116. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

121E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteei laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Honi dagokionez, begibistakoa da zer garrantzia duen laguntza ekonomikoak emateak kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenak bultzatzeko. Produktu horien artean daude nekazaritzako elikagaien artisautzan egindakoak.

Nekazaritzako elikagaien artisautza Nafarroan onartua eta arautua dagoen kategoria da, zehazki Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuan, uztailaren 29ko 298/1996 Foru Dekretuak eta azaroaren 5eko 318/2001 Foru Dekretuak aldatutako horretan.

Nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek beraiek izandako ekimenaren ildotik, Nafarroako Foru Komunitateak “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” izeneko marka sortu zuen 2000. urtean, eta horixe da, hain zuzen, dagokion erregistro ofizialean artisau-enpresa gisa izena emanda dauden enpresen nekazaritzako elikagaiek etiketan daramaten bereizgarria.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iritziz oso garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien artisautza enpresak diruz laguntzea, ekoizleek eta egileek kalitatezko ekoizpen mota horretan parte har dezaten sustatzeko eta produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko, kontuan hartuta kontrolatutako eta bermatutako ezaugarri bereziak dituztela eta kalitate handikoak direla, ekoizpen eta prestaketarako arau zorrotzagoen menpe baitaude.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien enpresen bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Gainera, laguntza publikoak ahalik eta eraginkorrenak izatea ziurtatzeko, komeni da diru-laguntzak bideratzea, bereziki, legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisau-enpresen elkarteei.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude; araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EE Erregelamenduan dago jasoa, zeina Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita, 1.1.c) artikuluan (“Aplikazio eremua”) ezarritako salbuespenekin bat.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikulua eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretua aplikatzearen ondoriozko eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2016ko laguntzak emateko diru-laguntzen oinarria arautzaileak eta deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.

Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onestea, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena.

10.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2016ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 720003 71620 4819 413102 kontu-sailaren kargura (“nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteendako laguntzak”).

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Diru-laguntzetarako deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016eko maiatzaren 27an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2016ko laguntzak emateko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2016ko laguntzak arautzea.

2. Laguntza hauen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteak laguntzea, artisautza produktuen prestaketan eta eraldaketan kalitatea sustatzeko eta ezaugarri bereziak dituzten produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahal dira legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisau-enpresen elkarteak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisau-enpresen Erregistroan inskribaturik baldin badaude.

2. Ebazpen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, ateratako irabaziak oso-osorik entitatearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen baldin badira, entitate horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira.

3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren menpean dago (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). (L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa).

4. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan.

Hirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diru-laguntza jaso dezakete “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babeseko produktuak sustatzeari eta merkaturatzeari lotutako jarduerek, kontzeptu hauetarako, besteak beste:

–”Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” markaren plan estrategikoak eta sustapen planak egitea, baita Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzaren kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen merkatu-azterketak ere.

–Enpresen eta misio komertzialen artean ezagutzak trukatzeko foroen antolaketa, baita lehiaketa, produktuen erakustaldi eta ferien antolaketa ere.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuak sustatzeko ekitaldiak, salmenta-puntuetako ekintzak eta saltzeko azoka txikiak antolatzea.

–Kalitateko bereizgarriaren babeseko produktu horien kontsumoa suspertzen duten argitalpen, katalogo eta eskuorrien edizioa, baita produktu eta ekoizleen informazioa aurkezten duten web orriak ere.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.

–”Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen ezagutza eta salmenta sustatzen duten alderantzizko misioak antolatzea.

Laugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak sustatu eta merkaturatzeko jarduketei dagozkienak, entitate onuradunek proposatuak, helburu horretarako eginak eta hirugarren oinarrian jasoak.

Bosgarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal diren gastuen %50 izanen da laguntza.

Seigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu badira, haien berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eta, jaso badira, baita ere.

5. Jaso duen diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

Diru-laguntzei buruzko 1/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Zazpigarrena.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Ekintza deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:

a) IFKren kopia.

b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia biltzen duen agiria, entitateko lehendakariak edo legeak gaituriko pertsona batek sinatua.

c) Elkarte eskatzailearen estatutuak eta hura eratzeko eskriturak, eta jarduera, bazkideen motak eta kopurua eta helburuak biltzen dituen informazioa.

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zein kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

e) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.

2. Argibide hauek entitate onuradunari buruz:

a) Zer sektoretan diharduen.

b) Negozio bolumena.

c) Langileen plantilla, kontratu moten arabera sailkatua.

3. Sustatzeko eta merkaturatzeko jardueren gaineko informazioa:

a) Egin beharreko ekintzen deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak aurkeztuko dira, edo proformako fakturak, eta aukeratutako aurrekontuaren justifikazioa, ekonomikoki mesedegarriena ez bada.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokienez, aurreikusten diren gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzuetan, entitate eskatzaileak hornitzaile batzuei eskaturiko eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Diru aldetik abantaila gehien eskaintzen dituen enpresa hautatu ezik, horretarako zergatikoak adierazi beharko dira espresuki memorian.

4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizuneko aitorpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean (eskaeraren egunaren aurretik) “de minimis” araubideko laguntza guztiei buruzko idatzizko aitorpena.

c) Onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ..............., nire izenean / edo .......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, nekazari kooperatibendako enpresak kudeatzeko planetarako laguntzen ekitaldi honetako deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezkatzen dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko”.

e) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, zortzigarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

4. Laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

a) Entitate eskatzaileko kide diren artisautza enpresen kopuruaren arabera:

–30 kidetik goiti: 10 puntu.

–20-29 kide: 8 puntu.

–10-19 kide: 5 puntu.

b) Azpisektoreen arabera:

–Elkarteak hiru azpisektore baino gehiagoko operadoreak ordezkatzen baditu: 5 puntu.

Azpisektoreak Nafarroako Nekazaritzako Artisautzaren berezko araudian jasotzen dira.

c) Jarduketen xedeko merkatuen arabera:

–Espainiatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 10 puntu.

–Nafarroatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 5 puntu.

–Gainerako ekintza orokorrak: 2 puntu.

3. Eskaerek puntuazio bera lortuz gero, 2.a atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.b atalean puntu gehien duena.

Hamargarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Agiri guztiak ez badaude, hamar egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zergaldiko edozein denboralditan, eta 1407/2013 EB Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

6. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko 30 egun izanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2016ko ekitaldiko abenduaren 10a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztuko ditu:

a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, interesdunak egina.

b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, diru-laguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeetan arabera multzokatu eta sailkaturik.

c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.

d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.

e) Erantzukizuneko aitorpena, eskaera egindako egunaren ondoren xede bererako edo “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu eta onetsiko ditu aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna. Halaber, aipatutako zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko asmoz.

Hamabigarrena.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Ekintza beretarako, ebazpen honen bidez arautzen diren laguntzak bateraezinak dira legez ezarririko beste edozeinekin.

Hamalaugarrena.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

Hamabosgarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarriko laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza 2016an bultzatzeko nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteendako laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1607088