115. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

536/2016 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategietan ekidoen gorpuak ehortzea baimentzen duena.

Gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezarri eta 1774/2002 (EE) Erregelamendua indargabetzen duen 1069/2009 (EE) Erregelamenduak (Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean emana) osasun publikoaren eta animalien osasunaren arloan animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei (gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuei) aplikatzeko arauak ezartzen ditu, produktu horiek osasun publikorako eta animalien osasunerako dituzten arriskuak prebenitzeko eta ahalik eta gehien murrizteko, eta, bereziki, gizakien eta animalien elikakatearen segurtasuna zaintzeko.

Erregelamendu horren 19. artikuluaren arabera, ekido hilak ehorzketaren bidez ezabatzea baimentzen ahal da. Aukera hori Batzordearen 2011ko otsailaren 25eko 142/2011 (EB) Erregelamenduaren VI. eranskineko III. kapituluko 1. atalean garatzen da. Izan ere, 142/2011 (EB) Erregelamenduak 1069/2009 (EE) Erregelamenduaren aplikazio xedapenak ezartzen ditu.

Orobat, Animalien azpiproduktuei eta gizakien kontsumorako ez diren produktu deribatuei aplikatu beharreko arauak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako agintari eskudunek baimentzen ahal dute ekido hilak ehorzketaren bidez ezabatzea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategietan ekidoen gorpuak ehortzea baimentzea, betiere animalia hil zen ustiategia Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroaren datu basean inskribaturik badago, mota hauetako batean:

–Merkataritza xedea ez duten ustiategiak.

–Haragitarako ugalketa.

–Zaldiketarako ugalketa.

–Zaldiz ibiltzeko establezimenduak.

–Baserri-eskolak.

2. Lurren jabea den entitateak aldez aurretik baimendu behar du ehorzketa. Lurren jabea Udala bada, bere baimena lortu behar da ehortzi baino lehen.

3. Ebazpen honen eranskinean deskribatutako preskripzio teknikoak beteko dira ehorzketan.

4. Ekidoen gorpuak ehortzeko ebazpen honetan ezartzen den araubidea jarraituta ere, indarreko araudiak animalien heriotzak jakinarazi eta erregistratzeko ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dira.

5. Ekidoak ukitzen ahal dituzten eritasun kutsakor larriak agertzen badira, ebazpen honetan aipatzen den ehortzeko baimena bertan behera utz daiteke, edo baldintza osagarriak ezar daitezke.

6. Animalia asko hiltzen badira (hiru baino gehiago, abeltzaintzako ustiategi batean, hiru eguneko epean), horren berri eman beharko zaio Abeltzaintza Zerbitzuari, ehortzeko baimena lortzearren. Horrez gain, albaitari kliniko baten txostena aurkeztu beharko da, heriotza horien balizko arrazoia zehazten duena.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016eko maiatzaren 10ean.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA

Ekidoen gorpuak ehortzeko baldintzak

1. Ehorzketa baimendutzat joko da in situ egiten denean, hau da, animalia hil zen nekazaritzako ustiategiko lurretan, edo nekazaritzako ustiategi horrek jabetza edo errentamendu araubidean dituen beste lur batzuetan, betiere ustiategia dagoen herri berean.

2. Ehortz-leku bakoitzean abeltzaintzako ustiategi bakar baten ekidoak ehorzten ahal dira.

3. Beste animaliek ezin dute kontakturik izan gorpuekin. Horregatik, gutxienez metro bateko lur geruza izanen da gorpuen gainetik. Orobat, ehortzi baino lehen, desinfektatzaile egoki batez (kare bizia, adibidez) estali edo bustiko dira gorpuak.

4. Gorpua ehortz-lekura eramateko garraioan animalia hil zen abeltzaintzako ustiategiaren lurretatik atera behar bada, garraioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Garraioan erabiltzen diren edukiontzi edo ibilgailuak seguruak eta estankoak izanen dira, eta erraz garbitu eta desinfektatuko dira.

b) Garraioan erabiltzen diren edukiontzi edo ibilgailuak behar bezala garbitu eta desinfektatuko dira gorpuak deskargatu ondoren.

5. Ehortz-lekutik 250 metrora ez da edateko uraren hornidurarik izanen, hortik 50 metrora ez da ur ibilgurik izanen, eta 100 metrora ez da bizilekurako eraikinik izanen.

6. Ehortz-lekuen artean gutxienez 100 metroko distantzia izanen da.

7. Ehortz-leku bakoitzean hiru animalia ehortziko dira gehienez. Animalia gehiago ehorzten ahal dira baldin eta urte bat igaro bada azken ehorzketa egin zenetik.

8. Lurpeko urei dagokienez asetasun-maila duten edo maila hori izateko zorian dauden hobietan ez da ehorzketarik eginen.

9. Neurriak hartuko dira geruza freatikoak ez kutsatzeko eta ingurumena ez kaltetzeko. Arreta berezia jarriko da ehorzketak habitatean aldaketa negatiborik ez sortzeko eta babes berezia duten elementu geomorfologikoak ez aldatzeko.

10. Nolanahi ere, ehorzketaren prozesu osoan prebentzioko neurri egokiak hartuko dira osasun publikorako, animalien osasunerako eta ingurumenerako arriskurik ez agertzeko.

Iragarkiaren kodea: F1605947