109. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena 2016an aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta haiek finkatzeko.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, bere estatutuen arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; plan horren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horretan jasotzen da beharrezkoa dela Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan, eta Berdintasunerako udal planen prestaketa eta onespena bultzatzea, non Foru Planaren proposamenak zehaztuko diren, toki entitate bakoitzaren beharren eta egoeraren arabera, laguntzarako eta lankidetzarako baliabideak ezartzearekin batera. Ildo horretan, planaren 1.8.5 ekintzak aurreikusten du berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babestea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak toki administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diru-laguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, foru agindu honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeagatik diru-laguntza ematea du xede deialdi honek.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian eman eta bultza daitezen. Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babesteak, lanbide profil hori finkatzea eragin beharko luke tokiko administrazioetan. Horregatik, ulertu behar da diru-laguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, betiere aurrekontuan horretarako krediturik badago.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2016an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, aukera berdintasuneko agente lanpostuak sortu eta finkatze aldera.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean jasotzen direnak, hain zuzen.

3. Guztira, 100.578,77 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko" izeneko B40001 B4100 4609 232200 kontu-sailaren kargura.

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu bat beharko da, baina ez da beste deialdi bat egin beharko.

4. Foru agindu hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalera eta Nafarroako Berdintasunerako Institutura igortzea, bai eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 3an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, aukera berdintasuneko agentearen lanbide profila sortu eta eta finkatze aldera.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Beharkizunak.

3.1. Toki entitateek beharkizun hauek beharko dituzte bete:

1. Biztanle kopurua:

a) 6.000 biztanletik gorako toki entitateak edo beharkizun hori betetzeko asmoz akordioak sinatzen dituzten toki entitateen batasunak. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du parteen artean eta, hartan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

b) 6.000 biztanletik gorako mankomunitateak eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako sortzen direnak, maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan zehazten den gizarte zerbitzuen lurralde egiturari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen eskualdeak ezartzen ditu.

2. Langile bat, B mailakoa eta lanaldi osorako, berdintasuneko agente gisa kontratatua izatea eta aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuak gertatu gabe; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

3. Diruz laguntzen den aldian, berdintasun gaietako edo emakumeen alorreko zinegotzigo, batzorde edo berdintasun alorra izatea bere egitura organikoan edo haietan eskumenak dituena.

4. Aurrekontuko kontu-sailak edo diru-izendapenak izatea alorrean edo zinegotzigoan, kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

5. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo ekintza positiboaren plana edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, "Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentuan oinarrituta.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da Osoko Bilkuraren, Gobernu Batzordearen edo toki entitateko organo eskudunaren akordio bat aurkeztuz gero, non onesten baita 2016ko urtean hasiko dela berdintasun plana edo urteko plana prestatzen, "Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentua oinarri hartuta.

6. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2016. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

3.2. Toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin biztanle kopuruaren beharkizuna eta lanaldi osoarena betetzeko.

Kasu horretan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. idatz-zatiarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira batasuneko kide bakoitzak hartutako konpromisoak eta horietako bakoitzeko aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, entitate onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

Horrez gain, entitate sinatzaileen artean zein toki entitatek egiten duen kontratazioa adierazi beharko da.

Orobat, toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu kontratazioa diruz laguntzeko gehieneko epea, baterako parte-hartzea onartuko da deialdi honetan, baina kontratazioaren gehieneko epea gainditzen ez duen toki entitateari dagokion kontratazioak bakarrik izanen du diru-laguntza.

4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta horiek gauzatzeko epea.

Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du diru-laguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da diru-laguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, familiako arrazoiengatik edo genero indarkeriaren biktima izateagatik, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioak diru-laguntza izanen du bi lagunek lanaldi osoa betetzen badute.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren.

Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa batasuneko entitateen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu.

c) Berdintasuneko agenteak altan egon beharko du, berdintasuna sustatu eta bultzatzeko jarduera eginez. Aldi baterako ezintasunean edo amatasunagatiko bajan egonez gero, gehienez ere hiru hilabetez emanen da diru-laguntza agente titularraren kontratazioaren kosturako, aldi baterako ezintasuna edo amatasuneko baja hasten denetik. Orobat, lanaldi osorako eta B mailarekin kontratatzeko baldintzak betetzen diren aldiro, ordezkoaren kontratazioak diru-laguntza izanen du ordezpen horrek dirauen bitartean.

Aldi baterako ezintasun batean ordezkorik jartzen ez bada, agente titularrak lanean emandako hilabeteak ordainduko dira.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2016ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko. Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

e) Lehenbizikoz kontratatzen bada, lanpostuak ere lehenbizikoz agertu beharko du entitatearen plantilla organikoan, edo beste lanpostu bat betetzeko egiten den kontratazioa izan beharko du.

f) Berdintasuneko agentea hautatzeko, Nafarroako Toki Entitateentzako araudian langileak kontratatzeko ezarritako edozein sistema erabil dezake toki entitateak, edo, bestela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako hautapen prozesutik abiatuta prestatzen den berdintasuneko agenteen zerrenda, kontratazioa egiten denean indarra duena.

h) Toki entitate eskatzaileak berdintasuneko agente bat baino gehiago baditu, ezin izanen du bigarren kontratazio baterako diru-laguntzaren onuradun izan, b) atalean xedatutakoa salbu.

4.3. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

2016an Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata finantzatzeko izanen da diru-laguntza, bai eta Gizarte Segurantzarako enpresaburuaren kuota ere, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

4.4. Diru-laguntzetatik kanpo gelditzen diren gastuak.

Kontratudunari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainek ez dute inoiz diru-laguntzarik izanen.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) 2016an, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileei aplikatzen zaien hasierako soldata eta Gizarte Segurantzarako enpresaburuaren kuota hartu dira erreferentzia gisa.

b) Aurreko atalaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, diru-laguntzaren portzentaje hauek aplikatuko dira urtea eta hasierako kontratazioan egindako hobekuntzak kontutan hartuta:

–Kontratazioko lehen eta bigarren urteak, %75.

–Kontratazioko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, %60.

–Kontratazioko zazpigarren urtea, %50, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Toki entitate batek, kontratazioari eusteko, beste toki entitate batekin hitzarmena egiten badu, entitate bakoitzari dagokion diru-laguntzaren portzentajea aplikatuko zaio eskaerari, oinarri honen beraren b) atalaren arabera. Batasuneko entitateek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean ematen den denboraren arabera.

d) Toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu kontratazioa diruz laguntzeko gehieneko epea, diruz laguntzen den epea agortua ez duen toki entitateari dagokion kontratazioa hartuko da kontuan.

e) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion portzentajeak aplikatuko dira diru-laguntza kalkulatzeko.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, horretarako diseinatutako ereduan aurkeztu beharko dena nahitaez; Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Baturik aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko beharkizunak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haiek 2016rako ezarritako akordioaren kopia.

e) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2016ko kontratuaren kopia, behar bezala konpultsatua. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

f) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

6.2. Beharkizun horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, dokumentua zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

Diru-laguntzarako eskabideak, ahal dela, Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Nafarroako Berdintasunerako Institutuan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean.

Eskabideetan posta elektronikoaren helbide bat adieraziko da, hori izanen baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpen bide nagusia.

Posta bulegoaren bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko haiek igorri baino lehen, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapen eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Lehentasun hurrenkera ezartzeko, hasteko deialdi honen aurretik egindako kontratazioei emanen zaie lehentasuna, eta horien artean antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

Kontratazioko lehenengo urteko eskaeretan, biztanleria handieneko toki entitateen eskaerak lehenetsiz ezarriko da lehentasun hurrenkera.

8.4. Sustapen eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du diru-laguntzei buruzko ebazpena eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko bakar-bakarrik.

9.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko da entitate eskatzaileen zerrenda eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak, www.inigualdaddegenero.navarra.es Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, bai eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluarekin bat ere.

9.3. Onuradunek, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean aurkeztu beharko dute 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan adierazitako informazioa, NABIri zuzendua, eta entitatearen legezko ordezkariak sinatu beharko du aurkezten den dokumentua; horretarako, telematika erabiliko da, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Toki entitate onuradunek gardentasunerako betebeharra bete behar ez badute, Foru Dekretuaren 3. artikuluko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuko da, eta urtebetez egonen da eskura.

Betebehar hori betetzen ez bada, aipatu foru dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioak etorriko dira.

9.4. Deialdiaren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Diru-laguntzaren ordainketa:

Diru-laguntzaren ordainketa honela eginen da:

–Lehen ordainketa, berdintasuneko agentea urteko lehen 6 hilabetean kontratatzearen ondoriozko kostuak edo, zein den kasua, 2016ko ekainaren 30a arteko kontratazioaren ondoriozkoak; aldez aurretik, toki entitateko Idazkaritzak emandako ereduaren araberako ziurtagiria eta 10.2 atalean adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dira. Lehen ordainketaren frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abuztuaren 12an bukatuko da.

–Bigarren ordainketa, kontratazioaren azken 6 hilabeteei dagokiena, edo kontratazio osoari, toki entitateak ordainketa bakarraren alde egin badu; aldez aurretik, toki entitateko Idazkaritzak emandako ereduaren araberako ziurtagiria eta 10.2 atalean adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dira. Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 31n bukatuko da.

10.2. Diru-laguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2016ko abuztuaren 12an, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2016ko lehenengo seihilekoan zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

–Kontratazio kostuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

–Dokumentu bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta".

–Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak jasoko dituena. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

b) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2016ko abenduaren 31n, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2016. urtean zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Kontratazioaren guztirako gastuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

–Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta".

–Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak jasoko dituena. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

10.3. Organo instruktorearen iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Toki entitateak eskabidean adierazita duen posta elektronikoaren helbidera eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagiriek justifikatzen duten diru kopurua emandako laguntza baino txikiagoa bada, proportzioan gutxituko da diru-laguntzaren zenbatekoa; betiere, erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen bada.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, betiere horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, betiere, guztien artean diru-laguntzen deialdi honen xedeko kontratazio kostuaren %100 gainditzen ez bada.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea, deialdiaren helburua bete dadin.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero diru-laguntzaren onuradun diren toki entitateetako teknikarientzat, foru agindu honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xedeko kontratazioa dela-eta sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea egin daitekeen edozein aldaketarako.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, diru-laguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena dela, diru-laguntza ematen dela ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, eta adierazi zertan aplikatu den jasotako funtsa.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundua" dioen testua idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere.

i) Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea; izan ere, entitate onuradunek gardentasunaren betebeharra dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Betebehar hori betetzen ez bada, aipatu foru dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioak etorriko dira.

13. oinarria. Jasotakoa itzuli beharra.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Dirua itzultzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, kontratazioa bukatu eta berdintasuneko agenterik kontratatzen ez ba hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1606313