112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

290E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren 2015-2019 legegintzaldiko Akordio Programatikoan epe ertainerako eta epe luzerako sartutako neurrien artean, enplegu eskubideduna sortu eta sendotzea dago, hau da, enplegu kalitatezkoa, ordainsariari, egonkortasunari, segurtasunari, lanbide garapenaren aurreikuspenei eta lanaren gainerako baldintzei dagokienez. Beste neurri bat da I+G+B sustatzeko konpromisoa estrategia eta aurrekontu aldetik, eta azpimarratzen da ezen, oinarrizko ikerketarako tokia errespetatuta ere, indar handiagoa egin behar dela enpresaren lehiakortasunean eta kalitateko enpleguaren sorkuntzan zuzeneko eragina duten jarduketetan.

Bestalde, Lanbide Heziketarekiko konpromisoa aurreikusten da berariaz, hala enplegu iraunkorra bultzatuz nola Nafarroako enpresak punta-puntakoak izateko aukerak handituz.

Garapen Ekonomikorako Departamentuaren lerro estrategikoen artean, Nafarroako enpresek lehiatzeko duten gaitasunaren oinarrietako bat da berrikuntza, ulertzen baita berrikuntza eta puntako industria aurreratua ezin bereiziak direla eta, zenbat eta handiagoa izan berrikuntza, enpleguaren kalitatea handiagoa izanen dela, eta hori da, hain zuzen ere, Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat.

Aurreko deialdietan prestakuntzetako gazte tituludunak enpresetako eta zentro teknologikoetako I+G+B lanetan has daitezen emandako laguntzan emaitza onak lortu dira, eta horregatik beharrezkoa da jarduketa ildo hori mantentzea.

Laguntza-deialdi honen xedea da gazte tituludunak kontratatuak izan daitezen enpresa, zentro teknologiko, ikerketa erakunde eta unibertsitateetan I+G+B proiektuak gauzatzeko, modu horretan gazte talentuaren garapena sustatzeko kontratazioaren bidez. Kontratatutako pertsonek beren prestakuntza hobetzen dute ikerketa eta espezializazio jardueren bidez Foru Komunitateko hainbat sektoretarako interesa duten gaietan.

Bestalde, aurreikusi da laguntza osagarria ematea gizonen eta emakumeen arteko edozein lan bereizkeria saihesteko neurriak hartu dituztela frogatzen duten onuradunei. Helburua da Nafarroako Gobernuaren 2015eko martxoaren 11ko Erabakia betetzea. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko programa onetsi zen. Bertan, besteak beste, kontratuetan eta diru-laguntzetan genero-klausulak sartzea aurreikusi da.

Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari baimena eman zaio deialdi hau banakako ebaluazioaren prozeduraren bidez emateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17 artikuluarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2016ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467302 “Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak”

2016

833.080

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena NAOn argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, María Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da gazte tituludunen prestakuntza hobetzea, enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek, unibertsitateek eta sozietate publikoek garatutako I+G+B proiektuetan ikertzaile eta langile teknologiko gisa arituz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izateko, enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek, unibertsitateek eta sozietate publikoek 3. oinarrian agertzen diren pertsonak kontratatu eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta I+G+B proiektu bat egitea bertan.

b) Kontratazioaren xedeko lanpostuan enplegurik deuseztatu ez izana deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen denera.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar Garapen Ekonomikorako Departamentuari baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Laguntzen eskabidearekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Diru-laguntzaren xedeko kontratazioak.

1. Diru-laguntzaren xedea izanen da kontratazioan ondoko baldintzak betetzen dituztenak kontratatzea ikertzaile eta langile teknologiko gisa parte hartzeko I+G+B proiektuetan:

a) 35 urte baino gutxiago izatea.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

c) Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

i. Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, gradua, unibertsitateko masterra, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

ii. Goi mailako lanbide heziketa.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2. oinarrian onuradun gisa ezartzen diren entitateek sinatu behar dute.

b) Idazki batean formalizatu beharko dira kontratuak, honako hauek berariaz adierazita: kontratatutako pertsonaren titulazioa, kontratuaren hasiera eta bukaera datak (mugagabea ez bada), bete beharreko lanpostua eta, berariaz, urteko soldata gordina.

c) Gutxienez 12 hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

d) Aurreko kontratuen luzapenak ez izatea.

e) Kontratatutakoek Nafarroako lantokietan jardunen dute eta 5.3.c) oinarrian aipatutako kontratazio planeko titulu akademikoarekin bat heldu diren lanpostuetan arituko dira.

f) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatutakoaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea unibertsitateko tituluen kasuan eta 3. taldetik 7.era goi mailako Lanbide Heziketaren kasuan.

g) Kontratuek bat etorri beharko dute Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin, baita dagokion lan-hitzarmenean aurreikusitako ordainsariekin ere.

3. Aurkeztutako eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa aipatuko da, eta I+G+B proiektu bererako eskaera bat baino gehiago aurkezten ahalko da, diruz lagundu beharreko kontratazioen kopurua gehienez ere 5 izanik entitate bakoitzeko. Halaber, eskaera batek aurreikus dezake kontratatu beharreko pertsonak bi proiektutan parte hartzea gehienez ere.

4. Ez dute diru-laguntza hartuko enpresaburuen edo entitatea kontrolatzen dutenen, zuzendaritzako karguak betetzen dituztenen edo haren administrazio organoetako kide direnen ezkontideei, ondorengoei eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideei eragiten dieten kontratazioek.

Ondorio horietarako, diru-laguntza eskatzen duten entitateek erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko dute, baldintza hori betetzearen gainekoa.

4. oinarria.–Diru-laguntza har dezaketen gastuak eta zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal den gastua kontratatutakoaren soldata kostuen portzentaje bat izanen da (Gizarte Segurantzarako ekarpenak barne), ondoko tauletan adierazten diren gehieneko kopuruekin:

ONURADUNAK

LAGUNTZA (%)

GEHIENEKOA

(1. taldea)

GEHIENEKOA

(2. taldea)

GEHIENEKOA

(3. taldetik 7.era)

Enpresa handiak

50

16.000

13.000

11.000

Gainerako entitateak

70

20.000

17.000

15.000

Ondorio horietarako, hauek izanen dira:

a) Enpresa handiak: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

b) Gainerako entitateak: zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak, unibertsitateak, erakunde publikoak eta enpresa txiki eta ertainak, aurreko letraren definizioaren arabera.

c) 1. eta 2. taldeak: unibertsitateko tituluei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak (doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, gradua, unibertsitateko masterra, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).

d) 3. taldetik 7.era: goi mailako Lanbide Heziketari dagokion Gizarte Segurantzako kotizazio taldea.

2. Eskatzaileek 1000 euroko laguntza gehigarria lortzen ahalko dute kontratazio bakoitzeko; halakoetan, aurreko ataleko gehienekoak gainditzen ahalko dira, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartu izana:

i. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluak behartuta ez badaude, hau da, 250 langiletik behera badute.

ii. Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik nabarmentzen diren entitateei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

iii. Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo enpresaren erantzukizun sozialarenak aplikatzea.

iv. Berdintasuna sustatzen duten beste neurri batzuk, behar bezala frogatzen ahal direnak; besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, rol aniztasuna eta ardurakidetza entitatearen dokumentazioan eta materialetan erabiltzea, hizkera ez-sexista erabiltzea dokumentazioan eta materialetan, eta berdintasuna bultzatzen duen beste edozein jarduketa, frogatzen ahal dena.

b) 50 langile edo gehiago dituen entitate batean, langile guztien %4k baino gehiagok desgaitasuna izatea. Gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori langile guztien %2 edo handik gorakoa denean.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

Egun hori baino lehenago deialdirako baimendutako aurrekontuko kreditua bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epearen itxieraren berri emanen da laguntzen fitxa erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Eskaeran, adierazi behar da jakinarazpenak jaso nahi direla baliabide telematikoen bidez, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

Edonola ere, diru-laguntzaren eskaerak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea baliabide telematiko hutsak erabiliz egiteko jakinarazpenak eta eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskaera telematikoa, 2.1, 3.4 eta 13. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizuneko aitorpen batekin.

b) Kontratatu beharreko pertsonaren partaidetza izanen duen I+G+B proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria.

c) Kontratazio plana.

d) Enpresa ertainek eta txikiek azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak erantsi beharko dizkiote eskabideari; orobat, langileen kopurua, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Hala egin ezean, 4.1 oinarriko gehieneko laguntzak aplikatuko dira.

e) Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aplikatzen dituen neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 4.2.a) oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

f) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, laguntzak eskatzeko epearen aurreko hilabetean zehar. Kontratu hobaridunen kopurua jasoko du, 4.2.b) oinarriaren laguntza osagarria justifikatzeko.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak artxibo digitalak izanen dira. Zein bere artxiboan aurkeztu beharko da, behar bezala izendaturik.

4. Eskaerak aurreko oinarrian aipatu baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. Oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez esleituko da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

ENPRESA HANDIA, ZENTRO TEKNOLOGIKOA, IKERKETA ERAKUNDEA, UNIBERTSITATEA, SOZIETATE PUBLIKOA

ETE

Gehieneko puntuazioa

Gutxieneko puntuazioa

Gehieneko puntuazioa

Gutxieneko puntuazioa

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

20

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

30

20

30

15

c) Aurrekontuaren justifikazioa

10

5

10

5

d) Memoriaren kalitatea

10

5

10

5

Proposatutako kalitatea, guztira (a + b + c + d)

80

50

80

40

e) Kontratazio plana

15

10

15

10

f) Nafarroako sektore estrategikoetan sailkatzea

5

0

5

0

GUZTIRA

100

60

100

50

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauetan:

–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa.

–Egungo konponbideen eskasiak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean.

–Konpondu beharreko problema eta merkatu aukerak.

b) Proiektuaren berritasun maila. Hona baloratu beharreko alderdiak:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta.

c) Aurrekontuaren justifikazioa, giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez proposamena gauzatzeko, dedikazioaren eta kostuaren aldetik.

Gastuaren beharra eta proiektuaren kontu-sailen zenbaterainokoa justifikatu beharko dira.

d) Aurkeztutako memoriaren eta aurrekontuaren kalitatea, gai hauetan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) Kontratazio plana:

–Eskatutako profila nola egokitzen den proiektuaren helburu eta lanetara.

–Kontratatuak egin beharreko eginkizunen deskripzioa.

f) Ondoko sektore estrategiko batean edo gehiagotan sailkatzea proiektua:

–Energia berriztagarriak, barne izanik energia biltegiratzea, isuririk gabeko ibilgailuak eta energiaren eraginkortasuna.

–Nekazaritzako elikagaiak.

–Biomedikuntza, barne izanik medikuntza aurreratu pertsonalizatua edo doitasunezkoa eta medikuntzako ekipamendua.

–Fabrikazio aurreratua, barne izanik robotika, gauzen Internet (IoT) eta sentsorizazioa.

–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), aurrekoen zeharkako sektore gisa.

3. Aurkeztutako eskaerak bi I+G+B proiektu aurreikusten baditu, biek gainditu behar dute aurreko taulako gutxieneko puntuazioa. Bi proiektuen puntuazioaren batez bestekoa izanen da espedientearen azken puntuazioa.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da entitate onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena bi hilabeteko epean gehienez ere eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaituan, eskaera aurkeztu zenetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Kontratatuak hautatzeko prozedura.

1. Onuradunak lan eskaintza bat eginen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan gehienez ere 15 egun naturaleko epean diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik hasita. Bertan, profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko ditu, eskaerarekin batera aurkeztutako kontratazio planean ezarritakoari jarraituz.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hautaketa bat eginen du aldez aurretik, zehaztutako profila betetzen duten pertsonen artean soilik, enplegu eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

2. Onuradunak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurretik egindako hautaketatik abiatuta, hautatuko du horien artean nor kontratatu, lanposturako egokitzapena neurtzeko proba egokiak egin ondoren, hala bada.

Pertsona bat baino gehiago kontratatzen duten entitateen kasuan, ahaleginak eginen dira orekari eusteko kontratatzen diren emakumeen eta gizonen kopuruan, bereizkeriarik egin ez dadin hautatzen diren emakumeen kopuruari dagokionez.

3. Kontratazioak bat egin behar du kontratazio planean zehaztutako tituluarekin eta kotizazio taldearekin. Plan horretan zehaztutakoan aldaketarik eginez gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio hura onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek sinatzen den kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute modu telematikoan laguntzen fitxaren bidez, bi hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen dela jakinarazten denetik aurrera, eta, edonola ere, 2016ko abenduaren 15a baino lehenago.

Laguntzen onuradunek zilegi dute laguntzak kudeatzen dituen organoari eskatzea epe hori luzatzeko, mugaeguna iritsi aurretik. Luzapena hilabete batekoa izan daiteke, eta, inola ere ez da 2016ko abenduaren 15etik aurrerakoa izanen.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den kontratua aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Ordaintzeko ebazpena gehienez ere hiru hilabetean eman eta jakinaraziko da, egiaztagiriak aurkezten direnetik hasita.

3. Kontratua bukatutakoan, edo, kasua bada, 12 hilabeteko gutxieneko iraupenaren epea iragandakoan, onuradunek 3 hilabete izanen dituzte ondoko dokumentazioa igortzeko modu telematikoan laguntzen fitxaren bidez:

a) Pertsona kontratatuaren partaidetza izan duen I+G+B proiektuaren edo proiektuen jarduera memoria, laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

b) Nominen eta horien ordainagirien kopia eta Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaindu izana frogatzen duten agiriak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko du aurkeztutako dokumentazioa eta ofizioz egiaztatuko du Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu diren, eta, egiaztatuz gero egindako gastua diru-laguntzaren zenbatekoa ekarri zuena baino txikiagoa dela, 4.1 oinarriarekin bat, ordaindutako laguntzaren zati proportzionala itzultzeko eskatuko du, gehi kasuan kasuko berandutze-interesak.

10. oinarria.–Kontratuaren amaiera eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Onuradunak diru-laguntzaren xedearekin kontratatutakoa ordezten ahal du kontratua bukatutakoan edo arrazoi hauengatik: probaldia ez gainditzea, borondatezko lanpostu-uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

15 egun naturaleko epean, gehienez ere, kontratu hori bukatzen denetik aurrera, onuradunak horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, onuradunek jakinaraziko dute zehazki zer egoerak ekarri zuen kontratuaren bukaera, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak baimena emanen du edo ez, kontratatutakoa ordezteko.

3. Bidezko denean ordezkapena egitea aurreko atalei jarraituz, 8. oinarrian aurreikusitako prozedurarekin bat eginen du pertsona berrien kontratazioak. Kontratu berriak 3. oinarriko baldintzak ere bete behar ditu.

Hasieran kontratatutakoa ordezten bada, ez da inola ere emandako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko.

4. Kontratua bukatzen denean ordezpena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 1. eta 2. ataletan xedatutakoari jarraituz, onuradunak ondokoa beharko du:

a) Diru-laguntza eta berandutze-interesak itzultzea, iraupenaren lehenbiziko seihilabetekoan bukatzen denean kontratua.

b) Diru-laguntzaren zati proportzionala eta berandutze-interesak itzultzea, nahitaezko iraupenaren bigarren seihilabetekoa iragan gabe bukatzen denean kontratua.

11. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxaren bitartez, onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Kontratatu beharreko pertsonak 8. oinarriko prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa egin dela justifikatzea 9. oinarrian adierazitako eran.

d) 10. oinarrian adierazitako moduan itzultzea diru-laguntza kontratua bukatu eta kontratatutakoa ordezten ez denean.

e) Pertsona kontratatuek parte hartzen duten I+G+B proiektuaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat onuradunek bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Halaber, betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

Kontratatutakoaren partaidetza izan duten I+G+B jardueraren ondoriozko hedapen materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, onuradunek, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizuneko aitorpen batean, azalduko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako “de minimis” laguntzak.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

15. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek, publikoa nahiz pribatua izan, diruz laguntzen ahal den gastu bererako ematen dituen beste edozein diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1606425