3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
EBROKO UR KONFEDERAZIOA
Ebroko Ur Konfederazioko buruaren ebazpena, Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2016ko tarifa onestekoa
Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan (apirilaren 11ko 1986/1986 Errege Dekretua, 1986ko 103. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 30ean) eta ur konfederazioen lehendakaritzen mendeko egitura organikoa zehazten duen uztailaren 28ko 984/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ebroko Ur Konfederazioko Zuzendaritza Teknikoko 3. Ustiapen Zerbitzuak Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2015eko tarifaren kalkulua eta azterlan teknikoa eta ekonomikoa egin zituen, eta azken horretan 15. Ustiapen Batzordeak parte hartu zuen (2015eko martxoaren 12ko bilkura).
Hori guztia ikusirik, Ur Konfederazio honetako Zuzendaritza Teknikoak, 2016ko martxoaren 31n, Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2016ko tarifaren proposamena onetsi zuen, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortzeko eta proposamena jendaurrean jartzeko.
Horretarako, 2016ko apirilaren 18an eta 21ean Zaragozako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu zen iragarki bat, Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2016ko tarifa jasotzen duen balio proposamen hau hamabost egun baliodunetan jendaurrean jartzeko erabakiari buruzkoa:
A) Nekazaritzako erabiltzaileek 29,6964116941 euroko tarifa ordainduko dute hektareako.
Obra multzoak amortizatzen 25 urte eman dituzten 63.232,57 hektareei 229.494,57 euroko zenbatekoa kenduko zaie kontzeptu horrengatik.
B) Hornidura eta industria erabileretako erabiltzaileek 0,0185602573 euroko tarifa ordainduko dute metro kubikoko.
C) Aprobetxamendu hidroelektrikoetako erabiltzaileek 0,0074241029 euroko tarifa ordainduko dute kilowatt-orduko.
Iragarkia argitaratu zenetik aipatutako epea iragan delarik erreklamaziorik aurkeztu gabe, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan (apirilaren 11ko 1986/1986 Errege Dekretua) eta Uren Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.d) eta 30.e) artikuluen eta Uraren Administrazio Publikoaren Erregelamendua eta Ur Plangintza onetsi zuen uztailaren 29ko 927/1988 Errege Dekretuaren 33.2.i) artikuluaren bidez emandako eskumenaz baliatuz, burutza honek erabaki du Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2016ko tarifa onestea, jendaurrean jarritako proposamenarekin bat.
Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 313. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen hau ekonomiko administratiboa da eta, beraz, haren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, hautazkoa, edo erreklamazio ekonomiko administratiboa; erreklamazioaren kasuan Aragoiko Auzitegi Ekonomiko Administratibora igorriko da. Aurkaratzeko bi bideak ezin dira aldi berean erabili. Bi errekurtsoak Ebroko Ur Konfederazioan aurkeztu beharko dira, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo hilabetean, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 222., 223., 225., 229. eta 235. artikuluetan ezarritakoaz baliatuz.
Zaragozan, 2016ko maiatzaren 20an.–Idazkari nagusia, M.ª Dolores Pascual Vallés.
Iragarkiaren kodea: E1606452