Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
223E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, Nafarroan kokatuta dauden turismoko establezimenduek 2016. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratu eta manten dezaten.
Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko molde berrian.
Behar horren eta, orobat, Nafarroan eskaintzak duen tamainaren jakitun, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistema osatzen duten proiektu multzoa, hau da, Turismoko Estatu Idazkaritzaren menpeko programa, sustatuz bultzatu dira kalitate arloko jarduketak.
Programa horren esparruan eta, zehazki, sektoreetara bideratutako SCTE Sectores proiektuaren esparruan, kalitate turistikoaren Q marka sustatzea da Garapen Ekonomikorako Departamentuaren helburua; Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak kudeatzen du marka hori Turismoko Estatu Idazkaritzarekiko hitzarmen baten bidez. Marka hori eskuratzearekin batera agerian gelditzen da turismoko enpresen ahalegina, haien azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea hobetzekoa.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru-izendapen badago; izan ere, bada baremo bat, diru-laguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena, hura aplikatzen denean.
Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresa behartua dago hiru zergalditan edozein “de minimis” laguntzaren berri ematera Garapen Ekonomikorako Departamentuari.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onestea Nafarroan kokatuta dauden turismoko establezimenduek 2016an kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiria lortu eta manten dezaten.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Diru-laguntza horietarako 17.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Kalitatearen “Q” marka lortzeko ETEentzako laguntzak” izeneko UNE 830001/ 83120/4709/432102 kontu-sailaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 23an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
TURISMOKO ETE-ENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAN KOKATUTA DAUDEN ESTABLEZIMENDU TURISTIKOEK 2016. URTEAN KALITATE TURISTIKOAREN “Q” ZIURTAGIRIA LORTU ETA MANTEN DEZATEN
1. Xedea.
Turismoko ETEentzako diru-laguntzen araubidea erregulatzea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q sistema lortu eta manten dezaten; Turismoko Estatu Idazkaritzak erregistratua da marka hori, eta Estatu osoan hedatua dagoen Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE aurrerantzean) kudeatzen du.
Turistak jaso eta atzematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea du helburu deialdi honek, bisitatzen gaituztenen poztasuna handitzearren. Kalitate turistikoaren Q zigilua establezimenduaren atean izateak ederki asko laguntzen du gure azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea agerian izaten.
Dena dela, kalitate turistikoaren Q sistema ezartzeak ahalegin ekonomiko garrantzitsua eskatzen die establezimenduei eta, areago, krisi urte hauetan. Horregatik are garrantzitsuagoa da laguntza ekonomikoa ematea ahalegin gehigarri hori egiten duten establezimenduei, horrela destinoko inkestetan islatzen den gogobetetasun indizea hobea izan dadin.
2. Entitate onuradunak eta entitate onuradun izatea egiaztatzeko modua.
Establezimenduaren titular diren turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak, baldin eta deialdi hau argitaratzen den unean establezimendua behar bezala erregistratuta badute Nafarroako Turismo Erregistroan.
ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.
Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatuko du Nafarroako Turismo Erregistroko titulartasuna, bai eta establezimendu turistikoa behar bezala inskribatuta dagoela ere.
3. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 17.000 eurokoa da.
4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren jarduketa eta gastuak.
Deialdi honetako diru-laguntza itzuli beharrik gabea da, diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %50eraino.
Deialdi honen ondorioetarako, hurrengo lerroetan deskribatzen diren kontzeptuei buruzko kanpoko gastu guztiak laguntzen ahal dira diruz, hirugarrenek fakturatuak badira 2015eko urriaren 1etik 2016ko abenduaren 30era bitarte eta justifikazioa aurkezteko epemuga aurretik ordainduak badira, hau da, 2016ko abenduaren 30a baino lehen.
Kalkulua egiteko, balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa (BEZa) ezin da diruz lagundu.
ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria lortu eta berritzeko beharrezko ekintzak babesten ditu deialdiak eta, zehazki, kontzeptu hauek hartzen ditu kontuan:
a) Markari atxikitzeko kuota.
b) Kanpoko kontsultoreen laguntza teknikoa hasierako ziurtapenerako, marka mantentzeko 1. eta 2. auditoriarako eta lehenengo berrikuntzarako (betiere hasierako ziurtapenetik hirugarren urtean).
c) Kanpoko auditoria ziurtapenerako eta berritzeko edo jarraitzeko auditoriak.
d) Deialdiaren epeari dagokion marka erabiltzeko eskubidea. Ezin izanen dira eskaera berean sartu markari atxikitzeko kuota eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuota.
b) kasuan, gehienez ere 2.500 euroko aurrekontuak izaten ahalko du diru-laguntza 1. ziurtapeneko laguntzetarako, eta 1.000 eurokoak, mantentzeko edo berritzeko laguntzetarako, kanpoko aholkularietan auditoreen egonaldiko dieten gastuak, mantenua eta bidaiak bazter utzita.
Lehen lerroaldean ezarritako gehieneko diru-laguntzak lortzen dituzten ekintzetan, ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa diruz laguntzen ahal den ekintzaren zenbatekoarekin zatituta aterako da laguntzaren azken portzentajea.
Modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea 7. oinarri arautzailean ezarritako kasuetan.
5. Eskaerak aurkezteko epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkezten ahalko dira diru-laguntzarako eskaerak.
Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakia behar bezala betez eginen da eskaera.
Eskaerak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta Navarrería kaleko 39an (31001 Iruña) den erregistro bulegoan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Eskaera Postetxean aurkeztuz gero, eskabide-orriak posta-zigilua eraman beharko du, onarpen eguna adierazita duela. Posta elektronikoaren bidez eman beharko zaio inguruabar horren berri Turismoa Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, eta frogagiriaren kopia erantsi.
5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabide-orria behar bezala beteko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:
–Entitateari buruzko dokumentazioa:
1. Eskaera norbait ordezkatuz aurkezten bada, establezimenduaren titularraren baimena.
2. Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.
3. Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.
4. Diruz laguntzen ahal diren kontzeptu berentzat eskatu eta hartutako beste diru-laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena.
5. Erantzukizuneko aitorpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako debekurik urratzen ez dela dioena.
6. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako webgunean lortzen ahal dena: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm (aurretik eskatu ez bada edo daturen bat aldatu bada).
Eskabide-orriak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizuneko aitorpenak eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak konplitu diren egiaztatzeko. Bete eta sinatuta beharko da aurkeztu.
–Eskaerari buruzko dokumentazioa:
1. ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita egoteari buruzkoa (atxikipen berrien kasuan).
2. Aurrekontua, kontzeptuen araberakoa.
3. Aitorpena, deialdiak hartzen duen epean zer auditoretza motatara aurkeztuko den dioena.
Ematen den eskabide-orriarekin batera doa hemen aipatu den aitorpena.
–Baremorako dokumentazioa:
1. Erantzukizuneko aitorpena, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako tramitatzen dituen deialdiak direla eta, aurreko 5 urteetan (2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) jasotako diru-laguntzei buruzkoa.
2. Erantzukizuneko aitorpena, kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasunari buruzkoa.
3. Erantzukizuneko aitorpena, establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daraman antzinatasunari buruzkoa.
Eskabide-orriak hemen aipatzen diren erantzukizuneko aitorpenak dakartza.
6. Diru-laguntza emateko parametroak.
Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta eta aurrekontuetako dirua bukatu arte.
Deialdiak baimentzen duen zenbateko osoa agortu arte diru-laguntzak emateko lehentasunak ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:
a) Lehendik jasotako diru-laguntzak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdiak direla eta, aurreko 5 urtean (2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) tramitatuak:
–20 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.
–15 puntu, 500 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.
–10 puntu, 1.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.
–5 puntu, 2.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.
–2 puntu, 3.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.
Titular eta establezimendu bakoitzak azkeneko 5 ekitaldietan jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna).
b) Establezimenduaren kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasuna:
–Ziurtagiri berriak: 15 puntu.
–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria zein urtetan lortu zen: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik.
c) Establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta duen antzinatasuna: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez (hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik).
Berdinketak hausteko, lehendabizi, aurreko 5 urtean jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan: zehazki, jasotako diru-laguntzaren kopurua, zenbateko txikiena jaso duten titularren eskaerak hobetsiko baitira. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.
7. Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak, eskaera hartutakoan, espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak, nahitaez aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, ez baditu betetzen adierazitako beharkizunak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztaturik, bai eta 4. oinarriko jarduketa bati dagokiola ere, espedientea 6. oinarrian ezarritakoari jarraituz barematuko da, lehentasun ordena zehaztuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 4. oinarrian ezarritako portzentajearekin bat.
Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun natural izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntza proposamena onartzeko edo ukatzeko. Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarri bezala.
Berariazko ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez, eskaera aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da.
Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Entitate onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
Hori, dena den, pertsona juridikoei baino ez zaie aplikatzen, ez pertsona fisikoei.
2. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak egitea eta hurengo oinarrian ezarritako epeetan justifikatzea.
3. Diruz lagunduriko inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
4. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten zaiola, laguntza ematen dion ebazpena jaso eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere edo, zein den kasua, 2016ko irailaren 15a baino lehen, establezimendua ez bada dagokion auditoretzan aurkeztu behar.
5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso diren aurreko hiru zergaldietan eta, zein den kasua, zer beste diru-laguntza lortu diren kontzeptu beragatik.
6. Gastua Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean edo web-orrian, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.
7. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.
8. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak.
Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2. eta 3. puntuetan ezarritakoa ez betetzeak 12. oinarrian xedatutako murrizketak ekarriko ditu.
9. Justifikatzeko epeak eta modua.
Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik, eta 2016ko abenduaren 30a izanen da hura aurkezteko azken eguna.
Entitate onuradunek justifikaziorako inprimaki normalizatua bete beharko dute, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es) eskuratu daitekeena, zerbitzuen katalogoen dagokion fitxan, eta diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duen dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dute. Honako hauek, zehazki:
1. Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.
2. Fakturen eta guztirako ordainketa frogatzen duten bankuko dokumentuen kopia. Faktura horiek Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua bete beharko dute.
3. Kalitate turistikoaren “Q” marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria mantentzeko edo berritzeko auditoretza pasatu izanarena.
4. Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena. Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
Egindako jarduketen frogagiriak aurkezteari begira, 5. oinarri arautzailearen 1. atalean eskabidea aurkezteko ezarritakoa aplikatuko da.
Eskatutako dokumentazio guztia euskarri informatikoan aurkeztu beharko da Iruñeko Navarreria kaleko 39. zenbakian (P.K.: 31001) dagoen erregistroaren bulegoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein tokitan, tramitea bide telematikoetan egiten denean izan ezik.
10. Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, gastuak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, justifikazioa puntu guztietan zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.
11. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
Laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.
Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europako Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergalditan. Horretarako, enpresa behartuta dago Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztera zer beste “de minimis” laguntza jaso duen hiru zergalditan.
12. Justifikazioaren ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
Ondoko penalizazio hauek ekarriko ditu diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu beharra ez betetzeak:
–Emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, gastuen justifikazioa eta dagokion dokumentazioa 2016ko abenduaren 30etik aurrera aurkezten badira.
–Establezimendu berak diru-laguntzak eskuratzeko eskubidea galtzea kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako diru-laguntzen hurrengo deialdian, diru-laguntzaren xedeko jarduketa egiten ez bada, non ez den inguruabar horren berri ematen 8.3 oinarrian ezarritakoari jarraituz.
13. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren web-orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1606374
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
