108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNANU

Auzolana arautzen duen ordenantzaren aldaketa Behin betiko onespena

Ergoieneko Unanuko Kontzejuak, 2016ko apirilaren 17an egin osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen:

Auzolana arautzen duen ordenantza hasiera batean onetsi zenetik 30 eguneko legezko epea erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe iragan denez, kontzeju honek boz batez erabaki du:

a) Delako ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea.

b) Delako ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, hasiera batez onetsitako testuarekin.

Unanun, 2016ko ekainaren 5ean.–Kontzejuko burua, Javier Mozo Lizarraga.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Ergoieneko Unanuko Kontzejuaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, auzolanaren bidez arautzen da, Unanuko ohitura zaharra baita; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Unanuko etxe bakoitzeko kide bat egonen da beharturik auzolana egitera. Kide horrek ez du zertan erroldaturik egon eta bere etxea ez da zertan ohikoa izan.

4. artikulua. Salbuetsita daudenak:

a) Hemezortzi urtetik beheitikoak eta berrogeita hamabostetik goitikoak.

b) %25etik gorako ezintasun-maila duten ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

5. artikulua. Arauketa.

Unanuko Kontzejua behartua dago auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzeko.

6. artikulua. Herritarren lana edo auzolana urtean bost egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira izanen ondoz ondokoak. Oro har, jaiegun ez diren larunbatak izanen dira auzolana egiteko egunak, goizeko zortzietatik ordu bietara, salbu eta justifikatuta legokeen kasu berezia bada.

Ordenantza honen arabera behartuta dagoen batek –bertan bizi ala ez, bertan erroldatua egon ala ez– lan aferak direla-eta ordu horietan ezin badu, Kontzejuari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ekarriko ez lukeen beste ordutegi bateko auzolanen batera deitzeko. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest bada. Aldez aurretik, ordezpen horren berri emanen zaio Kontzejuari. Urtean egiten diren auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

7. artikulua. Kontzejuak urtean hiru auzolan eginen ditu, guttienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki oholean agertuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Kontzejuko kide batek zuzenduko du.

9. artikulua. Unanuko Kontzejuak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak etab. Lehendik egindako lanak direla eta, ez da auzolanetik libratuko Kontzejuaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badie oniritzia idatzita ematen auzolana egin aitzin.

Gisa berean, auzolana egiteaz libre gelditzeko 25 euro ordaindu behar dira auzolaneko. Aipatutako diru kantitate hori uraren gastuetarako kontuan zordunduko da; horretarako Kontzejuaren datutegian ageri direnak erabiliko dira. Zordunketa hori atzera botatzen bada, %5eko gainordainarekin zordunduko da. Berriz ere atzera botaz gero, %20ko gainordainarekin agentzia exekutibora bidaliko da, ordainarazpena premiamendu-bidean egin dadin.

10. artikulua. Auzolana, edota horren ordezko ordainketa, ez egiteak Kontzejuari eskubidea emanen dio, etxe horri zenbait onura ukatzeko: herri-lurren alokairua, NPE aitorpenaren hektareen banaketa, herri-lurren gozamena, egur-loteak.

Iragarkiaren kodea: L1606528