112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, arte eszenikoetako eta musikaren arloko ekoizpenerako enpresei eta profesionalei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non proposatzen baita arte eszenikoetako eta musikaren arloko ekoizpenerako enpresei eta profesionalei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, 82.750 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arte eszenikoetako eta musikaren arloko ekoizpenerako enpresei eta profesionalei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Arte eszenikoetako eta musikaren arloko ekoizpenerako enpresendako eta profesionalendako diru-laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Laguntzak emateko, 82.750 euroko gastua baimentzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren “Enpresa eta profesionalentzako laguntzak, arte eszenikoen arloko ekoizpenetarako” izeneko A20002-A2510-4709-334100 kontu-sailaren edo beste kontu-sail baliokide baten kargura.

4. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKAREN ARLOKO EKOIZPENERAKO ENPRESEI ETA PROFESIONALEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2016KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. 2016ko ekitaldian Nafarroako Foru Komunitatean produzituko diren arte eszenikoetako eta musikaren arloko proiektuetarako laguntzak arautzea du xede deialdiak, ikusleentzat interesa duen kalitatezko arte eskaintza anizkoitza eta interesgarriari laguntzeko, Nafarroako Foru Komunitateko enpresen eta profesionalen bitartez.

1.2. Produkzioaren jardueran obra sortzea eta estreinaldia sartuko dira.

1.3. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak 2016ko azaroaren 15a baino lehen estreinatu beharko dira.

1.4. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak.

b) Ondasun-erkidegoak.

c) Nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

d) Merkataritza sozietateak.

e) Nortasun juridikoa duten eta merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten sozietate zibilak.

2.3. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak ere.

2.4. Forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera eta jaioterria edo helbidea Nafarroako Foru Komunitatean behar duten izan, gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik.

3. Deialdiaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 82.750 eurokoa izanen da.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarriarekin bat.

Bestetik, proiektu bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Orobat, aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, diru-laguntzarik eskuratu ez duten onuradunei ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen kopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskalaren kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren estatutuena eta identifikazio fiskalaren kodearena.

b) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a.1, a.2 eta a.3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

4.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.7. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

4.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek kontuan hartuko dira:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio programari.

Langile horien dieta, lojamendu eta joan-etorrien gastuak (kilometrajea, bidesariak eta aparkalekuak edo hegazkin, tren, autobus eta taxi txartelak) (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an onetsi eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17koan, argitaratu zen Erabakian jasotako baldintzekin).

Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, agertokien eta entseguetarako lokalen alokairuak (3 hilabete gehienez), ekipo eta bitarteko materialen alokairuak, talde artistikoaren eta antzezlari taldearen ordainsariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, eta beste batzuk, proiektuaren ekoizpenera eta agerraldi batera bideratuak, ahal dela estreinaldira.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

Finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko.

Salbuespen gisa, bankuko bermeen gastuak diruz laguntzen ahalko dira diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute.

Ez dira inolaz ere diruz lagunduko bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

5.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 puntuan ezarritakoa, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erostekoa.

b) Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

5.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen duen gastuak bakarrik jaso dezake diru-laguntza.

Proiektua eskatzaile batzuek batera eskatzen dutenean, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, onuraduntzat hartuko baitira.

Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta bost aditu, deialdiaren xede diren arloetakoak, bai alde artistikoari bai ekonomikoari dagokienez.

6.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez.

3. Batzordeak, edozein unetan, eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen diren irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko kontu-saila ahitu arte.

5. Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (60 puntu arte).

1.1. Proiektua (35 puntu arte).

–Obraren testua edo gidoia.

–Proiektuaren laburpena (gehienez ere 10 lerro).

–Zuzendaritzaren memoria.

–Proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (helburua, kalitatea, berrikuntza...).

–Proiektuaren garrantzia eta egokitasuna, arte eszenikoen testuinguruan.

–Proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia.

–Proiekzioa.

–Esleitutako aurrekontuko kontu-sailen koherentzia, etab.

–Proiektuaren iraupena.

–Fitxa teknikoa.

1.2. Taldearen osaera eta gaitasuna (10 puntu arte).

1.3. Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio eta publizitate plana (5 puntu).

1.4. Marketin, merkaturatze eta salmenta ekintzak (5 puntu arte).

1.5. Ikusleen irisgarritasuna eta inklusioa laguntzeko ekintzak (5 puntu).

2. Proiektuaren titularraren ibilbidea eta jarduera (10 puntu arte).

a) Enpresa/profesionalaren ibilbidea: entitateak jardueran emandako urte osoen kopurua (2 puntu arte).

10 urtetik gora: 2 puntu.

5 urte baino gehiago eta 9 urte bitarte: 1,5 puntu.

1etik 5 urtera bitarte: puntu bat.

b) Enpresa/profesionalaren jarduera: ekoizpen kopurua, antzezpen-ziklo edo antzezpen garrantzitsuen eta frogatuen kopurua azkeneko hiru urte naturaletan. Puntu bat azken hiru urte naturalean ekoiztutako ikuskizun bakoitzeko, gutxienez ere 35 minutuko iraupena dutela. (8 puntu arte).

3. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (20 puntu).

3.1. Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu onartu osoa kontuan hartuta (5 puntu gehienez).

–%60ra artekoa: 5 puntu.

–%60tik %65 arte: 3 puntu.

–%65etik %70 arte: 2 puntu.

3.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea proiektuaren aurrekontu onartu osoa (BEZa kenduta) kontuan hartuta, diru-laguntza hau gabe.

Hurrengo agiriren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak (Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatuz gero) (10 puntu arte).

%50etik gora: 10 puntu.

%41etik %50 arte: 8 puntu.

%31tik %41 arte: 6 puntu.

%21etik %31 arte: 4 puntu.

%11tik %21 arte: 2 puntu.

3.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia (5 puntu arte).

4. Nafarroako ondarearen zabalkundea eta/edo gaur eguneko egile nafarren sustapena (5 puntu).

5. Euskararen erabilera (5 puntu arte).

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

7.3. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Eskabideek gutxienez 65 puntu lortu beharko dituzte diru-laguntza jasotzeko. 65 puntu horietatik, gutxienez 30 “proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” izeneko atalean lortu beharko dira.

7.4. Zehaztasunik gabe betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenak jakinarazteko, beti baliatuko da Nafarroako Gobernuaren web-orria http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. eta 5.1.b) artikuluetan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere, onuradunak baldintza hauek betetzen baditu:

Helbide fiskala Nafarroan izatea, jarduera artistikoak ohikotasunez garatzea eta aurre-aurreko urtean negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:

–Bigarren sekzioan sartutakoak (jarduera profesionalak), 86 multzoa, 861 eta 862 taldeak.

–Hirugarren sekzioan sartutakoak (jarduera artistikoak), 01, 02 eta 03 multzoak.

Pertsona fisiko batzuek batera aurkezten badute diru-laguntza eskaera, horiek guztiek bete beharko dituzte aipatu baldintzak.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, hurrengo oinarrian ezartzen diren betebeharrez gain, onuradunek hau ere bete beharko dute:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 11.1 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen barrenean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da.

Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

10.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa deskribatzen duen testu bat ezarri.

Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko.

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Argitalpen Atalean kontsultatu daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

10.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta.

Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela (ekoizpenaren estreinaldia eginda) justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa), ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 9an bukatuko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa), ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 9an bukatuko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.3. Salbuespeneko izaeraz.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %25 aurreratuta, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak –proiektuarekin lotutakoak–).

12. Justifikatzeko epeak eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako onuradunek ondotik aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2016ko abenduaren 9 (data hori barne) izanen da.

Dokumentazio hau paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da:

a) Proiektuaren azken memoria, eta horren barnean jantzien, atrezzoaren, eszenografiaren eta luminotekniako diseinuaren argazkiak eta estreinaldiko musikaren kopia bat eta DVDa.

b) Proiektuko ebaluazio txostena.

c) Inprimitutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016an emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak.

Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik.

Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

e) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzaile/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZa, PFEZa eta osoa) eta ordainketaren eguna. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

f) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

g) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko.

12.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuko gastuaren zenbateko osoa jaso beharko dute.

12.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak baditu.

Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

13.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen denean, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu, jaso beharreko zenbatekoa aldatzen ahalko da.

Dena den, diru-laguntzaren ordainketak kontuan hartuko du ezin duela superabita eskuratu.

13.3. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

14. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen txostena.

III. ERANSKINA

Proiektuaren datu ekonomikoak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1606646