2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GENEVILLA
Genevillako udalerrian etxeak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
2016ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, otsailaren 5ean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Udalak, 2016ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, eta han ziren guztiak bat etorrita, erabaki du behin betiko onestea Genevillako udalerrian etxeak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen, hitzez hitz:
Xedea
1. artikulua. Genevillako udalerrian etxeak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzea du xede ordenantza honek, azken urteotako despopulazioaren aurkako neurri gisa eta Genevillako herriguneko etxebizitzen etengabeko hondatzea galarazteko.
Babesteko moduko jarduketak
2. artikulua. Genevillako Udalak laguntzak emanen dizkie erroldatze baldintzak betetzen dituzten biztanleei, aurrekontuko mugen barrenean, etxebizitzen zaharberritze, birgaitze, sendotze edo eraikitze lanak egiten badituzte eta egungo ustiapen osagarrietan handitze, hobetze edo obra berrien lanak egiten badituzte eta baita botatzeagatik ere.
Laguntzak jasotzeko, hurrengo artikuluetan azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.
Onuradunek bete beharreko baldintzak
3. artikulua. Laguntza jasotzeko hurrengo baldintzak bete beharko dira:
A.–Genevillako Udalaren erroldan gutxieneko antzinatasunaren justifikazioa: hiru urte, laguntza eskatzen den egunetik kontatzen hasita.
B.–Laguntzaren eskatzailea lanen sustatzailea izatea eta Udal honek ezarritako zergen ordainketa eguneratuta edukitzea.
C.–Zein higiezinetan egiten diren obrak, haren titular izatea frogatzea.
Dokumentazioa
4. artikulua. Laguntza jasotzeko, eskatzaileak hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu:
A.–Laguntza-eskabidea.
B.–Beharrezko udal-lizentziak.
C.–Dokumentazio teknikoa: egiten den jarduketaren arabera, ikus-onetsitako proiektua, memoria baloratua, obra bukaerako ziurtagiria, egindako inbertsioa frogatzen duten ordainagiriak edo Udalaren oniritzia, zein den kasua.
D.–Udalaren Plan Orokorrean eskatzen den gainerako dokumentazio osagarria.
E.–EIOZ eta tasak ordaindu izana frogatzen duen ziurtagiria.
F.–Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzea.
Baztertzeak
5. artikulua. Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
A.–Jabeak ekarritako materialak, agiri bidezko frogabide normalizatua ez badute.
B.–Etxe berria egiteagatik laguntza jaso dutenek ezingo dute, hamar urteko epean, zaharberritzeko, birgaitzeko edo eraberritzeko laguntzarik eskatu.
Laguntzen zenbatekoa
6. artikulua. Laguntza hauek emanen zaizkio frogatutako inbertsioari:
Zaharberritze, birgaitze, sendotze edo eraikitze lanak egiteagatik eta egungo ustiapen osagarrietan handitze, hobetze edo obra berrien lanak egiteagatik eta baita botatzeagatik ere, inbertsioa hiru mila euro (3.000 euro) baino gehiagokoa bada, EIOZaren %40ko laguntza emanen da.
Ekitaldi ekonomikoren batean aurrekontuko kontu-saila aski ez bada eskaerei erantzuteko, ordenantza honetan hasiera batean aurreikusitako zenbatekoen barnean, doitu eginen da diru-laguntzen zenbatekoa, ekitaldi honetarako aurrekontuetan ezarritako kopurua eskaeren artean hainbanatuz.
Halaber, aurreko lerroaldean aipatu egoera gertatzen bada, Udalak egokia iruditzen zaion kopurua gehitzen ahalko dio aurrekontuko kontu-sailari, beharrezkotzat jotzen badu eta bere egoera ekonomikoak hori aholkatzen badio.
Bete beharreko baldintzak, laguntzak emateko
7. artikulua. Aurreko artikuluetan eskatutakoaz gain, laguntzak tramitatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Udalean, zein urtetan bukatu den inbertsioa, urte hartan, edo hurrengo urteko abenduaren 31 baino lehen. Gainera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
A.–Eskabidea.
B.–Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritakoa.
C.–Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.
D.–Legeak ezartzen duenetan, higiezina lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskuratu beharko da.
E.–Kasu guztietan idatziz jakinaraziko da obren bukaera, Udalaren zerbitzu teknikoek obrak eskatutakoarekin bat datozela baiezta dezaten eta diruz laguntzeko moduko obra den ikus dezaten.
Betebeharrak
8. artikulua. Udalak edozein unetan eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar eguneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu dokumentazioa aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da.
Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, hura itzuli egin beharko da.
Laguntzen zenbatekoa
9. artikulua. Laguntzak kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko:
A.–Laguntzen eskatzaileak jasaten duen BEZa.
B.–EIOZa.
Laguntzen kontzesioa
10. artikulua. Ekarritako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak, osoko bilkuran, diru-laguntza onartu eta hura ordaintzeko erabakia hartuko du.
Araubide juridikoa
11. artikulua. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.
Indarra hartzea
12. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.
Genevillan, 2016ko maiatzaren 13an, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: L1605987