107. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIBAR

Eguneko Landa Zentroaren zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Oibarko Udalak, 2015eko azaroaren 23an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Eguneko Landa Zentroaren zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala. Hura 2015eko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oibarren, 2016ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Pedro Lanas Arbeloa.

ORDENANTZA FISKALA, OIBARKO EGUNEKO LANDA ZENTROAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko I. Tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuarekin bat.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Oibarko Eguneko Landa Zentroan aurreikusitako zerbitzuak ematea izanen da zergapeko egintza.

Zerbitzua emateko mugak

3. artikulua. Oibarko Eguneko Landa Zentroaren barne araubideko erregelamenduan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta, horretan ezarritako lehentasunaren arabera, horien erabiltzaile direnei emanen zaizkie aurreko artikuluan aurreikusitako zerbitzuak.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Oibarko Eguneko Landa Zentroan aurreikusitako zerbitzuak ematen hastean sortuko da prezio publikoa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Oibarko Eguneko Landa Zentroan eman beharreko zerbitzuen onuradunek ordaindu behar dituzte kasuan kasuko tarifak.

Karga-oinarriak

6. artikulua. Ematen den zerbitzu mota eta zenbat denboraz ematen den, horiek izanen dira karga-oinarriak.

Balorazio irizpideak

7. artikulua. 1. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza honetan jasotakoak dira, zerbitzuaren arabera eta familia unitateko kontatzeko kideen hileko per capita errenta garbiaren arabera.

2. Hileko per capita errenta garbia kalkulatzeko, familia unitateko kontatzeko kideek dituzten urteko diru-sarrera guztiak batuko dira, haien jatorria edozein dela ere, eta, lortzen den emaitza, urteko hamabi hilabetetan banaturik, unitate horretako kideen kopuruarekin zatituko da.

3. Urteko diru-sarreratzat hartuko da lanaren errenten, pentsioen eta lanbide jardueren errendimenduen bidez eta salbuetsietako errenten bidez jasotakoa.

4. Diru ekarpena. Oibarko Eguneko Landa Zentroaren erabiltzailearen ekarpen ekonomikoa ezartzeko, honako hau hartuko da kontuan:

a) Erabiltzailearen familia unitatearen urteko diru-sarrera guztiak, aurreko ekitaldiari dagozkionak. Lanaren errenten, desenpleguaren, pentsioen eta salbuetsitako errenten bidezko diru-sarrerak baloratuko dira.

b) Diru-sarrera guztien konpututik kentzeko moduko gastua izanen dira hauek: gutxieneko familiarrarengatik zerga-oinarrian egiten den murrizketa, ohiko etxebizitza alokatzeagatik kuotan egiten den kenkaria (0,15ekin zatituta) eta ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik kuotan egiten den kenkaria (0,15ekin zatituta), bere baitan dituena, etxebizitza erosteaz gain, minusbalioa dutenentzat egokitzea eta eraberritzea. Orobat, mendekotasunagatik arreta emateko gastuak kenduko dira (garraioa, etxeko lanak egitea, etxeko laguntza zerbitzuak eta beste), agiri bidez behar bezala frogaturik badaude.

c) Onuradunen egoera sozioekonomikoak eta familiarrak aldatzen direnean, horren berri eman behar dio Oibarko Udalari, gertatu eta hilabeteko epean, kasuan kasuko tarifa egokitzeko.

Kontatzeko familia unitatearen kontzeptua tarifak ezartzeko

8. artikulua. Familia unitatea:

Familia unitatetzat hartuko da PFEZn zehaztutakoa:

–Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, baldin badira, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, baldin badira, adingabeko seme-alabek osatua (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatutako betebeharrak betetzen badituzte.

Tarifak

9. artikulua. 1. Jendea Oibarko Eguneko Landa Zentroan erregimen osoan hartzeko, zerbitzu guztiak dituztela bainu geriatrikoa, garbiketa eta lisaketa izan ezik:

ERRENTA MAILA

TARIFAREN ESKALA

Hileko PCEGa (per capita errenta garbia): 300 euro baino gutxiago

30 euro

Hileko PCEGa: 301 - 400 euro

80 euro

Hileko PCEGa: 401 - 500 euro

100 euro

Hileko PCEGa: 501 - 600 euro

120 euro

Hileko PCEGa: 601 - 700 euro

140 euro

Hileko PCEGa: 701 - 800 euro

160 euro

Hileko PCEGa: 801 - 900 euro

180 euro

Hileko PCEGa: 901 - 1.000 euro

200 euro

Hileko PCEGa: 1.001 euro baino gehiago

220 euro

Garbiketaren, lisaketaren eta bainu geriatrikoaren zerbitzuak

Bainu geriatrikoaren, garbiketaren eta lisaketaren zerbitzuetan, 3 euro kobratuko dira zerbitzu bakoitzeko, salbu eta hileko PCEGa 300 eurotik behera dutenei.

2. Urtero, artatzen direnei eskatuko zaie beren egoera sozio-ekonomikoa frogatzeko dokumentazioa aurkez dezatela, Eguneko Landa Zentroak ematen dituen zerbitzuengatik kobratu beharreko prezioa horretara egokitzeko.

Tarifen sorrarazpena eta diru-bilketa

10. artikulua. Zerbitzua egin eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean sorraraziko zaizkie kuotak Oibarko Eguneko Landa Zentroan egiten diren zerbitzuen onuradun diren guztiei.

11. artikulua. Kuotak hilabetero ordaindu beharko dira, bankuko helbideratzearen bitartez, sorrarazitako zerbitzuak egin eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko bost egunean.

12. artikulua. Sortzen ahal diren bajak idatziz komunikatuko zaizkio Oibarko Udalari eta ondorio ekonomikoak hurrengo hilabetetik aitzina sortuko dituzte. Presaz ospitalean edo egoitzan sartzea salbuetsita egonen da betebehar horretatik.

Kudeatzeko arauak

13. artikulua. 1. Oibarko Eguneko Landa Zentroaren kudeaketa horretarako onetsitako barne araubidearen erregelamenduari jarraituz eginen da.

Arau-hausteak eta zehapenak

14. artikulua. Oibarko Eguneko Landa Zentroaren barne araubidearen erregelamenduan ezarritakoarekin bat zehatuko dira egindako arau-hausteak.

Azken xedapenak

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Oibarko Eguneko Landa Zentroaren barne araubidearen erregelamenduan eta aplikagarri diren xedapen guztietan ezarritakoari ere.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1605415