuzendariordetzak aurkeztu duen proposamenak prezio murriztuak gomendatzen ditu, ikastaro batek benetan duen kostuaren %30, alegia. Xedea da monitoreak edo entrenatzaileak (horiek batez ere modu boluntarioan aritzen dira eta gehienbat baliabide ekonomiko gutxi duten gazteek osatzen dute talde hori) oinarrizko prestakuntzara sar daitezen bultzatzea, horrela kirolaren hastapeneko esku-hartzearen kalitate eta segurtasun hobea bermatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBATZI DUT:

1. Kirolean hasteko prestatzaileari buruzko modalitate bateko ikastaroetarako honako prezio publiko hauek onestea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak antolaturik:

–Bloke komun presentzialeko eta berariazko blokeko ikastaroa, 12 ordu: 35 euro.

–Bloke komun presentzialeko eta berariazko blokeko ikastaroa, 15 ordu: 38 euro.

–Bloke komun presentzialeko eta berariazko blokeko ikastaroa, 20 ordu: 43 euro.

–Online bloke komuneko eta berariazko blokeko ikastaroa, 12 ordu: 43 euro.

–Online bloke komuneko eta berariazko blokeko ikastaroa, 15 ordu: 46 euro.

–Online bloke komuneko eta berariazko blokeko ikastaroa, 20 ordu: 50 euro

Ikasleek inskripzio kuotak ordaintzetik lortutako diru-sarrerak “Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (CEIMD)” izeneko A 50002 - A 5100 - 3129 - 000000 kontu-sailean sartuko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 1ean.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F1607120