Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
21/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2016. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren helburua Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken arloko eskumenak kudeatzea da.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 24/2015 Foru Dekretuaren arabera, eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste: emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu eta sostengatzea. Planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta elkartegintzan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzeko.
2006tik 2010era bitarteko Emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako Nafarroako Foru Komunitateko I. Planaren xedeak eta helburuak indarrean daude, arloko plan berri bat onetsi arte. Planaren berariazko 8. arloan (“Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa”) helburu hauek agertzen dira: “Nafarroako gizartean hedatzea eta sentsibilizatzea emakumeen parte-hartze sozial, politiko eta sindikalak duen garrantziari buruz, benetako berdintasuna lortzeko”; “emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko erakunde politiko eta sindikaletan”; eta “emakumeen presentzia eta parte-hartzea sostengatu eta sustatzea Nafarroako elkartegintzan”.
Orobat, berariazko 6. arloan (“Emakumeak landa eremuan”), helburu hauek ezartzen dira: “Nafarroako gizartean hedatzea eta sentsibilizatzea landa eremuko emakumeen egoerari buruz”; “emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko landa eremuko erakunde politiko, sindikal, profesional eta sozialetan”; eta “emakumeen laneratzea eta emakumeek landako eremuko garapen ekonomikoan egiten dituzten ekarpenak aitortzea”.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen herritartasun osoa garatzeko, bidezkotzat jotzen du Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei laguntza eta baliabide ekonomikoak ematea, 2016. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, 2016. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean biltzen direnak.
3. Ehun eta hogei mila (120.000) euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuaren “Emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzak” izeneko B40001 B4100 4819 232203 kontu-sailaren kargura.
Salbuespenez, eskaera asko aurkezten badira, handitzen ahalko da deialdi honi esleitutako zenbatekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu baten bidez, beste deialdi bat egin gabe.
4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalari igortzea, bai eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 23an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da, 2016. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin ditzaten, oinarriotan ezarritakoarekin bat eta kredituek ezartzen dituzten mugen barruan.
Diru-laguntza hauen helburua emakumeen parte-hartze soziala eta genero berdintasuna gizartearen eta herritarren esparruan sutatzea da.
2. oinarria. Entitate onuradunak.
Deialdi honen onuradun izan daitezke emakumeen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk, 2016. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egiten badituzte eta oinarriotan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3. oinarria. Baldintzak.
Diru-laguntza hauen onuradun izateko, emakumeen elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte.
3.1. Eratua egotea indarra duen legeriaren arabera, nortasun juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatua egotea.
3.2. Jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egitea.
3.3. Estatutuetan berariaz agertzea helburu dutela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea eta, horri lotuta, bere konpromisoa emakumeen egoera hobetzeko.
4. oinarria. Gauzatze epea eta diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.
4.1. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 7ra bitarte gauzatu beharko dira.
4.2. Proiektu hauek diruz lagunduko dira:
4.2.1. Helburu hauek dituen jarduera bat (edo batzuk) garatzen duten proiektuak.
a) Emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu, sostengatu eta dinamizatzea, emakumeen ahalduntzea bultzatuz eta elkartegintzan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatuz.
b) Emakumeen elkarteak eta, oro har, emakumeak ahalduntzeko proiektuak sustatzea, baita elkarteak eta emakumeak gaitzeko proiektuak ere.
c) Nafarroako Foru Komunitateko gizarte eta politika entitateen kudeaketan eta zuzendaritzan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatu eta sendotzea.
d) Ikerketa-, hedapen- eta/edo sentsibilizazio-lana egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, emakumeen eskubideak sustatu eta defendatzeko arloan eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzeko arloan.
e) Prestakuntza ematea, genero ikuspegitik, gai hauetaz: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen ahalduntzea, emakumeen presentzia bizitzaren arlo guztietan edo antzeko gaiak. Bazkideek lehentasuna izanen dute prestakuntza horretan, ezertan galarazi gabe herritar guztiei zuzendua egotea.
f) Emakumeen kontrako indarkeria prebenitu eta ezabatzea.
g) Emakumeen eskubide eta errebindikazioei dagokienez garrantzi bereziko egunak aldarrikatzea (tokikoak, erkidegokoak, naziokoak nahiz nazioartekoak).
h) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko informazio eta sentsibilizazio sozialeko programak egitea, bai eta informazio-bide eta komunikabideetan emakumearen irudi berdintasunezkoa, anitza eta estereotiporik gabea sustatzeko ekintzak ere.
4.2.2. Nafarroan aritzen diren emakumeen elkarteen arteko trukaketa, lankidetza eta topaketaren proiektuak. Emakumeen elkarteen arteko topaketak izanen dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko eremuetan eginen dira, helburu honekin: eremu horretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten emakumeen elkarteen sareak sortu, sustatu eta sendotzea.
4.3. Elkarteek eta entitateek aurreko atalean adierazitako bi proiektu aurkez ditzakete: bat 4.2.1 atalean adierazitako proiektu eta jarduerei lotutakoa; eta beste bat 4.2.2 atalean xedatutakoari lotuta.
4.2.1 atalean adierazitako proiektuetako bat baino gehiagotarako eskaera egiten duten entitate edo elkarteak ez dira onartuko, salbu, organo kudeatzaileak eskatuta, diru-laguntzaren xedeko proiektu bakarra adierazten badute.
4.4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diru-laguntzak soilik erabiliko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, oinarriotan ezarritako epean eginak. Zehazki, gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioa badute:
4.4.1. Zuzeneko gastuak:
a) Laguntza teknikoa (enpresen kontratazioa, profesionalen ordainsariak, joan-etorriak, dietak eta ostatua...).
Enpresa bat kontratatzen bada proiektua garatzeko, enpresak generoaren arloko prestakuntza duten langileak dituela ziurtatu beharko du, eta langile horiek garatu beharko dute proiektua. Enpresak luzatutako ziurtagiri baten bidez frogatuko da prestakuntza. Diruz lagundutako jardueraren %100 azpikontrata daiteke.
Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatuko da hori.
b) Diruz lagundutako jarduerei lotutako argitalpen, publizitate edo hedapen gastuak.
c) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena.
d) Bere burua zaindu ezin duten pertsonak diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean zaintzearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, zaharren zainketa, etab.).
4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Objetiboki, emandako diru-laguntzaren edo, diru-laguntza baino txikiagoa bada, guztira justifikatutako gastuaren %20, gehienez, egozten ahal zaie zeharkako gastuei, kontzeptu hauei lotuta: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argindarra, ura eta telefonoa, betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan egiten den aldikoak badira.
4.5. Diru-laguntza jaso ez dezaketen proiektu, jarduera eta gastuak:
4.5.1. Deialdi honetatik at gelditzen dira proiektu eta jarduera hauek:
a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.
b) Aisia-jarduerak edo ludiko-jostetakoak.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu edo erakunde autonomo batzuek onesten dituzten berariazko deialdien xedeko proiektu eta jarduerak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak.
e) Informatikaren eta teknologia berrien arloko prestakuntza.
4.5.2. Gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko deialdi honetan:
a) Banku-kontuen interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.
5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
5.1. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da gehienez. Beraz, hori da eskatzen ahal den gehieneko zenbatekoa, proiektuak kostu handiagoa badu ere. Zenbateko handiagoa eskatzen bada, ulertuko da eskatzen den zenbatekoa 10.000 euro dela.
5.2. Diru-laguntza modalitate hauen arabera emanen da:
–1. modalitatea: 3.000 euro edo gutxiago eskatzen duten proiektuak: eskatutakoa emanen zaie.
–2. modalitatea: 3.000 euro baino gehiago (10.000 euro gehienez) eskatzen duten proiektuak: portzentaje hauen arabera emanen da diru-laguntza:
91tik 100 puntu bitarte lortzen duten proiektuak: eskatutakoa.
81etik 90 puntu bitarte lortzen duten proiektuak: eskatutakoaren %90.
71tik 80 puntu bitarte lortzen duten proiektuak: eskatutakoaren %80.
61etik 70 puntu bitarte lortzen duten proiektuak: eskatutakoaren %70.
50etik 60 puntu bitarte lortzen duten proiektuak: eskatutakoaren %60.
5.3. Aurrekontuko diru-izendapena aipatutako bi modalitateen artean banatuko da, honela: 90.000 euro gehienez 1. modalitatearen eskaeretarako; eta 30.000 euro gehienez 2. modalitatearen eskaeretarako. Modalitate batean erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatearen kreditura pasatuko da.
Nolanahi ere, aurrekontuan gaitutako diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Ondorio horietarako, entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntza portzentajea esleitzeko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera-irizpidea baita.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Diru-laguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (jatorrizko agiria edo behar bezala konpultsatutako kopia):
a) Eskabidea. Diru-laguntzarako eskabidea ereduaren araberakoa izanen da, nahitaez, eta proiektua (hau ere ereduaren araberakoa) erantsiko zaio. Ereduak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskura daitezke, edo Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan: www.nafarroa.eus.
b) Nortasunaren frogagiriak, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bizitzaren eremu guztietan lortzeko entitateak duen konpromisoa erakusten duten estatutuak eta, hala bada, dagokion erregistroaren inskripzioa.
c) Ziurtagiri eguneratua, elkarteak edo entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzen duena, deialdia argitaratu ondoren luzatua.
d) Elkartearen edo entitatearen ordezkaritza duenak sinatutako aitorpena, elkartearen ordezkaritza organoko kide direnen izenak jakinarazten dituena.
e) Erantzukizuneko aitorpena, elkartearen edo entitatearen ordezkaritza duenak ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:
–Elkarteak ez du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.
–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikori edo edozein entitate pribaturi eskatutako eta/edo haietatik jasotako xede bereko laguntzak edo diru-laguntzak, jada emanak edo oraindik ebatzigabeak, halakorik bada.
–Entitate eskatzaileak ez du diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten duen zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako inhabilitazioa ekartzen duen legezko debekurik ere.
f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
g) Baldin eta aurrerakina eskatzen bada, funtsak diru-laguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoak direla frogatzen duen txostena.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiria Administrazioaren esku badaude, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluarekin bat. Azken kasu horretan, agiria biltzen duen espedientea identifikatu beharko da; bestela, informazio hori eskatuko zaio.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
7.1. Eskaerak ereduaren araberakoak izanen dira, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko erregistroan (Karlos III.aren etorbidea, 36-2. esk. Iruña) aurkeztuko dira, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera telematika bidez aurkezten denean, agiri guztiak eskaneatuta aurkeztuko dira, banan-banan eta izenarekin identifikatuak.
Eskaerak postetxe batean aurkezten direnean, Posta Zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako moduan aurkeztu beharko dira.
7.2. Aurkeztutako agiriak aski ez badira, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. oinarriko 6.1.a) atalean adierazitako dokumentazioa (proiektuaren deskribapena) ezin da inola ere zuzendu.
8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.
8.1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio (Informazioaren, Sentsibilizazioaren eta Partaidetza Sozialaren Atala).
Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuan modalitate bakoitzerako gaitutako diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak.
Aurrekontuko kontu-saila agortzen denean diru-laguntza jaso ahal izateko gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiei erantzun ez bazaie, modalitate bakoitzerako guztira esleitutako zenbatekoa hainbanatuko da.
Modalitate batean diru-laguntza banatu gabe edo aurreikusitako aurrekontua agortu gabe gelditzen bada, soberakina beste modalitatearen aurrekontura pasatuko da.
8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahalko du, eta bidezkotzat jotzen dituen jarduketak egiten ahalko ditu ebazpen proposamena egiteko erabiltzen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, eskaeran emandako dokumentazioa soilik kontuan harturik:
8.3.1. 4.2.1 oinarriari jarraikiz aurkeztutako proiektuen balorazioa.
–Proiektuari buruzko irizpideak (70 puntura arte).
a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea (60 puntura arte).
- Proposamenaren kalitate teknikoa:
- Helburu, neurri, denbora, baliabide ekonomiko eta giza baliabideen eta ebaluazioaren arteko koherentzia (20 puntu).
- Genero ikuspegiaren txertatze maila prozesu osoan (20 puntu).
- Proiektuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen duten entitatearen gainerako proiektu edo jarduerekin duen erlazioa (5 puntu).
Atal hau baloratzeko, proiektuan erantzukizuneko aitorpena sartuko da, irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitatearen arduradunak sinatua, berdintasuna bultzatzen duten entitatearen proiektu eta jarduerak deskribatzen dituena.
- Jarduketen aurreikusitako eragina edo emaitza lurraldean edo udalerrian (5 puntu). 5 puntu emanen dira eragina edo jarduketak Nafarroako Foru Komunitate osorako badira; 3 puntu, eragina lurralde edo udalerri batzuetarako bada; eta puntu bat, eragina tokikoa bada.
- Emakume gazteen parte-hartzea sustatzea elkartean (5 puntu).
- Elkarte edo entitatearen lankidetza emakumeen beste elkarte batzuekin proiektua prestatu eta gauzatzeko (5 puntura arte).
b) Berrikuntzak (helburuei, jarduerei eta metodologiari dagokienez) balioak aldatzeko eta emakumeak ahalduntzeko, eta/edo berrikuntzak sartu eta emaitza onak izan dituzten esperientzien trukaketa (5 puntura arte).
c) Sareko lana beste elkarte batzuekin (5 puntura arte).
–Entitate eskatzaileari buruzko irizpideak (30 puntura arte).
a) Emakumeen elkarte bat izatea (15 puntura arte).
Deialdi honen ondorioetarako, emakumeen elkartetzat hartuko da bazkideen %80tik gora emakumezkoak direnean eta zuzendaritza batzordeko edo elkartearen ordezkaritza duen antzeko organoko lehendakaria emakumezkoa bada.
b) Elkartearen edo entitatearen kokapen geografikoa (5 puntura arte). Biztanle gutxiago duten herrietako entitateek bultzatu eta kudeatutako proiektuek puntu gehiago lortuko dute.
c) Elkarte edo entitatearen esperientzia emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan (7 puntura arte).
Esperientzia egiaztatzeko, elkarteak txosten bat eginen du, entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako bi lan deskribatuta. Txostena 4 orrialdekoa izanen da gehienez. Luzeagoa bada, bakarrik lehenbiziko lau orrialdeak hartuko dira kontuan. Egindako lanen kalitatea, proiektuaren norainokoa eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helbururako ekarpena baloratuko dira.
d) Plantillan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agentea izatea, emakumearen eta gizonen arteko berdintasunaren edo generoaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza eta/edo generoaren edo emakumearen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan gutxienez bi urteko esperientzia duena. Bera izanen da proiektuaren arduradun zuzena (3 puntu).
Prestakuntza eta esperientzia frogatzeko, berdintasuneko agentearen prestakuntzaren ziurtagiriak eta/edo kontratua edo lan bizitza aurkeztuko dira.
8.3.2. 4.2.2 oinarriari lotutako proiektuak.
–Proiektuaren balorazioa:
- Proposamenaren kalitate teknikoa: 60 puntura arte.
- Helburu, neurri, denbora, baliabide ekonomiko eta giza baliabideen eta ebaluazioaren arteko koherentzia (25 puntura arte).
- Genero ikuspegiaren txertatze maila prozesu osoan (20 puntura arte).
- Jarduketen aurreikusitako eragina edo emaitza lurraldean eta udalerrian (5 puntura arte). 5 puntu emanen dira eragina edo jarduketak Nafarroako Foru Komunitate osorako badira; 3 puntu, eragina lurralde edo udalerri batzuetarako bada; eta puntu bat, eragina tokikoa bada.
- 14 eta 30 urte bitarteko emakumezkoen parte-hartzea sustatzea ekitaldiaren antolaketan (10 puntura arte).
- Topaketaren antolaketan edo topaketan parte-hartzen duten elkarteen kopurua (zenbat eta elkarte gehiago antolaketan eta topaketan, orduan eta puntuazio altuagoa): 20 puntura arte.
- Topaketaren kokapena: 20 puntura arte.
- 17.000 biztanletik gorako herri batean: 6 puntu.
- 12.000 eta 17.000 biztanle bitarteko herri batean: 10 puntu.
- 12.000 biztanletik beherako herri batean: 20 puntu.
8.4. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuak ezetsiko dira.
8.5. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposamen bat igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Txosten bat erantsiko zaio proposamenari, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntza hauek jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du diru-laguntzak emateko. 2 hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko azken egunetik hasita, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat. Epe hori iraganik ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, ulertuko da eskaera ukatu egin dela, dagokion errekurtsoa jartzeko aukera ematearen ondorioetarako bakarrik.
9.2. Diru-laguntza emateko ebazpenean datu hauek agertuko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, proiektu bakoitzak jasotako zenbatekoa eta, hala bada, gainerako eskaeren ezespena, arrazoia adierazita.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Nafarroako Gobernuaren Atarian eta Nafarroako Gobernuaren web orrian, jakinarazpenaren ondoko hilabetean, honako hauek adierazita: deialdia, aurrekontuko programa eta kreditua, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.
9.3. Deialdiaren ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
10. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.
10.1. Salbuespenez, aurkeztutako proiektuaren jardueraren bat gauzatzen ahal ez bada, entitate interesdunak Nafarroako Berdintasunerako Institutuari proposatzen ahalko dio beste jarduera bat egitea, diru-laguntzaren helbururako egokitzat jotzen bada.
10.2. Proposatutako aldaketetarako arrazoiak adieraziko dira, eta gauzatzeko aurreikusitako eguna baino 20 egun lehenago aurkeztuko dira gutxienez.
10.3. Oinarriotan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta epeak eta baldintzak justifikatu beharko dira.
10.4. Proposatutako jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko bera izatea.
b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.
10.5. Instrukzio organoak aldaketen salbuespen izaera eta horretarako arrazoiak baloratuko ditu, aldaketak onartu edo ukatzeko.
10.6. Baloratu ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileak aldaketa baimendu edo ukatuko du, ebazpen baten bidez, eta hala badagokio, doikuntza ekonomikoak eginen dira.
11. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
11.1. oro har, diruz lagundutako proiektua bukatu eta gero ordainduko da emandako diru-laguntza, justifikazio dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, diru-laguntzaren aurrerakina eskatzen duten entitateetarako, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da emandako zenbatekoaren %100 aldez aurretik pagatzea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere frogatzen bada funtsak diru-laguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoak direla.
11.2. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, elkarte eta entitate onuradunek diruz lagundutako proiektuaren zenbateko osoa justifikatu beharko dute. Horretarako, 2016ko abenduaren 14an, beranduenez, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan edo Internet web honetan eskura daiteke: www.igualdaddegenero.navarra.es.
Memoriarekin batera, egindako jardueren frogagiriak eta haien ondoriozko produktuak edo hedapen eta publizitate materialak aurkeztuko dira.
–Enpresa bat kontratatu bada proiektua garatzeko, enpresa horren aitorpena, non adierazten baitu generoaren arloko prestakuntza eta esperientzia duten langileak dituela, eta langile horiek proiektua gauzatzearen erantzule zuzenak izan direla.
–Gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda (“Gastuen eredua”).
Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa justifikazio-kontu gisa aurkeztuko dira. Kasu guztietan diruz lagundutako jarduketen aitorpena eta haien kostua agertuko dira, egindako gastu bakoitza zehaztuta. Jatorrizko fakturen eta benetan egindako ordainketaren agirien bidez frogatuko dira. Froga gisa antzeko balioa duten agiriak eta faktura elektronikoak onartuko dira, betiere tributu arloan onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
–Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen edo bestelako zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Diruz lagundutako proiektuan Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen agiria; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundu du diruz”.
–Proiektuagatik beste diru-laguntzaren bat jaso den edo ez espresuki adierazten duen aitorpena, eta jaso baldin bada, zenbat eta nondik hartu den zehaztuta.
11.3. Instrukzio organoak uste badu gastuen eta haiek frogatzen dituzten ordainketen justifikazioa ez dela aski, elkarte edo entitate eskatzaileari eskatuko dio behar diren justifikazio agiriak aurkezteko, hamar egun naturaleko epean. Eskabidean emandako helbide elektronikora bidaliko da eskaera hori.
11.4 Benetako gastuen zenbatekoa justifikatu beharreko zenbatekoa (hau da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontua) baino txikiagoa bada, dagokion zatia itzuliko da, 14. oinarrian xedatutakoa galarazi gabe.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Elkarteek eta entitateek, deialdi honetan araututako diru-laguntzen onuradun direnak, Espainiako, Europar Batasuneko eta nazioarteko beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen beste edozein diru-laguntza edo laguntza jaso ditzakete xede eta helburu bererako. Nolanahi ere, denek batera ezin dute gainditu proiektu bakoitzerako inbertsio edo gastuaren %100.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetako diru-laguntzaren bat jasotzen duten elkarte eta entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoez gain, betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari lotutako edozein gorabehera jakinaraztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, eta idatziz baimena eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak berariaz onartu behar baitu, beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide baten lorpena barru.
c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta diru-laguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea, baita horretarako eskumenak dituen beste edozein erakunderenak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkion informazioa eta agiriak ematea.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jakinaraztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Jakin bezain pronto eginen da jakinarazpena, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
h) Diruz lagundutako proiektuari lotutako idatzizko eta ahozko publizitate, hedapen eta agiri guztietan agertzea Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza.
i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Elkarte eta entitate onuradunek gardentasun-betebeharra gorde beharko dute (Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarri zen betebehar hori). Betebehar hori ez betetzeak foru dekretu horren 7. artikuluan ezarritako ondorioak ekarriko ditu.
14. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.
14.1. Diru-laguntzaren xedeko helburuak bete ondoren inbertitu gabeko gerakinak badaude baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik, diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion finantza etekinak barne, onuradunek Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari eskatzen ahalko diote izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko, oinarri hauei jarraikiz diru-laguntza jasotzen ahal badute eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari bada.
14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzeko baimenerako eskaeran, bukatu edo abiarazi den proiektuaren helburuen luzapena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.
14.3. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio ebaztea, Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposamena egin ondoren, eta gerakina jasoko duen proiekturako diru-laguntza emateko ebazpena aldatuko du, edo gerakina horiek itzultzea erabakiko.
15. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.
Diru-laguntzak emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiez gain (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasoak), foru lege horren 35. artikuluan azaltzen diren kasuetako bat gertatzen bada, jasotako zenbatekoak partez edo guztiz itzuli beharko dira, eta diru-laguntza ordaindu zen egunetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak eskatuko dira.
16. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.
17. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluarekin bat.
18. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F1606446
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
