111. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko maiatzaren 18an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordea sortzen duena.

Genero zeharkakotasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Europako agendaren lehentasunetako bat da. Europako zuzentarauak Espainiako araudietara ekarri ondoren, genero berdintasunaren arloko politika publikoaren aurrerapenek inflexio-puntu bat izan zuten Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin. Lege organiko horrek erakundeen esku-hartzea bermatzen duen arau esparru bat finkatzen du, genero berdintasuna maila eta jarduketa-eremu guztietan aktiboki sustatuz.

Nafarroako Gobernuak, bereziki Nafarroako Berdintasunerako Institutua sortu zenetik (1995), pauso handiak eman ditu norabide horretan. Legearen aldetik, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legea nabarmentzen da. Esparru horretan, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak beharrezkotzat jotzen du genero zeharkakotasunaren estrategia aplikatzea.

Lege aldaketa horietan, planteamendu berri bat dago berdintasun politiken aplikazio praktikoan, genero zeharkakotasunaren estrategian oinarri duena. Horren ondorioz, generoaren dimentsioa edozein jardueratan txertatu behar da, kudeaketa publikoaren fase eta maila guztietan.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planak indarrean jarraitzen du, arlo horretako beste plan bat prestatu arte. Instituzio publikoei lotutako berariazko helburuetako bat da tresnak eskaintzea genero ikuspegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren politiken diseinu eta kudeaketan sartzeko, eta departamentuak inplikatzea neurriak abian jar ditzaten, bakoitzak bere eskumeneko arloetan. Bestetik, administrazio publikoei dagozkien berariazko helburuak betetzeko, ekintzetako bat da berdintasun politiketarako unitate administratibo funtzionalak sortzea.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bere estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hau dagokio, bertze batzuen artean: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Horretarako, bere eginkizuna da, bertze batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan generoaren ikuspegia sar dadin bultzatzea, maila eta fase guztietan.

Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Gobernuak konpromisoa hartu zuen berdintasunerako unitateak eta haien arteko koordinaziorako mekanismoak bultzatzeko. 2009an hasi zen lan horren ondorioz, Genero Zeharkakotasuna Nafarroako Foru Administrazioan ezartzeko Orientabideak egin ziren, Departamentuarteko Mahai Teknikoak onetsiak.

Orientabide horietan honako hau aipatzen da: “berdintasunerako unitateen ardura da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa Nafarroako administrazio publikotik sortzen diren egintza, arau eta politika guztietan txertatzea; izan ere, unitate horien helburu nagusia aipatutako printzipio hori Foru Komunitateko politika publikoetan txerta dadin bultzatu eta bermatzea da”.

Antolaketaren aldetik, genero berdintasunerako unitateak dagokien departamentuaren mende egonen dira organikoki eta funtzionalki, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin koordinatuko dira etengabe. Erantzukizun maila hirukoitza behar dute: kontsulta eta aholkularitza maila (zuzendaritza nagusiak), erabakitzeko maila teknikoa (Departamentuarteko Mahai Teknikoa/zerbitzuetako zuzendaritzak) eta maila operatiboa (Talde Teknikoa).

Kontsulta eta aholkularitza mailarako, Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordea sortu behar da, Nafarroako Gobernuaren jarduketak koordinatzeko eta estrategia Nafarroako Foru Komunitateko politika publikoetan txerta dadin bultzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordea sortzea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordeari kontsulta, aholkularitza eta plangintza maila dagokio, urteko lehentasunak eta helburuak ezartzeko, Nafarroako Gobernuak helburu honekin hartutako ildo estrategiak abiapuntu hartuta: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioaren zeharkakotasuna txerta dadin bultzatu eta bermatzea.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko araudia bete dadin.

b) Genero berdintasunerako politikak bultzatzea, lehentasunak, helburuak eta neurriak ezarriz emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunak aurrera egin dezan, departamentu bakoitzak bere eskumeneko esparruan.

c) Estrategia garatzeko jarraibideak planifikatu eta zehaztea, berdintasunerako urteko programaren proposamena onetsiz.

d) Berdintasunerako urteko programa proposatzea Nafarroako Gobernuari, horrek onets dezan.

e) Berdintasunerako urteko programa eta genero zeharkakotasuna txertatzeko estrategia garatzeko behar diren baliabideak aztertu eta onestea, arreta berezia jarriz prestakuntza beharren detekzioan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan.

f) Berdintasunerako programaren ebaluazioa eta jarraipena egitea, bai eta genero zeharkakotasuna txertatzeko estrategia orokorra abian jartzearena ere.

g) Esleitzen ahal zaion beste edozein zeregin, aipatu helburuak betetzen direla bermatzeko.

4. Kudeaketa zuzendaritzen edo zuzendaritza nagusien titular batzuek osatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordea, betiere haien lan esparrua estrategikoa bada emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan txertatzea. Zehazki, hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua:

Genero berdintasunaren arloko eskumenak esleituak dituen Departamentuaren titularra izanen da batzordeburua.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen ordezkariak izanen dira batzordekideak:

b.1) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

b.2) Eskubide Sozialetako Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

b.3) Garapen Ekonomikorako Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b.4) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b.5) Hezkuntza Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b.6) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

b.7) Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Justizia Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Barne Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b.8) Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua ordezkatzen duten batzordekideak:

–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

b.9) Osasun Departamentua ordezkatzen duten ordezkariak:

–Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzaren titularra izanen da idazkaria.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordeak urtean bitan eginen du bilkura arrunta; eta, batzordeburuak deituta, bilera bereziak eginen ditu, batzordeburuak berak edo batzordekide batek eskatzen duenean.

Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin eta bere erabakiek balio izan dezaten, gutxienez batzordeburuak, idazkariak eta batzordekideen erdiak parte hartu behar dute.

Erabakiak batzordekideen gehiengoz hartuko dira.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Departamentuarteko Batzordeak laguntza teknikoa izanen du bere eginkizunak garatzeko. Mahai Teknikoak eta Foru Komunitateko Administrazioaren Genero Berdintasunerako Unitateetako Talde Teknikoak emanen dute laguntza hori.

7. Erabaki hau interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1606295