112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

Udal ordenantza, produktu fitosanitarioak dauzkaten
zisternak urez betetzeko guneen funtzionamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Monteagudoko Udalak, 2016ko martxoaren 23an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea eta jendaurrean jartzea Monteagudoko Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko guneen funtzionamendua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia argitaratu zen Udaletxeko iragarki oholean eta 2016ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16koan.

Jendaurreko epea iragan da, 2016ko apirilaren 7tik maiatzaren 11ra, inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betikoz onesten da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Monteagudon, 2016ko martxoaren 18an.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

Udal ordenantza, produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko guneen funtzionamendua arautzen duena Monteagudon

I. titulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lege oinarria.

Oro har, ordenantza hau oinarritzen da Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.1 artikuluan. Hartan ezartzen denez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren. Artikulu horren 2.f), h) eta l) ataletan berariaz adierazten da ezen ingurumena babesteko, osasungarritasunerako eta ura hornitzeko eskumenak izanen dituela, hurrenez hurren.

2. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da funtzionamendurako arauak ezartzea produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko guneetarako.

3. artikulua. Kontzeptua.

Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunetzat hartzen da ur biltontzi bat zeina bakarrik erabiltzen den nekazaritzako tratamenduetarako biltontziak edo zisternak betetzeko.

Beraz, debeku dira.

–Produktu fitosanitarioen nahasketak egitea urez betetzeko gunean berean.

–Ekipoak garbitzea eta horien edukia botatzea urez betetzeko gunean.

–Produktu fitosanitarioen ontziak uztea urez betetzeko gunean, zeren hondakin arriskugarrien izaera baitute, eta kudeatu behar baitira Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoa betez (2011ko 181. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 29koa).

–Nekazaritzako lanabesak, traktoreak, autoak edo bestelako ibilgailuak garbitzea urez betetzeko gunean. Xedapen hauetako edozein urratzea, baita Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutako araudia urratzea ere, arau-hauslearen erantzukizuna izanen da.

4. artikulua. Kokagunea.

Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunea Monteagudoko San Antón kalean dago, 5 zenbakiaren parean, behar bezala seinaleztatua eta identifikatua.

II. titulua

Zerbitzuari buruzko arauak

5. artikulua. Zerbitzuaren helburua.

Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunearen helburua da urez hornitzeko zerbitzua ematea udalerriko herritarrei, egoiliarrei edo landa finken jabeei, behar diren nekazaritza-tratamenduak emateko.

6. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

Monteagudoko Udalarena da produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunearen titulartasuna.

7. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia.

Zerbitzuaren ordutegia 24 ordukoa izanen da, etenik gabea, eta, hala, erraztuko da nekazariak komeni zaionean erabili ahal izatea.

Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunea itxi dezake Udalak, baldin, hotza dela eta, izozteak izan badaitezke, hodietan kalteak saiheste aldera.

Ur eskasia edo gabezia baldin badago, Udalak erabaki dezake zerbitzua murriztea edo kentzea.

8. artikulua. Funtzionamendua.

Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunea erabiltzeko, beharrezkoa izanen da Monteagudoko Udalean alta eskatzea, ereduzko inprimakiaren bidez. Inprimaki hori Udaletxean emanen da, bulego orduetan.

Eskatzaileari alta idatziz jakinaraziko zaio, eta, horrekin batean, giltza bat emanen zaio, eta haren erabileraren erantzule izanen da, zerbitzuaren titular den aldetik. Giltzaren titular den nekazariak bakarrik erabiliko du aipatutako giltza, eta bere erantzukizunpean egonen da hura ongi erabiltzea. Ezin izanen da kopiarik egin udal baimenik gabe. Galduz gero, beste giltza bat eskatuko zaio Udalari.

Nekazaritzako tratamenduetarako biltontziak edo zisternak betetzeko da bakar-bakarrik ur biltontzia.

9. artikulua. Erabiltzaileen bajarako baldintzak.

Udalean zerbitzuan baja emateko eskaera idatzirik aurkezten ez bada, giltza itzultzearekin batean, ulertuko da onartutako baimenak automatikoki berritzen direla urtez urte, beste tramiterik gabe.

10. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko tasa.

Udalak tasa bat ezartzen ahal die produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak urez betetzeko gunea erabiltzeko baimena duten erabiltzaileei, eta urteroko ordenantza fiskalean ezarriko da zenbatekoa. Ordenantza horren bidez, orobat, tasaren kobrantza eta kudeaketa arautuko da.

III. titulua

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

Arau-hauste arintzat joko dira:

–Urez betetzeko gunean produktu fitosanitarioen nahasketak egitea.

–Ekipoak garbitzea eta horien edukia botatzea urez betetzeko gunean.

–Produktu fitosanitarioen ontziak uztea urez betetzeko gunean, zeren hondakin arriskugarrien izaera baitute, eta kudeatu behar baitira Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoa betez (2011ko 181. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 29koa).

–Nekazaritzako lanabesak, traktoreak, autoak edo bestelako ibilgailuak garbitzea urez betetzeko gunean.

–Instalazioak kaltetzea, edo ez uztea lehengo kontserbazio-egoera berean.

12. artikulua. Erantzuleak.

Zerbitzua zer giltzarekin erabili zen behar ez bezala, haren titularra izanen da arau-hausteen eta haren ondorioen erantzulea.

13. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 100,00 euroko isunarekin zehatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1606141