107. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

346/2016 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da merkatuaren aurretiko kontsulta egiteko deialdia, helburu izanik Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko konponbideak bilatzea.

Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak txosten bat aurkeztu du, azaltzen duena beharrezkoa dela merkatuaren aurretiko kontsulta bat egitea, Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko sistema zehazte aldera, helburu izanik konponbideak bilatzea eta ebaluatzea, Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko. Horretarako, eskaintzak aurkeztuko dira, instalazio hori kudeatzeko eta ustiatzeko proposamen hoberena prestatzeko.

Une honetan, ez dago azpiegitura hori kudeatzeko eta ustiatzeko planteamendu eguneraturik, agiri hau ematen den eguneko errealitate ekonomiko, sozial eta kirolekoari egokitua dagoenik. Horregatik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, 2016ko martxotik aurrera, lantalde baten eraketa sustatu du, azpiegitura horren funtzionamenduari buruzko aukerak eta posibilitateak lantzeko. Honako hauen ordezkariek osatzen dute lantalde edo lan-mahai hori: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua bera, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Garapen Ekonomikorako Departamentua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondare Zerbitzua, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa eta Kultura, Kirol eta Aisialdiko Azpiegituren Nafarroako Sozietate Publikoa. Haien proposamenetako baten arabera, komeni da merkatuaren aurretiko kontsulta bat egitea, instalazioa kudeatzeko eta ustiatzeko sistema zehazteko, ahalbidetu daitezen erabilera jarraitua eta errentagarritasun ekonomikoa eta soziala. Horretarako, sustatuko da esparru horretako eragile eta operadoreek proposamenak eta konponbideak aurkez ditzatela.

Kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/UU Zuzentarauaren (haren bidez 2004/18/CE Zuzentaraua indargabetu zen) 40. artikuluan oinarritzen da proposatutako prozedura administratiboa. Artikulu hartan, xedatzen da ezen, kontratazio prozedurari hasiera eman aurretik, esleitzeko ahalmena dutenek merkatuaren kontsultak egin ditzaketela, kontratazioa prestatzeko eta beren planen eta kontratazio beharkizunen berri emateko operadore ekonomikoei.

Horretarako, esleitzeko ahalmena dutenek aholkularitza eska edo onar dezakete, adibidez, aditu edo agintari independenteen aldetik edo merkatuko parte-hartzaileen aldetik, eta kontratazio prozedura planifikatzeko eta garatzeko baliatzen ahalko dute, betiere aholkularitza horren ondorioa ez bada lehia faltsutzea eta ez badakar berarekin bazterketa ezaren eta gardentasunaren printzipioak urratzea.

Merkatuaren Aurretiko Kontsultarako Agiria prestatu du Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak, eta hartan jaso dira arlo juridikoko, ekonomikoko eta teknikoko beharkizunak, nahitaezkoak, interesdunek Administrazioari proposamenak aurkezteko.

Parte hartzeko eskaera egiten dutenetik aurrera onar daitezke interesdunak prozeduran, baldin parte hartzeko gaitasun teknikoari buruzko gutxieneko beharkizunak betetzen badituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBATZI DUT:

1. Merkatuaren aurretiko kontsulta egiteko deialdia onestea, helburu izanik Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko konponbideak bilatzea.

2. Merkatuaren aurretiko kontsulta egiteko oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskin gisa ageri direnak.

3. Ebazpen hau eta I. eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, adieraziz argitaratu eta biharamunean hasiko dela eskaerak aurkezteko epea, eta 2016ko abuztuaren 31n bukatuko.

4. Interesdunekin elkarrizketak-bilerak eginen dituen taldeko kide izendatzea honako hauek:

Burua: Rubén Goñi Urroz jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, edo legez haren eginkizunak bere gain hartzen dituena.

Ordezkoa: Primitivo Sánchez Sanz jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendariordea, edo legez haren eginkizunak bere gain hartzen dituena.

Kideak:

Iosu Janices Pérez jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren zuzendariordea, edo legez haren eginkizunak bere gain hartzen dituena.

Ordezkoa: Ricardo Ruano Enériz jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua, edo legez haren eginkizunak bere gain hartzen dituena.

Ramón Santesteban Úriz jauna, Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezkoa: Nuria Madoz Zubillaga andrea, Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

José Ignacio Remírez Lizuáin jauna, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzako teknikaria.

Ordezkoa: Javier Larumbe Oderiz jauna, Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

Jorge Aleixandre Micheo jauna, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa.

Ordezkoa: César Esparza Larramendi jauna, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa.

Javier Lacunza Arraiza jauna, Kultura, Kirol eta Aisialdiko Azpiegituren Nafarroako Sozietate Publikoa –NICDO SL–.

Ordezkoa: Vincent Poliniere, Kultura, Kirol eta Aisialdiko Azpiegituren Nafarroako Sozietate Publikoko –NICDO SL– erosketen eta laneko arriskuen prebentzioko arduraduna.

Idazkaria: Esteban Imaz Vacas jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Administrazio Publikoaren teknikaria, arlo juridikokoa.

Ordezkoa: legez egoki dena.

5. Ebazpen hau igortzea Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzari, haren Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta interesdun onartuekin elkarrizketa-bilerak eginen dituen taldeko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 19an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA

Oinarriak, merkatuaren aurretiko kontsultarenak, helburua izanik Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko konponbideak bilatzea

Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia Nafarroako Foru Komunitatearen jabetza da, eta gaur egun Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikia dago. Iruñeko Sadar kalean dago.

Dokumentu honetako II. eta III. eranskinetan zehazten dira haren egungo egoera eta oinarrizko ezaugarri teknikoak.

Gaur egun, ez dago azpiegitura hori kudeatzeko eta ustiatzeko planteamendu eguneraturik, agiri hau ematen den eguneko errealitate ekonomiko, sozial eta kirolekoari egokitua dagoenik.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren arabera, komeni da merkatuaren aurretiko kontsulta bat egitea, instalazioa kudeatzeko eta ustiatzeko sistema zehazteko, ahalbidetu daitezen erabilera jarraitua eta errentagarritasun ekonomikoa eta soziala. Horretarako, sustatuko da esparru horretako eragile eta operadoreek proposamenak eta konponbideak aurkez ditzatela.

Kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/UU Zuzentarauaren (haren bidez 2004/18/CE Zuzentaraua indargabetu zen) 40. artikuluan xedatzen da ezen, kontratazio prozedurari hasiera eman aurretik, esleitzeko ahalmena dutenek merkatuaren kontsultak egin ditzaketela, kontratazioa prestatzeko eta beren planen eta kontratazio beharkizunen berri emateko operadore ekonomikoei.

Horretarako, esleitzeko ahalmena dutenek aholkularitza eska edo onar dezakete, adibidez, aditu edo agintari independenteen aldetik edo merkatuko parte-hartzaileen aldetik, eta kontratazio prozedura planifikatzeko eta garatzeko baliatzen ahalko dute, betiere aholkularitza horren ondorioa ez bada lehia faltsutzea eta ez badakar berarekin bazterketa ezaren eta gardentasunaren printzipioak urratzea.

Proposamenetako edukiak erabiliko dira soil-soilik izan daitekeen kontratazio prozedurako ezaugarriak zehazteko, edo komenigarritzat jotzen den beste edozein konponbidetako ezaugarriak zehazteko.

1. Xedea.

Merkatuaren aurretiko kontsultaren xedea da konponbideak bilatzea eta ebaluatzea, Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko. Horretarako, agiri honetan xedatutakoa betetzen duten proposamenak aurkeztuko dira.

Hauxe da asmoa: merkatuaren aurretiko kontsultan lortzen diren proposamen eta konponbideetan oinarrituta, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (edo Nafarroako Gobernuaren menpeko edozein entitatek) behar bezain ongi ezagut ditzala konponbide hoberenak, baldintza administratibo, ekonomiko eta teknikoak zehazteko, baita bete beharreko irizpideak zehazteko ere, kontratazio prozedura egiten bada, edo bestelako konponbide administratibo gauzatzen bada, kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko.

Nolanahi ere, gero lizitazio publiko bat egitea edo beste edozein prozedura hautatuta ere, hartan aukera emanen da zehaztutako baldintzak betetzen dituzten proposamenak aintzat hartzeko, merkatuaren aurretiko kontsultan egon ez badira ere.

Kontsulta horrek berez ez du kontratu prozeduraren izaerarik, eta ez dakar kosturik Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarentzat.

2. Eskuragarri dagoen informazioa.

Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia arras multifuntzionala den azpiegitura gisa sortu da. Hala, espazioen aldakortasuna eta funtzionaltasuna lehenetsi dira, ahalik eta gehien erraztuz espazioak egitura daitezela ezin hobeki balia daitezen erabilera posible gehienetarako, kiroldegiaren osagai diren espazioei dagokienez.

II. eranskinean jaso dira azpiegituraren deskribapen zehaztua eta honako hauei buruzko informazioa: gauzatzeko dauden inbertsioen balorazioa, eraikitze proiektuaren arabera; hirigintzaren gaineko baldintzak, Udal planaren arabera; eta jarduerarako eman den lizentzia.

Instalazioaren jarduera sailkatuaren lizentzia (agiri honen II. eranskinean gehitu da) 2009ko irailaren 17an eman zuen Iruñeko Udalak (2013ko maiatzaren 30ean aldatua), eta hartan aurreikusten dira bai kirol erabilerak bai kirolekoak ez direnak (esaterako kultur ekitaldiak eta ikuskizunak, feriak, erakusketak, herri bazkariak, unibertsitate jaiak, etab antolatzea eta gauzatzea).

Gaur egun, inbertsio batzuk gauzatu gabe daudenez oraindik, instalazioak ez du irekitzeko lizentziarik.

Obra gauzatzearen memoria da III. eranskina, eta IV. eranskinak zehazten du zer gidoi bete behar den proposamenak aurkezteko.

Aipatzen diren eranskin guztiak interesdunen esku daude helbide honetan: http://www.reynodenavarraarena.es/.

3. Prozedura.

3.1. Parte-hartzaileak:

Deialdia irekia da, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari laguntzeko interesdun guztiei zuzendua dago, proposamenak aurkez ditzaten, konponbide aukerak eskaintzeko Navarra Arena erabilera anitzeko kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko, ahalbidetu daitezen erabilera jarraitua eta errentagarritasun ekonomikoa eta soziala.

Onartuko da interesdun berak proposamen bat baino gehiago aurkeztea, banaka nahiz beste batzuekin batean.

Pertsona edo entitate talde batek batera aurkezten badu proposamen bat, ordezkaria identifikatu beharko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren solaskide izateko.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua ez dago behartua deialdi honetan aurkeztutako proposamenak ez finantzatzera ez onartzera. Interesdunaren kargura izanen dira deialdian parte hartzeak eta proposamena egiteak ekarritako kostu guztiak.

3.2. Parte hartzeko eta proposamenak aurkezteko eskaerak:

3.2.1. Epea.

Prozedura honetan, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da parte hartzeko eskaerak egiteko epea, eta 2016ko abuztuaren 31an bukatuko.

Bai parte hartzeko eskatzeko bai proposamenak aurkezteko, dokumentazioa helbide elektroniko honetara bidali beharko da: arenaconsultademercado@navarra.es.

Merkatuaren aurretiko kontsultan interesduna onartzen denetik aurrera aurkez daitezke proposamenak, eta aurkezteko epea 2016ko urriaren 31n bukatuko da.

3.2.2. Parte-hartzaileen kaudimen baldintzak.

Ezarritako epearen barnean, interesdunek parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute, eta, horrekin batean, honako kaudimen tekniko maila betetzen dela frogatzen duten agiriak:

a) Azken bost urtean (2011-2015), instalazio multifuntzionalak kudeatzeko eta ustiatzeko zerbitzuak emateko bi kontratu gutxienez gauzatu izana, gutxieneko zenbatekoa izanik, horietako batean behintzat, urtean 300.000 euro baino gehiago (instalazio bati dagokionez), edo, bestela, hari kontratatutako kudeaketaren eta ustiapenaren xede den instalazioak urtean 1.000.000 euroko diru-sarrerak sortu izana.

Edo

b) Aktiboki parte hartu izana edozein motatako 2 ekitaldi garatzen gutxienez (kirolekoak, kulturalak eta/edo biltzar batekin lotuak), instalazio multifuntzionaletan, bertaratu direnak 2.000 pertsonatik gora izanik, eta ekitaldi horietako batean behintzat munta ekonomikoa 250.000 eurotik gorakoa izanik.

Maila horiek lortu direla frogatzeko, zinpeko aitorpenak aurkeztuko dituzte parte-hartzea eskatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek.

Baldin prozesuan taldean parte hartu duten pertsona fisiko eta/edo juridikoek aurkeztu badute parte hartzeko eskaera, lehen aipatutako kaudimen teknikoaren maila frogatzeko, nahikoa izanen da horietako edozeinek betetzea maila hori.

3.3. Navarra Arena kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko aukerak.

Parte hartzeko fasean, interesdunek plantea ditzakete Navarra Arena kiroldegia kudeatzeko eta ustiatzeko egoki jotzen dituzten aukerak, IV. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3.4. Gardentasunaren, tratuaren berdintasunaren, bazterketa ezaren eta konfidentzialtasunaren printzipioak:

Kontsultan parte hartzeak, parte-hartzaileekin izandako harremanek edo informazio trukeek ez dute berekin urraketarik ekarriko Europar Batasuneko gardentasunaren, tratuaren berdintasunaren eta bazterketa ezaren printzipioetan, ezta lehia murriztuko edo mugatuko ere, eta abantaila edo eskubide esklusiborik ere ez dute ekarriko.

Merkatuaren aurretiko kontsultan parte hartzeak ez du inolako eskubiderik nahiz lehentasunik emanen gero izan daitezkeen kontratuetan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egin nahiz Nafarroako Gobernuaren menpeko beste edozein entitatek egin.

Horretarako, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak behar diren neurriak hartuko ditu aipatutako printzipioei eutsiko zaiela bermatzeko, bai kontsulta garatzean bai gero izan daitekeen edozein kontratazio prozeduratan edo egokitzat jotzen den beste edozein konponbide administratibotan.

Parte-hartzaileek adieraziko dute beren proposameneko zer atal diren konfidentzialak, eta, zehazki, berariaz adierazi beharko dute proposameneko zer zati diren beren enpresa-estrategiaren osagai, eta, beraz, zer zati diren sekretu tekniko edo merkataritzako.

3.5. Laneko elkarrizketak/bilerak:

Interesdunek, behin onartuak izan ondoren, banakako elkarrizketak izanen dituzte Administrazioarekin, informazioa trukatzeko, eta horiei buruz egokia den Akta eginen da.

4. Kontsultaren bukaera.

Proposamenak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak aurkeztutakoak bilduko ditu, baita kontsultan jasotako gainerako informazioa ere, eta bukaerako txostena eginen du, parte-hartzaileek egindako jarduketa eta ekarpenekin.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, egokitzat jotzen badu, proposamenak aurkezten dituzten pertsonei proposamenak argitzea eska diezaieke.

Behar den informazioa izanik, eta instalazioa kudeatzeko izan daitezkeen konponbideak ongi ezaguturik, hasiera eman dakioke kontratu publiko baten lizitazioari, edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak edo Nafarroako Gobernuaren menpeko entitateak helburua betetzeko egokitzat jotzen duen prozedura administratiboari.

Egin daitekeen kontratazio prozeduran aukera emanen da zehaztutako baldintzak betetzen dituzten proposamenak aintzat hartzeko, merkatuaren aurretiko kontsultan egon ez badira ere.

Merkatuaren aurretiko kontsulta hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak deialdi honi zabalpena ematen ahal dio helburua betetzeko egokien jotzen dituen bitartekoen bidez.

Iragarkiaren kodea: F1606150