1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
112E/2016 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 13,2 kV-eko linea elektrikoa, ebakitze zentroa eta transformazio zentroa egiteko proiekturako, Martzillako eta Azkoiengo udal mugapeetan. SAT 413 Huerta de Peraltak sustatu du.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketak helburu du energia elektrikoaz hornitzea ura hartzeko putzu bat, Azkoiengo 4. poligonoan baratzeko laboreak hazten dituzten berotegiak urez hornitzen dituena. Horretarako, 13,2 kV-eko linea elektriko bateko euskarri bat aldatuko da, XS fusibleak aldatuz ebakigailu horizontal batekin. Handik, lur azpitik joanen da Martzillako 7. poligonoko 187. lurzatian, euskarri ondoan, kokatu beharreko ebakitze zentro bateraino. Handik, lur azpitik, 320 metroan, gutxi gora bera (horietatik 46 abelbide batetik joaten dira), Azkoiengo 4. poligonoko 370. lurzatiak kokatu beharreko transformazio zentro berri bateraino.
Espedientean aldeko txostenak jasotzen dira, hain zuzen ere Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, Biodibertsitatearen Zerbitzuak eta Martzillako eta Azkoiengo udalek emanak. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 13,2 kV-eko linea elektrikoa, ebakitze zentroa eta transformazio zentroa egiteko proiekturako, Martzillako eta Azkoiengo udal mugapeetan. SAT 413 Huerta de Peraltak sustatu du.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Lotzeko kate guztietarako U70AB66 isolagailua erabiliko da.
- Elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lotura zubiak, lineako eroaleen, XS ebakigailuen eta tximistorratz autobalbulen artekoak eta horien eta loturako botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
- Biodibertsitatearen Zerbitzuak P-9 pasabideari buruz egindako txostenarekin bat, sustatzaileak ebakitze zentroa kokatzeko egindako proposamena (Martzillako udal mugapeko 7. poligonoko 187. lurzatia), behin argiturik lurazti horren titulartasuna norena den, bideragarria da 19/1997 Foru Legeak abelbideak babesteko ezartzen duen babes araubidearekin. Hori dela eta, baimengarritzat jotzen da kokaleku hori. Zanga irekitzetik ateratako materiala abelbidean landu gabe dauden zerrendetan metatuko da, eta zanga berriz betetzeko erabiliko da. Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako eremua lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.
- Obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalean, eta bertan euskarrien azken egoeraren argazkiak erantsi beharko dira.
–Hirigintza arlokoak:
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:
- Obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Udalak, lizentzia eman aurretik, 35/2002 Foru Legearen 119 m) artikuluan (martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak ezarritako testuan) adierazitako dokumentazioa eskatuko dio sustatzaileari. 5/2015 Foru Legeak, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzkoak, 35/2002 Foru Legea aldatu zuen: “Sustatzailearen adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.”
- Ebazpenaren baldintza izanen da Azkoiengo 4. poligonoko 367., 368., 369., 370., 371. eta 378. lurzatietan berotegiak, sustatzaile berak sustatuak, paratzeko kasuan kasuko baimena lortzea, egun Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan tramitatzen ari dena. Izan ere, linea elektrikoa berotegi horien osagarria da.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Martzillako eta Azkoiengo udalei, Tutera eta Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko apirilaren 25ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1605012