112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

660/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2016ko deialdia onesten da nekazaritzako elikagaien industrietako inbertsioetarako laguntzak emateko.

Nekazaritzako elikagaien industria zutabe sendoa da Batasuneko landa ekonomiaren oinarrian. Landa ingurunean errotuena dagoen sektore industriala da, lehen sektorearen mugiarazle, eta nekazaritzako produktuen balio erantsia handitzea errazten du. Nekazaritzako enpresen garapenari ematen zaion bulkadak bideraturik egon behar du landa eremuetan enplegua sustatzera eta kalitatezko lanpostuak sortzera, daudenak mantentzera eta enpleguaren sasoiko gorabeherak murriztera. Gainera, sektore hau etengabeko modernizatze prozesuan dago, eta prozesu horrek ahalbidetzen dio lehiakorragoa izatea, gero eta zorrotzagoa den ingurune ekonomikoan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoak, 17. artikuluan aurreikusten du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria. Hark, halaber, 3 azpineurri ditu, eta hau da horietako bat: “nekazaritzako produktuak (Tratatuko I. eranskinean jasotakoak edo kotoizkoak, eta arrantzako produktuak salbuesten dira) eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio materialak eta immaterialak egiteko laguntza”.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programak azpineurri hori jasotzen du (4.2 kodea).

Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritzako elikagaien industrietan inbertsioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean ageri dira.

3. 9.000.000 euroko gasturako baimena ematea, 2017ko aurrekontuen kontu-sailaren kargura, oraingo gastuen aurrekontuko kontu-sail honen parekoa baita: “Nekazaritza industrializatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntza. LGP LGENF” izeneko 810007 81210 7701 413102 kontu-saila. Betiere, krediturik badago.

Kontu-sail horretan kreditu erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 1ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsioak sustatzea, Nafarroako nekazaritzako eta elikadurako sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.

Laguntza hauek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan (LGP) daude, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an eman zuten 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapena laguntzeari buruzkoa zen erregelamendu hura.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1) “Nekazaritzako produktuak”: Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren I. eranskinean agertzen direnak, salbu arrantzako produktuak eta akuikulturakoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutakoak.

2) “Nekazaritzako produktuak eraldatzea”: nekazaritzako produktu batean egiten den eragiketa, horren emaitza ere nekazaritzako produktua duena. Salbuesten dira lehenbiziko salmentarako ustiategian egiten diren jarduketak, beharrezkoak direnak animalia edo landare produktu bat prestatzeko.

3) “Enpresaren tamaina”: enpresa baten tamaina baloratzeko, erreferentzia gisa hartuko da laguntza eskatzeko data eta Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz.

4) “Elkarteak”: Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65 a) artikuluan definitutako landako nekazaritzako kooperatibak eta bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta entitate zibilak eta merkataritzakoak, baldin beren kapitalaren %50 gutxienez sozietate kooperatibena bada.

5) “Lehentasuneko elkarteak”: honako baldintza hauek betetzen dituzten elkarteak:

a) Lehentasuneko elkartetzat hartutako elkarteak, aplikaturik Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legean xedatutakoa.

b) Aurreko lerroaldearekin bat lehentasunekotzat onartutako elkarte batean sartutako elkarteak.

6) “Kalitatezko ekoizpeneko enpresak”: honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten enpresak:

a) Artisautza-enpresak eta jatorrizko deiturarekin edo adierazpen geografiko babestuekin babesturik dauden produktuen ekoizpena dutenak, edo produktu ekologikoen ekoizpena dutenak, baldin ekoizpen ekologikoak fakturazioaren %50 gainditzen badu azkeneko ekitaldi itxian.

b) Kalitatea kudeatzeko eta/edo elikagaien segurtasuna ziurtatzeko nazioartean aitortutako sistemak dituzten enpresak (ISO familiak, IFS, BRC GlobalGAP eta antzekoak).

7) “Enpresa txiki eta ertain integratuak”: zenbait enpresa txiki eta ertainen bat-egiteen ondorioz sortutako enpresak, edo beste enpresa txiki eta ertain batzuekin enpresa-integraziorako akordioa dutenak (2010etik laguntzen eskaera egin den eguna arte).

8) “Elkarte integratuak”. Prozesu hori 2010eko urtarrilaren 1etik 2014ko urtarrilaren 1a arte egin dutenak: halakotzat joko dira honako entitate hauek:

a) Nekazaritzako kooperatibak, bigarren mailako kooperatibak eta kooperatiba-taldeak, kooperatiba integrazio prozesuetan parte hartzen ari direnak, bat-egiteen bidez, xurgatzeen bidez edo kooperatiben arteko akordioen edo sartzeko prozesuen bidez.

b) Aurreko letran aurreikusitako kooperatiba integrazioko prozesu batean parte hartzen ari diren nekazaritzako kooperatibak partaide dituzten entitateak, baldin prozesu horretan aurreikusten bada kooperatiba integrazioaren xede den jarduera bat garatzea, eta entitate horren kapital sozialaren erdia gutxienez nekazaritzako kooperatiben esku badago.

9) “Kooberatiba integrazio prozesu batean dauden entitateak”: prozesua 2104ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi dutenak. Halakotzat joko dira honako entitate hauek:

a) Nekazaritzako kooperatibak, bigarren mailako kooperatibak eta kooperatiba-taldeak, kooperatiba integrazio prozesuetan parte hartzen ari direnak, bat-egiteen bidez, xurgatzeen bidez edo kooperatiben arteko akordioen edo sartzeko prozesuen bidez, betiere 2014ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi direla.

b) Aurreko letran aurreikusitako kooperatiba integrazioko prozesu batean inplikaturik dauden nekazaritzako kooperatibak partaide dituzten entitateak, baldin prozesu horretan aurreikusten bada kooperatiba integrazioaren xede den jarduera bat garatzea, eta entitate horren kapital sozialaren erdia gutxienez nekazaritzako kooperatiben esku badago.

10) “Produkzioko instalazio berriak”: halakotzat hartuko dira bai Nafarroan berria den enpresa batek egindako hasierako inbertsioak bai Nafarroan dauden enpresen produkzioko instalazio berriak, ondoko definizioen arabera.

a) “Nafarroako enpresa berri batek hasieran egindako inbertsioak”: aurretik Nafarroan ez zegoen enpresa batek produkzioko instalazio berri bat abiarazteko inbertsioak, betiere, eta Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioarekin bat, Nafarroan dagoen enpresa bati loturik ez badago.

b) “Nafarroan dauden enpresen produkzioko instalazio berriak”: aurretik Nafarroan zegoen enpresa batek edo jadanik Nafarroan zegoen enpresa bati loturik dagoen enpresa batek egindako inbertsioak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera, betiere aurrekoa ez den beste kokapen batean egiten badira, laguntzak eskatzen dituenaren titulartasunarekin edo hari lotutako enpresen titulartasunarekin.

Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta ekoizpen jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da, beharrezkoa izan gabe aldez aurretik dauden eraikinak konektatzea edo partekatzea azpiegiturekin eta produkzioko instalazioekin edo instalazio lagungarriekin.

11) “Industria instalazio berriak, azpiegitura partekatuko industrialdean”: enpresa instalazio berriak, industrialdeetan, baldin industrialde horiek trigenerazioa (lurruna, gasa eta argindarra) eskaintzen badute, bai eta hondakinen kudeaketa eta/edo uren arazketa bateratua ere.

12) “Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak”: ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak edo zuzendaritza kontseiluko bazkideen erdiak baino gehiago izaera hori duten elkarteak, betiere nekazari horiek kasuko entitatearen kapital sozialaren %50 baino gehiago baldin badute.

13) “Kapitalizazio ertaineko enpresak (midcaps)”: “enpresa txiki eta ertainak” ez diren enpresak, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 6ko Gomendioa, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa), gehienez 3.000 langilekoak.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak (pertsona fisikoak eta juridikoak) izaten ahalko dira onuradunak:

a) Nafarroan produkzioko instalazio bat izatea edo etorkizunean izatea.

b) Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren I. eranskinean agertzen diren nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jardueraren bat egitea. Salbuespena dira arrantzaren sektoreko enpresak, baita beren emaitza den produktua I. eranskinean jasoa dutenak ere.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

f) Ingurumen arloarengatik zehapenik jaso ez izana. Eta, hala bada, enpresak zehapenean aurreikusitako neurri zuzentzaileak abiaraziak izatea.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta laguntzak eskatzeko unean aurkeztuko da.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioko proiektuak.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagun daitezke, betiere helburu hauek badituzte:

a) Eraldaketan eta merkaturatzean hobekuntzak egitea.

b) Produktuaren balio erantsia handitzea.

c) Kalitatea hobetzea.

d) Ekoizpen gaitasuna handitzea.

e) Efizientzia, energian eta inputen erabileran.

f) Enplegua ugaritzea.

g) Jardueren dibertsifikazioa.

h) Ingurumen arloko babesa.

i) Laneko segurtasuna.

2. Eskaera egunaren eta 2017ko irailaren 30aren artean gauzatu beharko dira proiektuak.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, produkzioko instalazioko langile kopuruaren arabera (2015eko batez besteko plantilla):

LANGILEAK

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

15.000 euro

10 eta 49 artean

50.000 euro

50 eta 249 artean

100.000 euro

250 edo gehiago

300.000 euro

4. Enpresak Nafarroan duen produkzioko instalazio bakoitzeko inbertsio proiektu bakarrak jaso dezake diru-laguntza.

5. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Honako xede hauek dituzten gastuak:

1. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

2. Makina eta ekipamendu berriak erostea edo errentamendu finantzarioan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak merkatuan duen baliora bitarte.

3. Honako aktibo ukiezinetan inbertsioak egitea: programa informatikoak eskuratzea edo garatzea eta patenteak, lizentziak eta egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

4. 1. eta 2. motako gastuekin lotutako kostuak, esaterako arkitektura eta ingeniaritza enpresei ordainsariak ordaintzea, haien balioaren %10 arte.

b) Nafarroan kokatutako produkzioko instalazioetan egiten direnak, eta 4.1 oinarrian aurreikusitako helburuetako bat zuzenean lortzera bideraturik daudenak.

c) Eskaera egunaren eta 2017ko irailaren 30aren artean egiten direnak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da bi data horien artean entregatua, fakturatua eta ordaindua dagoena. Faktura bati zenbait ordainketa badagozkio, aldi horretan egindakoek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza.

Beharkizun horretatik salbuesten dira 4. puntuko a) letrako kostuak. Horiek 2015eko urriaren 1aren ondokoak izan daitezke.

d) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

e) Kostuak gehiegizkoak ez izatea. Horretarako, baldin diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastu bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak “Kostuak gutxitzeko justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztu beharko du, baita gutxienez hiru eskaintza ere.

Kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar (aipatutako inprimakian modu fede-emailean justifikatu beharko du):

–Aktiboaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan enpresak eskatzen duen bezala hornidura emateko behar adina entitaterik ez badago.

–Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

–Aktiboa hornitzaile horrekin aldez aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa bada.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzeak diru-laguntza jaso dezake baldin eragiketak oinarri honen 1 ataleko c) letran adierazitako aldian egiten bada, eta enpresak konpromisoa hartzen badu ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko duena.

Ordainketa horretatik proiektua justifikatu arteko kuota ordainduek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Eta ez dute diru-laguntzarik jasotzen ahal eragiketarekin lotutako gastuak, esaterako errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta aseguruen gastuak.

3. Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Lurrak, urbanizazio obrak eta horiek lortzearekin lotutako gastuak (notariotzak, zergak eta antzekoak).

b) Luxuzko gastuak.

c) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

d) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin bat ez datozenak.

e) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

f) Laguntzen eskaeraren eguna baino lehenagoko ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak (salbu 1. ataleko a) letrako 4. motako kostuak).

g) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

h) Hauetarako inbertsioak: aktiboak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak. Salbu teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

i) Ibilgailuak, salbu barnean erabiltzekoak, esaterako orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

j) Erabilitako makinak eta ekipamendua.

k) Zorraren eta BEZaren interesak.

l) Eraikinak edo lokalak erosteari lotutakoak, betiere aurreko 10 urtean diru-laguntza jaso badute, deialdi honen argitalpen egunetik hasita.

6. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren eta inbertsioko proiektuaren ondoko ezaugarrien arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Aipatutako portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea inbertsio proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.

a) Enpresaren tamaina eta mota, laguntza eskaeraren egunean:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Handia

4

Enpresa txiki eta ertainak

8

Elkartea

10

b) Produkzioko instalazioaren kokapena:

KOKAPENA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Iruñerritik kanpo, hau da, Nafarroako Lurralde Eremuaren 10.4 azpieremutik kanpo*

2

Deialdi honen argitalpen egunean, garapen ekonomikorako plan estrategikoa gauzatzeko hitzarmena onetsirik duen eremu baten barnean.

4

(*) Iruñerriak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Galar, Iruña, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur eta Zizur Nagusia.

c) Produkzioko instalazio berria Nafarroan: %5.

d) Hazkunde enpresariala (ez da aplikatuko produkzioko instalazio berritzat hartzen diren proiektuetan):

ENPRESAREN 2015EKO SALMENTAK / ENPRESAREN 2014KO SALMENTAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 1,10 eta <1,20

1

≥ 1,20 eta <1,50

2

≥ 1,50

3

e) Batez besteko enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2015. urtean:

KONTRATU MUGAGABE KOPURUA / KONTRATUAK GUZTIRA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ %70 eta < %80

1

≥ %80 eta < %90

2

≥ %90

3

Batez besteko portzentaje hori kalkulatzeko, aintzat hartuko da lan bizitzaren txostena honako data hauetan: 2015-03-31, 2015-06-30, 2015-09-30 eta 2015-12-30.

f) Prestakuntza enpresan: 2015ean prestakuntza programetan parte hartzea, gutxienez prestakuntzako 10 ordu egin badira langileko, aukera hauetako baten bidez eginak:

–Gizarte Segurantzako kuoten hobariaren bidez.

–Kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzarako laguntzen deialdiak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginak.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza proiektu bereziak.

–Bestelako prestakuntza, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldeko txostena duena.

Laguntzaren intentsitate osagarria %2 izanen da.

g) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea:

–Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako agiri bat aurkeztuko da.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien (Neeze) “Reconcilia zigilua”, eta abar). Laguntzen eskaerari gehituko zaio.

Laguntzaren intentsitate osagarria %1 izanen da.

h) Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2015eko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO ENPRESATZAT HARTZEKO BALDINTZAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

a) edo b) betetzen du

1

a) eta b) betetzen ditu

2

i) Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioa:

ELKARTE MOTAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Lehentasuneko elkartea

2

Lehentasuneko elkarte batean integratutako elkartea

2

j) Nafarroako nekazaritzako eta elikadurako enpresen eta nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

ENPRESA MOTA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Enpresa txiki eta ertain integratua

4

Kooperatiba integratua

6

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba

10

k) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ %25 eta <%50

1

≥ %50 eta <%75

2

≥ %75

3

l) Industria instalazio berria, energia-azpiegitura partekatuko industrialdean: %5.

m) Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

FABRIKAZIO AURRERATUKO (4.0 INDUSTRIA) SISTEMETAKO INBERTSIOEN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ %5 eta <%10

1

≥ %10 eta <%20

2

≥ %20

3

Fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Sentsorizazioa.

–Simulazioa.

–Errealitate areagotua.

–Big data, analitika aurreratua eta Business intelligence.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

2. Taula honetan zehaztutako laguntzen gehieneko intentsitateak ez dira inondik inora gaindituko:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO INTENTSITATEA (%)

Enpresa handia

18

Enpresa txiki eta ertainak

22

Elkartea

24

Lehentasuneko elkartea, integratu gabea eta integrazio prozesuan ez dagoena

26

Lehentasuneko elkartea edo elkarte integratua

28

Lehentasuneko elkartea edo integrazio prozesuan dagoena

30

Gehieneko diru-laguntza 2.000.000 eurokoa izanen da produkzioko instalazio bakoitzeko.

3. 1. ataleko k) eta m) letretan aurreikusitako laguntzaren intentsitate osagarria lortzen duten onuradunek baldintza berberak mantendu beharko dituzte laguntza ordaindu aurretik egiten den egiaztapenean; bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie.

7. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko uztailaren 22an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (3. oinarrikoak) betetzearen erantzukizuneko aitorpena.

d) “Kostuak gutxitzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 5.1.e) oinarrian eskatzen den kostuen moderazioa frogatzen duten 3 eskaintzak.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostenak, egun hauetakoak: 2015-03-31, 2015-06-30, 2015-09-30 eta 2015-12-30.

f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aplikatzen dituen neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 6.1.g) oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

g) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Inbertsioa Sustatzeko Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten proiektuei aplikatuko zaie 6. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Hauek dira inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

1.1. Enpresaren tamaina:

ENPRESA MOTA

PUNTUAZIOA

Handia

0

Midcap

7

Enpresa txiki eta ertainak

10

HAZKUNDE ENPRESARIALA (ENPRESAREN 2015EKO SALMENTAK / ENPRESAREN 2014KO SALMENTAK)

PUNTUAZIOA

<1,00

0

≥ 1,00 eta <1,10

5

≥ 1,10

10

1.2. Produkzioko instalazioaren kokapena:

KOKAPENA

PUNTUAZIOA

Iruñerrian, hau da, Nafarroako Lurralde Eremuaren 10.4 azpieremuan

0

Iruñerritik kanpo, hau da, Nafarroako Lurralde Eremuaren 10.4 azpieremutik kanpo

10

1.3. Enpleguaren kalitatea: enpresako enplegu mugagabe portzentajea 2015. urtean (6.1.e oinarriaren arabera):

KONTRATU MUGAGABEA DUTEN PERSONA KOP. / KONTRATATUTAKO PERTSONA KOP.

PUNTUAZIOA

< 50%

0

≥ %50 eta < %70

4

≥ %70 eta < %80

6

≥ %80

10

1.4. Kalitatezko ekoizpena: kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2015eko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO ENPRESATZAT HARTZEKO BALDINTZAK

PUNTUAZIOA

Ez du betetzen ez a) ez b)

0

a) edo b) betetzen du

6

a) eta b) betetzen ditu

12

1.5. Lehentasuneko elkarteak: Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioa:

LEHENTASUNEKO ELKARTEAK

PUNTUAZIOA

Ez da lehentasuneko elkartea

0

Lehentasuneko elkartea (2.5 oinarria)

10

Lehentasuneko elkarte batean sartutako elkartea

10

1.6. Elkarteak: Nafarroako nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

ELKARTEAK

PUNTUAZIOA

Ez da elkartea

0

Elkartea (2.4 oinarria)

7

Elkarte integratua edo integrazio prozesuan dagoena (2.8 edo 2.9 oinarria)

10

1.7. Energia efizientziaz erabiltzea. Mota hauek bereizten dira:

–Hondarreko energiez baliatzea.

–Energia berriztagarriak erabiltzea.

–Energia kontsumitzen duten ekipamendu eta instalazioak aldatzea edo kendu eta haien ordez efizientzia handiko teknologiak edo eskura dagoen teknologia hoberena erabiltzen dituzten ekipamendu eta instalazioak ezartzea, energiaren kontsumoa gutxitzeko.

EFIZIENTZIA ENERGETIKORAKO INBERSTSIOAREN ZENBATEKOA / INBERTSIOAREN ZENBATEKOA GUZTIRA (%)

PUNTUAZIOA

≥ %0 eta < %20

0

≥ %20 eta < %40

2

≥ %40 eta < %60

4

≥ %60 eta < %80

6

≥ %80

8

Energia-azpiegitura partekatuko industrialdeetan dauden enpresek (2.11 oinarriaren arabera) 5 puntu gehiago izanen dituzte, gehienez ere 8 puntuko muga izanik.

1.8. Produkzioko instalazio berria:

PRODUKZIOKO INSTALAZIO BERRIA
(2.10 OINARRIA)

PUNTUAZIOA

Ez du betetzen

0

Nafarroan kokatutako enpresarena

5

Nafarroan berria den enpresarena

15

1.9. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak: ogibide nagusia nekazaritza duten nekazarien (ONN) parte-hartzea, edo zuzendaritza kontseiluko kideen erdiak baino gehiago ONN dituzten elkarteen parte-hartzea, betiere nekazari horiek kasuko entitatearen kapital sozialaren %50 baino gehiago baldin badute (ez da aplikatzekoa elkarteen kasuan).

OGIBIDE NAGUSIA NEKAZARITZA DUTEN NEKAZARI IZAERA (2.14 OINARRIA)

PUNTUAZIOA

Ez du betetzen

0

Betetzen du

5

2. Proiektu bat diru-laguntzaren xede izateko, 25 puntu lortu behar ditu gutxienez.

Berdinketarik izanez gero, kontuan hartuko dira honako balorazio irizpide hauetan lortutako puntuazioak, eta horren arabera ebatziko da:

1. Lehentasuneko elkarteak.

2. Produkzioko instalazio berria.

3. Elkarteak.

4. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak.

5. Enpleguaren kalitatea.

6. Energia eraginkortasunez erabiltzea.

7. Kalitatezko ekoizpena.

8. Produkzioko instalazioaren kokapena.

9. Enpresaren tamaina.

10. Sarrerako ordena.

10. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa del aldetik, 9. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aipatu Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntzak ukatuko direla.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez ere, laguntzak eskatzeko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. oinarria.–Inbertsio proiektuak aldatzea.

1. Proiektuaren helburua errespetatu beharko dute diru-laguntza jasotzen duten inbertsio proiektuen aldaketek, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak baimendu beharko ditu.

2. Honako aldaketa hauek baimendu daitezke, eta ondoren azaltzen diren epeetan egin beharko da horietarako eskaera:

a) Enpresa onuraduna aldatzea: soilik baldin eta enpresa berria fusioaren, xurgapenaren edo sozietate mota aldatzearen ondoriozkoa bada. Gertatzen den unean komunikatu behar da aldaketa hori, eta sorrarazi duen inguruabarra behar adina frogatu beharko da.

Nolanahi ere, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu ondorengo denak.

b) Diru-laguntza onartzeko ebazpenak onetsitako inbertsioaren aurrekontuko %20 baino gehiago gauzatu gabe gelditzea, baldin 2017ko maiatzaren 31 baino lehen egiten bada eskaera. Hala egin ezean, 13.3 oinarrian aurreikusitako laguntza-murrizketak aplikatuko dira.

c) Aurreikusi gabeko inbertsioak, diru-laguntza onartzeko ebazpenak onetsitako inbertsioaren aurrekontuko %5 gainditzen dutenak. Beste inbertsio batzuk murriztuz konpentsatuko dira aipatutako inbertsioak, halako moduz non ez den gaindituko guztira onetsitako aurrekontua. Inbertsioa egin aurretik egin beharko da aldaketarako eskaera, eta, betiere, 2017ko maiatzaren 31 baino lehen.

3. Honako aldaketa hauek ez dira baimenduko:

a) 5.1.a) oinarrian zehaztutako arkitektura eta ingeniaritza enpresen gastuaren kontu-saila handitzea.

b) Inbertsio proiektua gauzatzeko epea 2017ko irailaren 30a baino haratago luzatzea. Ez da beharrezkoa izanen baimena eskatzea epeak luzatzeko baldin data hori gainditzen ez bada.

4. Salbuespenez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak aldaketak onets ditzake, proiektuari modu nabarmenean eragiten diotenean enpresatik kanpoko kausa ustekabe, saihestezin eta naturalek (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere). Salbuespen honen barnean egonen da laguntzen onuradunaren heriotza edo gaixotasun larria.

5. Baldin aldaketek berekin badakarte inbertsio proiektuan lortutako puntuazioa aldatzea, halako moduz non ez den iristen diru-laguntza lortu ahal izateko 9.2 oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Eta baldin aldaketek berekin badakarte lortutako laguntzaren intentsitatea aldatzea, 6. oinarriaren arabera, baimenaren ebazpenak beste laguntza-portzentaje berri bat ezarriko du, eta inola ere ez da izanen hasierakoa baino handiagoa.

12. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. 2017ko irailaren 30a izanen da inbertsioa egin izanaren frogagiriak aurkezteko azkeneko eguna, hura barne.

Horretarako, onuradunek ondokoak aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntza fitxen bidez:

a) Ordainketa eskaera eta frogagiriak, aipatutako fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

b) Baldin inbertsioan hornitzailearen hautaketan elementuren bat ez badator bat laguntzak eskatzean aurreikusitakoarekin, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko du onuradunak ordaintzeko aurkeztutako eskaera, eta zehaztuko du zer zenbateko den onargarri. Orobat, honako hau zehaztuko du:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeraren arabera eta hura emateko ebazpenaren arabera.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, behin azterturik ordaintzeko eskaeran jasotzen den gastua noraino den onargarri.

a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa b) letraren arabera finkatutakoa baino handiagoa bada (%10etik gora), b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari penalizazio bat ezarriko zaio. Penalizazioa bi zenbateko horien artekoa adinakoa izanen da, baina ez da laguntza osoa galtzeaz haratago joanen.

Edonola ere, ez da penalizaziorik ezarriko baldin onuradunak frogatzen badu bera ez dela onargarria ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo organo kudeatzailea beste nonbaitetik jabetzen bada onuraduna ez dela horren erantzulea.

3. 6.1 oinarriko k) eta m) letrei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzeko ebazpenean.

4. Halaber, diru-laguntza jaso duen proiektuak puntuaziorik jaso bazuen 9. oinarriko 1.7 irizpidearengatik, egiaztatuko da ea bete ote den. Hala ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, baldin eta proiektuak diruz laguntzeko modukoak izateko behar zen puntuazioa baino gutxiago lortzen badu.

5. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, 13.1.a) oinarriko gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

6. Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, eskura dagoen ereduari jarraituz.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, betebehar hau urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

b) 12. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da diru-laguntzaren xedeko inbertsioa.

c) Nork bere gain hartzea inbertsioen karga finantzarioa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

d) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jardun ekonomikoari loturik eta haren jabetzan mantentzea 3 urtez, enpresa txiki eta ertainaren kasuan, eta 5 urtez enpresa handien kasuan, laguntza ordaintzen den egunetik aurrera.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea, aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen aldatzen bada edo errentan hartzen edo besterentzen badira.

f) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

g) Laguntzaren ebazpenean haren %31 Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren 2014-2020 funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 14. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Laburbilduz, honako hauek:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoa, organo kudeatzaileak frogagiriak egiaztatu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpenean lagundutako inbertsioaren %80tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Diruz laguntzen ahal den inbertsioa lagundutako inbertsioaren %50etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak 2017ko maiatzaren 31 baino lehen jakinarazten badu egin beharreko inbertsioa murriztuko dela. Telematika bidez jakinaraziko du, laguntzen fitxaren bidez.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko eta Inbertsio Funtsen kofinantzaketa.

Deialdi honen laguntzen %31 kofinantzatzen ahal ditu Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF), Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez.

Onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, baita kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketak frogatzen dituen dokumentazioa gorde beharko dute 3 urteko epean, Nafarroako LGENF 2014-2020 Programa Operatiboaren programazioaren epea bukatzen denetik aurrera.

c) Halaber, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web orrian eta azalpen plaka batean esaldi hau ikusgai jarriz (zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa izanez gero):

Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez.

15. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste laguntzekin.

Bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten beste diru-laguntza batzuekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

16. oinarria.–Laguntzen sailkapena.

Laguntza hauek sailkatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan (aktibo fisikoak). Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatuarekin bat, aipatutako informazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.navarra.es.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1606871