112. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Batzorde Zentrala sortzen duena.

Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 4ko 1/2010 Foru Aginduaren bidez, sendagaiak zentzuz erabiltzeko aholku batzorde teknikoa sortu zen, Osasun Zuzendaritza Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari aholku emateko farmazia prestazioen eta sendagaien zentzuzko erabileraren arloan. Horrela, batzorde horrek aholku ematen zuen sendagaien arloan garrantzi berezia zuten erabakiei buruz (garrantzi terapeutiko, eragin ekonomiko edo segurtasunarengatik).

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak nabarmenki aldatzen du erakunde horren egitura, eta Farmazia Zuzendariordetza sortzen du, eginkizun hauekin, bertze batzuen artean: zentroetako farmazia komiteak eta batzordeak koordinatzea; eta aholku ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan edo itunduetan erabiltzen eta errezetatzen diren sendagai berrien ebaluazio eta kalifikazio terapeutikoari buruz.

Beraz, Farmazia Zuzendariordetza horrek koordinazio lanak egiten ditu, Eriaren Osasun Laguntzarako Zuzendaritzaren barnean, eta horregatik batzorde berri bat sortu behar da, Farmazia Batzorde Zentrala izenekoa, sendagaiak zentzuz erabiltzeko aholku batzorde teknikoaren ordez, arlo horretan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura eta premia berriei erantzuteko. Sendagai berriak konplexuak dira, eta eragin handia dute aurrekontuan. Horregatik, sendagaien segurtasun eta eraginkortasunean oinarritu behar dira erabakiak.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Farmazia Batzorde Zentrala sortzea.

Farmazia Batzorde Zentrala sortzen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Osasun Laguntzarako Zuzendaritzako Farmazia Zuzendariordetzari atxikia.

2. artikulua. Eginkizunak.

Farmazia Batzorde Zentralak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Elkarlanerako jarraibideak proposatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako esparru guztietako osasun arloko profesionalek sendagaiak eta farmaziako osasun produktuak eraginkortasunez, segurtasunez eta eragimenez errezeta ditzaten.

b) Ospitalean erabili edo diagnostikatu beharreko sendagai berriak sartzeko proposamenek aurrekontuan duten eragina ebaluatzea. Sendagai horiek foru agindu honen eranskineko kategorietakoak dira, eta ospitale ezberdinetako farmazia batzordeek eta batzorde terapeutikoek eginen dituzte proposamenak.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeaketa zuzendaritzari proposamenak egitea honako hauei buruz: ospitalean erabili edo diagnostikatu beharreko sendagai berriak, foru agindu honen eranskinekoak, sartzea; sendagai horien erabilera terapeutiko korporatiboa gauzatzeko modua; eta jarraipen klinikorako eta erantzun terapeutikorako irizpideak, bakoitzaren fitxa teknikoan bildutako jarraibideekin bat.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeaketa zuzendaritzari norbanako baimena proposatzea sendagaiak erabiltzeko, inguruabar kliniko bereziengatik komeni denean.

e) Elkarlanerako jarraibideak proposatzea sendagaiak erabili eta bateratzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako esparru guztien artean.

f) Aholku teknikoak ematea irizpideak ezartzeko, sendagaien eta farmaziako osasun produktuen erosketa bateratuak hobetzearren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroek eskaturik.

g) Sendagaien zentzuzko erabilerarekin lotutako osasun arloko profesionalen prestakuntza jarraiturako programa eta jardueretan aholku ematea.

h) Osasun hezkuntzako neurriak eta jarduerak proposatzea herritarrentzat, sendagaien zentzuzko erabilerarekin lotuak.

i) Sendagaiak zentzuz erabiltzeari lotutako beste edozein eginkizun, bere garrantziagatik batzordeak parte hartu behar badu.

3. artikulua. Osaera.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetzaren titularra izanen da batzordeburua.

2. Honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Farmazia Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren titularra.

b) Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atalaren titularra; batzordeko idazkaria izanen da.

c) Nafarroako Ospitaleguneko Farmazia Zerbitzuaren titularra.

d) Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Farmazia Zerbitzuaren titularra.

e) Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Farmazia Zerbitzuaren titularra.

f) Osasun Mentaleko Zuzendaritzako Farmazia eta Dietetika Atalaren titularra.

g) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularra.

h) Barrutiko bost fakultatibo espezialista, ospitaleko zerbitzu klinikoak ordezkatuz: hiru Nafarroako Ospitalegunekoak, bat Lizarrako Barrutikoa eta bat Tuterako Barrutikoa.

i) Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako fakultatibo bat.

j) Osasun Mentaleko Sareko fakultatibo bat.

3. h), i) eta j) letretan aipatutako pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeaketa zuzendaritzak izendatuko ditu, esparru bakoitzeko kudeatzailetzek proposaturik.

4. artikulua. Aholkularitza.

Bidezko iruditzen zaizkion gai eta uneetan, batzordeak espezialisten laguntza izaten ahalko du.

5. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Bere funtzionamendurako, batzordea ondoko hauek agintzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoetarako agertzen diren jarraibideek.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 4ko 1/2010 Foru Agindua (Sendagaiak zentzuz erabiltzeko aholku batzorde teknikoa eratzen duena), eta foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 11n.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA

Farmazia Batzorde Zentralak aztertu beharreko sendagaiak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu baino lehen

–Sendagaien Europako Agentziaren baldintzapeko onarpena duten sendagaiak.

–Sendagai umezurtzak.

–Arriskuak kudeatzeko programa bat duten sendagai onartuak, jarraipen berezia behar badute segurtasun arrazoiengatik.

–Aurrekontuan eragin handia duten sendagaiak, bereziki jatorri bioteknologikoa dutenak.

Iragarkiaren kodea: F1605967