1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
7/2016 FORU LEGEA, ekainaren 9koa, 2016ko aurrekontuan 1.378.683 euroko kreditu berezi bat onesten duena, Tuteran inbertsio behar presakoei erantzuteko.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, 2016KO AURREKONTUAN 1.378.683 EUROKO KREDITU BEREZI BAT ONESTEN DUENA, TUTERAN INBERTSIO BEHAR PRESAKOEI ERANTZUTEKO.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak Tuterako Institututik A-68 autobiara sartzeko bidea itxi du bide segurtasunarekin lotutako arrazoiengatik. Erabakiaren oinarria autobiako sarbideek izan beharreko baldintzen gaineko araudia da. Horrela, A-68 autobiak Tuteran egiten duen zatian arriskua izan dezaketen puntuetako bat kendu da. Baina itxiera horren ondorioz, eskola-autobus gehiago ibiltzen dira orain Tuterako hirigunean barna, eta horrek gehiegizko trafikoa eta auto-pilaketak sortzen ditu hiriaren erdigunean eguneko zenbait ordutan.
Tuterako Udalak proposatu eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak onartutako konponbidea hau da: Camino del Rape izenekotik sarbide bat egokitzea ibilgailuen erabilerarako, eta, horrela, Huertas Mayores aldea Tarazonako errepidearekin lotzea. Proposamen horren helburua da hiriaren erdigunean eskola-trafikoa ez pilatzea, eta aukera ematen du A-68 autobiarantz azkar bideratzeko, Huertas Mayores etorbidearen eta Tarazonako errepidearen arteko loturari esker.
Lan hori egitea premiazkoa denez eta gerora sortutakoa, eta haren kostua ere handia denez, Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik ez baitu orain jasoko, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du kontu-sail bat gaitzea 2016ko aurrekontuetako Toki Azpiegituren Planaren funtsaren kargura, Tuterako Udalari lanaren kostuaren %85eko diru-laguntza emateko.
Funts xedapen hori onetsi ondoren, bi erakundeek hitzarmen bat izenpetuko dute, diru-laguntza jasotzeko baldintzak ezartzeko; horietako bat Tuterako Udalaren konpromisoa izanen da, uko egitekoa gehienez ere ekarpen ekonomikoaren zenbateko bera edo handiagoa duten lanak Toki Inbertsioen Planean sartzeari.
1. artikulua. Kreditu berezi bat ematea.
1. Kreditu berezi bat ematea onesten da, gehienez ere 1.378.683 euroko zenbatekoa izanen duena, Tuterako Camino del Rape izenekoaren egokitzapenerako finantzaketa-beharrei erantzuteko, zeinak Huertas Mayores aldea Tarazonako errepidearekin lotuko baitu 2016an. Lanaren kostuaren %85 finantzatuko da. Finantzaketaren gainerako zatia Tuterako Udalak hartuko du bere gain.
2. Kreditu horren zenbatekoa 2016ko gastu-aurrekontuko kontu-sail honi aplikatuko zaio: 780001-78300-7609-261600, “Huertas Mayores egokitzea ibilgailuen erabilerarako Camino del Rape izenekotik N-121C errepideraino: Benjamín de Tudela BHIren sarbideak”.
2. artikulua. Finantzaketa.
Kreditu berezi horren finantzaketa eginen da 2016ko aurrekontuan Toki Inbertsioen Planerako ezarritako kontu-sailetan gaitutako hasierako kredituak murriztuz, gehienez ere 1.378.683 euroko zenbatekoarekin, “Hornidura eta saneamenduko toki sareak” izeneko 781000-78310- 7600-456100 kontu-sailaren kargura, hitzarmen bat izenpetu ondoren, zeinaren bitartez Tuterako Udalak uko eginen baitio gehieneko ekarpen ekonomikoaren zenbateko bera edo handiagoa duten lanak planean sartzeari, eta horrek ez du aldaraziko toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten partaidetza funtsaren zenbateko osoa, kapital transferentziei dagokienez.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2016ko ekainaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.
Iragarkiaren kodea: F1607314