1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
586/2016 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak emana, “de minimis” araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko.
Esnearen sektoreak gaur egun duen egoera kritikoak ezinbesteko egiten du zuzeneko laguntzako lerroak taxutzea; besteak beste, “de minimis” laguntzak emateko aukera, zailtasun ekonomikoak dituzten sektoreko ekoizleentzat.
Berriki kendu da eske kuotaren araubidearen sistema, 30 urtez indarrean egon ondoren, eta hori une oso txarrean gertatu da Europako esnearen merkatuan; egoera hori are larriagoa da, Errusiako merkatuak itxi duelako, hirugarren herrialdeen inportazioak jaitsi direlako, ekoizpena aurreko urteetakoa baino handiagoa delako eta barne merkatuaren kontsumoa murriztu delako. Horri esnea biltzeko arazoak dituzten ustiategi batzuen egoera larria gehitzen ahal diogu, behartuta egon baitira ekoizpen kostuen azpitik sinatzera bilketa kontratuen prezioak.
Dena dela, gure erkidegoko ekoizpenaren aniztasuna ikusita, ez da ona laguntza orokor bat ematea jardunean diren ekoizle guztiei, baizik eta saldutako esnearen kontura errentagarritasun txikiagoa jasotzen duten ekoizleengana bideratzea aurrekontuko ahalegina.
Laguntzaren xedeko ekoizleak nor diren zehazteko, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) INFOLAC programako entregen datuak erabiliko dira, bai eta Espainiako Abeltegi Tipikoen Sareko (RENGRATI) errentagarritasun datuak ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanen ditu laguntza horiek, hau da, saldutako litroen araberako ordainketa bakar bat behi-esnearen ekoizleei, ebazpen honetan ezarritako beharkizunak betez gero.
Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak, de minimis araubidekoak, emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onestea, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena.
3. Esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzen 2016ko deialdia onestea.
4 Laguntza hauetarako 120.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko aurrekontu orokorretako “Behi-esnearen ekoizleentzako laguntza” izeneko 710004-71310-4700-412208 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Diru-laguntzetarako deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 26an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA
Esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak, “de minimis” araubidekoak, emateko deialdiaren oinarri arautzaileak
Lehena.–Xedea.
1. Esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak, “de minimis” araubidekoak, emateko deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea du xede ebazpen honek.
2. Ebazpen honen hirugarren oinarrian aurreikusitako beharkizunak betetzen dituzten esnetarako behitegiek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak.
Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa prima bat izanen da, 0,10 eurokoa hain zuzen, 2016ko otsailean eta martxoan entregatzen den litro bakoitzeko, NBEFaren entrega aitorpenaren arabera.
2. Laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako araubidea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa.
3. Edozein onuraduni gehienez ere 15.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.
Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten esnetarako behien ekoizleak izanen dira onuradunak:
a) Abeltegien Erregistro Orokorrean (REGA) inskribatutako ustiategien titularrak, “Ekoizpena eta Ugalketa” ustiategi motakoak. Azpiustiategien mailan, behi aziendaren ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, eta “esnea ekoizteko ugalketa” edo “ekoizpen mistorako ugalketa” deitutako sailkapen zooteknikoa izanen dute.
b) Esne entregak egitea erosleei 2016ko otsailean eta martxoan.
c) Aipatu hilabeteetan gutxieneko errentagarritasun atalasera iritsi ez izatea. Mozkin efektiborako oreka puntuari dagokion zenbatekoa zehaztuta finkatuko da errentagarritasun atalasea.
Mozkin efektiboa lortzeko behar den zenbatekoa da errentagarritasun atalasea, kontuan izan gabe efektiboak ez diren kostuak, ez eta aukera-kostuak ere, MAGRAMAk Espainiako Abeltegi Tipikoen Sareko esnetarako behi-aziendaren hiru abeltegi tipikoei buruz prestatzen dituen boletinetan, zeinetan mozkinak eta produkzio kostuak aztertzen diren, eskura daitezkeen azken datuen arabera (http://www.magrama.gob.es/es/ganaderia/temas/produccion-y-mercados-ganaderos/sectores-ganaderos/red-de-granjas-tipicas/vacuno-lechero/).
Laguntza horiek aplikatzen zaizkien errentagarritasun atalaseak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren web-orrian argitaratzen dira.
2. Onuradunek eguneratuta eduki behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez dute ezer edukiko itzuli gabe diru-laguntza publikoen arloan.
Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.
1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.
3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFK eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.
b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.
Bosgarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:
2.1. Ogibide nagusia nekazaritza duten ustiategien titularren eskaerak (pertsona fisikoa denean, eta lehentasunezko ustiategia, pertsona juridikoa denean).
2.2. Gainerako eskatzaileak.
3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Seigarrena.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, hirugarren arauan ezarri diren baldintzak betetzen dituen eta laugarren arauan aurreikusten diren agiriak ekartzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen-proposamena eginen du.
3. Laguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.
4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.
5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.
6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
2. Onuradunek 2016ko lehen seihilekoan, gutxienez ere, jardunean izan beharko dute abeltegia.
Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharra.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sorrera berriko entitateen kasuan, informazioa entitate horien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamargarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.
2016ko otsailean eta martxoan zenbat litro esne saldu diren egiaztatuta justifikatuko da laguntzen helburua bete ote den. Kontrol administratiboan eginen da egiaztapena, esne erosleak NBEFren INFOLAC programan egiten dituen aitorpenetan oinarrituta.
Hamaikagarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.
Diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez pagatuko da, onartzen den momentuan, eta laguntza emateko Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsitako ebazpenean berean tramitatuko da.
Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.
Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, esnearen sektoreko ekoizleen zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzei dagokien fitxan.
II. ERANSKINA
Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1606544