Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
222E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onesten duena.
Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko III. Planak (2012-2015) zenbait programa eta neurri ezarri zituen Nafarroako txikizkako merkataritzaren sektorearen garapena sustatu eta indartzeko; hortaz, plan horretan aurreikusitako helburuak lortzeko asmoz, sektorerako diru-laguntzen urteko hainbat deialdi onetsi dira aldi horretan.
Gaur egun, Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko Plan berria (2016-2019) prestatzen ari dira eta hartan aurreikusita dago aurreko plan sektorial guztietan agertzen zen oinarrizko programetako bati jarraipena ematea: txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzea.
Aipatu plana izan arte, bidezkotzat jotzen da aurreikusitako diru-laguntzekin jarraitzea txikizkako merkataritzan ari diren ETEen enpresa-inbertsioa sustatzeko, betiere aurreko urteetako diru-laguntzen deialdietan pilatutako esperientziaren ondorioz behar diren aldaketak eginda. Txikizkako merkataritza sektorea etengabeko egokitzapen prozesu batean sartuta dago, merkatuak eskatzen dituen beharrei erantzuteko. Horregatik, beharrezkoa da laguntzak ematea bai sektore horretako ETEak egokitu eta moldatzeko, bai haien azpiegiturak eta kudeaketa sistemak hobetzeko.
Deialdi honen helburua da herriguneetan kokatzen diren txikizkako hurbileko merkatarien lehiakortasuna hobetzea, baita enpresa horien beraien eta ematen duten zerbitzuaren errentagarritasuna ere, enpresa-ehuna indartu eta sendotzeko eta sektore horretako enpleguari eusten laguntzeko.
Deialdi honetako diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidearen bitartez emanen dira. Hortaz, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak bukatutakoan, gainerako eskaerak atzera botako dira.
Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onestea.
2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.
3. 670.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:
a) Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuetako inbertsioak (MEP): 620.000 euro.
b) Berariazko proiektuetako inbertsioak (BP): 50.000 euro.
Gastu hori Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
830003-83130-2269-431400: Informazio eta sustapen programa (MBParen 1. programa) | 2016 | 670.000,00 |
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 19an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
TXIKIZKAKO MERKATARITZA ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO DIRU-LAGUNTZEN 2016KO DEIALDIAREN
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako txikizkako merkaritzan ari diren ETEen lehiakortasuna hobetzeko, sektore horretako enpresa-ehuna indartu eta sendotzeko eta sektoreko enpleguari eusteko.
Diru-laguntza hauen onura publikoa Nafarroako txikizkako merkataritzaren berrikuntzatik eta modernizaziotik etorriko da, hain zuzen, hori lortuko baita sektorearen azpiegiturak hobetuz, saltegiak egokituz, kudeaketa sistemak hobetuz, beste banaketa modu batzuekin lehiatzeko aukera emanen duten tresna eraginkorrak ezarriz kontsumitzaileari kalitatezko zerbitzua bermatzeko eta, orobat, merkatari txikien enpresa batasunak bultzatuz.
Gainera, faktore hauek ere hartu beharko dira kontuan, txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko zuzeneko eragina dutelako: saltoki txikientzako kalitate araua ezartzea, kontsumoko arbitraje sistemari atxikitzea eta merkatariak eskualdeko edo sektoreko merkatari elkarteetan biltzea, herriguneetan kokatzen den hurbileko merkataritzaren enpresa-ehuna sendotzeko asmoz.
2. oinarria.–Aurrekontu zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 670.000 eurokoa da. Diru hori honela banatuko da diruz laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:
a) Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuetako inbertsioak (MEP): 620.000 euro.
b) Berariazko proiektuetako inbertsioak (BP): 50.000 euro.
3 oinarria.–Egiteko epea.
1. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.
2. Diruz laguntzeko moduko inbertsioen ordainagiriek 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30a artekoak izan beharko dute, biak barne.
4. oinarria.–Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
Txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:
1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:
–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.
–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).
Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.
2. Modernizazio eta eraberritze proiektuak eskatzen dituzten enpresei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunaren aurreko bi urteetan edo gehiago aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan; eta bestetik, ETEtzat hartua izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera. Horretarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen zaion alta enpresari jarduera ekonomikoen gaineko zergan.
Epe horretan enpresak bere izena edo forma juridikoa aldatu badu, betebehar hori betetzen duela ondorioztatuko da. Aldatu dena enpresaren osaera baldin bada, berriz, baldintza hori betetzen dela ondorioztatuko da baldin eta enpresaren hasierako kideek segitzen badute kapital sozialaren edo jabariaren erdiaren edo gehiagoren jabe izaten, eta argi eta garbi gelditzen bada txikizkako merkataritza jarduera berari eusten zaiola.
3. Berariazko proiektuak eskatzen dituzten enpresei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzarako eskaera aurkezten duten egunaren aurretik gutxienez urtebete aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan; eta bestetik, mikroenpresa edo enpresa txiki bat izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera; izan ere, enpresa ertainak bazter geldituko dira. Horretarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen zaion alta enpresari jarduera ekonomikoen gaineko zergan.
Enpresa onuraduna dela frogatzeko, 7. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren proiektu motak eta diru-laguntzen zenbatekoa.
Honako proiektu mota hauetan egiten diren inbertsioak izanen dira diru-laguntzen xede:
1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak.
1.1. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.
Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren proiektuak:
a) Lehendik dagoen saltegi bat modernizatu, eraberritu, berritu edo handitzeko proiektuak. Horrelako proiektuetan, diru-laguntzarako eskaera aurkezten den unean, saltegiak bi urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du txikizkako merkataritza jarduera batean.
b) Lehendik zegoen saltegi bat tokiz aldatzeagatik, lokala modernizatu, eraberritu edo berritzeko egiten diren proiektuak, betiere merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.
c) Saltegi berri bat kokatzeko asmoz, lokala modernizatu, eraberritu edo berritzeko egiten diren proiektuak, betiere horren ondorioz txikizkako merkataritza enpresak dituen saltegien kopurua handitzen bada.
1.2. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta eskatzen den gutxieneko inbertsioa.
Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren inbertsioak:
a) Saltegiak edo, hala badagokio, lokalak zaharberritzeko edo egokitzeko obrak eta haien irudia berritzekoak.
b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:
–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.
–Merkataritza ekipamendu berariazkoa eta, zehazki, salmenta prozesua eta prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak kudeatzeko behar den ekipamendua.
c) Merkataritza jarduerarako, aktibo finkoetan egin beharreko beste edozein inbertsio.
d) Aurreko jarduketarekin zuzenean lotuta dauden ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalengatiko zerbitzu-sariak. Zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira.
Enpresaren tamainaren arabera, gutxieneko inbertsio hau eskatuko da saltegi bakoitzeko (BEZa kenduta):
ENPRESAREN TAMAINA | GUTXIENEKO INBERTSIOA SALTEGI BAKOITZEKO (BEZa kenduta) |
Mikroenpresa | 15.000 euro |
Enpresa txikia | 40.000 euro |
Enpresa ertaina | 150.000 euro |
1.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko irizpideak.
Deialdian honako proiektuentzat aurreikusita dauden diru-laguntzak itzuli behar ez den laguntza gisa emanen dira, eta enpresaren tamainaren arabera diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoaren gainean portzentaje batzuk aplikatuz kalkulatuko dira.
Portzentaje horiei jarraian adierazten diren portzentajeak gehituko zaizkie, proiektua lehentasunezkotzat jotzen bada, eta, orobat, diru-laguntza eskatzen duen enpresaren ezaugarri berariazkoen arabera.
Oinarrizko diru-laguntzaz goitiko portzentaje horiek metagarriak dira, baina egoera horien frogagiriak aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera.
Hurrengo 1.4 atalean ezarrita dagoen gehieneko diru-laguntzak lortzen dituzten proiektuen kasuan, laguntzaren azken portzentajea ateratzeko, eragiketa hau eginen da: ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa zati diruz laguntzen den inbertsioaren zenbatekoa.
8.7. oinarri arautzailean ezarritako kasuetan ere modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea.
a) Oinarrizko diru-laguntza.
Oinarrizko diru-laguntza kalkulatzeko, enpresaren tamainaren arabera diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoaren gaineko portzentaje jakin batzuk erabiliko dira, taula hau erabiliz:
ENPRESAREN TAMAINA | OINARRIZKO DIRU-LAGUNTZA |
Mikroenpresa | %30 |
Enpresa txikia | %20 |
Enpresa ertaina | %5 |
b) Proiektua lehentasunezkotzat jotzea.
Proiektua lehentasunezkotzat jotzen bada, aurreko atalean ezarritako oinarrizko diru-laguntzaren portzentajeari honako portzentaje osagarri hauek gehituko zaizkio:
LEHENTASUNEZKO PROIEKTUAK | LANDA GUNEA | LANDA GUNEA | SALTEGIAK |
Diru-laguntza gehigarria | %4 | %3 | %2 |
Ondorio horietarako, honako hauek izanen dira lehentasunezko merkataritza proiektuak:
–Landa guneetan, 1.500 biztanletik beherako toki entitateetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.
–Landa guneetan, 1.500 biztanletik gorako baina 3.000tik beherako toki entitateetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.
Bi kasuetan, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak oinarri harturik (deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak).
–Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunean, 25 urtetik gorako antzinatasun etengabea duten saltegiek egindako txikizkako merkataritza jarduerak. Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren inbertsio proiektuek bermatu beharko dute abian den jarduera ekonomikoak jarraipena izanen duela.
c) Diru-laguntzaren portzentajea handitzeko beste irizpide batzuk.
Diru-laguntza eskatzen duen enpresak baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuz gero, honako diru-laguntza portzentaje gehigarri hauek gehituko zaizkio oinarrizko diru-laguntza portzentajeari:
BERARIAZKO EZAUGARRIAK | UNE 175001 ARAUAREN KALITATE SISTEMA EZARRIA IZATEA | KONTSUMOKO ARBITRAJE SISTEMARI ATXIKIA IZATEA | MERKATARIEN ELKARTE BATEKO PARTAIDE IZATEA |
Diru-laguntza gehigarria | %3 | %2 | %1 |
1.4. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Saltegi bakoitzeko, hauxe izanen da diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa:
a) 30.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza baizik jasotzen ez badu.
b) 35.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.3.b) edo 1.3.c) ataletan ezarritakoak.
c) 40.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.3.b) eta 1.3.c) ataletan ezarritakoak.
2. Berariazko proiektuak (BP).
2.1. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.
Nafarroako saltegien kudeaketa hobetzeko inbertsioak izanen dira diru-laguntza hauen xedeko jarduerak, hurrengo proiektu hauetarako egiten direnak:
a) Salmenta Puntuko Diagnostikoaren (SPD) Programa: Diru-laguntza izan dezakete 2016. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak kudeatutako proiektu horretan parte hartu duten enpresek saltegien kudeaketa berritzeko edo optimizatzeko egiten dituzten inbertsioek, betiere zerbitzu horrek egindako gomendioen ondoriozkoak badira eta tutoretza plan batek lagunduta gauzatu badira.
b) Enpresa Integrazioko Proiektuetan (EIP) parte hartzea: Diru-laguntza jaso dezakete elkarte gisa eratzeko edo enpresa-egituran integratzeko behar diren inbertsioek, baita egitura horien irudi komun edo korporatiboari egokitzeko inbertsioek ere, honako hauek egiten dituztenak: erosketa-zentraletako enpresek, txikizkako udal azoketako kontzesionarioek edo bestelako enpresa batasunetan sartzen diren enpresek.
2.2. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta eskatzen den gutxieneko inbertsioa.
Modernizazio eta eraberritze proiektuen kasuan, 5. oinarri arautzailearen 1.2 puntuan adierazitakoak joko dira diruz laguntzen ahal diren inbertsiotzat, eta, gainera, frankizietan edo udal azoketan sartzeko eta erosketa-zentralei eta bestelako enpresa batasunei atxikitzeko kanonak.
Eskatzen den gutxieneko inbertsioa 1.200 eurokoa da proiektu bakoitzeko (BEZa kenduta).
2.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honetan proiektu mota honetarako aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak izanen dira, eta diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari %35eko portzentajea aplikatuz kalkulatuko dira.
Atal honetan ezarritako gehieneko diru-laguntza lortzen duten proiektuetan, laguntzaren azken portzentajea aterako da eragiketa hau eginda: emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zati diruz lagunduriko inbertsioaren zenbatekoa.
8.7. oinarri arautzailean ezarritako kasuetan ere modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea.
Honako hauek izanen dira proiektu bakoitzerako gehieneko diru-laguntzak:
a) Salmenta Puntuko Diagnostikoa: 8.750 euro.
b) Enpresa integrazioko proiektuak: 8.750 euro.
6. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.
1. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden txikizkako saltegietan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek nagusiki etxebizitzetarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz gaindiko eremuetan daudenak ere.
5. oinarri arautzailearen 1.1.b) eta 1.1.c) ataletan ezarritako proiektu diruz lagungarriak kokatzeko lokalek ere baldintza berbera bete behar dute.
b) Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz laguntzen ahal den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.
c) Partikularzki, elikagaiak eta edariak dastatzeko gune bat daukaten saltegiei ere diru-laguntza ematen ahal zaie, betiere, gune hori ez bada saltegiaren azaleraren %40 baino handiagoa. Dastaketa jarduera hori, edo dena delakoa, bigarren mailako jarduera bat izanen da, txikizkako merkataritzarekin alderatuta, eta hori frogatzeko jarduera bakoitzaren negozio zifraren bolumena edo salmentak hartuko dira kontuan.
d) Diruz laguntzen ahal den merkataritza jardueratzat hartuko da, deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, merkatuan salgai jartzea aldez aurretik horretarako eskuratu diren produktu edo salgaiak, horiek funtsean aldatu gabe, baita azken kontsumoko ondasunen salmenta ere, produkzio edo komertzializazio prozesuetan edo hirugarrenei zerbitzuak ematekoetan sartzeko helbururik ez badute.
e) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko saltegian bertan egon beharko dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.
f) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.
2. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Bigarren eskuko aktibo finkoak eta ondasun erabiliak.
c) Saltegia eta lurrak erosteko inbertsioak.
d) Garraio elementuak.
e) Negozioen eskualdaketan ordaindutako gastuak.
f) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.
g) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.
h) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.
i) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.
j) Programa eta aplikazio informatikoak.
k) Web-orriak diseinatu, ezarri edo eguneratzea.
l) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak edo ekipamendu informatikoa.
m) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakia erabiliz eginen da eskaera.
Eskaerak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta Navarrería kaleko 39an (31001 Iruña) den erregistro bulegoan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean adierazi ahal izateko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Ordua eta minutua agertu ezean, inguruabar horiek jasotzen dituen azken eskaera zer egunetan aurkeztu zen, haren ondoren aurkeztutzat joko da, 8. oinarri arautzailean ezarritako ondorioetarako.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztu den eskabidearen kopia bat gehituta.
Eskatutako dokumentazio guztia, salbu eta telematika bidez aurkezten bada, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.
Saltegi bakoitzeko, eskabide bakarra aurkeztuko da, eta enpresa berberak inbertsio bat baino gehiago egiten baditu zenbait saltegitan, errepikatzen diren agiriak ez dira eskabide guztiekin batera aurkeztu beharko, lehenbizikoarekin baizik ez.
2. Eskatzen den dokumentazioa.
Eskabide-orria behar bezala beteko eta sinatuko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:
2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Nortasuna frogatzen duen agiria.
–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.
–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.
–Pertsona fisikoei dagokienez: nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Erantzukizuneko aitorpenak eta bestelako dokumentazioa.
–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
–Erantzukizuneko aitorpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.
–Erantzukizuneko aitorpena, ETE bat izatearen baldintza betetzeari buruzkoa, betiere mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.
–Erantzukizuneko aitorpena, adierazten duena txikizkako merkataritzari lotutako ohiko jardun ekonomikoan eta aurkeztutako proiektuaren exekuzioaldian behar diren neurriak hartzen direla jarduerak sortutako hondakinak murrizteko eta egokiro tratatzeko.
–Diru-laguntza eskaeraren xedeko saltegiari jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman izanaren kopia, edo antzeko dokumentazioa.
–”Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.
Atal honetan aipatutako erantzukizuneko aitorpen guztiak diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartuta daude.
2.2. Inbertsio proiektuari buruzko dokumentazioa.
a) Diru-laguntzaren xedeko proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:
–2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era bitarte egindako edo epe horretarako aurreikusitako jarduketen azalpena.
–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektu gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.
–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskaera aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.
–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.
b) 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era arte egindako edo epe horretarako aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; honako agiri hauek aurkeztuz justifikatuko da:
–2015eko azaroaren 1etik diru-laguntza eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: egindako inbertsioen fakturen kopia.
–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 30era arte egin gogo diren inbertsioetarako: aurrekontuak, proformako fakturak edo gastu horiek kuantifikatzeko bidea ematen duen bestelako dokumentazioa; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumena zehazteko honako hau hartuko da kontuan: diru-laguntzaren eskabide-orriko informazioa, aurreko atalean aipatutako zerrenda eta diru-laguntzaren xedeko proiektuaren memoria. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.
c) Saltegien modernizazio eta eraberritze proiektuen kasuan, proiektua lehentasunezkoa dela frogatzeko eta, 5. oinarri arautzailearen 1.3.b) eta 1.3.c) ataletan aurreikusitako ondorioetarako, diru-laguntza eskatzen duen enpresaren ezaugarri berariazkoak frogatzeko, aipatutakoaz gainera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Udaleko edo toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena diru-laguntzaren xedeko saltegian txikizkako merkataritza jarduera bat izan dela gutxienez 25 urtez etengabe, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean kontatuta. Adieraziko da, orobat, jardueraren hasiera-eguna eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (lizentzia fiskala) zein epigrafetan izan den alta emana epe horretan.
–Egiaztatzeko Entitate Nazionalak egiaztatutako enpresa baten ziurtagiria, abalatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresak UNE 175001 kalitate araua, “Txikizkako merkataritzarako zerbitzuaren kalitatea”, lortu duela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen, eta indarrean segitzen duela.
–Merkatarien Elkarteko lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiria (elkarteak Garapen Ekonomikorako Departamentuko Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo antzeko beste erregistro ofizial batean inskribatua egon beharko du), egiaztatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresa elkarte horretako bazkidea dela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik; adieraziko da, orobat, bazkide gisa duen antzinatasuna eta kuoten ordainketan egunean dagoela.
–Kontsumo arloan eskumena duen organoaren ebazpena, egiaztatzen duena enpresa Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen.
–c) atal honen aurreko paragrafoetan ezarritako kasuak egiaztatzeko agiriak, hala badagokio, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, beste edozein momentutan aurkeztuz gero ez baitira baloratuko, eta ezin izanen dira zuzendu.
d) Salmenta Puntuko Diagnostikoaren proiektuen kasuan, gainera, diagnostikoaren eta egindako gomendioen kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta diruz laguntzen ahal diren gastuen eperako aurreikusi diren ekintzena ere.
e) Enpresa integrazioko proiektuetan parte hartzeko proiektuen kasuan, gainera, enpresa egituraren parte dela frogatzen duen dokumentazioa edo hartan sartzea eskatu izanarena aurkeztu beharko da.
8. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezteko ordenaren arabera tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak deialdiaren 5.1. oinarri arautzailearen oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.
2. Aurkezten diren eskaerak laguntzaren xedeko proiektu motaren arabera sailkatuko dira, 5. oinarri arautzailean ezarritako proiektu moten sailkapenari jarraikiz: Modernizazio edo eraberritze proiektuak (MEP) eta proiektu berariazkoak (PB).
3. Proiektu mota bakoitzaren barrenean, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak ebaluatu eta aztertuko ditu, eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
Diru-laguntzaren eskabidearekin batera 7. oinarri arautzailearen 2.2.b) atalean ezarritako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da gerora zuzendu.
4. Akatsak zuzentzeko epea bukaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Goragoko 5.1. oinarri arautzailean ezarritako proiektu motaren barrenean (MEP) aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko esleitutako kontu-sailean kreditu erabilgarririk bada, kreditu hori erabiliko da 5.2. oinarri arautzailean ezarritako proiektuetarako eskaerei (PB) laguntza emateko, alegia, aurrekontu aski ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu direnei, horrelakorik baldin badago.
5.2. oinarri arautzailean ezarritako proiektu motaren barrenean (PB) aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko esleitutako kontu-sailean kreditu erabilgarririk bada, kreditu hori erabiliko da 5.1. oinarri arautzailean ezarritako proiektuetarako eskaerei (MEP) laguntza emateko, alegia, aurrekontu aski ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu direnei, horrelakorik baldin badago.
7. Lehenbizi aurkezten diren eskaerei diru-laguntzak eman ahala baimendutako gastua gutxitzearen ondorioz, diru-funts erabilgarriak ez badira nahikoak diruz laguntzen ahal diren bi proiektu mota horietako baterako eskaera bati egokitutako diru-laguntza osorik ordaintzeko, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren araberako laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari.
Enpresak 10 egun natural izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntza proposamena onartzeko edo ukatzeko.
Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Ez da inoiz 1.000 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.
8. Diru-laguntzak aurreko atalei jarraituz banatzearen ondorioz deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortzen direnean, gainerako eskaerak berariaz ezetsi eginen dira.
9. Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
9. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orriaren datorren aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari egoera horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.
2. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
3. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun naturaleko epean edo 2016ko irailaren 15a baino lehen aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen diren jarduketak ez direla egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola diru-laguntzari. Betiere, enpresa onuradunak horren berri jakin bezain laster jakinarazi beharko du, epe horren zain egon gabe. Eginbehar hori betetzen ez bada, 13.3 oinarri arautzailean ezarritakoa aplikatuko da.
4. Diruz lagunduriko inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
5. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 3 urtez eta etenik gabe edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasiko da epe hori kontatzen.
Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, diru-laguntza jasotzen duen enpresak laguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko baldin eta bermatzen baldin bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritza jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz laguntzeko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte.
6. Diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, kartel bat ezarriko da urtebetez aise ikusteko moduko toki batean, diru-laguntza ordaintzeko agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera; deialdia kudeatzen duen zerbitzuak emanen du kartel horren eredua posta elektronikoaren bitartez.
7. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.
8. Behar diren neurriak hartzea txikizkako merkataritza arloko ohiko jardun ekonomikoan eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari edo antzeko beste erakunde bati ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legean ezarritakoa betez.
Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoa itzuli beharko da, 13. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera
10. oinarria.–Egindako inbertsioak justifikatzeko epea eta modua.
1. Justifikazio epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2016ko abenduaren 30ean.
Egindako jarduketen frogagiriak aurkezteari begira, 7. oinarri arautzailearen 1. atalean eskabidea aurkezteko ezarritako bera aplikatuko da, bai eta oinarri arautzaile honetan ezarritakoa ere.
2. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz laguntzen diren jarduketak bukaturik, enpresa onuradunek haiek egin izana frogatu beharko dute, eta, horretarako, honako hau aurkeztu:
a) Egindako jarduketak frogatzeko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es), kasuan kasuko zerbitzuen katalogoko fitxan, eskuratzen ahal dena, dokumentazio hau gehituta:
b) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
c) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita.
d) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
e) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.
Ordainketa egiteko, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria, enpresaren kreditu edo zordunketa txartela, txeke izenduna edo zor-agiria erabiliko dira, eta laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.
Espediente bakoitzeko, 2.500 euro arte eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).
f) Obra bat gauzatzen den kasuetan (zaharberritzeko edo egokitzeko obrak edo irudia berritzekoak), diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizuneko aitorpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Aitorpen hori laguntza justifikatzeko inprimakian sartua dago.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.
Enpresa onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.
g) Diruz lagundutako aktibo finkoen froga grafikoa eta, modernizatzeko eta eraberritzeko obren kasuan, saltegiaren argazkiak, barrenekoak zein kanpokoak, aurkeztu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko inbertsioak egiaztatzeko bidea ematen dutenak, eta, ahal bada, jarduketen aurreko eta ondorengo argazkiak, haren egoera egiaztatu ahal izateko.
h) Salmenta Puntuko Diagnostikoaren (SPD) proiektuaren ondoriozko inbertsioak frogatzeko, aurrekoez gain, jarraipena egin duen teknikariaren azken txostena aurkeztuko da, egindako merkataritza-diagnostikoan agertzen diren gomendioen ezarpenari buruz.
11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoan emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.
Betiere, inbertsioak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, diru-laguntzaren xedeak betetzen jarraitu beharko dira; izan ere, inbertsioek erabiltzeko eta abian jartzeko egoera on-onean egon beharko dute ordainketa egin aurretik.
Inbertsio proiektuak gauzatu bitartean sortutako aldaketa edo desbideratzeen ondorioz, proiektuak bukatzen eta gauzatzen badira hasiera batean aurkeztutako aurrekontuan adierazitakoa baino gutxiago gastatuz, kasu horiei dagokien diru-laguntza ordaintzeko, 13.4 oinarri arautzailean xedatutakoari jarraituko zaio.
12. oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste diru-laguntzekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.
Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
13. oinarria.–Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
1. Egindako inbertsioen justifikazioa 2016ko abenduaren 30etik aurrera egiten bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
2. Inbertsioak abian jartzen badira justifikazio egunaren ondoren edo diru-laguntzaren xedeko saltegia egun horren ondotik irekitzen bada, nahiz inbertsioaren frogagiriak behar bezala aurkeztuak izan, diru-laguntza ordainduko da deialdia kudeatzen duen zerbitzuari jakinarazi ondoren saltegia benetan noiz jarri den abian. Halakoetan, gutxitze-portzentaje hauek aplikatuko zaizkio diru-laguntzari:
a) %20, justifikazio epea bukatzen denetik gehienez 2 hilabeteren buruan jartzen bada abian.
b) %40, gehienez 4 hilabeteren buruan jartzen bada abian.
c) %60, gehienez 6 hilabeteren buruan jartzen bada abian.
d) %100, beranduago bada, eta horrek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
3. Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzen ez bada, berarekin ekarriko du txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen hurrengo deialdian lokal edo saltegi horrentzako diru-laguntzarik jasotzeko eskubidea galtzea, non eta inguruabar horren berri ematen ez den 9.3. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.
4. Egindako inbertsioengatik aurkezten diren frogagiriek erakusten badute diruz lagunduriko aurrekontuaren %70 baino gutxiago gauzatu dela, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe, diru-laguntza emateko xedea ez dela bete ulertzen ahalko da, eta, kasu horretan, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren web-orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1606293
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
