1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
487E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Irurtzungo udal mugapean aluminioa galdatu eta trefilatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua iraungitzen duena. Instalazioaren titularra Manufacturas Irular SA da.
Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 2.5 epigrafean jasota zegoen. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Hori dela eta, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2381/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion.
Ingurumen zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 514E/2014 Ebazpenaren bidez aldatu zen Ingurumen baimen integratua, aluminiozko txatarra galdatzen duen labea desmuntatzeko eta aluminioa galdatzeko jarduera uzteko. 2015eko maiatzaren 15ean, titularrak aldaketa horren erantzukizuneko aitorpena aurkeztu zuen. Hartara, instalazioa ez dago sailkaturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A edo 2B eranskinetako epigrafeetan, eta, ondorioz, ez dago Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Egun, industria instalazioa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko H) epigrafean dago jasota, eta, ondorioz, jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago, betiere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak txostena egin ondoren.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.
Aurrekoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,
EBATZI DUT:
Lehena.–Ingurumen baimen integratua iraungitzea Irurtzungo udal mugapean aluminioa galdatu eta trefilatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Manufacturas Irular SA da.
Bigarrena.–Udalaren ebazpena eman aurretik, aldeko txostena egitea Irurtzungo udal mugapean, aluminioa trefilatzeko instalaziorako. Instalazioaren titularra Manufacturas Irular SA da.
Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.
Laugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimenaren baliokidea da txosten hori, eta haren eraginak izanen ditu. Baimena Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 26.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz. Isurketak udal kolektoreen sarera bota daitezke, eta ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta unean-unean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.
Bosgarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01804025172004 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak dira. Hondakin arriskutsuen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Seigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Manufacturas Irular SAri, Irurtzungo Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ebroko Ur Konfederazioari, NILSAri eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 3an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web gunean. http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1605572