1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
119E/2016 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Irunberriko udal mugapean zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuaren xedea da zuntz optikozko kablea jartzea Irunberriko zentral telefonikotik Irunberriko 8. poligonoko 127. lurzatian dagoen Telefónica Servicios Móvilesen oinarrizko estazioraino. Estazioa Acantilados de la Piedra y San Adrián Erreserba Naturalaren barrenean baina mugaren ondoan eta Leire mendilerroa BILean dago. Lurzoru urbanizaezina zeharkatzen duen tarteak 270 metro inguruko luzera du, eta hodi hirukoitza izanen duen zanga estu baten bidez (0.80 m x 0.25 m) eginen da.
Espedientean Irunberriko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Irunberriko udal mugapean zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.
2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:
Ingurumen motakoa:
–Zanga betetzeko, azken geruzan, lurzoruko azaleko horizontea erabiliko da, hondeaketan kendutakoa eta aurretik bereiz metatua. Orobat, eremua landareztatuko da, bertako espezieen haziak erabiliz.
Hirigintza arlokoak:
–Baimena eskuratzeko baldintza da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 27ko 334/2015 Ebazpena betetzea. Horren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Irunberriko udal mugapean dagoen 8. poligonoko 127. lurzatian telefonia mugikorraren oinarrizko estazio bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefonica Moviles España SA izan zen. Bertan adierazten zen sustatzaileak, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeari jarraikiz tramitatu duen Lurralde Azpiegituretako Planaren aldaketaren batek bildu behar zuela kokapena. Aipatu legea Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeari buruzkoa da.
–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalak 2016ko otsailaren 18an egindako txostenarekin bat, beharrezkoa izanen da Irunberriko Udalak okupazio espediente bat tramitatzea, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarrita dagoen bezala.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Baimendutako jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Irunberriko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko apirilaren 28an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1605253