115. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

459/2016 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ehiza espezieen habitatak hobetzeko eta haien kalteak prebenitzeko laguntzetarako 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 2ko 23/2013 Foru Legeak, jarduera horrek tradizioz Nafarroan duen izaera sozial nabaria kontuan hartuta, 52. artikuluan (“Ehiza sustatzeko neurriak”) beste hainbat kontzepturen artean laguntza ekonomikoak ezartzea aurreikusten du, ehiza-espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko. Gainera, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, bere 2. eta 4. artikuluetan, gaitasuna ematen dio administrazioari neurriak gauzatzeko basa fauna kontserbatzeko.

Nekazaritzako habitatek sinplifikazio handia izan dute azken hamarkada hauetan Europa osoan. Nafarroa ez da salbuespena izan, eta 50eko hamarkadatik 90ekora bitarte lur landugabe andana galdu du, bai eta mugalde ugari ere 90eko hamarkadatik gaur egun arte. Lurzatiak banantzeko elementu txiki horiek egundoko garrantzia daukate nekazaritzako sistemei lotutako espezieentzat, elikadura, babestokia eta habia egiteko lekua ematen baitizkie.

Hori dela eta, habitat anitzagoak sartzea zereala monolaborea duten inguruneetan funtsezkoa da faunaren habitaterako, eta, horrenbestez, garapen jasangarrirako.

Hortaz, bidezkotzat jotzen da laguntza lerro bat ezartzea fauna espezieen habitatak hobetzeko eta, orobat, laguntzak ezartzea oztopo fisikoak paratzeko, ehiza espezieek sortzen dituzten kalteak prebenitzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Fauna espezieen habitatak hobetzeko eta ehiza espezieek eragindako kalteak prebenitzeko diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 86.867 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2016ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Biodibertsitateko elkarteentzako laguntzak” izeneko 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea

Oinarri hauen xedea da irabazi asmorik gabeko elkarteentzako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Nafarroako fauna espezieen habitatak hobetzeko eta ehiza espezieek eragindako kalteak prebenitzeko jarduketen ondoriozko gastuak partez ordaintzeko 2016an.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 2ko 23/2013 Foru Legeak, 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak), zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko. Gainera, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, bere 2. eta 4. artikuluetan, gaitasuna ematen dio administrazioari neurriak gauzatzeko basa fauna kontserbatzeko.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa

1. Diruz laguntzen ahal dira ondoko jarduketen ondoriozko gastuak, 2015eko urriaren 31tik 2016ko urriaren 31ra bitarte.

A. Faunarako ereitea. Jarduketa hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua.

ii. Lurzatiak alokatu edo errentatzeagatiko kostuak.

B. Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Izan daitezke:

i. Bildu gabeko zereal zerrendak lurzatien ertzean. Diru-laguntzak jaso daitezke (prima bat zerrendaren azaleragatik) bildu gabe mantentzen den zerrendaren azalerari dagokion lortu gabeko produkzioaren kostuarengatik eta hura kudeatzeak justifika ditzakeen kostu osagarriengatik. Prima hori hurrengo puntuan barematua dago.

ii. Landu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Diru-laguntzak jaso daitezke (prima bat zerrendaren azaleragatik) landu gabe mantentzen den zerrendaren azalerari dagokion lortu gabeko produkzioaren kostuarengatik eta hori kudeatzeak justifika ditzakeen kostu osagarriengatik, kasuan kasuko hazien gastuak eta babes fitosanitarioenak kenduta. Prima hori hurrengo puntuan barematua dago.

C. Zuhaitzak eta/edo zuhaixkak landatzea sailean, lerroan edo han-hemenka. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak.

ii. Landaketak lehendabiziko urteetan babesteko sistemen ezarpena eta kostu materiala.

iii. Udako garbiketak eta mantentzeko ureztaketak 5 urte baino gutxiagoko landaketetan.

Landaretza sortzea edo hobetzea fauna espezieentzat interesa duten idoietan. Lehendik dagoen landaretza errespetatuko da. Landaketak eginen dira bertako zuhaixken espezieak erabiliz.

D. Laboreak babesteko hesi fisikoak. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Laboreak babesteko sareen kostu materiala. Holakotzat hartuko dira haiek ongi funtzionatzeko behar diren osagai guztiak.

ii. Babes hodiak edo antzeko sistemak. Holakotzat hartuko dira haiek ongi funtzionatzeko behar diren osagai guztiak.

iii. Laboreak babesteko hesi elektrikoen kostu materiala. Holakotzat hartuko dira haiek ongi funtzionatzeko behar diren osagai guztiak.

Hesi fisikoen ezarpenetik eta mantentze-lanetik sortutako gastu eta jarduketak ez dira diruz lagunduko.

E. Sastraka garbitzea, fauna espezieen habitata hobetzeko. Landaketa sailetan sastraka garbitzeko egiten diren lanak, eskuz eginak edo mekanizatuak, eta azalera etenetan egindakoak; betiere, 2 hektareatik behera. Azalera hori gainditzen duten sailetan, 2 hektareari dagokiona izanen da gehienez emanen den diru-laguntza, sail bakoitzeko.

F. Fauna espezieentzako idoi egokiak. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Fauna espezieentzat interesa duten idoi txikiak sortzea. Idoi txikiak eraikitzeko egiten diren landa-lanek diru-laguntza izaten ahalko dute.

ii. Fauna espezieentzat interesa duten idoi txikiak garbitzea. Idoi txikiak garbitzeko egiten diren landa-lanek diru-laguntza izaten ahalko dute.

iii. Itxiturak egitea, fauna espezieentzat interesa duten idoiak berez birsortzeko. Idoien inguruan itxitura jartzeak eta materialaren kostuak diru-laguntza izaten ahalko dute.

G. Dokumentazio teknikoa lantzea. Gastu hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsitako jarduerak gauzatzeak duen prezioaren %10ekoa izanen da diru-laguntza, eta diru kopuru hori, gehienez ere, 300 eurokoa izanen da.

Dokumentazio teknikoari lotutako diru-laguntza ordaintzeko, espedientean sartutako beste ekintza bat, gutxienez ere, ordaindu beharko da. Arloan gaitutako teknikari unibertsitario batek prestatu beharko du dokumentazio teknikoa.

2. Honela kalkulatuko da diru-laguntza:

–A, C, D, E eta F modalitateetako eskaerentzat onetsitako kostuaren %60 (BEZa kanpo). Edonola ere, eskatutako aurrekontuak merkatuko prezioetara egokituko dira, eta, kostuak murrizteko, Nafarroako baso tarifa ofizialak erabiliko dira.

–G modalitatean eskatzen den laguntzaren kasuan, gainerako modalitateentzat onetsitako aurrekontuaren %10 izanen da diru-laguntza (BEZa kanpo). Diru-laguntza hori ez 300 eurotik gorakoa izanen.

–B modalitatean eskatzen diren laguntzetarako onartutako kostuaren %80 (BEZa kanpo).

3. Onuradun bakoitzeko diruz laguntzeko gehieneko muga 15.000 euro izanen da, eta laguntza hauen onuradun izateko diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gutxieneko muga 2.000 euro izanen da (BEZa kanpo).

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 20.1.d) artikuluaren arabera, barrutiaren titularra tokiko ehiza elkartea bada, aurreko urtean ehiza barrutiaren aprobetxamendutik ateratako diru-sarreren %25 animalien populazioak eta beren habitatak hobetzeko inbertitu duela egiaztatu beharko du.

Eskatutako jarduketen kostuen eta deialdi honek aurreikusten duen diru-laguntzaren arteko aldea konta daiteke aipatu 20.1.d) artikulua betetzeko.

3. oinarria. Onuradunak

A. Deialdi honetako laguntzen onuradunak izan daitezke tokiko ehiztari elkarteak, barrutiaren titularra den toki entitateak ehiza aprobetxamendua esleitu badie zuzenean. Orobat, ehiza barruti pribatuen titularrak diren tokiko ehiztarien elkarteak, elkarteak berak gauzatzen duenean ehiza aprobetxamendua.

Gainera, laguntzen onuradun izateko, tokiko ehiztari elkarteek inskribaturik egon beharko dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko kirol entitateen erregistroan edo Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuko elkarteen erregistroan.

Laguntza hau izan dezakete, halaber, irabazi asmorik gabeko beste elkarteek, baldin Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuko elkarteen erregistroan izena emana badute. Eskatzaile horiei ez zaizkie eskatuko hurrengo ataleko b.1, b.2 eta b.3 baldintzak.

B. Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den “erantzukizuneko aitorpenaren” bidez frogatuko da horiek betetzen direla.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari egoera hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten denean.

b. Betiere, eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Ehiza barrutiak ehiza antolatzeko plana onetsia izatea, edo oneste aldera prestatzen aritzea edo berrikuste fasean izatea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dagoen informazioaren arabera, barrutiaren titularrak barrutia zuzen gobernatzea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren. Alde horretatik, eskaera aurkeztean ehizan aritzeko zehapena duten tokiko ehiztarien elkarteek ezin diote laguntza horiei heldu, non ez den ezarritako zehapena ordeztu ingurumen prestazioarekin.

3. Irabazi asmorik gabeko elkarteak edo ehiza barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

5. Eskatutako jarduketak (2.1 oinarrian deskribatutakoen artean) egiteko konpromisoa, ondoko betebeharrekin:

i. Faunarako ereitea. Ahal dela, han-hemenka banatuta egonen dira barrutian, animaliak egokitu daitezen, lurraldetasuna errespetatu eta harraparien mesedeko pilaketak galarazteko. Hobe da eremu txiki frankotan ereitea lurzati handi gutxitan baino. Hori dela eta, diru-laguntzak jaso daitezke 10.000 m²-tik beherako azaleretan ereiteagatik. Azalera hori gainditzen duten ereintzetan, 10.000 m²-ri dagokiona izanen da gehienez emanen den diru-laguntza.

Ereintzak nekazaritzarako lurzatietan soilik eginen dira, baldin eta Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikorako Sisteman (NELIGS) “Lur Goldagarria” sailkapena badute. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimena ematen duen kasuetan soilik egiten ahalko dira ehizarako ereintzak NELIGSen “Lur Goldagarria” sailkapena ez duten lurzoruetan edo bertan behera utzi eta landaretza naturaleko komunitateek hartutako laborantzako lurzatietan.

Lurzati horietan ezin da bilketarik egin, eta udazkenean identifikatuko dira azaleraren perimetroa ereinda ez egoteagatik. Azienda lurzatietan bazkatzen ahalko da abuztuaren 15etik aurrera.

Ereintzaren dosia produkziorako laboreetan erabiltzen denaren azpitik egonen da, eta ez da 50 kg-tik beherakoa izanen; izan ere, dentsitate handiko laboreek ez dute interesik ehizarako. Ahal dela, nahasitako haziak erabiliko dira, eta zerealen, lekadunen eta oleaginosoen nahastea gomendatzen da. Hazi ziurtatuak erabiltzea ez da inongo kasutan beharrezkoa izanen, eta, ahal delarik, saihestuko da fitosanitarioak, ongarri mineralak edo herbizidak erabiltzea, non ez dagoen justifikaturik toki horretako egoerek ez bermatzeagatik ereintzaren nolabaiteko hazkundea.

ii. Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Gutxienez ere 2 metro zabal diren lur-zerrendek izaten ahalko dute diru-laguntza. Eskatutako zerrenda bakoitza SIGPAC barrutiaren orrialde bakoitzean markatu beharko da, eta haren kokapena identifikatu.

a. Bildu gabeko zereal zerrendak lurzatien ertzean. Zerrenda horiek nekazaritzaren urteko abuztuaren 15a arte nekazaritzako edo abeltzaintzako aprobetxamendurik gabe egon beharko dute. Egun horretatik aurrera, bazkatzeko aprobetxamendua baimentzen da, ez besterik.

b. Landu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Lurzatien ertzetan egonen dira. Zerrenda horiek udazkenean identifikatuko dira, nekazaritzako urte berrirako prestakuntza lanik ez baitute izan. Belar landaretza naturala mantendu beharko da eta ezin izanen dira gai fitosanitarioekin tratatu. Zerrenda horietan ezin izanen da inolako nekazaritza lanik egin irailaren 1era arte.

iii. Eskualdera egokitutako zuhaitz edo zuhaixken landaketak, sailetan, lerroan edo han-hemenka. Ahal dela, 0,25 hektareatik beherako azaleretan, baimendutako lurretan, egiten diren zuhaitz landaketek izaten ahalko dute diru-laguntza.

Orobat, diru laguntzak jaso daitezke landaketak lerroan egiteagatik edo heskaiak jartzeagatik bertara egokitutako espezieekin baimendutako tokietan. Lerroko landaketetan, zuhaitz espezieek inguruneari egokituta egon beharko dute eta, ahal dela, 5 m-tik gorako tartea utzi beharko da, eta 2 m-tik gorakoa zuhaixken artean.

Gainera, diru-laguntzak jaso daitezke, lekura egokitutako zuhaitzak edo zuhaixkak tarte handiekin landatzeagatik, unitateak gutxienez 50 metrotan banatuta baimendutako tokietan.

Azkenik, diru-laguntza jasotzen ahalko da fauna espezieentzat interesa duten idoi bazterretan landaretza sortu edo hobetzeagatik. Lehendik dagoen landaretza errespetatuko da. Landaketak eginen dira bertako zuhaixken espezieak erabiliz.

iv. Laboreak babesteko hesi fisikoak. Untxietatik babesteko laboreetako sare-hesiak metro bat altu izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste frutarbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

Babes hodiak edo antzeko beste sistema batzuk: egoera bakoitzari eta babestu beharreko espezieari egokitutako ezaugarriak eta altuera izan beharko dituzte, eraginkorrak direla bermatzeko.

Hesi elektrikoak: elikatze unitateak eta gainerako osagaiek beharrezko ezaugarriak izan beharko dituzte, eraginkorrak izateko laboreak haien xedeko ehiza espezieetatik babesteko. Hari kopuruak eta haien arteko tarteak kasu bakoitzerako egokiak izan beharko dute, eta baterien edo korronte elektrikoaren bidez elikatuko dira, halako moduan non haren intentsitatea etxeko abereentzat erabili ohi dena halako bi izan dadin.

vi. Sastraka garbitzea, fauna espezieen habitata hobetzeko.

Gehienez 2 hektareako sail etenetan egindako sastraka garbiketentzat emanen da diru-laguntza. Azalera hori gainditzen duten sailetan, 2 hektareari dagokiona izanen da gehienez emanen den diru-laguntza, sail bakoitzeko. Jarduketa eremuaren planoa aurkeztu beharko da, sastraka non garbituko den adierazita. Lanen diseinuak ingerada irregularrak eta mosaikoan izatea gomendatzen da, eta zuhaitzak eta tamaina handieneko zuhaixkak errespetatzea. Lanak eskuz edo makinaz egin ahalko dira.

Jarduketa aurretik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko baimena izan beharko da.

vii. Idoiak

1) Ehiza-espezieentzat interesa duten idoi txikiak egitea.

Idoi berriek txikiak izan beharko dute, eta gune zelaiak izan beharko dituzte, lagungarriak izan daitezen ehiza espezieak bertaratzeko.

Eremuak basoko erabilera badu, jarduketa aurretik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko baimena izan beharko da.

2) Fauna espezieentzat interesa duten idoi txikiak garbitzea.

Parte bat garbitu gabe utzi beharko da, ur ekosistemei loturiko landare komunitateak bizirik jarrai dezan.

Eremuak basoko erabilera badu, jarduketa aurretik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko baimena izan beharko da.

3) Itxiturak egitea, fauna espezieentzat interesa duten idoiak berez birsortzeko. Idoien inguruan itxitura jartzeak eta materialaren kostuak diru-laguntza izaten ahalko dute.

Helburua berezko landaretza haztea denean, itxitura partzialak eginen dira, basa faunak sarbidea izan dezan.

viii. Dokumentazio teknikoa lantzea.

Dokumentazio teknikoari buruzko diru-laguntza ordaintzeko, behar bezala aurkeztu beharko da 4.2 oinarriaren b idatz-zatian deskribatzen den atala. Aurkezten den dokumentazioan zuzendu gabeko formazko akatsik bada, ezin izanen da atal horretan eskatutako laguntza eman.

C. Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Administrazio eskudunak 1., 2., 3. eta 4. baldintzak egiaztatuko ditu ofizioz, I. eranskineko ereduaren araberako eskabidean azaltzen diren datuetan oinarriturik, baita departamentuak dituen datuetan oinarriturik ere.

2. 5. puntua memoria deskriptibo bat eta deialdiko II. eranskina aurkeztuz frogatuko da.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura zuzenduko dira, eta departamentu horretako erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña). Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a. I. eranskineko ereduaren araberako eskaera orria. Irabazi asmorik gabeko edo tokiko ehiztarien zenbait elkarteren artean egin beharreko jarduketa baterako eskatzen bada laguntza, eskabide bakarra aurkezten ahalko da, eta ordezkari bat izendatuko da, eskabidea bere izenean eginen duena. Deialdiaren baldintzak denak batera frogatuko dira, baina, onuradunaren ondorioetarako, ordezkaria hartuko da kontuan.

b. Memoria deskribatzailea, honako hauek jaso beharko dituena: jarduketaren xedea eta haren deskripzio laburra, non eta noiz eginen den espresuki adieraziz, eskaera osoaren guztirako aurrekontua eta NELIGSetik lortutako planoak, deialdi honen bigarren oinarriko modalitateetan adierazitakoari jarraikiz. Memorian eta aurrekontuan, eskaerari lotutako jarduketa bakoitzeko lanak bereizi beharko dira. Jarduketa mota bakoitzerako, memoriak ondoko hau zehaztu behar du:

–A modalitatea, “Faunarako ereintzak” izenekoa: erein beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia, jabearen izena edo haren gozamena duen errentariarena), lurra prestatzeko metodoa, erein beharreko laboreak, dosiak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion memorian. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio (NELIGS), zein tokitan ereinen den adierazita.

–B modalitatea (zerrendak): “Landu gabeko edo bildu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan” izeneko neurriaren kasuan, eskaerarekin batera aurkezten den memorian zerrenden kokalekuaren krokisa eta landu gabeko zerrendei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Zerrendaren luzera eta zabalera adieraziko dira, lurzatiaren gainerako zatia okupatzen duen laborantza mota, kokalekua (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia), Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren deklarazioan ageri den titularraren izena. Halaber, lurzatien planoa gehituko da (NELIGS), landu gabeko lur-zerrendetarako zein lurzati proposatzen diren adierazita. Zerrenda horien erabilera NELIGSen “Lur goldagarria” sailkapenarekin definituta egon beharko da.

–C modalitatea, “Landaketak” izenekoa: jarduketaren kokapen zehatzak (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia, jabearen izena edo haren gozamena duen errentariarena eta baimena), lurra prestatzeko metodoa, landatzeko sistemak, landarearen ezaugarriak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion memorian. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio (NELIGS), zuhaitzak zein tokitan landatuko diren adierazita.

–D modalitatea “laboreak babesteko hesi fisikoak”: sare-hesi, babes hodi edo hesi elektrikoetarako, berehala eta betiko jartzekotan, eskaerari gehituko zaion memorian haien kokalekuaren krokisa eta, zer lurzatitan dauden, haiei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Sare-hesien edo hesi elektrikoen luzera eta hodien kopurua adieraziko dira, baita zer labore mota babesten duten, kokalekua (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia) eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren deklarazioan ageri den titularraren izena ere. Halaber, lurzatien planoa gehituko da (NELIGS), hesi fisikoak kokatzeko zein lurzati proposatzen diren adierazita. Lurzati horien erabilera NELIGSen “Lur goldagarria” sailkapenarekin definituta egon beharko da. Materialak gordailuan altxatzen direnean, kokalekua adieraziko da, eta nekazariei lagatzen zaienean, haiek entregatu eta onartu izana egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

E modalitatea, “Sastraka garbitzea, fauna espezieen habitata hobetzeko” izenekoa: sastraka garbitzeko, eskaerari gehitzen zaion memorian haien kokalekuaren krokisa eta, zer lurzatitan kokatzen diren, haiei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Garbiketa bakoitzaren azalera zehaztuko da, baita kokalekua ere (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia). Halaber, lurzatien planoa gehituko da (NELIGS), azalera adierazita. Gainera, lurren jabeak emandako baimena.

F modalitatea, “Idoiak”: idoietarako, eskaerari gehituko zaion memorian haien kokalekuaren krokisa eta, zer lurzatitan dauden, haiei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Zer idoitan eginen den jarduketa, haren azalera zehaztuko da, baita kokalekua ere (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia). Halaber, lurzatien planoa gehitu beharko da (NELIGS), haien kokalekua adierazita. Gainera, lurren jabeak emandako baimena.

Deskripzio memoriarekin batera, II. eranskina aurkeztuko da, behar bezala beterik, memoriaren edukia laburbilduko duena. I. eta II. eranskinetan ezarrita dauden ereduak Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal dira, ‘’Zerbitzuen Katalogoa’’, ‘’Laguntzak eta bekak’’ atalean.

c) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala bete eta sinatua.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Onartzen diren eskaerek aurrekontuan eskuragarri dagoena gainditzen badute, hori esleituko zaie, lehenik, D modalitatearen eskaeran onartutako aurrekontuaren portzentaje handiena duten eskaerei; bigarrenik, B modalitatearen eskaeran onartutako aurrekontuaren portzentaje handiena duten eskaerei; hirugarrenik, C modalitatearen eskaeran onartutako aurrekontuaren portzentaje handiena duten eskaerei. Behar bada, lehentasunezko azken irizpide gisa aplikatuko da onartutako aurrekontu handiena. Horrela, ahalegin handiagoko eskabideak lehenetsiko dira.

6. oinarria. Ebaluazio organoa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Eskaera hartuta, hirugarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak aurreko arauan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena lau hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte 2016ko azaroaren 16a baino lehenago, agiri hauek aurkeztuz:

a. Justifikazio kontua, III. eranskinaren araberakoa. Egindako gastuen zerrenda bat da, egindako jardueren arabera. Zehaztu behar da non egin diren eta aurkeztutako fakturekin lotu behar dira.

b. Egindako gastuen fakturak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan, betiere onuradunaren izenean, eta gastu horiek frogatzen dituzten bankuko egiaztagiriak. 600 eurotik beherako fakturen kasuan, eskudiruzko ordainketa onartzen da, behar bezala egiaztatzen bada. Onuradunek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusi tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatearen Zerbitzuari zuzenduta.

2. Obrak egiten direnean, diru-laguntza lor dezakeen jardueraren gastuak (BEZik gabe) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela; horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztuko dira, eta aukeratzen dena hobesteko dituen arrazoiak eman.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldean adierazitakoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundu behar diren lanak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, betekizunen atalean zehazten diren baldintzak betetzea eta organo eskudunaren ikuskapenaren mende jartzea.

3. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

5. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, diru kopuru horiek erabiltzen ahalko dira bosgarren oinarriarekin bat egindako gutxitzeak berrikusteko.

11. oinarria. Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen IV. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko du aipatutako informazioa, Biodibertsitatearen Zerbitzuari zuzendua. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

4. Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

5. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

6. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

7. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12. oinarria. Diru-laguntzen bateragarritasuna / bateraezintasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Biodibertsitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Gainera, kokaleku jakin batzuetako lanek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso, baldin eta kontzeptu berak (zehazki, lekadun haziez ereindakoak edo landu gabeko lur-zerrendak) “Estepako nekazaritza habitatak hobetzea” izeneko laguntza (Landa Garapeneko 2015-2021 Programa berrian jasoa) duten nekazarien konpromisoen parte badira.

Halaber, laguntza horiek “de minimis” laguntzatzat hartuko dira; hortaz, RCSA sisteman ofizioz egiaztatuko da tokiko ehiztarien elkarte bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa azken hiru ekitaldi fiskaletan.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

ERANSKINAK

Fauna espezieen habitatak hobetzeko eta ehiza espezieek eragindako kalteak prebenitzeko diru-laguntza

I. eranskina.–Hasierako eskaeraren inprimakia.

II. eranskina.–Memoriarekin batera aurkeztu beharreko inprimakia.

III. eranskina.–Justifikazio kontua. Lanak bukatzean aurkeztu beharreko inprimakia.

IV. eranskina.–Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1606618