1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
194/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016-2017 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onesten dituena.
Ikusi da Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela, jarraibideak onets daitezen 2016-2017 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketei dagozkien eskola egutegia prestatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan 2016-2017 ikasturtean izanen dituzten eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onestea. Eranskinean zehaztu dira.
2. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Eskolatze Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko ekainaren 1ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketei dagozkien eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak, 2016-2017 ikasturterako
1.–Egutegia.
Nafarroako Foru Komunitateko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:
1. Ikastetxeetan, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketetarako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetarako, 2016-2017 ikasturtea 2016ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2017ko ekainaren 30ean bukatuko.
Langabe edo langileentzako prestakuntza ikastaroetarako prestakuntzaldia urte osoan zehar garatzen ahal da, ordutegi egokitu batean.
2. Ikastetxeek egutegirako berariazko proposamen bat egin beharko dute, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketetarako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetarako, honako baldintza hauek betez:
a) Eguberrietako oporrak: abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra arte, biak barne.
b) Aste Santuko oporrak: apirilaren 13tik 23ra arte, biak barne.
c) Jaiegunak, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a. 2017ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokituko dute, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.
d) Hezkuntza mailari dagokion zaindariaren jaieguna: urtarrilaren 31 Lanbide Heziketako ikasketetarako, eta urriaren 22a Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetarako. Ikastetxeek zilegi izanen dute egun hori aldatzea.
e) Herriko festa eguna, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako festa egunak zehazten dituen arauaren arabera. Data hori eskola eguna ez den egun batean egokitzen denean, ikastetxeak beste egun bat hautatzen ahalko du.
f) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.
g) Jarri diren eskola egunez gainetikoak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskola gabeko laneguntzat joko dira.
h) Eskola egunen kopurua bertaratzeko modalitate orokorrean:
–Ikasturte batean baino gehiagotan antolatzen diren heziketa zikloetako lehen ikasmailarako, lantokietako prestakuntza modulurik edo enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldirik ez badute: 175 egun.
–Ikasturte batean baino gehiagotan antolatzen diren heziketa zikloetako bigarren ikasmailarako, lantokietako prestakuntza modulurik ez badute: 175 egun.
–Lantokietako prestakuntza modulua edo enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia duen ikasmailarako, egunen kopurua zatiketa honetatik ateratzen dena izanen da: ikastetxeko prestakuntzarako curriculumak ezarritako orduak eguneko 5,5 eskola orduz zatituta ateratakoa.
i) Eskola egunen kopurua Lanbide Heziketa Dualeko modalitatean: ikastetxeek modalitate hori garatzeko enpresa laguntzaileekin sinatutako hitzarmenetan xedatutakora egokituko dute ziklo eta talde bakoitzerako eskola egunen kopurua.
j) Ikastetxean ematen diren heziketa zikloetako moduluen azken ebaluazioaren deialdiei dagozkien probak egiteko diren ikasturteko egunak eskola eguntzat joko dira.
Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloez gain, Batxilergoa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen dituzten ikastetxeek ikasketa horietarako eskola eguntzat hartuko dituzte 2015-2016 ikasturteko aparteko deialdiko azterketak egiteko direnak, baita 2016-2017 ikasturteko aparteko deialdikoak egitekoak ere, Nafarroan ikasketa horien 2016-2017 ikasturteko eskolako egutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 176/2016 Ebazpenean adierazi baitira.
k) Eskolen hasiera: irailaren 9a baino lehen ez.
l) Eskolen bukaera: ekainaren 16aren ondoren ez.
m) Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen bertaratzeko modalitate orokorrean, azken ebaluazioko lehen saioari dagozkion ebaluazio probak ondoko aldietan eginen dira:
–Ikasturte batean baino gehiagotan antolatzen diren heziketa zikloetako lehen ikasmailarako eta bi ikasturtetan baino gehiagotan antolatzen diren heziketa zikloetako bigarren ikasmailarako, lantokietako prestakuntza modulurik edo enpresetako, estudioetako eta tailerretako prestakuntzaldirik ez badute: oro har, ekainaren 1etik 5era arte.
–Lantokietako prestakuntza modulua edo enpresetako, estudioetako eta tailerretako prestakuntzaldia duten heziketa zikloetako ikasmailetarako: lantokietako prestakuntza modulua edo enpresetako, estudioetako eta tailerretako prestakuntzaldia hasi baino lehenago.
n) Ekainaren 7a azken eguna izanen da lehenengo azken ebaluazioari dagozkion kalifikazioak ikasleei emateko. Ikastetxeak kalifikazioak ematen diren egunetik klaseak bukatzeko zehaztutako egunera arteko aldia antolatuko du, azken ebaluazioko bigarren deialdiari dagozkion probak egin behar dituzten ikasleak behar bezala prestatzeko. Halaber, egun horietan zehar ikastetxeak berrikusteko curriculum-jarduerak antolatuko ditu gainerako ikasleentzat.
o) Lanbide Heziketa Dualaren espezialitatean, ikastetxean ematen diren moduluen azken ebaluazioko lehen saioari dagozkion ebaluazio probak ondoko aldietan eginen dira:
–Lehen ikasmaila: oro har, ekainaren 1etik 5era arte.
–Erdi mailako zikloetako bigarren ikasmailarako: oro har, ekainaren 1etik 5era arte.
–Goi mailako zikloetako bigarren ikasmailarako: proba horiek egiteko azken eguna maiatzaren 19a izanen da.
p) Azken ebaluazioko lehen saioari dagozkion probak egiteko data ekainaren 1etik 5era arte denean: ekainaren 7a azken eguna izanen da ikasleei dagozkien kalifikazioak emateko. Ikastetxeak kalifikazioak ematen diren egunetik klaseak bukatzeko zehaztutako egunera arteko aldia antolatuko du, ikastetxean ematen diren moduluen azken ebaluazioko bigarren deialdiari dagozkion probak egin behar dituzten ikasleak behar bezala prestatzeko.
Lehen azken ebaluazioari dagozkion probak egiteko azken eguna maiatzaren 19 denean: maiatzaren 22a azken eguna izanen da ikasleei dagozkien kalifikazioak emateko. Ikastetxeak antolatuko du kalifikazioak ematen diren egunetik azken ebaluazioko bigarren deialdiari dagozkion probak egiteko egunetara arteko aldia, proba horiek egiteko ikasleak behar bezala prestatzearren.
q) m) eta o) ataletan aipatutako azken ebaluazioaren hurrengo deialdia honako aldi hauetan eginen da:
–Erdi mailako heziketa zikloetan: ekainaren 19tik 21era arte, oro har.
–Goi mailako heziketa zikloetan: ekainaren 13tik 15era arte, oro har.
3. Hezkuntza maila bat baino gehiago ematen duten ikastetxeek egun bakar batean bateratzen ahalko dituzte hezkuntza maila ezberdinei dagozkien zaindarien jaiegunak; ez dituzte inolaz ere jaiegun guztiak ezarriko ikasle guztientzat.
4. Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan departamentuetako bilerak, klaustroak, programazio lanak, ikasleei eta familiei orientazioa eman eta harrera egin eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.
5. Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, azken ebaluazioei dagozkien probak eginen dira eta, hala badagokio, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, modulu bakoitzaren memoria didaktikoak, departamentuen memoriak, amaierako memoria, orientazioa, erreklamazioak, ikasleak eta familiak hartu eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.
6. Eskola egunetan eskolak eteten ahalko dira ebaluazio jarduerak egiteko, bai eta Hezkuntza Departamentuak lehentasunezkotzat hartzen dituenak ere.
7. Oro har, ebaluazio bilkurak edo klaustroak ezin izanen dira egin eskola orduetan.
8. Ikastetxean egindako moduluen azken ebaluazioaren ondoren emanen zaie hasiera bai hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako zikloetan egin beharreko lantokiko prestakuntzaren moduluari, bai Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloen kasuan enpresa, estudio edo lantegietan egin beharreko praktikaldiaren faseari; salbuespen dira tenporalizazio ezberdina baimendua duten modalitate edo heziketa zikloak.
Dena den, prestakuntzarako eta ebaluaziorako jarduerak, bertaratu beharrekoak edo ez, programatuko dira bukatzeko ezarri den egunera arte lantokiko prestakuntza modulura edo enpresa, estudio edo lantegietan egin beharreko praktikaldiaren fasera igo ez diren ikasleentzat.
Orobat, Lanbide Heziketako zikloetan, proiektuaren lanbide modulua lantokiko prestakuntzaren modulua egiten den aldian eginen da, oro har, eta hori bukatu ondoren ebaluatuko da.
Azkenik, ikastetxean egindako moduluen azken ebaluazioaren ondoren emanen zaio hasiera Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloen amaierako obra eta amaierako proiektuaren moduluari.
2.–Ordutegi orokorra.
Foru Komunitateko ikastetxeetako ordutegiak baldintza hauek beteko ditu:
1. Eskolaldia, oro har, goiz eta/edo arratsaldeko saioetan banatuko da astelehenetik ostiralera, kontuan hartuta astean 30 eskolaldi daudela. Nolanahi ere, goiz eta arratsaldeko saioak badaude, bien artean, oro har, ordu eta erdiko atsedenaldia utzi beharko da gutxienez. Eskola saioak 55 minutukoak izanen dira, gutxienez.
Lanbide Heziketa Dualaren modalitatean, eskolaldia modalitate hori garatzeko enpresa laguntzaileekin sinatutako hitzarmenetan xedatutakora egokituko da.
2. Bizpahiru eskolaldiren ondoren, gutxienez ere 20 minutuko atsedenaldia programatuko da, uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 2.b) artikuluan ezartzen den moduan, ikastetxearen antolamenduzko beharren arabera.
3. Ikastetxeek eskolako ordutegia handitzeko eskatzen ahalko dute, eta adierazi beharko dute proposatutako handitzea, egunean gehienez ere ordubetekoa izanen baita. Luzapen horrek ez du behin ere ituna handituko ikastetxe pribatu itunduetan, ez eta plantilla ere ikastetxe publikoetan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi edo ukatuko du, bideragarritasunaren arabera.
4. Lanbide Heziketa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak, Batxilergoa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten ikastetxeak herrigune berean edo eskola garraioaren ibilbide berean baldin badaude, eta gurasoen elkarteen eta Nafarroako Gobernuaren artean partekaturiko garraioaz baliatu ohi badira, beren artean koordinatuko dituzte sarrera-irteerako ordutegiak.
Gainera, eskola garraioaren zerbitzu horrekin bateragarria diren egutegia eta ordutegia aurkeztu beharko dituzte.
5. Egutegia eta ordutegi orokorra, onetsi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoek eta pribatu itundu guztiek nahitaez bete beharko dituzte. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegi eta ordutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.
6. Ikastetxe bakoitzaren egutegi eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen.
3.–Salbuespenak.
Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, azter ditzan.
4.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
1. Zuzendaritza taldeek, klaustroaren iritzia adituta, Eskola Kontseiluak onetsi ondoren, BHIen kasuan, egutegi eta eskolaldi proposamenak bidaliko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, 2016ko ekainaren 10 mugaguna izanik, “EDUCA” kudeaketa programa erabiliz.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. “EDUCA” kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. 2016ko ekainaren 24a baino lehen jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetako egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.
3. Ikastetxeren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio eranskinaren 1. atalean (Egutegia) ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.
4. Egutegia onetsi ondoren, Lanbide heziketa dualeko proiektuak garatzeko asmoz enpresekin hitzarmenak sinatu dituzten ikastetxeetako zuzendariek, hitzarmena sinatu baino lehen, egutegi eta eskolaldien proposamen berria bidaliko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, hitzarmen horren ondoriozko aldaketak barne. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, proposatutako aldaketak aztertu ondoren, aldaketa horiek onartzearen aldeko edo kontrako txostena emanen du.
5.–2016-2017 ikasturteko egutegia.
Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak (PDF).
6.–2016-2017 ikasturteko egutegia.
Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1606962