116. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

66/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 6koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez arautzen dira Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolaketa eta garapena Nafarroako Foru Komunitatean.

Hitzaurrea

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, artikulu bakarraren 3. idatz-zatian, 10. idatz-zatia gehitzen dio Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluari, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak sortzen ditu hezkuntza sistemako Lanbide Heziketan. Orobat, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, azken xedapenetako bosgarrenean, ziklo horiek ezartzeko egutegia ezartzen du. Horren arabera, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako lehen ikasmaila 2014-2015 ikasturtean ezarriko da.

Aurreko guztiak berarekin ekarri du presazko arauketa bat, Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntza multzoaren arauketaren aurretik egin dena, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren bidez (otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretua, heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituena). Haren V. kapituluan ezartzen dira ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzeko eta onartuak izateko zehaztapenak.

Era berean, eta aintzat harturik nola ezarri diren 2014-2015 ikasturtean hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak, arautu egin dira hezkuntza sistemako lanbide heziketako ziklo horiek, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 50/2014 Foru Aginduaren bidez eta maiatzaren 22ko 53/2015 Foru Aginduaren bidez.

Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri den bi ikasturteetako esperientzia pilatzea giltzarri izan da inklusioaren printzipioa ezartzeko ziklo horien antolaketaren gidari; hortaz, bidezko da foru agindu bat egitea irakaskuntza horiek antolatzeko eta arautzeko Nafarroako Foru Aginduaren eremuan.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honek helburu du Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen egiturari eta antolaketari buruzko jarraibide orokorrak ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, bat etorririk Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoarekin, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoarekin, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuarekin; orobat, helburu du irakaskuntza horiek arautzea Nafarroan.

2. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Oinarrizko lanbide tituluak eskuratzeko irakaskuntzen xedeak eta helburuak dira hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako oro har ezarritakoak.

2. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 40.2 artikuluan zehaztutako helburuaz gain, non adierazten baita ikasleak etengabeko ikaskuntzaren gaitasunak eskuratu edo bete behar dituela, honako hauek ere izanen dira ziklo horietako helburuak:

a) Ikasleen garapena eta heldutasuna erraztea. Horretarako, ikasleek lanean eta gizarte eta kultur jardueran modu arduratsuan parte hartzea ahalbidetuko dieten ohiturak eta gaitasunak bereganatu behar dituzte, bereziki gizarte trebetasunak eta autoestimua.

b) Oinarrizko prestakuntzari dagozkion eta aukeratutako lanbidearekin zerikusia duten gaitasunen garapena ahalbidetzea, gazteak lanbide, kultur eta gizarte jarduerarako prestatzea helburu nagusia dela.

c) Segurtasunez lan egiteko eta laneko arriskuei aurrea hartzeko behar diren ohiturak eta jarrerak erakustea.

d) Lan esperientziak eskaintzea lantokiko prestakuntza izeneko moduluaren bidez, lortutako prestakuntzaren eta lanbide gaitasunen arabera.

e) Ikasleen laneratzea erraztea, tutoreen laguntza eta banakako orientazio soziolaboral eta akademikoaren bitartez, arreta berezia emanez haien garapen pertsonalari, ikaskuntzei, lan merkatuaren ezagutzari eta lan bilaketa aktiboari.

f) Esparru desberdinetan prestakuntzarekin jarraitzeko beharrezko gaitasunak garatzea erraztea, bizitzan zehar ikasten segitzeko.

3. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetan sartzea.

1. Lanbide Heziketako irakaskuntza horiek egin ditzakete, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 15.1 artikuluan ezartzen den bezala, ondoko baldintzak batera betetzen dituzten ikasleek:

a) Hamabost, hamasei edo hamazazpi urte betetzea kurtsoaren urte naturalean.

b) DBHko hirugarren maila bide arruntez egin izana, edo Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean, edo, salbuespenez, DBHko bigarren maila bide arruntez egin izana edo Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean, edo Curriculum Egokituko Programa bat.

c) Irakasle-taldeak gurasoei edo legezko tutoreei hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartzea proposatu izana, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatutako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 30. artikuluan adierazitakoarekin bat.

2. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 15.3 artikuluan xedatuarekin bat, ikaslea irakaskuntza horietan sartzeko, baimentzeko agiria emanen dute gurasoek edo legezko tutoreek, eta agiria ikaslearen espedientean sartuko da, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan inskribatzeko prozeduran erabiltzen diren gainerako agiri guztiekin.

4. artikulua. Aholku orientatzailea.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 28.7 artikuluan aipatzen den aholku orientatzaileak, Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasleak inskribatzeko prozeduran erabiliak, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 15.3 artikuluan xedatua bete beharrez, ondokoa eduki beharko du gutxienez:

a) Txosten arrazoitua, adieraziz helburuak zenbateraino bete diren eta dagozkion gaitasunak eskuratu diren.

b) Ikastetxeak ikasleari jarri dizkion aniztasunarekiko arretatako neurrien identifikazio zehaztua.

c) Aginduzko ebaluazio psikopedagogikoa, ikaslearekin izandako elkarrizketa barne.

d) Azken aholkua, adieraziz hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea ibilbide egokiena den ala ez den.

5. artikulua. Antolaketa modalitate orokorra.

1. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen eskaintzak, inklusioaren printzipioa gidari, antolaketa modalitate bakarra izanen du, eta bi ikasturte osotan garatuko da.

2. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak honako hauetan irakatsiko dira:

a) Ikastetxe publikoak

b) Ikastetxe pribatu itunduak

c) Irabazi asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuetan, erakundeetan edo elkarteetan. Hezkuntza Departamentuak baimenduko die ziklo hauek irakastea. Kasu horietan, ikasleen eskolatzea partekatua izanen da, hau da: Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloa irakasten duen entitatea zer ikastetxe publikori atxikirik dagoen, hartan egonen da matrikulaturik ikaslea.

II. KAPITULUA

Prozedura, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan onartua izateko prozesuan inskribatzeko

6. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan onartua izateko prozesuan inskribatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Ebaluazio akademikoa: ikasturtearen bigarren ebaluazioa bukatutakoan, hau da, azken hiruhilekoan eta ikasturtearen azken ebaluazioa burutu arte, irakasle-taldeak inskripzio-txostena nola egin adostuko du. Txostenean justifikatu beharko da zergatik den neurri egokia Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako proposatutako inskripzioa, ikasleak gaitasunak eskura ditzan. Tutoreak eginen du proposamen-txostena, foru agindu honen 1. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio.

b) Aholku orientatzailea: Ikastetxeko zuzendariak orientatzaileari eskatuko dio aholku orientatzailea egin dezala. Aholkuaren helburua izanen da zehaztea ikaslea proposatutako neurrira egokitzen den ala ez; 4. artikuluan adierazitako atalak izanen ditu, gutxienez, foru agindu honen 2. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio.

c) Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa: ikastetxeko zuzendariak irakasle-taldearen txosten proposamena eta aholku orientatzailea aztertu ondoren, zuzendaritza-taldeko kide bat eta tutorea gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko dira ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduran inskribatzea komenigarria dela planteatzeko. Bilera bukatzean, gurasoek edo legezko tutoreek idazki bat sinatuko dute, foru agindu honen 3. eranskineko ereduaren arabera, helburu hauekin:

–Aurkeztutako proposamenaren eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen ezaugarrien berri eman dietela adierazteko.

–Proposamena onartzen dutenetz adierazteko.

–Proposamenarekin lotura duten alderdien gaineko alegazioak egiteko.

d) Hezkuntza Departamentuaren esku-hartzea: Zuzendariak proposamena, 4. eranskinaren araberakoa, igorriko dio ikastetxeko ikuskatzaileari eta horrek egiaztatuko du foru agindu honen 3. artikuluan sartzeko zehaztutako baldintzak betetzen diren, artikulu honetako prozedurari jarraituz, baita aholku orientatzaileak proposatzen duen ikaslea inskribatzea eta gurasoek edo legezko tutoreek inskripzioaren proposamena onartzen duten ere Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko prozeduran. Inskripzioaren azken proposamena aztertuta eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako ikaslea den zehaztuta, ikuskatzaileak ikastetxeko zuzendariari jakinaraziko dio onartu den ala ez inskripzioaren azken proposamen hori.

2. Ikastetxeko zuzendariak ikasleari emanen dio, eta, hala balegokio, gurasoei edo legezko ordezkariei, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan inskripzioa egiteko azken proposamenaren agiria. Prozedurak garaiz bukatu behar du, kontuan hartuta ikasleak denbora behar duela kasuan kasuko ikasturterako ezarritako epean inskribatzeko.

7. artikulua. Taldeak eratzea.

Oro har, ratioa 10 ikaslekoa izanen da gutxienez eta 14 ikaslekoa gehienez, eta salbuespenez, 16koa, betiere ratio horren barruan sartuta kurtsoa errepikatzen duten ikasleak.

8. artikulua. Entitate publiko edo pribatuen lankidetza.

Hezkuntza Departamentuak beste administrazio batzuen edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko nahiz pribatuen edo erakundeen edo elkarteen lankidetza izaten ahalko du Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko. Betiere, horretarako Hezkuntza Departamentuak baimena eman beharko du.

III. KAPITULUA

Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloen diseinua eta antolaketa

9. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloen antolaketa eta egitura.

1. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloek egitura hau dute:

a) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak.

b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.4 artikuluan ezarritako multzo amankomunei lotutako lanbide moduluak, etengabeko ikaskuntzaren gaitasunak eskuratzea bermatzen dutenak:

–Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II izeneko moduluak.

–Zientzia aplikatuak I eta Zientzia aplikatuak II izeneko moduluak.

c) Lantokiko prestakuntza izeneko lanbide modulua.

d) Tutoretza.

2. Orobat, titulu bakoitzeko oinarrizko curriculumak beste modulu batzuk, tituluko lanbide-profilarekin zerikusia duten gaitasun unitateei lotu gabeak, jasotzen ahalko ditu.

10. artikulua. Moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa.

1. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen edo moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa da Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko lanbide tituluen egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen 2 B) eranskinetan erreferentziatzat hartutakoa:

a) 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak: 17 ordu astean lehen kurtsoan eta 17 ordu astean bigarren kurtsoan.

b) Etengabeko ikaskuntzaren gaitasunei lotutako lanbide moduluak:

–Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II izeneko moduluak: 6 ordu astean lehen kurtsoan eta 6 ordu astean bigarren kurtsoan, hurrenez hurren.

–Zientzia aplikatuak I eta Zientzia aplikatuak II izeneko moduluak: 6 ordu astean lehen kurtsoan eta 6 ordu astean bigarren kurtsoan, hurrenez hurren.

c) Lantokiko prestakuntza izeneko lanbide modulua: 240 orduko iraupena, zikloko bigarren kurtsoan edo bi kurtsoetan.

d) Tutoretza: ordu bat astean prestakuntza zikloko bi kurtsoetako bakoitzean.

2. Ikastetxeek eta entitateek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan oinarrizko titulu profesionaletarako ezarritako iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa aldatzeko eskatzen ahalko diote Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko da aldaketa hori.

11. artikulua. Prestakuntza unitateak lanbide moduluetan.

1. Ikasleen berariazko behar berezietara egokitzearren, eta ikastetxeen antolaketa eta kudeaketarako autonomia erraztearren, Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza ziklo bateko lanbide modulu baten edo gehiagoren edukia hainbat prestakuntza-unitatetan banatzen ahal da, horiek bereizita emateko, eta kidego eta espezialitate desberdineko irakasleek ematen ahalko dituzte.

Ofizioz edo ikastetxeek edo entitateek eskaera arrazoituta antolatzen ahal da modulu bat zenbait prestakuntza unitatetan; Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko da antolaketa hori.

2. Prestakuntza unitateak lanbide moduluan lortzen ahal diren gaitasun pertsonalei, sozialei eta etengabeko ikaskuntzari lotutako ikaskuntza-emaitza bat baino gehiago jaso beharko ditu.

3. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean du balioa. Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo baten lanbide modulua osatzen duten prestakuntza unitate guztiak gainditzeak eskubidea emanen du modulu horren ziurtapena izateko, hori baita ziurtapenerako gutxieneko unitatea, Espainia osoan balio duena.

4. Antolakundeak ziurtatu behar du ikasleak modulua osatzen duten prestakuntza unitate guztiak eginak dituenean haren curriculumaren eduki guztiei dagokien prestakuntza jasoa izanen duela. Gainera, prestakuntza unitateen ordu guztien batura, gutxienez ere, dagokion zikloan modulurako aurreikusitako ordu kopuru adinakoa izanen da.

12. artikulua. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak.

1. 1. mailako gaitasun unitateekin lotutako lanbide moduluak Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloko bi kurtsoetan irakasten dira.

2. Gaitasun unitate bati edo batzuei lotutako lanbide modulua, arrazoi pedagogikoak edo antolaketakoak direla eta, bi prestakuntza unitatetan banatzen ahal da, lehen eta bigarren kurtsoetan eginen direnak, edo kurtso berean.

3. Prestakuntza unitate bakoitzak bere programazio didaktikoa izan beharko du, eta gaitasun unitate bati edo batzuei lotutako kasuan kasuko lanbide modulua osatzen duten beste prestakuntza unitateekin koherentzia gordeko du.

4. Lanbide modulu horiei lotutako 1. mailako gaitasun unitateak sartzen ahal dira oinarrizko lanbide tituluko 1. mailako kualifikazio oso edo ez oso batean.

5. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide modulua gainditzeak kasuan kasuko gaitasun unitateak ziurtatzen ditu, kasuan kasuko oinarrizko lanbide titulua ezartzen duen errege dekretuan ezarritakoari jarraituz.

6. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditzeak ziurtagiri akademiko baterako eskubidea emanen du; horrexek, dagozkion ondorio akademikoez gain, ondorio metagarriak izanen ditu Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalean eskuratutako lanbide gaitasuneko unitatean edo unitateetan egiaztapen partziala egiteko.

13. artikulua. Etengabeko ikaskuntzaren gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak.

1. Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II izeneko moduluak bi prestakuntza unitatetan antola daitezke, bakoitza:

–Atzerriko hizkuntzako gaitasunaren prestakuntza unitatea. Komunikazioa eta gizartea izeneko moduluan irakatsi eta oro har gutxienez ere ingelesaren B2ko maila egiaztatua duten irakasleek irakatsiko dute lehentasunez. Bestela, ingeles espezialitateko irakasleek irakatsiko dute.

–Prestakuntza unitatea Komunikazioa eta gizartea izeneko modulu bakoitzeko gainerako edukiekin.

Ingelesaren B2ko maila edo goragokoa frogatzen duten titulazioak edo ziurtagiriak dira indarrean dauden arauetan ezarritakoak.

2. Atzerriko hizkuntzako gaitasunaren prestakuntza unitatearen iraupena, oro har, astean ordu batekoa izanen da Komunikazioa eta gizartea I izeneko moduluan, baita Komunikazioa eta gizartea II izenekoan ere.

3. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloko bi kurtsoetako batean irakats daitezke Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II moduluei dagokien atzerriko hizkuntzaren gaitasunaren prestakuntza unitateak.

4. Zientzia aplikatuak I eta Zientzia aplikatuak II izeneko moduluak bi prestakuntza unitatetan edo gehiagotan antola daitezke, eta irakasleen espezialitate batek edo gehiagok irakatsiko dituzte.

5. Ofizioz edo ikastetxeek eta entitateek eskaera arrazoitua eginda sortzen ahal dira prestakuntza unitateak, beste espezialitate bateko irakasleek ematen ahal dituzte, prestakuntza unitateen erreferentziako iraupena aldatzen ahal da, eta atzerriko hizkuntzaren gaitasunaren prestakuntza unitateak kurtso bakar batean banatzen ahal da; Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko dira proposamen horiek.

6. Modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateak programatzeko, koordinazioa beharko da haiek ematen dituzten irakasleen artean, irakaskuntza horien printzipio globalizatzailea manten dadin; gainera, modulu horien ikaskuntza-emaitza guztiak lortzen direla bermatu beharko da eta, betiere, haietarako guztira ezarritako iraupena errespetatu.

14. artikulua. Lantokiko prestakuntza izeneko modulua.

1. Lanbide modulu hori, oro har, bigarren kurtsoko hirugarren hiruhilekoan irakatsiko da, prestakuntza zikloko gainerako lanbide moduluen ebaluazio positiboa eskuratu ondoren.

Dena dela, titulu profesionalaren ezaugarriengatik hala iritziz gero, ikastetxeak beste denbora banaketa bat proposatzen ahalko du; horretarako, ikastetxeak proposamen arrazoitu bat aurkeztu beharko du eta Hezkuntza Zuzendaritza nagusiak baimendu.

2. Lantokiko prestakuntza izeneko lanbide modulua soilik bigarren kurtsoan egiten denean, bi prestakuntza unitatek osatua egonen da:

a) Lehenik prestakuntza unitate bat, laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzkoa, 30 orduko iraupena izanen duena. Prestakuntza unitate hori dagoen kurtsoko irakasle talde osoak parte hartuko du horren irakaskuntzan.

b) Bigarren prestakuntza unitate bat, Enpresan aritzekoa, 210 ordukoa. Hori ez da enplegutzat hartuko eta benetako produkzio ingurune batean edo ikastetxe edo instituzio publiko batean eginen da (lantoki moduan), otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

Enpresan aritzeko prestakuntza unitatea egiteko, eskatuko da lehen eta bigarren kurtsoko lanbide modulu guztiak gainditurik izatea. Nolanahi ere, irakasleen taldeak sarrera hori baimendu diezaioke etengabeko ikaskuntzaren gaitasunei lotutako lanbide modulu bat gainditu gabe gehienez duen ikasleari.

3. Lantokiko Prestakuntza izeneko lanbide modulua bi ikasturteetan egiten denean, hiru prestakuntza unitatek osatua egonen da:

a) Lehenik prestakuntza unitate bat, laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzkoa, 30 orduko iraupena izanen duena. Zikloko lehenbiziko kurtsoa emanen da, eta kurtso horretako irakasle talde osoak hartuko du parte horren irakaskuntzan.

b) Bi prestakuntza unitate enpresan aritzekoak, I eta II, 210 ordukoa biak kontuan harturik. Hori ez da enplegutzat hartuko eta benetako produkzio ingurune batean edo ikastetxe edo instituzio publiko batean eginen da (lantoki moduan), otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

Enpresan aritzeko bi prestakuntza unitateak egiteko, eskatuko da lehen edo bigarren kurtsoko lanbide modulu guztiak gainditurik izatea, kasua zein den. Nolanahi ere, irakasleen taldeak sarrera hori baimendu diezaioke dagokion kurtsoan etengabeko ikaskuntzaren gaitasunei lotutako lanbide modulu bat gainditu gabe gehienez duen ikasleari.

4. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza unitatea Enpresan aritzeko prestakuntza unitatea baino lehenago eginen da.

5. Kurtso bakoitzean irakatsitako Enpresan aritzeko I eta II prestakuntza unitateak kasuan kasuko kurtsoan garatzen diren gaitasun unitateei lotuko zaizkie.

6. Lantokiko Prestakuntza egiteko ikastetxeek eta lantokiek sinatzen duten lankidetza hitzarmenean, halaber, lanbide modulu horretan ikasle bakoitzak egin beharreko jardueren berariazko arriskuen prebentzioa sartuko da lehendabiziko prestakuntza jarduera gisa.

7. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak baimentzen ahal du lanbide modulu hori egitea ikastetxe edo instituzio publikoetan, lantoki moduan, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

15. artikulua. Prestakuntza unitatea: “Laneko arriskuei aurrea hartzea”.

1. Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Lanbide Heziketan egiten diren prestakuntza ziklo guztietan, Laneko arriskuen prebentzioa izeneko lehenengo prestakuntza unitate bat izanen da, Lantokiko prestakuntza izeneko moduluan integratua.

2. Lantokiko Prestakuntza izeneko moduluko lehenbiziko astean, laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasoko dute ikasleek. 30 orduko berariazko prestakuntza unitate baten gisa antolatuko da, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloko behar den kurtsoko irakasle taldeak irakatsiko du ikastetxean, Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko espezialitateko moduluko irakasleekin elkarlanean, zeinek irakaskuntza zuzeneko karga murriztua izanen baitute Lantokiko prestakuntza izeneko modulua egitean. Prestakuntza unitate hori Lantokiko prestakuntza izeneko lanbide moduluan ebaluatuko da.

16. artikulua. Tutoretza.

1. Irakaslana, eta, zehatzago, tutoretza, ikasleak orientatzeko eta hezkuntza prozesuan laguntzeko lehen maila da. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloko irakasle guztiek parte hartu beharko dute, nork bere jarduketaren esparruan, tutoretzan eta orientabidean, hezkuntzan parte hartzeko neurri hori bereziki garrantzitsua baita aniztasunarekiko arreta bermatzearren.

2. Ikasturte bakoitzean tutoretzan egiten diren jarduerak taldeko berariazko programazio batean planifikatuko dira, eta haren parte izanen dira, tutoretza planaren arabera.

3. Orokorki, gaitasun unitateei lotutako moduluak irakasten dituen irakasle batek gauzatuko du tutoretza prestakuntza zikloan, eta, ahal dela, pertsona berari esleituko zaio bi kurtsoetan. Bigarren kurtsoko tutorea, gainera, lantokiko prestakuntza izeneko lanbide moduluko tutorea izanen da.

4. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoa lortu dadila errazteko, oro har hiru eduki multzo ezartzen dira, tutoretza lanetarako:

a) Garapen pertsonal eta sozialeko multzoa.

b) Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen multzoa.

c) Prestakuntzako eta laneko ibilbidea kudeatzeko abilezien multzoa.

5. Bigarren ikasmailan bereziki kontuan hartuko da hurrengo erabakiak hartzeko orientazioa, prestakuntzan jarraitzeari dagokionez; horretarako, jarraitzen ahal diren ibilbideak ezagutu beharko dituzte, eta lan munduaren informazio eguneratua eduki, hezkuntzan eta lanbide arloan etorkizuna kudeatu ahal izateko.

6. Irakaskuntza horietan, harreman estua izan beharko da honako hauen artean: tutoreak, irakaskuntza ematen duten irakasleak, orientatzailea eta gurasoak edo ikasleen legezko tutoreak. Hori dena kontuan hartuko da horien antolakuntzan.

7. Ikasle talde bakoitzaren tutore lanaren urteko programazioan inguruko enpresetarako bisitak sartu beharko dira, ikasleak lan mundura hurbil daitezen.

8. Halaber, tutoreek informazioa eta orientazioa eman beharko dituzte ikasteko aukerei buruz, prestakuntza ibilbideei buruz eta prestakuntza zikloa bukatutakoan dauden prestatzeko eta lanerako aukerei buruz.

9. Erdi mailako graduetako lehen kurtsoan bezainbeste eskolaldi eta aldi osagarri erabiliko dira, astean, lehen kurtsoko tutoretzarekin lotutako eginkizunak betetzeko. Halaber, erdi mailako graduetan bezainbeste eskolaldi eta aldi osagarri erabiliko dira, astean, Lantokiko prestakuntza izeneko moduluko tutoretzarekin lotutako eginkizunak betetzeko.

17. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko baimena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio eskaintza planifikatzea eta behar den baimena ematea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak irakasteko, indarreko araudiarekin bat, halako moduz non bermatuko baita prestakuntza ziklo hauen eskaintzan nahikotasuna, kalitatea eta egonkortasuna izatea.

IV. KAPITULUA

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak garatzeko ildo estrategikoak

18. artikulua. Aniztasunari arreta ematea.

1. Aniztasunarekiko arretaren printzipioak antolatzen du Oinarrizko Lanbide Heziketa, eta aukera ematen du hezkuntza inklusiborako eskubidea gauzatzeko eta, horri esker, ikasleek dagokien ziurtagiria edo titulazioa eskuratzen dute.

2. Ikastetxeek aniztasunari arreta emateko neurri metodologikoak ezartzen ahalko dituzte, haiei esker, duten autonomia baliatuz, ikasleen ezaugarriei egokitutako Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak antolatzeko, hartutako neurriek ikasketen ebaluazioa gutxitzea ekarri gabe.

3. Aniztasunari arreta emateko neurriak ikasleen hezkuntza behar zehatzei erantzutera bideratuko dira eta tituluko lanbide gaitasunei lotutako ikaskuntza-emaitzak lortzera.

4. Etengabeko irakaskuntzako moduluetan eta gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluetan curriculumeko egokitzapen ez-garrantzitsuak egin daitezke.

5. Aniztasunari arreta ematen dion hezkuntza erantzun egokia emateko, foru agindu honetan ezarritakoaz gain, Nafarroan aniztasunarekiko arreta erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituko zaio Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako ikasleentzat.

19. artikulua. Printzipio metodologikoak.

1. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak banakakoa izan behar du eta ikasleen beharrei eta ezaugarriei egokitu behar zaie. Horretarako, tutoreak, irakasle taldearekin batera, banakako prestakuntza planak diseinatuko ditu ikasleentzat. Plan horiek helburu izan dezakete ikasleak oinarrizko lanbide titulua lortzea, profesionaltasunaren ziurtagiri bat lortzea erraztuko dioten lanbide moduluak gainditzea edo prestakuntza zikloko lanbide modulu batzuk gainditzea.

2. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan erabiltzen den metodologiak lagundu egin beharko die ikasleei haien gaitasunak eta ikaskuntza-emaitzak eskuratzen. Prestakuntza zikloaren lanbide profilak lanbide kualifikazio desberdinetako gaitasun unitateak baditu ere, zikloaren izaera unitarioa mantendu behar da, hari esker osotasunean hartuta lortuko baitira helburuak.

3. Orobat, irakasle lanak ikuspegi globalizatzailea izan behar du, ahalbidetuko duena lanbide modulu desberdinetako ezagutzak integratzea, baita eskuratu beharreko gaitasun pertsonalak eta sozialak ere, horiek erlazionatuz behar den tituluko profileko lanbide gaitasunekin, zehaztuko direnak curriculumean eta programazio didaktikoetan.

Atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzan ere ikuspegi globalizatzaile hori erabiliko da, eta ikasleek ulertu behar dute beharrezkoa dela beren lanean beste hizkuntza batzuetan ere komunikatzea, eta, horretarako, beren profil profesionalarekin lotutako oinarrizko terminoak ezagutu beharko dituzte.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak bultzatuko du proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologia erabil dadila ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan.

4. Ikasleen konpromisoa lortzeko ahalegina eginen da, beren heziketa pertsonalaren eta lanbide prestakuntzaren prozesuaz jabetu eta arduratu daitezen.

5. Horretaz gain, honako hauek bultzatuko dira: autonomia pertsonala, ikasleen ardura eta talde lana, jarduerak motibatzaileak izan daitezela eta aurreikusitako emaitzak lortzea ahalbidetuko duten irakaskuntza-ikaskuntza egoerak sortzea. Halaber, ikasleak sozializazio prozesuei aurre egin diezaioten prestatu beharko dira, bai lanerako bai eguneroko bizirako. Gainera, agudoago aurrera egiten duten edo laguntza gutxiago behar duten ikasleentzat, halako jarduerak garatuko dira zeinek ahalbidetuko duten sakontzea eta lan autonomoagoa egitea.

6. Behar diren neurriak hartuko dira ikasleekin ahalik eta irakasle gutxien izan daitezen, eta koordinazio eraginkorragoa izan dadin irakasle taldearen artean, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako metodologia printzipioak bultzatzeko.

7. Ahal dela, talde egonkorrak sortuko dira Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak zikloko bi urteetan emateko.

20. artikulua. Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza (POI) sustatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak, Oinarrizko Lanbide Heziketan, sustatuko du halako lan metodologikoak erabil daitezela zeinek sustatuko duten ikasleek behar diren tresnak har ditzatela bizitza osoko prestakuntzari aurre egiteko, baita beren enplegagarritasuna hobetzeko ere, eta bultzatuko duten ikasleek behar diren abileziak gara ditzatela gai izan daitezen gizartean sarean elkarlanean aritzen ikasteko.

2. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erabil dadila, honako hauen bidez:

–Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologiarako prestakuntza ikastaroak antolatzea, Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloak irakasten dituzten irakasleentzat.

–Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren erabilerari egokitutako antolakuntza ereduak baimentzea.

21. artikulua. Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea.

1. Hezkuntza Departamentuak sustatuko du gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze proiektuak ezar daitezela Oinarrizko Lanbide Heziketan.

2. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du iker daitezela, besteak beste, ziklo hauetan esku hartzeko gizarte eta hezkuntza arloko estrategiak, honako hauekin loturik: autonomia pertsonal eta sozialerako abilezien hezkuntza, bitartekaritza komunitarioa, sustapena eta esku-hartzea inklusio prozesuetan eta familiei laguntzeko jarduketetan, eta horietan diziplina anitzeko taldeak sartzea eta parte hartzea.

3. Helburu horrekin, irakasleei prestakuntza berezia emanen zaie, gaitasun egokiak garatzeko gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze berariazkoaren eremurako.

4. Aurreko neurri guztiak gauzatu daitezke Hezkuntza Departamentuak baimendutako antolaketa ereduetan, hots, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze proiektu berariazkoen garapenari egokitutako antolaketa ereduetan.

V. KAPITULUA

Bestelako xedapenak

22. artikulua. Ebaluazioa, titulazioa eta egiaztapen akademikoa.

1. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetako ikasleen ebaluazioa lanbide moduluka eginen da. Modulu bakoitzaren azken kalifikazioa zenbaki bat izanen da, batetik hamarrera bitartekoa (dezimalik gabe), salbuespena izanik Lantokiko prestakuntza izeneko modulua, hartan, kalifikazioa “Gai” edo “Ez gai” izanen baita. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloaren azken kalifikazioa zikloaren moduluetan lortutako kalifikazioaren batez besteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin.

2. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloaren helburu orokorren esparruan, ebaluazioa etengabekoa izanen da, eta hura egiteko, lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza-emaitzak eta ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa; kontuan hartuko da zer gaitasun profesional, pertsonal eta sozial eskuratu diren, eta, horretaz gain, zer gaitasun eskuratu diren bizitza osoko etengabeko ikaskuntzarako eta ziklo horietako zer zeharkako gaitasun; hori guztia, Europako Batzordeak definitutako gaitasun nagusien esparruan, hezkuntza etapen curriculumetan baitaude.

3. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza ziklo bat gainditzen duenak egoki den lanbide titulua lortuko du. Titulu horiek ofizialak dira eta balio akademikoa eta profesionala dute lurralde nazional osoan. Oinarrizko lanbide tituluak egiaztatzen ditu lanbide kualifikazioak, hartan dauden gaitasun unitateak eta horrek dakarren prestakuntza, jardun profesionalaren erregulazioa izan gabe.

Oinarrizko lanbide tituluak ahalbidetuko du erdi mailako graduko prestakuntza zikloetara sartzea, araudiarekin bat, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluaren lan arloko ondorio berberak izanen ditu enplegu publikoetan zein pribatuetan sartzeari dagokionez.

4. Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bateko lanbide modulu bat edo batzuk gainditzen dituztenek, baina ez ziklo osoa, gainditu dituzten lanbide moduluen ikasketen ziurtagiri akademikoa jasoko dute. Ziurtagiri horrek, ondorio akademikoak izateaz gain, lortutako lanbide gaitasunen egiaztapen partzialeko ondorio metagarriak izanen ditu, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren arabera.

5. Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako ebaluazioa, titulazioa eta egiaztapen akademikoa egiteko behar den araudia garatuko du Hezkuntza Departamentuak.

23. artikulua. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 17.3.b artikuluan aurreikusitako kolektiboak tituluak nola eskuratu.

1. 22 urtetik gorako pertsonek oinarrizko lanbide titulua eskuratzen ahalko dute, oinarrizko lanbide titulu bateko gaitasun unitate guztiak dituztela frogatuz gero, hauen bidez:

a) Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa baten ziurtagiria.

b) Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Lantegi bat gainditu izanaren ziurtagiria.

c) 1. mailako profesionaltasunaren ziurtagiriak.

d) Lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko ezarritako prozedura.

Ondoren azaltzen da oinarrizko lanbide titulua eskuratzeko prozedura.

2. 22 urtetik gorako interesdunak eskaera egin beharko dio Oinarrizko Lanbide Heziketaren prestakuntza zikloa emateko baimendua dagoen ikastetxeko zuzendaritzari, ziklo horren bidez lortzen ahal baita nahi duen titulua, eta dagokion oinarrizko lanbide tituluaren gaitasun unitate guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia erantsiko du.

3. Ikastetxeko Idazkaritzan dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikaslea matrikulatu eta titulua eskuratzera eraman dezakeen administrazio espedientea tramitatuko da. Matrikula horrek titulua tramitatzeko baino ez du balio.

Titulua tramitatzeko, ikastetxeko ikasleentzat erabiltzen den prozedura bera baliatuko da. Tramitazioaren bidez, lehenbailehen eskuratuko da titulua. Prozedura hau abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuak aurreikusten duenari lotu beharko zaio, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei buruzko ikasketa tituluak eta lanbidekoak ematearen gainekoa baita.

4. Aurkezten den dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikusten bada eskatzaileak ezin duela titulurik eskuratu, eskatzen diren gaitasun unitate guztiak egiaztatu gabe daudelako, ikastetxeko zuzendariak horren berri eman beharko dio interesdunari. Kasu horretan, eskatzaileak ez du eskubiderik falta duen prestakuntza egiteko plazarako.

24. artikulua. Helduentzako eskaintza.

1. Bizitza osoko ikaskuntza errazteko, ikaskuntza eta familiako eta laneko biziak bateragarri egiteko eta jendearen enplegagarritasuna sustatzeko, baimentzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, zenbait ikastetxek Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak helduei irakastea.

2. Derrigorrezkoa ez den eskaintza honen hartzaileek frogatu behar dute ez dutela lanbide heziketako titulurik, ez bestelako titulurik ere, frogatzen duenik bigarren mailako ikasketak osorik eginak dituztela.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalen babesa.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Matrikularen deuseztapena Oinarrizko Lanbide Heziketan.

Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean ari diren ikasleen kasuan, hamasei urte edo gehiago badituzte, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak gertatuz gero, ikastetxeak matrikula deuseztatzea erabaki dezake, ohiz kanpoko neurri gisa. Neurri horren garrantzia ikusirik, beharrezkoa izanen da onestea eta ikastetxearen Elkarbizitzaren Erregelamenduan sartzea. Aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da lehenago ikasle horrekin hezkuntza neurriren bat hartu izana. Matrikularen deuseztapena ohiko prozeduraren bidez tramitatuko da. Xedapen honetan ezarritakoaren kontrako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan aurkeztuko dira, Bigarren Hezkuntzako Institutuen kasuan, eta Gizarte Kontseiluan edo hark ezartzen duen organoan, Ikastetxe Bateratuen kasuan, ikastetxeko Bizikidetza Araudian ezarri bezala.

Lehen xedapen iragankorra.–2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat hasi duten ikasleak.

1. 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean hasi diren ikasleek, beste ikasmaila batera igarotzekoak badira, foru agindu honetan ezarritako antolaketa eredu berrian segituko dute bigarren ikasmailan.

2. Ikasleak 2015-2016 ikasturtean hasi badira Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean, eta ikasmaila errepikatu behar badute, kontuan harturik zer ikastetxetan dauden matrikulaturik, bertako Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloari dagokion prestakuntza planaren arabera errepikatuko dute ikasmaila.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe gelditzen dira Hasierako Lanbide Kualifikazioko programetako “Oinarrizkoa” eta “Lanbide Lantegia” modalitateei buruzko xedapen guztiak. Horiek jasota daude Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 4ko 109/2008 Foru Aginduan (109/2008 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean hasierako lanbide kualifikaziorako programak arautzen dituena).

2. Indarrik gabe uzten da 53/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolaketa, onarpena eta garapena arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

3. Orobat, indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Arau-garapena

Hezkuntzako zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren neurriak har ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta gauzatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016-2017 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

Iruñean, 2016ko ekainaren 6an.–Hezkuntzako Kontseilaria, José Luis Mendoza Peña

1. ERANSKINA

Irakasle taldearen proposamen-txostena.

2. ERANSKINA

Aholku orientatzailea.

3. ERANSKINA

Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa.

4. ERANSKINA

Oinarrizko lanbide heziketako a modalitatean inskribatzeko azken proposamena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1607174