112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzen deialdi bat onesten duena Nafarroako toki entitateentzat, 2016an proiektuak gara ditzaten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko eta "Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunak" programako jardunbide berritzaile eta transferigarriak garatzeko.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planaren (2006-2010) helburu eta jomugek indarrean jarraitzen dute beste plan bat onetsi arte, eta hartan adierazten denez, "tokiko esparrua da herritarrengatik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena" eta hortaz da "esparru egokienetako bat emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko". Horregatik, Planak atal bat ezartzen du Toki Administrazioko Berdintasun Politikei buruz 1. zeharkako arloan. Atal horren barrenean, "Nafarroako toki entitateen konpromisoa, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekikoa, bultzatu beharra" deklaratzen da, eta "tokiko garapena lehentasuntzat jotzen, planaren ekintza guztiak hara bideratu beharrak izanik".

Halaber, "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak batera eramatea; erantzukizun partekatua" izeneko 7. arlo berariazkoan, 7.3.6 ekintza biltzen da: "Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, batera eramatearen aldeko neurriak har ditzaten lagundu eta sustatzea."

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diru-laguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, foru agindu honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

2016an emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak burutzen dituzten Nafarroako toki entitateak diruz laguntzea du xede deialdi honek. Foru aginduak modalitate desberdinak aurreikusten ditu diru-laguntzarako, beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen baititu; alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat eta, bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Orobat, toki entitateek "Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunak" programako jardunbide berritzaile eta transferigarriak, In-Pactos proiektuaren bidez garatzea da deialdiaren xedea, tokiko ituna duten hainbat lurraldetan aplikatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzen deialdia onestea Nafarroako toki entitateentzat, 2016an proiektuak gara ditzaten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko eta "Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunak" programako jardunbide berritzaile eta transferigarriak garatzeko.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Guztira 281.421,23 euroko gastua baimentzea, honela banatuta gutxi gorabehera:

–231.421,23 euro, 2016ko gastuen aurrekontuko "toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko" izeneko B40001 B4100 4609 232200 kontu-sailaren kargura ordainduko dena.

–50.000 euro, 2016ko gastuen aurrekontuko "toki entitateentzako transferentziak, Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunen garapenerako" izeneko B40001 B4100 4609 232202 kontu-sailaren kargura.

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu bat beharko da, baina ez da beste deialdi bat egin beharko.

4. Foru agindu hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalera eta Nafarroako Berdintasunerako Institutura igortzea, bai eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 13an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko 2016an egiten diren proiektuak gauza ditzaten.

Orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdiak, 2016an "Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunak" izeneko programako jardunbide berritzaile eta transferigarrien proiektuak gara ditzaten In-Pactos proiektuaren bidez.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta diru-laguntzaren modalitateak.

2.1. Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

2.2. Modalitate hauek ezartzen dira diru-laguntzarako:

a) 1. modalitatea: Berdintasuneko Agentea kontratatuta edo plantillan izan eta, kontratazio hori dela eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzarik ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: Berdintasuneko Agentea kontratatuta edo plantillan izan eta, kontratazio hori dela eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: Berdintasuneko Agentea kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

d) 4. modalitatea: Gaur egun Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Ituna duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. Nafarroako toki entitateek hurrengo beharkizunak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1. B mailako Berdintasuneko Agentea kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako.

Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko, non ez den agente nagusiaren lanaldia familiako arrazoiengatik edo genero indarkeriaren biktima izateagatik murriztu; orduan, zilegi izanen baita bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin, lanaldi osoko berdintasuneko agentea izatearen beharkizuna betetzearren. Kasu horretan, diruz laguntzeko proiektu bakar bat beharko dute aurkeztu, eta bi entitateen artean garatu.

2. Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoan 2016rako kontu-sail edo aurrekontu bat esleitua edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko.

3. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo ekintza positiboaren plana edo lanerako urteko plana izatea, Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa.

4. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2016. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

b) 3. modalitatea:

1. Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoan 2016rako kontu-sail edo aurrekontu bat esleitua edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetarako.

2. Eskaera egiten den unean, B mailako eta lanaldi osorako Berdintasuneko Agentea kontratatua edo plantillan ez izatea.

c) 4. modalitatea:

1. Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Ituna izatea.

4 oinarria. Exekuzio epea eta diru-laguntza izan dezaketen proiektuak.

4.1. Diru-laguntzen xede diren proiektuak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 11 bitartean egin beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakar bat aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetan eta, gainera, zilegi dute denek beste proiektu bat aurkeztea 4. modalitatean.

Hurrengo proiektuak diru-laguntzaren xede izanen dira, zer modalitate adierazten den deialdian:

1. eta 2. modalitateak: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, Berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira proiektuak, bai eta "Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arloen arabera ere. Hauek dira esku-hartze arloak:

a) Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b) Zainketa, erantzunkidetasuna, eta eginkizunak bateratzea.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Diru-laguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

–Baldintzak sortzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Azterlanak, ikerlanak, plangintza eta ebaluazioa, generoaren ikuspegia landuz.

3. modalitatea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzera bideratzen diren proiektuak, Berdintasuneko agenterik izan gabe, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, zainketan, erantzunkidetasunean eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiten diharduten toki entitateek aurkeztuak, honako hauek helburu:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

4. modalitatea: Herrian jardunbide berritzaile eta transferigarri hauetakoren bat Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Itunaren bitartez garatzen duten proiektuak:

a) Zaintzaileen ahotsa. Zainketan ageri ez diren kostuak.

b) Kontatzen ez dena ez da existitzen. Zainketak zenbakitan ematea, agerian jartzeko.

c) Zaintzen duten toki entitateak. Zainketaren etika, udalaren antolaketa politikoaren parte.

d) Zainketen balioa jostetan ikasten da.

Jardunbide horien deskripzioa eta edukia hurrengo estekan zehazten da:

https://pactoslocalesweb.wordpress.com/proyecto-in-pactos-innovar-desde-la-etica-del-cuidado-a-traves-de-la-experiencia-de-los-pactos-locales-por-la-conciliacion/

4.3. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

4.3.1 Modalitate guztietako proiektuentzako diru-laguntza hurrengo gastu kontzeptuak bakarrik finantzatzeko izanen da; diru-laguntzaren xedeko jarduerarako gastua izanen da, ez beste ezertarako, eta 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 11 bitarte egindakoa izan beharko du; gainera, zenbatekoek merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dute:

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan, genero berdintasunaren arloan prestakuntza eta esperientzia duten pertsona fisikoak kontratatzeko bakarrik izanen da diru-laguntza, edo enpresak kontratatzeko, frogatuz gero haien talde arduradunak genero berdintasunean prestakuntza eta esperientzia duten pertsonak dituela. Pertsona horiek izanen dira, gainera, hura aurrera eramateko zuzeneko arduradunak. Enpresak emandako ziurtagiriaren bidez edo pertsonen erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da prestakuntza.

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa (jardueraren %100).

b) Txostengileek sorrarazitako ordainsariak, bai eta txostenen ondoriozko joan-etorrien eta ostatuaren dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren materialak argitaratzeko gastuak eta haien publizitatearenak.

d) Lokalak alokatzeko eta ekipamenduen gastua, edo jarduerak garatzeko beharrezko material suntsigarriarena.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

4.3.2 Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den diru-laguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin, hala nola, ura, argia eta telefona, zentzuz dagokion zatian; betiere, behar bezala justifikatuta egon beharko dute eta jarduera gauzatzen den epean egindakoak izan.

4.4. Diruz lagundu ez daitezkeen proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia bere egiten ez duten proiektuak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

c) Lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

d) Aisiako edo jostetako jarduerak bakarrik kontuan hartzen dituzten proiektuak, baina aurrera egin gabe emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen.

e) Beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak, 4.3.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

f) Toki entitatearen beraren zerbitzuak sortu edo finantzatzeko diren proiektuak.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.5. Diru-laguntzetatik kanpo gelditzen diren gastuak.

Ondoko gastu kontzeptuak deialdi honetatik kanpo utziko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.3.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko Berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden guztirako zenbatekoak:

a) 1. modalitatea: 175.000 euro.

b) 2. modalitatea: 22.000 euro

c) 3. modalitatea: 34.421,23 euro.

d) 4. modalitatea: 50.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak.

Diru-laguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe agortuz gero aurrekontuko kontu-saila, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Honako kopuru hauek ezartzen dira diruz laguntzeko proiektu bakoitzeko, zein den ere proiektuan aurkezten den guztirako kostua:

a) Gehienez ere 14.000 euro, Berdintasun agentea izan eta hura kontratatzeko INAIren laguntzarik ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 4.000 euro, Berdintasuneko agentea izan eta hura kontratatzeko INAIren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 4.000 euro, Berdintasuneko agenterik ez duten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez ere 5.000 euro, Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Ituna duten toki entitateen eskaerentzat (4. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da diru-laguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1 1., 2. eta 4. modalitateentzat: 60 puntutik gora lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko kopuruaren %100, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera.

5.3.2. 3. modalitatearentzat, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan lehentasun irizpide gisa, eta portzentaje hauek emanen dira:

–91-100 puntu lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %100.

–81-90 puntu lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %90.

–71-80 puntu lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %80.

–61-70 puntu lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %70.

–40-60 puntu lortzen duten proiektuei eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %60.

5.4. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartu eta 2016. urtean, kontratazio horretarako, INAIren diru-laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen kasuan, elkarrekin aurkezten duten proiektuak 1. modalitatearen araberako diru-laguntza izaten ahalko du, eta proiektuak hainbat ekintza jasotzen ahalko ditu hitzarmena egin duten entitateen artean garatzeko.

5.5. Toki entitateek Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartu, baina hitzarmeneko entitateetako batek egindako kontratazioak bakarrik jasotzen badu 2016an INAIren diru-laguntza, garatu gogo diren bi proiektuk izaten ahalko dute diru-laguntza; horiek 1. modalitatean eta 2. modalitatean aurkeztu beharko dira, eta modalitate bakoitzeko kopuruaren %50 izanen da proiektu bakoitzean lagunduko den gehieneko zenbatekoa, ezarrita dauden gehieneko kopuruen arabera.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea. Eskabide ereduan aurkeztuko da nahitaez, bertan proiektua deskribatuta eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuta, garatu gogo diren jarduera guztiak bereizita daudela; ez du balioko proiektu horren aurrekontu orokorrak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuan zuzenean eskuratzen ahalko da eredua, edo Internet bidez, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, nor aukeratzen den elkartutako entitateen ordezkari izateko, hark sinatu beharko du eskaera. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskabidean.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez gauzatzen bada, haiek 2016rako ezarritako akordioaren kopia.

e) Toki entitatearen eta Berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2016ko kontratuaren kopia, behar bezala konpultsatua.

f) Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, Berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2016. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

6.2. Beharkizun horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, dokumentua zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ez da inoiz zuzenduko proiektua deskribatu eta haren aurrekontua zehazten duen dokumentazioa.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Diru-laguntzarako eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa, ahal dela, Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1718/registro-general-electronico), Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Karloa III.aren etorbidea, 36, 2. eskuina, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 21 egun naturaleko epean.

Eskabideetan posta elektronikoaren helbide bat adieraziko da, hori izanen baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpen bide nagusia.

Posta bulegoaren bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko haiek igorri baino lehen, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan.

7.2. Toki entitateek proiektu bat bakarra aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetan, 5.4 eta 5.5 klausuletan ezarritako berezitasunak salbu.

Gainera, toki entitate guztiek beste proiektu bat aurkezten ahalko dute 4. modalitatean.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapen eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) 1. eta 2. modalitateak. Ondoko irizpideen arabera baloratuko da proiektua; gehienez ere 100 puntu:

–Proiektuaren kalitate teknikoa: Honako hauek puntuatuko dira: helburuen, ekintzen, aurreikusitako denboren, giza baliabideen eta aurrekontuaren arteko koherentzia; generoaren ikuspegia prozesu osoan sartzea; proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa: prozesuaren adierazleak, prozesuaren emaitza eta eragina eta betetze-maila neurtzeko baliabideak. Aurkezten den proiektuak "Udalaren berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentuaren edukiak hartuko ditu kontuan. (55 puntu arte).

–Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera. (15 puntu arte).

–Programatutako jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak, 12. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuta. (10 puntu arte).

–Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek. (10 puntu arte).

–Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: proiektuaren berrikuntza; lurraldean duen eragina; beste lurralde batzuetan txertatzeko aukera. (10 puntu arte).

b) 3.modalitatea. Eskaeren lehentasun hurrenkera balorazioan lortutako puntuazioaren arabera ezarriko da, irizpide hauei jarraikiz:

–Toki entitateak aukera berdintasunarekin duen konpromisoarekin lotutako irizpideak (30 puntu arte), honako plan edo programak jasotzeagatik:

a. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo ekintza positiboaren plana edo genero berdintasunerako lan egitasmoa, "Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentuan oinarrituta (15 puntu).

b. Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Toki Ituna (10 puntu).

c. Berdintasunaren edo emakumearen kontseilua edo batzorde parte-hartzailea (5 puntu).

–Proiektuari lotutako irizpideak (70 puntu):

a. Proiektuaren kalitate teknikoa: helburuen, neurrien, aurreikusitako denboraren, baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen arteko koherentzia; genero ikuspegia prozesu osoan sartzea; haren eragina; proiektuaren lotura toki entitatearen bestelako programa eta jarduketekin. (35 puntu arte).

b. Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera. (15 puntu arte)

c. Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak (10 puntu arte).

d. Proiektuak toki entitatean edo haren eskumeneko lurraldean duen eragina neurtzen duten adierazleak definitzea. (5 puntu)

e. Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: aurkeztutako proiektu edo zerbitzuak izandako berrikuntza, aplikagarri den udalerrian edo lurraldean; proiektu edo zerbitzuak udalerrian edo lurraldean izaniko eragina; proiektua edo zerbitzua beste udalerri edo lurralde batzuetara eramateko gaitasuna. (5 puntu)

c) 4. modalitatea: Ondoko irizpideen arabera baloratuko da proiektua; gehienez ere 100 puntu:

a. Proiektuaren kalitate teknikoa: helburuen, ekintzen, aurreikusitako denboren, giza baliabideen eta aurrekontuaren arteko koherentzia; generoaren ikuspegia prozesu osoan sartzea; proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa: (55 puntu arte).

b Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek. (20 puntu arte).

c. Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera. (15 puntu arte).

d. Jardunbide egokiaren emaitzak zabalduko dituen materiala proiektuari eranstea, 12. oinarrian xedatutakoa kontuan hartuta (10 puntu arte).

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2, eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute diru-laguntzarik izanen.

8.5. Sustapen eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

9.1. Diru-laguntzaren xedeko helburuak bete eta, baliabideen erabilera efizientea izan delako, inbertitu gabeko gerakinak daudenean, toki entitate onuradunek eskaera egiten ahalko dute eman zaizkien zenbatekoak toki entitateak gauzatze bidean dituen antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko, oinarri hauen arabera diruz laguntzeko modukoak badira.

9.2. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak berariaz baimendu beharko du inbertitu gabeko gerakinak inbertitzea, eta 2016ko azaroaren 25a baino lehen beharko da eskatu. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, proiektuaren helburuak nola gehitu diren eta dagokien aurrekontua zehaztuko da.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko bakar-bakarrik.

10.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko da entitate eskatzaileen zerrenda eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak, haiek www.igualdaddegenero.navarra.es web-orrian adierazita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 112005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emanen dio Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, publizitaterako edo/eta informaziorako.

10.3. Deialdiaren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

11. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Salbuespenez, aurkeztutako proiektuan jasotako jardueraren bat egiterik ez bada, toki entitateak beste jarduera bat, diru-laguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

11.2. Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera baino gutxienez 20 egun lehenago. Proiektu aldaketarako baimena eskatzeko, 2016ko azaroaren 25a izanen da azken eguna.

11.3. Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintzak beretan justifikatu beharko dira.

11.4. Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.

11.5. Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

11.6. Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

12. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Diru-laguntzaren ordainketa:

Diru-laguntza ordainduko da behin diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

12.2. Diru-laguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2016ko abenduaren 16an, beranduenez:

–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”), Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskuratzen ahalko dena, edo, Internet bidez, web-orri honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa, toki entitateko Idazkaritzan emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira.

Ziurtagiriari behar bezala egindako fakturak, nominak eta antzeko balioa duten gainerako dokumentuak erantsiko zaizkio, zeinek balio bera izan beharko baitute lege eta merkataritza trafikoan edo eraginkortasun administratibo bera eta egindako ordainketen egiaztapen bera.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa eragimeneko eta ekonomiako irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta/Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad"

–Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak jasoko dituena.

12.3. Organo instruktorearen iritziz, gastuen justifikazioa eta egindako ordainketena nahikoa ez bada haiek egiaztatzeko, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Toki entitateak eskabidean adierazita duen posta elektronikoaren helbidera eginen da errekerimendu hori.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztirako kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa horren arabera txikituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

13. oinarria. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztirakoa ez bada diru-laguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

14. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko; bestetik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berariazko onespena beharko da proiektuan aldaketak egiteko.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, diru-laguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena dela, diru-laguntza ematen dela ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, eta adierazi zertan aplikatu den jasotako funtsa.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion oinarrietan agindutako moduan.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta/Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad" dioen testua idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere.

h) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Onuradunek gardentasunaren betebeharra dute, hau da, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Betebehar hori betetzen ez bada, aipatu foru dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioak etorriko dira.

i) Berdintasunaren edo Emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea, edo 2016an sortzea.

15. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

15.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Dirua itzul dadin eskatzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, Berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada Berdintasuneko agenterik kontratatzen hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

16. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

18. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

ESKABIDE EREDUA

A.–1., 2. edo 3. modalitateak.

Eskabide eredua.

Eskatzen den dokumentazioa.

Deialdian eskatutako beharkizunei buruzko ziurtagiria.

Proiektuaren aurrekontua eta informazioa.

B.–4. modalitatea

Eskabide eredua.

Eskatzen den dokumentazioa.

Ziurtagiria, Lan-bizitza eta Familia Bateragarri egiteko Tokiko Ituna izateari buruzkoa.

Proiektuaren aurrekontua eta informazioa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1606447