117. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

183/2016 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzetako ikasle eta irakasleen atzerriko prestakuntza egonaldietarako laguntzen deialdia aurkezten duena 2016-2017 ikasturtean egiteko, Erasmus + programaren esparruaren barrenean.

Hezkuntza Departamentuak bi proiektu aurkezten dizkio SEPIEren deialdi nazionalari, Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako ikasleendako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak Erasmus + bi partzuergoren egituraren barnean aurkezten dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; departamentu horretakoak dira, hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak, ikasleak eta irakasleak bidaltzen dituzten erakundeak eta proiektuen kudeaketa prozesu osoan bitartekari lanak egiten dituztenak.

2016-2017 ikasturterako eskatutako tokiak honako hauek dira:

–Erdi mailarako:

  • Ikasleendako 60 egonaldi, 3 hilabeteko iraupena dutenak.
  • Ikasleendako 45 egonaldi, 2 asteko iraupena dutenak.
  • Irakasleendako 10 egonaldi, aste 1 eta 4 aste bitarteko iraupena dutenak.

–Goi mailarako:

  • Ikasleendako 75 egonaldi, 3 hilabeteko iraupena dutenak.
  • Irakasleendako 6 egonaldi, astebeteko iraupena dutenak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari beken kopurua esleitzeko; beken kopuru zehatza emaitza horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetako prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

Proposamenak hautatzeko SEPIEk egindako prozesuaren emaitzak jakinda, tokiak esleituko zaizkie beka horiek eskatu dituzten ikasleei, horretarako eginen diren priorizazioei jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirileko 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi eransten zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetan agertzen diren xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia argitaratu beharrari dagokionez, Nafarroako Gobernuko ikastetxe publikoetako lanbide heziketako ikasle eta irakasleendako Erasmus + programaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erasmus + programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia argitaratzea 2016-2017 ikasturterako, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren xehetasunekin bat.

2. Honako gastua baimentzea: 2016. urterako, 80.000,00 euro erdi mailako proiektuaren barnean dauden ikasleentzat eta irakasleentzat, eta 30.000,00 euro goi mailako proiektuaren barnean dauden ikasleentzat eta irakasleentzat; eta 2017. urterako, 200.000,00 euro erdi mailako proiektuaren barnean dauden ikasleentzat eta irakasleentzat, eta 70.000,00 euro goi mailako proiektuaren barnean dauden ikasleentzat eta irakasleentzat. Laguntza horiei dagozkien zenbatekoak finantzatuko dira 2016ko aurrekontuko “Leonardo Da Vinci programa eta nazioarteko beste programa batzuk” izeneko 426000 42600 4800 322E00 aurrekontuko kontu-sailaren kargura eta 2017an hori ordezten duenaren kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Berrikuntzaren, Enpresaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalari, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoari, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean eta dagokion laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

Iragarkiaren kodea: F1607262