108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

185/2016 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udalerrietako bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 99. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegi bat ez duten udalerrietan bake epaitegi bat izanen da, jurisdikzioa kasuan kasuko udalerrian duena.

Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 10. artikuluaren arabera, udal bakoitzari dagokio bere bake epaitegiaren egoitza diren eraikinak edo higiezinak zehaztea.

Bestetik, 51.3 artikuluaren arabera, udal bakoitza arduratuko da bake epaitegiaren instalazioez eta baliabide materialez, salbu Justizia Ministerioak edo autonomia erkidegoak epaitegia guztiz edo partez kudeatzea komeni bada.

Halaber, 52. artikuluaren arabera, “Estatuko Aurrekontu Orokorretan kreditu bat ezarriko da udalei diru-laguntzak emateko, aurreko bi artikuluetan aipatzen diren kontzeptuengatik. Udalerriko zuzenbideko biztanleen kopuruaren arabera banatuko da diru-laguntza”.

Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartu zituen Justizia Administrazioaren arloko eskumenak (maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuaren bidez), Mugape eta Planta Judizialari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horregatik, behartuta dago udalerriei laguntza ekonomikoa ematera bake epaitegien finantzaketan, diru-laguntzen bidez, udalerrietako biztanleen kopuruaren arabera banatuak.

Toki entitateei bake epaitegiak mantendu eta zaharberritzeko ematen zaizkien laguntzak murriztu dira etengabe, eta, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren arabera, epaitegi horiek etengabe hondatzen ari dira, beren artxibo zibilen kontserbazio-egoeraren kalterako, bai eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalterako ere.

Nafarroako Gobernuaren 2016ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan (urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legea, Nafarroako 2016rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa) 780001-78300-7609-332100 kontu-saila ageri da, “Bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzea” izenekoa, 25.000 euroko zuzkidura duena.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridikoa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta haren 17. artikuluak ezartzen du diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko dela.

Foru lege horren ondorioetarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: diru-laguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza esleitzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Horrenbestez, bidezko da toki entitateei erraztasunak ematea aipatu laguntzak, Nafarroako Gobernuaren 2016ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan aurreikusiak, jaso ditzaten. Horretarako, ebazpen bat eman behar da diru-laguntzen deialdia onets dadin, bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzeko, eta diru-laguntzak emateko oinarriak ezar daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako udalerrietako bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 25.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2016ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzea” izeneko 780001-78300-7609-332100 kontu-sailaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalari igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 19an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

ERANSKINA

Bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea diru-laguntzen arauak ezartzea da, Nafarroako udalerrietako bake epaitegien artxibo zibilak zaharberritu eta egokitzeko gastuetarako.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako betebehar hauek betetzen dituzten Nafarroako udalerriak izan daitezke onuradunak:

a) Artxibo zibila izatea bere udal mugapeko bake epaitegian.

b) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoaren arabera eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bidalia izan behar zuen kontu orokorra bidalia izatea Nafarroako Gobernuari.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa, diruz lagungarriak diren gastuak, eta egin beharreko lanetan bete beharrekoak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa bake epaitegien artxibo zibilak zaharberritu eta egokitzeko gastuen %50 izanen da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izanen da.

Ekipamendu eta aplikazio informatikoei lotutako gastuak ez dira diruz lagunduko.

Deialdi hau argitaratu baino lehenagoko jarduketen gastuek ezin dute diru-laguntza jaso.

4.–Aurrekontuko diru-zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren 2016ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Bake epaitegien artxibo zibilak errekuperatzea” izeneko 780001-78300-7609-332100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, 25.000 euroko muga agortu arte.

5.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

5.1.–Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2.–Eskaerak, ahal delarik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, eta, sinadura elektronikoa edukiz gero, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez ere (ekainaren 23ko 70/2009 Foru Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori).

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5.3.–Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten udalek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Bake epaitegiaren artxibo zibila zaharberritu eta egokitzeko jarduketen memoria, diru-laguntzaren xedekoa, jarduketen kostu osoa eta inbertsio mota bakoitzaren kostua adierazita.

b) Artxibo zibilaren eta bake epaitegiaren gaur egungo egoera azaltzen duen memoria, egoera horren arrazoiak eta artxiboa eta epaitegia zaharberritu eta egokitzeko beharra adierazita.

Memorian alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez, gero ebaluatu ahal izateko:

–Artxibo zibilaren eta bake epaitegiaren lokalaren egoera.

–Artxibo zibileko agirien kontserbazio-egoera.

–Artxibo zibilaren eta bake epaitegiaren zerbitzuak herritarrei emateko zailtasunak, lokalaren egoerak sortuak.

c) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak egunean dituela bai zerga betebeharrak, bai Gizarte Segurantzaren arlokoak.

d) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako diru-laguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen bake epaitegien artxibo zibilak berreskuratu eta egokitzeko kostu osoa.

5.4.–Eskaerak aurreko atalean adierazitako betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Halakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. oinarriko betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

6.–Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

6.1.–Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, jarraian datorren 6.2 puntuan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz.

6.2.–Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Inbertsio motaren arabera: irizpide honengatik balorazio osoaren 30 puntu emanen dira gehienez. Puntu gehiago emanen zaizkie zerbitzuaren prestazioan eta artxiboen kontserbazioan eragin handia duten inbertsioei, eta segurtasunerako arriskuren bat saihesten dutenei.

INBERTSIO MOTA

PUNTU KOPURUA

Lokala egokitzeko inbertsioa: iragazgaiztea; pintura; isolamendua; elektrizitatea; aire-girotzea; sute, bandalismo, lapurreta eta uraren kontrako babesa; iturgintza; oztopo arkitektonikoak egokitzea.

20 puntu arte

Artxiboetako berariazko altzarietarako inbertsioa.

10 puntu arte

2. Aurkeztutako kontu orokorraren arabera biztanle bakoitzeko aitortutako 1., 2. eta 3. kapitulu ekonomikoetako eskubide garbien batuketaren arabera (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako igorria behar den azken kontu orokorra hartuko da oinarri): 30 puntu arte.

Udal eskatzaile bakoitzari biztanle bakoitzeko aitortutako 1., 2. eta 3. kapitulu ekonomikoetako eskubide garbien batuketaren arabera dagokion puntuazioa esleituko zaio, alderantzizko proportzioaren araberako kalkulua eginda, hau da, 30 puntu esleituko zaizkio biztanle bakoitzeko zenbateko txikiena duen udalari, eta 10 puntu biztanle bakoitzeko zenbateko handiena duen udalari.

3. Artxibo zibilaren eta bake epaitegiaren instalazioak eta ekipamendua zaharberritu eta egokitzeko beharra: irizpide honengatik balorazio osoaren 40 puntu emanen dira gehienez, banaketa honen arabera:

BEHARRA

PUNTU KOPURUA

Artxibo zibilaren eta bake epaitegiaren lokala

Gehienez ere 15 puntu

Kontserbazio-egoera txarra duen lokala, mantentze eta/edo funtzionamendu arazoak sortzen dituena

10 puntu

Ekipamendu gutxi edo batere ez duen lokala

5 puntu

Agirien kontserbazio-egoera

Gehienez ere 15 puntu

Oso txarra. Suntsitzeko arrisku handia

15 puntu

Txarra. Ezin dira kontsultatu

10 puntu

Hala-holakoa. Hondatzeko arriskua

5 puntu

Zerbitzua ematea

Gehienez ere 10 puntu

Zerbitzua gaizki ematea: erabiltzaileei zerbitzua emateko zailtasun handiak, lokalaren egoerak sortuak

10 puntu

Zerbitzua hala-hola ematea: erabiltzaileei zerbitzua emateko zailtasun moderatuak, lokalaren egoerak sortuak

5 puntu

7.–Ebaluazio batzordea.

Batzorde bat izanen da aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, honako hauek osatua: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria (batzordeburua izanen da), zerbitzu horretako teknikari bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko teknikari bat eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuko teknikari bat.

8.–Deialdiaren ebazpena.

8.1.–Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 6. oinarriko irizpideak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.

8.2.–Deialdi hau Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta lau hilabeteko epean. Deialdi honen behin betiko ebazpena deialdian parte hartu duten udalerriei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3.–Laguntzak eman eta jakinarazitakoan, uko egiten bazaie, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako emanen da Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.

8.4.–Hala ere, epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

8.5.–Ebazpen espresuaren edo presuntziozkoaren aurka jotzeko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakora joko da.

9.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

9.1.–Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, betiere 2016ko azaroaren 30a baino lehen honako dokumentazio hau igortzen bada, 5.2 oinarrian ezarritako erregistroen bidez, Toki Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduta:

1. Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

2. Faktura horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak.

3. Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena 3. oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso ote den.

4. Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak egunean dituela bai zerga betebeharrak, bai Gizarte Segurantzaren arlokoak.

9.2.–Diruz lagungarria den gastutik benetan egin eta justifikatzen dena diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da.

9.3.–Diruz lagungarria den gastua benetan egin eta justifikatu ondoren soberakina bada, eta azken onuradunari behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio, emandako laguntza handituko zaio Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, betiere onuradun horrek benetan egindako gastuaren %50 eta 5.000 euroko muga gainditu gabe.

9.4.–Nolanahi ere, azkenean onartutako gastua memorian bildutako jarduketen izaerara egokituko da, eta gauzatze konpentsazioak ez dira aplikatuko inbertsio mota ezberdinen artean.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

Diru-laguntzaren onuradun gertatzen diren udalerriek betebehar hauek izanen dituzte:

10.1.–Laguntza erabiltzea, bakar-bakarrik, bake epaitegien artxibo zibilak zaharberritu eta egokitzeko. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Toki Azpiegituren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio. Erregistroaren bidez eginen da jakinarazpena, 5.2 oinarrian adierazitako bideetako baten bidez.

10.2.–Toki Azpiegituren Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

10.3.–Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

10.4.–Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen aitorpena.

10.5.–Toki Azpiegituren Zerbitzuari ematea diru-laguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

10.6.–Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

10.7.–Udalek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

11.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, ematen diren laguntza guztien batuketak ezin du inola ere gainditu egindako zaharberritze eta egokitzapenaren kostua.

12.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

12.1.–Diruz lagundutako inbertsioak egiten ez badira edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

12.2.–Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3.–Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1.–Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

13.2.–Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

15.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

Iragarkiaren kodea: F1606279