108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

107/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko diru-laguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onesten dituena, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak, 2013ko uztailaren 19ko bileran, testu berri bat onestea erabaki zuen Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2010eko martxoaren 22ko Akordiorako (Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzari buruzko IV. Akordioa, 2005eko irailaren 21ekoa).

2013ko uztailaren 19ko akordio hori Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzaren 2013ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen 2013ko 252. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urriaren 21ean, eta testua Konstituzio Auzitegiaren 225/2013 eta 7/2013 epaietan xedatutakoari egokitzea du helburu nagusia, prestakuntza ekintzen finantzaketari eta autonomia erkidegoen eskumenen titulartasunari dagokienez, haien lurralde eremuko toki entitateek eta toki entitateen federazio edo elkarteek sustatu eta horietan zerbitzua ematen duten langileentzako prestakuntza planei loturik.

Aurrekoaren babesean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Agindua onetsi zen, toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan esparruan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea onetsita, enplegurako lanbide prestakuntzaren arau esparru berria ezartzen da.

Lege horren lehen xedapen iragankorrak araubide iragankorra aurreikusten du erregelamenduzko garapena izan arte, haren 8. artikuluan adierazitako enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenei aplikagarria baita; horiek enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan eta hori garatzen duen araudian aurreikusitako preskripzioei jarraituko diete. Hala ere, araubide iragankor horretatik kanpo uzten ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Aginduaren edukian eragina duten berehala aplikatu beharreko zenbait aspektu, eta hori aldatzea proposatzen da, indarrean dauden legezko preskripzioetara egokitzeko.

Espedientean bada txosten juridiko bat, oinarri arautzaileak zuzenbidera egokitzeari buruz eta Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioaren mende jartzeari buruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera. Orobat, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 277/1990 Foru Dekretuan ezarritakoaren ondorioz, Toki Araubideko Foru Batzordearen txostenaren mende jarri da foru agindu hau. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak txostena eman du, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2013ko uztailaren 19ko Akordioaren babesean eratu baitzen.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko diru-laguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onestea, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan, foru agindu honen eranskinean baitaude, eta indarrik gabe uztea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Agindua, Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko diru-laguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onesten dituena, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

2. Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzako Batzorde Paritarioari igortzea, baita Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari ere.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honen eta bere oinarri arautzaileen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 18an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria–Xedea.

Nafarroako toki entitateek edo toki entitateen federazioek edo elkarteek enplegurako sustatzen dituzten prestakuntza planak finantzatzeko diru-laguntzak arautzea dute xede oinarri hauek, eta hori Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzari buruzko 2005eko irailaren 21eko IV. Akordioaren esparruan (Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2010eko martxoaren 22ko Akordioak, AFEDAP aurrerantzean, aldatua), eta Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak 2013ko uztailaren 19an onetsi zuen testuari jarraituz.

2. oinarria.–Helburua.

AFEDAParen 1.artikuluan ezarritakoarekin bat, laguntza horiek administrazio publikoetan eta horien langileen artean prestakuntza bultzatu eta zabaltzea dute helburu, haien beharrei erantzuteko, kudeaketarako gaitasuna hobetzeko, aldaketa prozesuetara egokitzeko eta haien lidergotza hartzeko, baita herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko ere.

3. oinarria.–Onuradunak.

AFEDAParen 10.3 artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren prestakuntza planen sustatzaileak izaten ahal dira oinarri hauen bidez araututako laguntzen onuradunak, eta Nafarroaren kasuan, zehazki, honako hauek:

a) Udalak eta gainerako toki entitateak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan onartuak.

b) Nafarroako toki entitateen federazioak edo elkarteak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 71. artikuluan ezarritakoaren babesean zilegitasunez eratuta daudenak.

4. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, onuradun izateko. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da baldintza horiek betetzen direla, diru-laguntza eman eta ordaindu aurretik.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan jasotakoak ere entitate sustatzaileen betebeharrak dira, eta betiere honako hauek:

a) Deialdian eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztea, eta laguntza ematen duen organoari frogatzea beharkizun eta baldintzak betetzen direla, horiek betetzea erabakigarria baita diru-laguntza emateko.

b) Laguntza emateko arrazoia den jarduera hura ematen den urtean gauzatzea, diru-laguntza ematen denetik urte horretako abenduaren 31ra arte.

c) Diru-laguntza zer ekitaldi ekonomikotan ematen den, hartan egindako gastuak justifikatzea, 14. oinarrian finkatutako moduan eta epeetan.

d) AFEDAParen 18.g) artikuluan aipatu bezala, urteko txostenean sartzeko beharrezkoa den informazioa ematea egindako prestakuntza ekintzei buruz; orobat, horien jarraipena egin dadin estatistiketan.

e) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egiaztatze jarduketak onartzea, baita Kontu-hartzailetza Orokorraren kontrol fiskalizatzailea ere, eta Kontuen Ganbararena, halakorik bada, jarduketetan eskatzen zaion informazio guztia aurkeztuta.

f) Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioan aurreikusitako betebeharrak betetzea.

g) Bertaratzeari edo/eta aprobetxamenduari buruzko ziurtagiriak egitea, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak aldez aurretik ezarritako baldintzei jarraituz.

h) Beren profila prestakuntza ekintzen helburu eta edukiei egokitzeagatik, haietan parte hartuko dutenak aukeratzea.

i) Funts hauekin finantzatutako prestakuntza ekintzen kalitatea eta doakotasuna bermatzea, eta AFEDAPean ezarritako betebehar guztiak betetzea.

j) Diruz lagundutako jarduerak finantzaketa publikoa izan duela agerraraztea.

3. Gainera, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ukitutako entitateek ondoren aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

4. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

5. Informazio hori guztia modu telematikoan aurkeztuko da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari zuzenduta, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

5. oinarria.–Finantzaketaren xedeko jarduerak.

1. 3. oinarrian aurreikusitako entitate sustatzaileek laguntzak eskatzen ahalko dituzte hurrengo plan motak finantzatzeko:

a) Plan unitarioak. Gutxienez ere 200 langileko toki entitate bakar bateko langileengan eragina izatea da plan unitarioen ezaugarria, zein diren ere haien unitate edo organoak. 3. oinarriko a) letran aipatzen diren onuradunek bakarrik bultzatzen ahalko dituzte plan horiek, eta sustatzailea ez dena izan daiteke haien hartzailea administrazio berean.

b) Plan elkartuak. Bi toki entitateren edo gehiagoren langileengan eragina izatea da plan elkartuen ezaugarria, eta 3. oinarrian aipatu diren toki entitateek eta elkarte edo federazioek bultzatzen ahalko dituzte, AFEDAParen 8. artikuluan ezarritako moduan.

2. Berez prestakuntza jarduerak direnek osatuko dituzte finantzaketaren xedeko prestakuntza planak eta, gehigarri gisa, AFEDAParen 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz, parte-hartzearen gainean informatu, hedatu eta sustatzen duten jarduera osagarriek, beharrak atzematen dituzten azterlanek, prestakuntza programei aplikatzen ahal zaizkien metodologia eta tresnen diseinuak, dokumentazioa prestatu eta eskuratzeak, ikerketak, aholkuek, prestakuntza prozesuen ebaluazioak eta prestakuntzak lanean duen eraginaren gainekoak, eta administrazio publikoen enplegurako prestakuntza programarekin zerikusia duten gainerako guztiek. Deialdietan ezarriko dira horrelako jarduerak egiteko mugak eta lehentasun irizpideak, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak erabakitzen duenaren arabera.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak eta haren zenbatekoa.

1. 3. eta 5. oinarrietan eta AFEDAPean ezarritako baldintza eta helburuak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek eta horien elkarte eta federazioek enplegurako aurkeztutako prestakuntza planak izanen dira finantzaketaren xedea.

2. Onuradunek aurkezten dituzten planak baloratzeko, bakoitzari zenbateko diru-laguntza ematen zaion zehaztearren, toki entitate sustatzailearen plantilla osatzen duten langileen kopurua izanen da parametro nagusia, plan unitarioen kasuan, edo toki entitateen plantilletako langile guztien kopurua, plan elkartuen kasuan.

Baloraziorako irizpide kualitatibo gisa, aurkezten diren planak gutxieneko kalitate irizpide batzuei zenbateraino egokitzen zaizkien zehaztearren, honako hauen ponderazioa ezarriko dute deialdiaren oinarriek: aurreko ekitaldian hartutako laguntzak zenbateraino gauzatu diren, prestakuntzara bideratu diren baliabide berekiak, prestakuntza kudeatzera bideratu diren giza baliabideak, plana nola integratu den plangintza estrategikoaren proiektu batean eta zer harreman duen beharren azterlan batekin, planen diseinua eta edukia, jarraipenerako aurreikuspenak eta ebaluazio tekniken aplikazioa.

7. oinarria.–Beste diru-laguntza batzuk.

Oinarri hauetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izanen helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administraziotatik edo ente publikotatik edo pribatutatik badatoz, Estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeetakoak izan.

8. oinarria.–Prozedura instruitu, deialdia egin eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak instruituko du prozedura, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraituz.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioa, AFEDAParen 18. artikuluan ezarritakoa, izanen da diru-laguntzetarako deialdiaren proposamena Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari egiteko arduraduna, eta akordio hartan adierazitako eginkizunak beteko ditu.

Agindu horretan adierazitakoari jarraituz, Funtzio Publikoko zuzendari nagusia izanen da batzordearen burua, eta Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuko zerbitzuko zuzendaria eta Nafarroako toki entitateen ordezkari bat (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak aukeratua) kideak izanen dira. Langileak ordezkatzeko, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusian ordezkatuta dauden sindikatuak, AFEDAParen 10.4 artikuluan aipatzen direnak, Batzorde horren parte izanen dira.

3. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio deialdia egitea eta prozedura ebaztea.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Norgehiagokako araubidean tramitatuko da laguntzak emateko prozedura, azaroaren 9ko 11/2005 Legearen II. kapituluko I. tituluaren arabera.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa prestakuntza ekintzaren %100 izanen da; izan ere, administrazio publikoko langileen prestakuntzarako funtsak kudeatzen dira. Laguntza horien kopurua, guztira, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak funtsak kudeatzeko urtero izenpetzen duen akordioan, Nafarroako Foru Komunitateari bere eremuko toki entitateek aurkeztutako prestakuntza planak finantzatzeko esleitzen zaiona izanen da; kopuru hori lurraldeka banatuta agertuko da Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalean.

3. Laguntzen urteroko deialdiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta hartan nahitaez aipatuko da zer foru agindutan onetsi ziren oinarri arautzaileak, baita non eta noiz argitaratu zen ere; diru-laguntza aurrekontuko zer kredituri egozten zaien eta zenbatekoa den gehienez; emandako diru-laguntzak zer xede, baldintza eta helburu dituen; norgehiagokako araubidean ematen dela dioen espresioa; zer baldintza dauden diru-laguntza eskatzeko eta nola frogatu behar diren; zein diren organo eskudunak prozedura instruitzeko eta ebazteko; eskaerak aurkezteko epea, baita prozedura ebazteko eta jakinaraztekoa ere; eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta informazioak; eskaerak baloratzeko irizpideak; zer errekurtso diren bidezko eta nola jakinarazi edo argitaratuko den, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

4. Laguntzetarako deia eginik, deialdian zehaztutako epean eta berariazko moduan aurkeztuko dira eskaerak; betiere, bidezkoa izanen da baliabide elektronikoak erabiltzea, 16. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

Eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emanen du organo laguntza-emaileak zuzenean lor dezan zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla dioen egiaztagiria.

5. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa denean, eskaera moldatzeko eskatuko zaio onuradunari eta prestakuntza plana zenbateko horri egokitzeko; betiere, hasierako planaren jarraibideak errespetatuta. Balorazio organoek adostasuna emanen diete egokitzapenei.

6. Organo instruktoreak, espedientea eta Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioaren txostenak ikusita, laguntzak emateko ebazpen proposamenak prestatuko ditu, behar bezala arrazoituta; haietan, laguntza ematea norentzat proposatzen den eta haren zenbatekoa adieraziko dira, baita zer eskaera ezesten diren espresuki, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluari jarraituz.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak aldez aurretik egin beharko du txostena plan horiek finantzatzeko laguntzen deialdira jotzen duten prestakuntza planen gainean, baita planak onetsi ere.

8. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, deialdi honen argitaratze datatik hasita. Epe hori ebazpena jakinarazi gabe mugaegunera iritsiz gero, interesdunek zilegi izanen dute eskaera ezetsitzat jotzeko, isilbidez.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Emandako diru-laguntzaren ordainketa aurreratu bat egiten ahalko da, prestakuntza jarduera hasi eta justifikatu aurretik, prestakuntza planak gauzatzeko beharrezko finantzaketa gisa, gehienez ere emandako zenbatekoaren %25 izanda. Halaber, %35 gehiago, gehienez ere, ordaintzea aurreikusten ahalko da, prestakuntza jarduera hasi dela egiaztatu ondoren; horrela, esleitutako zenbatekoaren %40 gutxienez diruz lagundutako prestakuntza jarduera bukatu eta justifikatu ondoren ordainduko da.

Administrazioak egin beharreko gainerako aurrerakinak eta/edo ordainketak, aurreko paragrafoan aurreikusten den moduan, gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko dira, aurrerakin hori eskatzeko behar den dokumentazioa onuradunak aurkezten duenetik hasita, edo hamabi hilabetekoan, diru-laguntzaren xedeko jardueraren azkeneko justifikazioa aurkezten denetik hasita, salbu eta emateko eta justifikatzeko araubidea moduluen bidez aplikatzen bada, Enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan esparruan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen 7. artikuluan aipatzen baitira; kasu horretan, aipatu epea sei hilabetekoa izanen da.

2. Ezin da ordainketarik egin sustatzaileak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuta izan arte, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Onuradunek ez dute abalik, gordailurik edo bermearen beste edozein bitarteko eratu beharko, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako moduan.

11. oinarria.–Prestakuntza plana gauzatzea eta haren aldaketak.

1. Diru-laguntzaren xedeko prestakuntza plana gauzatzeko aldia izanen da diru-laguntza ematen denetik urte horretako abenduaren 31ra arte.

2. Laguntzak esleitzen diren unetik aurrera, entitate onuradunek prestakuntza planak aldatzen ahalko dituzte, aurrekontuari edo edukiari dagokienez.

Horren ondorioz, planaren edukian edo aurrekontuan funtsezko aldaketa eraginez gero eta, betiere, jarduerak ordeztea, kentzea edo berriak sartzea ekartzen duenean, Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak onetsi beharko du, eta sustatzaileak urteko azaroaren 30a izanen du azken eguna eskaera egiteko, 16. oinarrian aipatu baliabide elektronikoen bidez eta AFEDAPean xedatutakoari jarraituz.

12. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat hartzen dira hurrengo atalean espresuki jaso direnak; betiere, laguntzen den jardueraren araberakoak izan beharko dute eta, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz laguntzen ahal diren gastuen kostuak merkatuko balioa ez gainditzea.

b) Gauzatzea diru-laguntza esleitzen den egunetik hori eman zen urteko abenduaren 31ra arte.

c) Hurrengo urteko martxoaren 15ean ordainduta izatea, orduan bukatzen baita justifikazio aldia.

d) Hornitzaile bati baino gehiagori eskatzea eta bat baino gehiago daudela frogatzea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 3. atalean ezarritako zenbatekoak gainditzen dituzten gastuak egiteko.

Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak ez dira inola ere finantzatzeko moduko gastutzat joko.

2. Emandako laguntzen kargura finantzatzen ahalko dira prestakuntza ekintzei eta jarduera osagarriei zuzenean egozten ahal zaizkien gastuak, baita onetsitako prestakuntza plana osatzen duten jarduera guztiei egozten ahal zaizkien gastu orokorrak ere.

2.1. Prestakuntza ekintzei zuzenean egozten ahal zaizkien gastuak:

a) Barneko eta kanpoko prestatzaileen gastuak, jarduerak prestatzen, ematen, tutore lana egiten eta parte-hartzaileak ebaluatzen ari direnean eragindakoak.

b) Baliabide eta material didaktikoen gastuak, hala nola, testuak eta ikasle bakar batek erabiltzeko moduko materialak (erosketa, elaborazioa, erreprodukzioa eta banaketa) eta prestakuntza jarduerak garatzeko erabiltzen diren laneko material suntsikorrak.

c) Edukiak prestatzen egindako gastuak, ikastaroak Internet bidez emateko.

d) Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen (ikasleak, koordinatzaileak, laguntzako langileak eta irakasleak) ostatu, mantenu eta joan-etorrien gastuak, une bakoitzean aplikagarriak diren arauzko mugekin.

e) Prestakuntza jarduerak garatzeko beharrezkoak diren alokairu gastuak, bai instalazioenak bai ekipamenduarenak.

2.2. Jarduerak egiteko, hirugarrenekin kontratatzen diren zerbitzuei dagozkien jarduera osagarriei zuzenean egozten ahal zaizkien gastuak; guztira emandakoaren %2a izanen da gehieneko muga.

2.3. Aurreko 2.1 eta 2.2 atalen arabera zuzenean ezin egotzi diren gastu orokorrak, diruz laguntzen diren jarduerak gauzatzeari lotuak; zuzeneko gastuen guztirakoaren %10a izanen da gehieneko muga:

a) Kanpoko zein barreneko laguntzako langileen gastuak, plana kudeatu eta gauzatzeko.

b) Instalazioak eta ekipamendua alokatzeko gastuak, prestakuntza planean aurreikusitako jarduerei zuzenean ezin egotzi zaizkienak.

c) Aseguruak, parte-hartzaileen istripuen estaldura barne, AFEDAParen hirugarren xedapen gehigarriarekin bat.

d) Publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Ebaluazio eta kontrol gastuak.

f) Zeharkako beste gastu batzuk, hala nola, ura, gasa, argindarra, mezularitza, telefonia, kontsumitutako bulegoko materiala, zaintza eta garbiketa, eta prestakuntza planari egozten ahal zaizkion espezializatu gabeko beste batzuk; zuzeneko gastuen guztirakoaren %6a izanen da gehieneko muga, eta ez da dokumentu bidez frogatu beharko.

13.oinarria–Azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunak osorik edo hein batean, behingoz bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala, azpikontratatzen ahalko du prestakuntza planean onetsitako jarduerak gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo daude onuradunak irakasleak kontratatzea prestakuntza emateko, eta diruz lagundutako plana bere aldetik gauzatzeko sustatzaileak egin beharreko gainontzeko gastuak.

2. Ezin izanen dira azpikontratatu prestakuntza planaren programazioa eta koordinazio orokorra; izan ere, sustatzaileak bere baliabideen bitartez gauzatu beharko ditu.

3. Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin jardueraren kostua handitzen bada, haren edukiari balio erantsia gehitu gabe.

4. Hirugarrenekin itundutako jarduerak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.3 artikuluan ezarritako mugak gainditzen dituenean, azpikontratazioaren kontratu idatzia eginen da, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak aldez aurretik baimendu beharko du.

5. Ezin izanen da kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitu eta aurreko atalean eskatutako baldintzak saihestearren.

6. Onuradunak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan ezarritako moduko lotura duen entitateekin azpikontratatzen ahalko du prestakuntza planean onetsita dituen jarduerak egitea, baina merkatuko baldintza normaletan egin beharko du kontratazioa, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak aldez aurretik baimendu beharko du.

Betiere, lotutako entitate batekin itundutako jarduerak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aipatu 26.3 artikuluan ezarritako mugak gaindituz gero, kontratua idatzita egin beharko da.

7. Diru-laguntza emandakoan formalizatu beharko da azpikontratatzeko baimenaren eskaera, 4. eta 6. ataletan aipatua. Baimena espres ematen ahalko da 15 eguneko epean, eskaera jasotzen denetik eta, epe hori laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe iraganik, emandakotzat joko da.

8. Azpikontratistek onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Aldiz, laguntza ematen duen organoaren aurrean du onuradunak diruz lagundutako jarduera burutzearen erantzukizun osoa.

9. Aurreko ataletan aurreikusitako ondorioetarako, onuradunek dute erantzukizuna hirugarrenekin itundutako jarduera diruz lagundua gauzatzean aurreko oinarrian ezarritako mugak errespeta daitezen, diruz lagundutako gastuei eta haien zenbatekoari dagokienez.

10. Azpikontratistek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eskura izan beharko dute gastuak frogatzen dituen dokumentazioa, baita kontroleko organoen eskura ere, behartuta baitaude beren eginkizunetan eskatzen zaien laguntza eta dokumentazio guztia ematera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako moduan.

11. Ezin izanen da azpikontrataziorik egin azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluko a), b), c) eta e) idatz-zatietan zehaztutako inguruabarren batean dauden pertsona edo entitateekin.

14. oinarria.–Justifikazioa.

1. Diru-laguntza eskuratzen duten prestakuntza planak egin izana eta laguntza hori jaso den urte naturalean izandako gastuak frogatzeko, justifikazio kontua aurkeztuko zaio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari hurrengo ataletan zehaztutako moduan eta epean eta, zein den kasua, 16. oinarrian aipatzen diren baliabide elektronikoen arabera.

2. Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 15era arte izanen da justifikazio epea, luzaezina dena.

3. Frogagirietan beti jasoko da diru-laguntzaz finantzatuta egin diren jardueren eta horien kostuaren aitorpena, eta deialdi bakoitzean ezartzen diren datuak emanen dira. Gainera, 4. oinarrian aipatu urteko txostena prestatzeko behar den informazioa, egindako prestakuntza ekintzei buruzkoa, emanen da.

4. Onuradunek ziurtagiri bat, diru-laguntza jasotzen duen organoaren titularrak emana, aurkeztuko dute, jarduera burutu dela eta hartutako diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

Gastuak fakturen bidez eta merkataritzako trafikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten gainerako dokumentuen bidez frogatuko dira, jatorrizkoak izan edo fotokopia konpultsatuak izan.

5. 2. atalean adierazitako epea iraganik, entitate onuradunak ez baditu frogagiriak aurkeztu, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak hamabost eguneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio aurkezten ez baditu, hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituela, baita berandutza interesa ere, diru-laguntza ordaindu zen egunetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.c) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

15. oinarria.–Itzulketak eta zehapenak.

1. Onuradunek oinarri hauetan eta bidezko deialdietan ezarritako baldintzak, baita gainerako arau aplikagarrietakoak ere, betetzen ez badituzte, itzulketa prozeduraren ondotik, jasotako diru-laguntza eta dagozkion berandutza interesak osorik edo haien zati bat itzuli beharko dituzte, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan xedatutakoari jarraituz.

2. Modu berean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra huts eginez gero, ez da emandako diru-laguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta jasotako zenbatekorik bada, haiek itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Itzulketa prozedura ofizioz abiatuko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, bai bere kabuz, bai goiko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginda edo salaketa bidez. Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako kontrol finantzarioari buruzko txostenaren ondorioz.

4. Itzulketa prozedura abiarazten duen ebazpenean abiarazte horren arrazoia, bete gabe utzitako betebeharrak eta laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Interesdunak bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak eta dokumentazioa aurkezten ahalko ditu, hari jakinarazi eta 15 eguneko epean.

5. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio itzulketa prozeduraren ebazpena ematea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan ezarritako espedientearen eta epearen arabera.

6. Arau-hausteen eta zehapenen araubidea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da. Arau-hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoa izanen da.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoak erabiltzea.

1. Prestakuntza planen gaineko eskaera, egokitzapenak eta aldaketak, baita justifikazioa, zuzenketa eta prozedura osoan zehar egiten den beste edozein komunikazio ere, nahitaez, baliabide elektronikoaren bidez eginen dira deialdian ezartzen den aplikazioa baliatuz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak besterik ezartzen duen komunikazioetan izan ezik. Horretarako, sustatzaileek aldez aurretik erregistratuta egon beharko dute aplikazio horretan.

2. Aplikazio horren bitartez eginen dira aipatu komunikazio eta jakinarazpenak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren web orriaren bidez sartuta, hartan erabakitzen diren identifikazio eta autentifikazio moduak baliatuta, Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Erabiltzen den komunikazio eta jakinarazpen sistemak ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa beteko du, baita Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legetik aplikatzen ahal zaizkion xedapenak ere.

Uneoro gailenduko da proportzionaltasunaren printzipioa tramite eta jarduketen izaerari eta inguruabarrei egokitutako bermeak eta segurtasun neurriak eskatzeko.

4. Foru agindu honen xedeko diru-laguntzak eskatzen dituzten prestakuntza planen sustatzaileak dira baliabide elektroniko horiek erabiltzera behartuta dauden subjektuak.

5. Justifikazioaren ondorioetarako, prestakuntza ekintzak gauzatu izanari buruzko datuak eta egin diren gastuei buruzko datuak bakarrik aurkeztuko dira baliabide elektronikoak baliatuz; aldiz, gastu horiek egin izanaren frogagiriak paperean aurkeztu beharko dira, justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino lehen, deialdietan erabakitzen den moduan.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, jakinarazi edo argitaratu ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Oinarri arautzaile hauen arabera onesten diren deialdien onespenaren eta ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitalpenetik aipatu hilabeteko epean.

Administrazio publikoen kasuan, oinarri arautzaile hauen kontra edo onesten diren deialdien kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, haiek argitaratzen direnetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F1606240