108. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Zergen kontrolerako 2016tik 2017ra bitarteko ekitaldietarako plana

Lodosako Udalak, 2016ko maiatzaren 5ean egin osoko bilkuran, onetsi zuen zerga kontrolerako 2016tik 2017ra bitarteko ekitaldietarako udal plana, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan:

LODOSAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2016TIK 2017RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehena:

Lodosako Udaleko zergak ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2016tik 2017ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena:

Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.” Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Planaren xedea izanen da iruzur fiskala atzematea Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendua egiteagatik hornidura orokorren enpresa ustiatzaileei ezarri beharreko tasan, aurrerantzean %1,5eko tasa delakoan. Nolanahi ere, hemen ez dira zehatz-mehatz azaltzen Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai Zerga Kontrolerako Planean, eta zergak ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan burutuko diren zehazten da. Araudi aplikagarriak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Ikuskatzeko prozeduraren bitartez, hitz batean, zergadunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Zergak ikuskatzeko departamentuak ikertu beharko du, bere jarduketetan, eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan zergadunek adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko dute Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko dute tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada bertze pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko bertze organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria:

Zergak ikuskatzeko udal departamentuari dagokio subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten ala ez egiaztatzeko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zergak ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki adierazten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera.”

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2016tik 2017ra bitartean egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana, izatez, baimen orokor bat da, zergadunen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketak edota informazioa lortzekoak hasi ahal izan daitezen epe jakin batean. Zergadunak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zergapeko egintzak hautatu beharra dago. Ikuskatzeko planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

Kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Funtzionarioei zerga kudeaketako datu baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute tributudunen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik tributuduna tributuen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai tributudunaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz, izan ere ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita tributudunak zer aitortu duen.

Funtzionarioei zerga iruzurra atzemateko behar duten informazioa erabiltzen utziko zaie. Baliabide guztiak emanen dira udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, bere xedeak betetzeko behar dituen bitarteko guztiak izanen ditu.

Alkate udalburuak txartela edo lanerako beste identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga ikuskapeneko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie, zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskapena:

Puntu honetan, erabaki da Lodosako alkate udalburuak betetzea Ikuskatzailetzako buruaren kargua, eta Udaleko Idazkaritzaren titularrak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jaso ahal izanen da.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Udaleko idazkaria izanen da.

Alkateak edo hura ordezkatzen duenak errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betearazteko ezinbertzekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren arloa eta Hirigintza arloa.

Prestakuntza:

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Xede orokorrak:

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zerga Ikuskapeneko 2016tik 2017ra bitarteko ekitaldietako Plan Orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, ezertan galarazi gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Horniduren zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak, baldin eta horiek interes orokorrekoak badira edo herritar guztiei edo hauetako kopuru handi bati eragiten dietenean.

%1,5eko tasari dagokionez, interes orokorreko edo herritar guztiei edo hauetako kopuru handi bati eragiten dieten horniduren zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek Lodosako udalerrian fakturatzen dituzten diru-sarrera gordinengatik likidatzen dituzten zenbatekoak berrikusteko jarduketak eginen dira. Hornidura zerbitzu horiek dira gasa, argindarrra, telefonia finkoa eta antzekoak, salbu eta telefonia mugikorra. Zerga oinarria, berriz, Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean zerbitzuen enpresa ustiatzaile horiek egiten duten erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia izanen da. Horretarako, enpresa hornitzaile horiei kontabilitateko datuak eskatuko zaizkie, likidatutako datuak egiazkoak diren frogatzeko.

Halaber, frogatze lan horren xedea izanen da udalerrian hornidurak eman bai baina Udalean diru-sarreren aitorpenik egiten ez duten eta, beraz, tasarik ordaintzen ez duten enpresak ikertzea.

Egiaztapen hori egiteko funtsean bide hauek erabiliko dira: %1,5eko tasa ordaintzeko aurkeztutako aitorpenak, diru-sarrera gordinen kontabilitatea eta enpresa ustiatzaileek gas, elektrizitate eta telefonia finkoko sareen jabeei ordaintzen dizkieten bidesarien kontabilitatea. Orobat, informazioa eskatuko zaio Industria Departamentuari, Lodosako udalerriko energia ekoizteko instalazioak ezagutzeko.

Lodosan, 2016ko maiatzaren 6an.–Alkate udalburua, Pablo Azcona Molinet.

Iragarkiaren kodea: L1605744