111. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Testu bategina, Udalaren baratze sozial eta ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantzarena

Lekunberriko Udalak, 2013ko maiatzaren 22an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lekunberriko Udalaren baratze sozial eta ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza horri zenbait aldaketa egin zaizkio, 2014ko otsailaren 26ko, 2014ko apirilaren 30eko eta 2015eko azaroaren 26ko erabakien bidez, eta orain aipatutako ordenantzaren testu bategina argitaratzen da.

Lekunberrin, 2016ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Natalia Azcona Mendia.

ORDENANTZA, LEKUNBERRIKO UDALAREN BARATZE SOZIAL ETA EKOLOGIKOEN KONTZESIOA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Lekunberriko Udalak bere zenbait lurzati udalerriko bizilagunen eskura jarri nahi ditu, baratze sozial modura erabil ditzaten.

Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.

Ordenantza honen xedea da Udalaren zenbait lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea.

Era berean, ordenantza honekin herritarren eskari bati erantzun eta nekazaritza jasangarria bultzatu nahi da.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Lekunberriko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Behin-behinean baratze sozial modura erabiliko diren Lekunberriko Udalaren jabetzako lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

1. Lekunberriko Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.

2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren (etxolak, kontagailuak, sarbidea, hesiak, barne bideak) kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

3. Udal zerbitzu teknikoa, udaltzaingoa, edo Udalak horretarako izendatutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

Definizioak:

Erabiltzailea.–Lizentziaren titularra edo esleipenduna. Pertsona fisikoa, zeinarentzat eratzen baita lagatako ondasuna erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea. Kasu honetan, baratze soziala lagatzearen onuraduna.

Elementu amankomunak. Baratzeak dauden udal lurzatiko elementu naturalak edo elementu paratuak, baliagarri direnak jabe batentzat edo gehiagorentzat edo denentzat batera: ateak, pasabideak, hesiak, hodiak, mugatzeko piboteak, ur kontagailuak, etxolak, etab.

Erantzukizuna.–Baratzearen erabiltzaile guztiek duten erantzukizuna, banaka eta erabiltzen duten lurraren zatiari dagokionez.

Baratze soziala.–Lursail banakatua. Haren gainean eratzen da erabiltzaileak duen eskubidea erabiltzeko eta ondasuna gozatzeko eta aprobetxatzeko.

Familia unitatea.–Etxebizitza berberean egitatez eta zuzenbidez elkarrekin bizi diren pertsonak.

II. KAPITULUA

Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

4. artikulua. Baratzeen erabileraren kontzesioa.

a) Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

a.1) Lekunberriko udalerrian gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea.

a.2) Udalerrian egiazki eta era jarraituan bizitzea, gutxienez ere bederatzi hilabete urtean.

a.3) Aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.

b) Gutxi gorabehera 110 m²-ko lurzatiak izanen dira.

c) Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du. Lurzatiak soberan gelditzen direnean baizik ez da bigarren lurzati bat esleituko.

d) Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

e) Baratzeen erabilera, dena den, prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesio aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Lekunberriko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.

5. artikulua. Kontzesioa emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta kontzesioa erabakiko duen organoa.

Lekunberriko udalerrian gutxienez 2 urtez erroldatuta daraman edonork egiten ahalko du eskaera. Baratzeen erabilera kontzesio horretarako osatuko den zerrendari jarraikiz eginen da, eta lehentasuna izanen dute honako egoeran daudela frogatzen dutenek, betiere ondoko lehentasun hurrenkerarekin bat:

a) Langabezian egonik, familia-kargak dituztenak eta beste diru-sarrerarik ez.

b) Lana izan arren, familia-kargak dituztenak eta 12.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta urtean.

c) Langabezian daudenak.

d) Erretirodunak edo pentsiodunak, 12.000 euroko edo gutxiagoko errenta dutenak urtean.

Gainerako eskatzaileak zerrendan jarriko lirateke, baldin eta eskariak gehiago balira eskura dauden baratzeak baino, eta esleipena zozketaz eginen litzateke. Hala ez bada, eskaeraren aurkezpenaren ordena kronologikoari begiratuko zaio.

Eskabideak aurkezteko epea irekiko du Alkatetzak, baratzeak irizpide horien arabera lehenbizikoz esleitzeko. Lehen esleipen horretatik aurrera, zerrenda etengabe egonen da zabalik. Aurreko zerrendan adierazitako baldintza ekonomikoen arabera, gizarte bazterketan dauden pertsonek lehentasuna izanen lukete zerrendan sartzen diren edozein unetan.

Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta kontzesio hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez argitaratuko da.

Hutsik dauden baratzeak banakakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, Udalak onetsitako zerrendan sarturiko pertsonak badaude.

6. artikulua. Baratzeen erabilera.

a) Eman zaion lursaila baratzetako soilik erabil dezake erabiltzaileak.

b) Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.

c) Debeku da baratzetara kanpoko jendea sartzea, lizentziaren titularraren baimenik ez badu. Halaber, sartzea debeku da baldin lizentziari uko egin bazaio edo errebokatu bada, uko egiteak edo errebokatzeak eragina duen unean berean.

d) Lagatako instalazioak zaindu behar dira, jasotako baldintza berberetan mantendu, eta behar den kontua izan behar da. Lurzatia garbi egonen da uneoro.

e) Erabiltzeko uzten diren ondasunak ongi begiratu eta zaindu behar dira (etxolak, kontagailuak). Udalari komunikatu beharko zaio edozein inguruabar, ondorioak dituena baratze edo instalazioetan, beste erabiltzaileek edo hirugarrenek eraginak.

f) Ezin da zuhaitzik landatu.

g) Debeku da abereak sartzea baratzeen gunean, eta animaliak baratzeetan egotea, zaintzea, haztea edo ustiatzea, salbu loturik.

h) Debeku da arras txabolarik edo bestelako eraikinik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2,2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Kutxa hori jartzeko, udal zerbitzuen oniritzia beharko da, eta 3. eranskinean agertzen den ereduari jarraitu. Betiere, zurezko edo antzeko estaldura eduki beharko du.

Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, besteak beste, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, berotegiak, simaur pilak edo antzekoak. Baimenduta dago konpost-ontziak jartzea.

i) Udalak izendatutako langileek, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aitzinetik gaztigatzea.

j) Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan kontrakoa edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.

7. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea.

a) Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.

b) Baratze baten eta beste baten artean hodiak jar daitezke, batez ere lursailetatik soberako ura ateratzeko, eta, horretaz gain, lurzatiak mugatzeko.

c) Baratzeetako lur-zatiak zabalik egonen dira eta udal baimenik ez badago ezin izanen dira itxi.

d) Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbidea (hesia, ateak, barneko bideak...) egoki zaintzeaz eta erabiltzeaz, eta Udala da mantentzearen erantzulea.

8. artikulua. Titulartasunen eskualdatzea.

a) Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere beste inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, beste pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa besterik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.

Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Udalaren esku utzi beharko du.

b) Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

a) Lurraren aprobetxamendua eta/edo erabilera urtebeterako (martxotik martxora) emanen da, urte bakoitzeko martxoaren 31ra arte, eta gehienez ere 10 urtez luzatu ahal izanen da. Urte sail hori iragandakoan, inork aprobetxamenduarekin jarraitzeko borondateari eusten badio, honela jokatuko da:

a.–Erabili gabeko baratzerik bada, eskatuz gero baratze berean jarraitzeko kontzesioa emanen zaio, berritik hastean jartzen diren baldintza beretan.

b.–Baratze hutsik gelditzen ez bada, baina itxaron-zerrendan inor ez badago, aurreko atalean azaldu bezala jokatuko da.

c.–Baratze hutsik gelditzen ez bada, eta itxaron-zerrendan jendea badago, itxaron-zerrendan sartuko da.

Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira kontzesioa edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.

10. artikulua. Fidantza eta kanona.

20,00 euroko (hogei euro) fidantza ezarri da, ondasunak zuzen erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla segurtatzeko.

Kanonari dagokionez, honako hau ezartzen da:

–Baratze bat aprobetxatzen bada, kanona 50,00, euro urteko izatea.

–Bi baratze aprobetxatzen badira, kanona 70,00, euro urteko izatea.

–Hiru baratze aprobetxatzen badira, kanona 100,00, euro urteko izatea.

11. artikulua. Guztionak diren instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.

a) Kontzesioaren titularrek batzorde bat izendatuko dute Udalarekiko harremanetarako.

b) Era berean, mantentze-lanen eta instalazioen funtzionamenduaren, txukuntasunaren eta segurtasun zuzenaren erantzule solidarioak izanen dira.

c) Debekatuta dago instalazioen barrenean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuen eremua etab.) lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea, salbu aparkatzea berariaz baimenduta dagoen tokietan (motoak, quad-ak...).

e) Landa-bideetatik, edo baratzeetara joateko bideetatik, lau gurpileko ibilgailu arinak (Baimendutako Gehieneko Pisua < 2 t) baizik ez dira pasatzen ahalko zamalanak egiteko.

12. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

Ezin izanen da putzurik ireki ez eta errekastotik ura mekanikoki hartu ere.

Udalak ura lortzeko guneak edo sistemak ezarriko ditu, kontagailudunak. Kontsumoek ordainarazpenak sorraraziko dituzte, behar diren ordenantza fiskaletan aurreikusitakoak.

Nolanahi ere, ureztatzeko ura eskuzko bitartekoen bidez baizik ez da lortuko.

13. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa.

a) Udalak baratzezaintza ekologikoa sustatuko du interesdunei prestakuntza eskainiz eta egokitzat jotzen dituen bestelako neurrien bidez.

b) Baratzeen erabiltzaile guztiek Udalak alde horretatik pixkana-pixkana ezar ditzakeen baldintzak bete beharko dituzte; konparaziorako, zuhaixka jakin batzuk landatzea, laborantza jakin batzuk egitea, substantzia berriak gehitzea, ongarri naturalak erabiltzea, herbizida eta produktu fitosanitarioen erabilera galaraztea etab.

14. artikulua. Guztionak diren eremuen ikuskapena.

a) Instalazio guztiak, banaka nahiz taldeka erabiltzekoak, ikuskatzera joan daitezke, noiznahi, horretarako izendatutako udal langileak, egiaztatzeko ea araudia behar bezala betetzen ote den. Hortaz, Udalak horretarako eskumena izanen du eta erabiltzaileak ezin izanen dio, inolaz ere, ikuskapenari kontra egin.

III. KAPITULUA

Erantzukizunak

15. artikulua. Kalte-ordainak.

Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalte egiten duten lagun guztiek kalte-ordaina eman beharko dute, bidezko diren isunez aparte.

Leku edo instalazio horietan egindako kalte-galeren zenbatekoa Lekunberriko Udalak zehaztuko du. Balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean azalduko da kalte-ordainei buruzko erabakia, eta adieraziko dira eragindako kalte eta galerak.

Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan bete behar dira; errekurtsoa aurkeztu arren, aurkaratutako egintza ez da geldiaraziko, salbu organo eskudunak kontrakoa agintzen badu, betiere antolamendu juridikoari jarraikiz.

Kalte-ordaina adierazitako epearen barrenean ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidez ordainaraziko du.

Era berean, hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzukizuna izanen du.

16. artikulua. Kalteak konpontzea presako egoeretan.

Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako bestelako arrazoiengatik, kalte-galeren zuzentzea ezin bada atzeratu, berehala zuzendu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatu gero kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aitzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.

17. artikulua. Bestelako erantzukizunak.

Jatorrizko egoerara itzultzea.

Esleipendunari eman bezala itzuliko dira baratzeak, eta lurra ez da nabarmen aldaturik egonen, kanpotik ekarritako lurrekin.

Instalazioak kaltetzen badira, ohiko erabilerak ekarriko lukeena baino gehiago, baratzearen erabileraren titularrek konpondu edo lehengoratu beharko dituzte.

Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta ordaina eskatzeko espediente administratiboen tramitazioa eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa ematen ez den bitartean. Eginbide judizialik irekitzen bada, tokiko administrazioa alderdi gisa aurkeztu beharko da haietan, dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko. Horretarako, aitzineko 15. artikuluan (Kalte-ordainak) aipatu den ebaluazioa aurkeztu beharko du.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

18. artikulua. Arau-hausteak.

1. Egitate hauek kargu hartzea eta/edo kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute:

a) Baratzearen instalazioak eta bere sarbideak ez zaintzea.

b) Baratzea ixtea.

c) Ibilgailuak baimendu gabeko tokietan aparkatzea.

d) Ur hartze mekanikoak egitea ureztaketarako.

e) Baratzezaintza jasangarrirako Udalak ezarritako baldintzak ez betetzea.

f) Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.

g) Baimendu baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.

2. Egitate hauek, berriz, kontzesioa baliogabetzeaz gain, berekin ekarriko dute fidantzaren galera eta, halakorik bada, egindako kaltea zuzentzea:

a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.

b) Baratzeari atxikitako udal ondasunei kalte egitea edo horiek ebastea.

c) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

d) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

e) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.

g) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.

h) Kontzesioak irauten duen bitartean kontrako bi ikuskapen-txosten izatea.

i) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.

j) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak kontzesio baliogabetzea erabaki badu.

k) Egintza batengatik kargu hartu ondoan, berriz horretan erortzea.

l) A atalean bildutako edozein errekerimendu aipatu epean betetzeari uko egitea.

19. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a) 18.1 artikuluan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; egindako kaltearen balioaren halako bost eta halako hamar artean ordainduko beharko da, hain zuzen. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

b) 18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek kontzesio baliogabetzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.

c) Kontzesioa baliogabetu zaien familia unitateek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.

20. artikulua. Prozedura administratiboa.

a) Udal organo eskudunei dagokie halako kontzesio bat baliogabetu daitekeela, edo hala badagokio, kontzesio behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.

b) Udaltzaingoak edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

V. KAPITULUA

Kontzesioaren amaiera

21. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak.

Aurreko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

a) Kontzesioaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.

b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.

d) Lekunberriko Biztanleen Udal Erroldan baja ematea.

e) Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.

f) Halaber, Ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren B) atalean ezarritako eran.

Kontzesioa amaitzeak izanen dituen ondorioak indarra duen legerian eta ordenantza honen 4. artikuluan ezarrita daude.

Iragarkiaren kodea: L1605866