108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

432E/2016 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Alkaiagako industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona. Sustatzailea Xantelmar SL da.

Nafarroako Gobernuaren 1993ko uztailaren 5eko Erabakiaren bidez Alkaiagako eskualdeko industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onetsi zen. Sustatzailea Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua da. Erabaki hori 1993ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an.

Aldaketa honek aurreikusten du UPSa arautzen duten ordenantzen 43. artikulutik (“Bulegoak eta etxebizitzak”) honako paragrafo hau kentzea: “Lokalek eta etxebizitzek bide publikoari begira izanen dute fatxada, lurzati bakoitzaren nahitaezko lerrokaduran”.

Dokumentuak aldaketa justifikatzen du argudiatuz bide publikora jotzen duen nahitaezko lerrokadurak mugapena dakarrela, kasu batzuetan enpresaren beharrei erantzuteko traba dena; gainera, proposamen berriak malgutasun handiagoa ekarriko du eta funtzionamendurako eta barruko espazioa antolatzeko aukera gehiago emanen du.

Aldaketak Industriaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Udalaren aldeko txostena dauka.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Alkaiagako industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea, 43. artikuluaren paragrafo bat kentzeari buruzkoa. Sustatzailea Xantelmar SL da.

2. Espedientea hilabetez jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzutea ematea ukitutako udalari.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1. 1. solairua, 31002, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da bidezkotzat jotzen den nahi adina alegazio idatziz aurkeztea.

Halaber, dokumentua Nafarroako Departamentuaren web orrian kontsultatzen ahalko da, “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Espedientea ebatzi aurretik sustatzaileak justifikatu edo bermatu beharko du proposatutako araudian nahi izandako helburua bete dela (“poligonoan kokatzen diren industrien bulegoetan eta etxebizitza osagarrietan osasungarritasun eta/edo bizigarritasun baldintzak bermatzea”).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Industriaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, sustatzaileari eta Lesakako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 22an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1604988