Iragarkia
109. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERA
Animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantza (40.h artikulua) aldatzea. Behin betiko onespena
Berako Udalak, 2016ko martxoaren 10eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantza (40.h artikulua) aldatzea. Onespenaren erabakia 2016ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 6an.
Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Beran, 2016ko maiatzaren 27an.–Alkatea, Josu Iratzoki Agirre.
ERANSKINA
BERAKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEA ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak
1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Berako udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.
Udal esparruko xedapen orokor honen oinarriak dira, batez ere, Animaliak Babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea, Arriskutsu gerta daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta berau garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua. Orobat, osasun, segurtasun eta ingurumen arloan aplikatzen den araudia.
2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskugarriak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta bizilekuan behar diren higiene-baldintzak betetzen badira.
Animalien inguruko merkataritzako produkzio edo zerbitzuen jarduerek ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete eta Udalaren nahitaezko baimena izan beharko dute, eta ondotik nahitaezkotzat jotzen diren zuzenketak aplikatu beharko dituzte; udal zerbitzu teknikoek noiznahi ikuskatzen ahal dute.
3. artikulua. Oro har, debekatuta daude azienden ustiategiak eta edozein azienda edo animalia haztea eta ukuiluan izatea hirigintzako sailkapen arauetan hirilurra den eremuan.
Halaber, debekatua dago, oro har, errentako animaliak, hau da, jabeari ondasunak produzitzen dizkioten animaliak eduki edo zaintzea.
4. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean abeltegiak ezartzeko baimena eskuratu nahi baldin bada, ingurumena babesteko jarduera sailkatuen araudiari atxikiko zaio haren tramitazioa, eta betiere, arlo horretan indarra duen arautegiak kasu bakoitzerako zehazten duenaren arabera.
Abeltzaintzako ustiategi horiek Estatuan eta Foru Komunitatean jarduera horien gaineko araudian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, betiere garbitasun eta higiene egoera onean mantenduko dira, eta aldizka nahiz agintaritza eskudunak hala manatzen duenean, garbitzeko, desinfektatzeko eta intsektuak nahiz arratoiak hiltzeko jarduketak eginen dira. Halaber, sortutako hondakinak egunero bildu eta botako dira.
5. artikulua. Udal agintaritzak manatzen ahal du aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten animaliak bildu eta berak adieraziko duen tokira eramateko.
6. artikulua. 1. Edozein animaliaren jabeek eritasun zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeko arauak bete beharko dituzte, eta behartuak daude udal agintaritzak osasun arloan ezarriko dituen eskakizun guztiak betetzera.
2. Animaliendako klinika eta sendagileek zoonosiaren agerraldiaren berri baldin badute, Nafarroako Gobernuaren agintari eskudunek ezarritako osasun eginbeharrak beteko dituzte eta, ahalik agudoena, udal agintariei haren berri emanen diete.
7. artikulua. Debekatuta dago animaliei tratu txarra ematea edo laidoztatzea. Haragitako animaliak hiltzeko, abeltzaintzako mugimenduaren gaineko xedapenak eta, betiere, animaliak babesteko araudia bete beharko dira.
8. artikulua. Debekatua dago eta, hortaz, udal agintaritza eskudunak zehatuko du, animaliak abandonatzea eta abandonaturik dauden animaliei jatera ematea.
Agintariek eta herritarrek jakiten badute udal mugapean animalia abandonaturik badela, udal zerbitzuei jakinarazi beharko diete.
II. KAPITULUA
Lagun egiteko animaliei aplikatu beharreko berariazko araudia
9. artikulua. Ordenantza hau aplikatzetik sortzen diren ondorioetarako, “laguntasuneko animalia” da gizakiarekin bizi dena, harengandik irabaziak ateratzeko asmorik gabe.
10. artikulua. Lagun egiteko animaliak dituztenena da haiek uneoro zaintzeko erantzukizuna. Etxebizitzetatik at libre ibiltzen diren lagun egiteko animaliak abandonatutzat hartuko dira eta udal zerbitzuek biltzen ahalko dituzte. Udal agintaritzak haiekin zer egin erabakiko du, jabeek, harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean, erreklamatzen ez badituzte. Epe hori iragandakoan, ez dago ez erreklamatzeko ez kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, eta bidezko zehapen administratiboa aplikatuko da.
11. artikulua. Debekatua dago animaliak honako toki hauetan sartzea: jakiak fabrikatu, prestatu, bildu edo saltzen diren lokaletan eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuetan; kirol nahiz kultur ikuskizun publikoak egiten diren tokietan; erabilera publikoko igerilekuetan; gizakiendako osasun etxe eta ikastetxeetan. Eraikinetako igogailuetan, berriz, sartzen ahal dira, baina animaliak daramatzaten erabiltzaileak eta ez daramatenak elkartzen badira, azken hauek igogailuan aurrenak eta bakarrik joateko eskubidea izanen dute. Animaliak daramatzatenek igogailua garbitu beharko dute, erabili ondotik beharrezkoa baldin bada.
Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.
Debeku eta lehentasun hauetatik salbuetsiak daude ikusmen eskasia duten pertsonekin joaten diren zakur gidariak.
12. artikulua. Eritasun kutsagarri baten aztarnak baldin badira eta lagun egiteko animalia batek pertsona edo animalia bati ausiki egiten badio, osasun ikuskaritzako zerbitzuei eta udal zerbitzuei jakinaraziko zaie.
13. artikulua. Udal zerbitzuek pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak egin edo behin eta berriz haiek gogaitzen dituzten animaliak bahituko dituzte, baita honako arau hauek lehenegotik hautsi dituztenak ere, fakultatibo eskudunaren ikuskapenarekin.
Lagun egiteko animalia batek, arriskugarri gerta daitezkeenen artean hasiera batez sailkatua ez izan arren, beste animalia bati edota pertsona bati eraso egiten badio, titularra behartua dago arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzera, eta 5 eguneko epea izanen du horretarako. Halaber, horrelakoak edukitzeko arautegi berariazkoa betetzera. Bestela, animalia bahituko da eta Udalaren esku geldituko.
Zakur ausikigilearen jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik daude animalia eurekin edukitzera, albaitaritza zerbitzu eskudunek zehazten dituzten denbora eta baldintzetan.
Debeku da horiek udal mugape guztian abandonatzea, bai eremu irekietan bai finketan edota toki itxietan.
14. artikulua. Udal mugapean hiltzen diren animaliak, haien tamaina egokia baldin bada, material irazgaitzezko poltsetan sartu eta, haiek itxi ondotik, hiri hondakin solidoak biltzeaz arduratzen diren zerbitzuei emanen zaizkie, hondakinak kudeatzeko ordenantzetan ezarritakoaren arabera. Ordenantza honen 4. artikuluak aipatzen dituen abeltzaintzako ustiategietan hiltzen diren animaliak kentzeko, lerroalde honetan ezarritakoari jarraikiko zaio edo abeltzaintzako ustiategiek bete beharreko osasun, higiene eta ingurumenaren alorretako baldintzak ezartzen dituen araudiari.
Debekatua dago artikulu honetan aipatutakoez besteko baliabiderik erabiltzea animalia hilak abandonatu edo kentzeko.
III. KAPITULUA
Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia
15. artikulua. Zakurrei ere aplikatuko zaizkie animaliei aplikatzen zaizkien arau orokorrak eta, zehazkiago, lagun egiteko animalien gainekoak.
16. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugapean bizi diren zakur guztiak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren edo helbidearen gaineko edozein gorabehera, baja edo alta gertatzen bada, jabeak erakunde eskudunei jakinarazi behar die dena delakoa, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.
Erroldan sartzeko, legezko arauetan ezarritako epean eta baliabideekin identifikatuko dira zakurrak.
17. artikulua. Udal mugapean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasi eta berritua.
Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko txerto eta tratamendu guziak paratzea.
Zakurrak identifikatu eta haiei txertoak paratzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria, eta haren berri Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.
18. artikulua. Bide publikoan ibiltzeko baino ez dute baimenik izanen zakurrek, behar bezala identifikatuta eta txertatuta daudela. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.
Lehenago eraso egin duten zakurrek edo aldez aurretik arriskugarri gerta daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.
Debeku da animaliak zirkulatzea edo egotea haurrendako jolastokietan, ikastetxeetako patioetan eta haurzaindegietan.
Agintaritza eskuduneko agenteek salatu eginen dute zakurrak ez badabiltza baldintza hauetan eta ordenantza honen gainerakoan ezarritakoetan, bai eta zakurrak bildu eta gorde ere, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.
19. artikulua. Aurreko artikuluak dioena aplikatuta bildutako zakurrak udaltzainek identifikatuko dituzte eta jakinaraziko diote jabeari, zeinek 72 orduko epea izanen baitu zakurra erreklamatzeko.
Jabeek erreklamatu gabeko zakurrak edo identifikatu ezin daitezkeenak, udal zerbitzuek, lehenbizi, udaltzainei eman edo salaketa egin zuen pertsonari eskainiko dizkiote, eta bigarrenez animalia hauek biltzeko zentroei.
Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak zakurraren jabeak ordaindu beharko ditu.
20. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada edo berdeguneetan, eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.
Zakurraren gidaria behartua dago haren gorozkiak bildu, eraman eta botatzera. Horretarako etxeetarako zabor biltontziak edo Udalak paratuko dituen tokiak erabiliko ditu. Zikindutako tokia garbitzea jabearen kargura dago.
Agintaritzako agenteek zakurren jabeei edo gidariei eskatuko diete kaka biltzeko, eta eskatutakoari kasu egin ezean, behar den zehapena ezarriko diete.
21. artikulua. Espresuki debekatu da animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten uztea.
22. artikulua. Atari zakurrak libre uzten ahalko dira jabetza partikularreko esparruetan bakarrik, baldin eta eremu publikotik behar bezala hesituta badaude, alegia, kanpora ateratzea ezinezkoa dutela, eta jabea beharturik dago babestutako esparru horren sarbide guztietan seinaleak paratzera, argi ikusteko lekuan eta irakurtzeko moduan, zakurra bertan dela ohartarazteko, 2. artikuluan aipatzen diren eragozpenak inola ere gerta ez daitezen.
23. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bestelako lekuetan zakurrak sartzea.
Halaberean, debeku da norberaren balkoiak, terrazak etab. erabiltzea, baldin eta gorozki eta hondakinen bidez handik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo eremu publikoa.
24. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gidazakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.
Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko seinale ofizial berezia.
Gidazakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.
Ikusmen urriko pertsona arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gidazakurraren egoera ona egiaztatzen duen agiria.
IV. KAPITULUA
Etxeko animaliei lotutako jarduerak
25. artikulua. Hauek dira lagun egiteko animaliei lotutako jarduerak, ordenantza honen arabera bete beharrekoak: haztegiak, gordelekuak, saldu-erosteko dendak, apaindegiak, kontsultategiak, animaliendako klinika eta ospitaleak eta hilerriak, eta aipatu horietako batzuekin batera egiten diren jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.
Jarduera hauek, baimenari, funtzionamenduari eta ikuskapenei dagokienez, jarduera sailkatuen gainean indarrean dagoen araudiari atxikirik daude, gainerako xedapen aplikagarriak betetzea deusetan ukatu gabe.
Lizentziak ikusteko moduan egon beharko du jarduera egiten den tokian.
26. artikulua. Jarduera lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak ezarritakoa ezertan ukitu gabe, nahitaezko baldintza da eskabideari txosten bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:
a) Jardueraren deskribapena eta non egiten den.
b) Titularraren izena, helbidea eta telefonoa.
c) Zuzendaritza Teknikoko arduradunaren izena, helbidea eta telefonoa.
d) Eskaini gogo dituen zerbitzuak.
e) Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa, eta bertako planoak.
f) Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.
g) Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak, baita animaliak garraiatzeko ibilgailuak ere, halakorik balitz.
h) Animalien haztegiak, zaindegiak eta salerosketako jarduerak direnean, kontratu-agiri bat eskatuko da, jardueraren eskatzaileak eta Foru Komunitatean diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik dago beste albaitari bat kontratatzera, hamabost eguneko epearen barnean, eta hala egin duela Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraztera.
27. artikulua. Jarduera hauek merkataritzako lokalei aplikatzen zaizkien baldintza higieniko-sanitarioak betetzeaz gainera, ondoko hauek ere bete beharko dituzte:
a) Horretarako bakarrik prestatutako eraikin bakartuetan kokatuko dira, saldu-erosteko jarduerak, apainketa zerbitzuak eta animaliendako kontsultategiak edo klinikak izan ezik, horiek behe solairu hutseko lokaletan bakarrik kokatzen ahal baitira.
b) Egoitzetako lurzoru eta paretetako materialak, erabilera administratiboa besterik ez duten geletakoak salbu, gogorrak, irazgaitzak eta garbitzeko zein desinfektatzeko errazak izanen dira.
c) Lurzoru eta pareten elkarguneak borobilduak edo biselatuak izanen dira. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek behar den drenajea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.
d) Jendeak edateko ura, beroa eta hotza, eta aireztapen sistema egokia eta nahikoa izanen dituzte.
e) Aldizka, garbiketa eta desinfekzio lanak eta insektuak eta arratoiak hiltzekoak eginen dira, bai instalazioetan bai tresna eta ibilgailuetan. Horiek sistematikoki eta aldizka eginen dira, betiere jardueraren beharren arabera. Urtean behin bederen, lokalean intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak eginen ditu ofizialki baimenduta dagoen enpresa batek.
f) Udalaren baimenean lokal horietan batera egon daitezkeen animalien gehieneko kopurua agertuko da, zein den lokalaren edukia.
g) Beheko solairuetako lokalek behar bezalako intsonorizazioa izanen dute, indarrean den araudiari jarraituz.
h) Jardueraren ondorioz sortzen diren hondakin solidoak egunero bildu eta eramanen dira, hondakin solidoak kudeatzeko ordenantzak ezarri bezalaxe.
i) Jardueretan arriskugarri gerta daitezkeen animaliak badaude, animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.
j) Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.
k) Edozein eritasun zoonosiko sortuz gero, berehala jakinaraziko zaio Udalean eskumena duen osasun agintaritzari.
28. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.
Jarduera horietan erregistro liburua izan beharko dute eta bertan honako hauek zehaztuko dira: animalien espeziea eta arraza, etorkia, inportazio baimena, sarrera eta irteera datak, animalien zertarakoa, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.
Zenbait gela izanen dituzte, honako hauetarako gutxienez: umatzeko gela, ugaltzeko gela, ariketak egiteko leku irekia eta egoteko tokia.
29. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.
Jarduera horietan erregistro liburua izan beharko dute eta bertan honako hauek zehaztuko dira: animalien espeziea eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izena eta helbidea, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.
Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako gutxienez: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.
Establezimenduan animaliarik onartzeko, haren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik.
30. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.
Lokalak erakuslekua izan beharko du eta hotz-beroa erregulatzeko modua.
Jarduera horietan erregistro liburua izan beharko dute eta bertan honako hauek zehaztuko dira: animalien etorkia, espeziea eta arraza, haien adina eta sexua, sarrera eta irteera datak, erostunaren izena eta helbidea, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere. Haztegietatik zuzenean ez datozen animaliak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.
Animaliak saltzen direnean erostunari egiaztagiri bat emanen zaio, eta hartan zehaztuko dira animaliaren arraza, adina eta etorkia, baita osasun agiriak ere, behar direnean.
31. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak. Lanerako tresna egokiak izan beharko dituzte, baita ur hotza eta beroa ere.
32. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.
Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek, gutxienez:
–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.
–Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela, instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.
–Ospitaleak: klinikarako bidezkoak direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.
33. artikulua. Hilotzak edo hildako animalien hondarrak lurperatzeko zerbitzua ematen duten instalazioak edo eremuak dira animalien hilerriak.
Haien kokapena hirigintzako planeamendurako arauei egokituko zaie eta urak hartuko ez dituen drainatze errazeko lurretan paratuko dira.
Hozkailuak edo izozkailuak izanen dituzte, hilotzak edo hondarrak lurperatu bitartean gordetzeko.
Lurperatzea zuzenean lurrean egiten baldin bada, kare biziko ohatze bat prestatuko da, hilotza edo hondarrak haren gainean utzi eta, berriz ere, kare biziz estaliko dira, hori dena lur azaletik 65 cm-tara bederen.
V. KAPITULUA
Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk
34. artikulua. Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.
35. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, lokal itxietan nahiz aire zabalean izan, Udalaren lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera tramitatuko da.
Aipatu lizentzia emateko, eta kontuan hartu gabe jarduera sailkatuen erregelamenduan agindutakoa, beharrezkoa da ordenantza honetako 26.eta 27. artikuluetan zehaztutako baldintzak betetzea.
36. artikulua. Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.
Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Jardueraren deskribapena eta non egiten den.
–Helbide soziala eta eskatzailearen IFZ.
–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.
–Jarduera zenbat luzatuko den.
–Animalien kopurua eta espezieak.
–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.
–Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, erakunde eskudunak emana.
–Instalazio elektrikoaren buletina, behin-behineko loturarako.
37. artikulua. Denbora baterako diren jardueren kasuan, funtzionatzen hasteko, Udalaren osasun zerbitzuei honako hauek aurkeztu beharko zaizkie:
–Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.
–Kasuan kasuko dokumentazioa (etorki gida, osasun kartila, C.I.T.E.S., animaliaren identifikaziorako txartela, etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.
–Enpresa edo erakunde antolatzaileak jendeak edateko ur-hartunea eta ur beltzen hustubidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan. Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna bukatutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.
VI. KAPITULUA
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak
38. artikulua. Definizioa.
1. Oro har, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.
2. Etxeko animaliak edo lagun egitekoak arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira (287/2002 ED, martxoaren 22koa), eta bereziki honelako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.
3. Arriskugarriak gerta daitezkeen zakurrak dira ondoko arrazetakoak eta beren gurutzatzeak:
–Pit bull terrierra.
–Staffordshire bull terrierra.
–American Staffordshire terrierra..
–Rottweilerra.
–Dogo argentinarra.
–Fila brasildarra.
–Tosa inua.
–Akita inua.
–Mallorkako harraparia.
–Kanarietako harraparia.
–Mastin napolitarra.
–Bull mastiffa.
–Dobermanna.
–Bordeleko dogoa.
Ondoko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak: gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zalutasuna, bizkortasuna eta erresistentzia; aiurri handikoa eta adoretsua; ile motza; 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua; tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak; masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza; bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra; aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.
4. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskugarriak gerta daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonak nahiz beste animaliak eraso dituztenak. Halakoetan ustezko arriskugarritasun hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratu ahalko da animaliak pertsonaren bat edo beste animaliaren bat erasotzen duen unetik beretik.
5. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako erakutsi edo heziak izan diren animaliak.
39. artikulua. Lizentzia.
1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabeak edo edukitzaileak lizentzia berezia izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatuko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 5. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.
c) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osoki bete bada.
d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.
e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekoa duena.
f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.
3. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek lizentzia eskatu beharko dute Beran bizi badira edo merkataritza nahiz trebakuntza udalerri honetan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Beran egon behar badu.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Berako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4. Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.
Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentziak irauten duen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.
40. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.
Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:
a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.
b) Ordenantza honetako 44. artikuluko 2. atalean zehazten den lizentzia eskuratzeko baldintzak berdin mantentzea eta horietakoren bat galtzen bada, berehala jakitera ematea.
c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.
d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, bai eta hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.
h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Berara ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabeterako baino gehiagorako, jabea beharturik dago arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik edo herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeko beharkizun guztiak bete beharko ditu.
k) Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.
41. artikulua. Erregistroa.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Berako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.
e) Jaioteguna.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, gizakiekin batera edo bestela biziko ote den zehaztua, alegia, zaindari, babeske edo beste eginkizun bat ote duen.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabili ondoko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.
Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.
42. artikulua. Segurtasun neurriak.
1. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa paratua dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Pertsona batek ez du inoiz zakur hauetako bat baino gehiago eramanen eta adin txikikoek inola ere ez.
2. Arriskugarri gerta daitezkeen zakurretako instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:
a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.
b) Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.
43. artikulua. Debekuak.
Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:
1. Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.
2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3. Arriskugarria gerta daitekeen animalia bi metrotik gorako kate edo uhalarekin lotu gabe eramatea.
4. Lagun bakarrak arriskugarria gerta daitekeen zakur bat baino gehiago eramatea.
VII. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
44. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
2. Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.
b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.
c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.
d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bestela, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.
e) Abandonatuta dauden animaliei jaten ematea.
f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.
h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.
i) Etxeko animalien gorozkiak oinezkoen tokietan bildu gabe uztea.
j) Hiriko kaleetan basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.
k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.
l) Ikastetxe, igerileku, ospitale eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.
m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.
n) Ordenantza honetako 35. artikuluan ezarritako eginbeharra ez betetzea.
ñ) Behar besteko baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.
o) Animaliaren jabea, administrazio-zehapenaren erantzulea identifikatzeko behar bezala eskatu eta hala egiten ez badu.
p) 50/1999 Legearen 12.4 artikulua ez betetzea, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.
q) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.
3. Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Animaliak duten mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.
c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.
d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamentuak ez ematea.
e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.
f) Indarra duen araudiaren kontra, animaliak saltzea.
g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.
h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankertasuna, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.
i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.
j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.
k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.
l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.
n) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.
o) 50/1999 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.
4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.
b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.
e) Zakurrak beti loturik edukitzea.
f) Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.
g) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
h) Arriskugarritzat har daitekeen animaliaren bat eramatea 2 metroko katerik gabe dela eremu publikoan dela ordenantza honetan baimendutako guneetatik at.
i) 50/1999 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.
45. artikulua. 1. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.
50/1999 Legearen 13.5 artikuluan ezarritakoari lotuko zaio, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzko zehapenetarako.
2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Arau-hausteak gizartean duen eragina eta kaltea.
b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.
d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.
Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.–Ordenantza honen IV. kapituluak arautzen dituen jardueren titularrek urtebeteko epea dute, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina, arau honetan ezarritakoari egokitzeko.
Bigarrena.–Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea dute, Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatu baldintzak bete eta lizentzia eskuratzeko.
Iragarkiaren kodea: L1606562
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
