107. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151/2016 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak arautzen dituena, Nafarroan goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan modu esperimentalean antolatuak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketaren arabera, 42.5 artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza arloko administrazioek ezarritako esparruan, erdi mailako heziketa zikloetako ikasleei borondatezko irakasgaiak eskaintzen ahal zaizkie, beste ikasketa batzuk egitera joan daitezen errazteko ikasleei, hala nola: Komunikazioa gaztelaniaz, Komunikazioa atzerriko hizkuntzan, Matematika aplikatua, eta, kasua bada, Komunikazioa hizkuntza koofizialean. Gainera, ikasleak Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloetara joan daitezen errazteko, borondatezko irakasgaiak eskaintzen ahalko dira, kasuan kasuko lanbide arlo edo sektorearekin lotura dutenak. Borondatezko irakasgai horiek gainditzeak erraztuko du goi mailako heziketa ziklo horietan onartuak izatea.

Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloetan sartzeko baldintza berriak ezarriko direnez gero, Hezkuntza Departamentuak erabaki du Nafarroan modu esperimentalean ezartzea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak, goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan antolaturik, erdi mailako ziklo bat egin duten ikasleei errazteko beste ikasketa batzuetara joatea eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloetan aurrera egitea. Hori dela eta, bidezkoa da goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa arautzea Nafarroako Foru Komunitatean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan modu esperimentalean antolatuak, ebazpen honen 1. eta 2. eranskinetan ezarritako oinarriei jarraituz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Araubide Administratiboaren Atalari, Argibide eta Agiri Bulegoari, Eskolatze Bulegoari eta ukitutako ikastetxeei.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

1. ERANSKINA

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren ezaugarri orokorrak

Xedapen orokorrak

Lehena.–Definizioa.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa da Nafarroan hartzen den bidea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluan aipatzen diren borondatezko irakasgaiak antolatzeko.

Bigarrena.–Helburua eta xedeak.

Helburu bikoitza du goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak: gaitasunak handitzea erdi mailako lanbide heziketan, ikasleari errazteko beste ikasketa batzuetara joatea, eta ikasleei erraztea goi mailako heziketa zikloetan aurrera egitea.

Hirugarrena.–Ikasleak.

Teknikari titulua duten ikasleei zuzentzen zaie goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa.

Laugarrena.–Ezaugarri orokorrak.

1. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa ikasturte batekoa da.

2. Oro har, 20 ikas saiokoa izanen da asteko ordutegia goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa duten ikastetxeetan, G ereduan. Sartzeko ikastaro hori D edo D/A ereduarekin duten ikastetxeetan 22 ikas saiokoa izanen da, eta ikas saioek 55 minutu iraunen dute.

2. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroan ikasturte batean jardunen da.

3. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa antolatzen duten irakasgaiak ez dira baliozkotuko Batxilergoan izen bera dutenekin.

Bosgarrena.–Matrikula.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan matrikulatzeak ekartzen du hura osatzen duten irakasgai guztietan matrikulatzea, eta eskubidea ematen du azken ebaluazioaren bi deialdi izateko ikasturte bakoitzeko. Biak ekainean eginen dira.

2. Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen araudian ezarritako moduan, epeetan eta egunetan eginen da matrikula goi mailako zikloetan sartzeko ikastaro horretarako.

Egitura

Seigarrena.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren antolaketa eta egitura.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak, lanbide sektoreen arabera, hiru modalitate hauek izanen ditu:

a) Zientziak eta Ingeniaritza.

b) Gizarte Zientziak.

c) Osasun Zientziak.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa bi irakasgai multzoren inguruan antolatuko da:

a) Irakasgai komunen multzoa: hiru irakasgai komun ditu, sartzeko ikastaroa G ereduan egiten bada, edo 4 irakasgai komun, sartzeko ikastaroa D edo A ereduan egiten bada.

b) Modalitateko irakasgaien multzoa: modalitateko hiru irakasgai ditu sartzeko ikastaroaren modalitate bakoitzeko.

3. Honako hauek dira irakasgai komunak:

a) Komunikazioa gaztelaniaz.

b) Komunikazioa atzerriko hizkuntzan: frantsesa edo ingelesa.

c) Matematika aplikatua.

d) Komunikazioa euskaraz: sartzeko ikastaroa D edo A ereduan antolatzen bada.

4. Honako hauek dira modalitateko irakasgaiak:

a) Zientzien eta Ingeniaritzaren modalitatea: Fisika eta kimika aplikatuak, Teknologia industrial aplikatua eta Marrazketa teknikoa.

b) Gizarte Zientzien modalitatea: Ekonomia aplikatua, Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak eta Geografia aplikatua.

c) Osasun Zientzien modalitatea: Giza biologia aplikatua, Kimika aplikatua eta Fisika aplikatua.

5. Honako hau izanen da goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren irakasgaien orduak banatzeko modua:

a) Irakasgai komunak: 11 ikas saio, honela banaturik:

–Komunikazioa gaztelaniaz: 4 ikas saio.

–Komunikazioa atzerriko hizkuntzan (frantsesa edo ingelesa): 3 ikas saio.

–Matematika aplikatua: 4 ikas saio.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa D ereduan egiten bada edu Komunikazioa euskaraz irakasgaia ematen bada, honako hau izanen da irakasgai komunen orduak banatzeko modua:

–Komunikazioa gaztelaniaz: 3 ikas saio.

–Komunikazioa euskaraz: 3 ikas saio.

–Komunikazioa atzerriko hizkuntzan (frantsesa edo ingelesa): 3 ikas saio.

–Matematika aplikatua: 4 ikas saio.

b) Modalitateko irakasgaiak: 9 ikas saio, honela banaturik:

–Zientziak eta Ingeniaritzaren modalitatea. Fisika eta kimika aplikatuak: 3 ikas saio; Teknologia industrial aplikatua: 3 ikas saio; eta Marrazketa teknikoa: 3 ikas saio.

–Gizarte Zientzien modalitatea. Ekonomia aplikatua: 3 ikas saio; Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak: 3 ikas saio; Geografia aplikatua: 3 ikas saio.

–Osasun Zientzien modalitatea. Giza biologia aplikatua: 3 ikas saio; Kimika aplikatua: 3 ikas saio; Fisika aplikatua: 3 ikas saio.

6. Komunikazioa atzerriko hizkuntzan irakasgaian (frantsesa edo ingelesa), bi talde eginen dira ikas saioan elkarrizketa egiteko, taldean 25 ikasle edo gehiago badaude. Gainerako irakasgaietan, talde banaketei dagokienez, Batxilergoko irakasgaiei aplikatu beharreko araudi indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

Zazpigarrena.–Ikastaroa egiteko modalitateak.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa modalitate hauetan egin daiteke:

a) Aurrez aurreko modalitatea.

b) On line modalitatea.

c) Tutorepeko urrutiko modalitatea.

CURRICULUMA

Zazpigarrena.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren berariazko ebazpenaren bidez ezarriko da, eta Batxilergoko antzeko irakasgaiak eta goi mailako zikloetan sartzeko proben prestakuntza ikastarokoak hartuko dira erreferentzia moduan.

2. Ondoko osagai hauek izanen ditu, gutxienez, goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculumak:

a) Edukiak edo ezagutzen, gaitasunen, trebetasunen eta jarreren multzoa. Sartzeko ikastaroaren edukiak irakasgaitan antolatuko dira.

b) Ebaluazio irizpideak. Irakasgai bakoitzak bere ebaluazio irizpideak izanen ditu, irakasgaian erdietsi nahi denaren araberakoak.

c) Ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak, ebaluazio irizpideen zehaztapen bezala ulertuta. Behagarriak, neurgarriak eta ebaluagarriak izan behar dute eta errendimendua edo erdietsitako lorpena mailakatzeko aukera eman behar dute.

3. Irakasle taldeei dagokie metodologia didaktikoaren gaineko erabakiak hartzea, ikasle guztien arrakasta erdiesteko ikuspegi egokienak bilatuz.

4. Ikastetxeek goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma aplikatu behar dute.

Zortzigarrena.–Printzipio pedagogiko orokorrak.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan erabiltzen den metodologiak gaitasun hauek bultzatuko ditu: ikasleek beren kasa ikastekoa, banaka eta taldeka lan egitekoa, pentsamendu autonomoa, kritikoa eta zorrotza garatzekoa, ikerketa teknika eta metodo egokiak aplikatzekoa eta irakatsitakoa transferitu eta aplikatzekoa. Erabiltzen den metodologiak aukerak eman behar ditu ikasleek ezagutzak sortu edo eraikitzeko.

2. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak irakasgai guztietan ikasteko beharrezko tresna izanen dira, goi mailako zikloetan ezinbestekoak direlako eta eguneroko bizitzarako eta lanean txertatu ahal izateko erabilgarriak direlako.

3. Irakurtzeko gaitasuna, idatzizko adierazpena eta jendaurrean ahoz zuzen adierazteko gaitasuna irakasgai guztietan landu beharko dituzte irakasleek. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko ikasleek, halaber, informazioa erabiltzen ikasi behar dute, euskarri desberdinetan eta iturri desberdinetatik.

4. Ikastetxeek metodologiak erabakiko dituzte eta horietan kontuan hartuko dira ikasleen ikasteko erritmo desberdinak eta norberaren ezaugarriak eta/edo ikasteko estiloak, ikasle guztiek beren gaitasunen garapen-maila gorena lor dezaten. Era berean, metodologia horiek nork bere kasa ikasteko gaitasuna eta taldean lan egitea bultzatu beharko dituzte.

5. Tutoretza eta hezkuntza eta lanbide orientazioa funtsezko osagaiak dira goi mailako zikloetan sartzeko ikastaro horietan. Irakasle tutoreak irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko du.

6. Atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan lehentasuna emanen zaie ahozko adierazpenari eta ulermenari eta gaztelania edo euskara horren ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez dira erabiliko.

Bederatzigarrena.–Zeharkako osagaiak.

1. Ikastetxeek, irakaskuntzako programazioaren bitartez, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna garatu beharko dute, genero-indarkeria edo desgaitasuna duten pertsonen kontrakoa prebenitzeko, baita edozein indarkeria, arrazakeria edo xenofobia mota prebenitzeko ere.

2. Era berean, ikastetxeek ekintzak burutuko dituzte ezein izaera edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta diskriminazio-ezak eta tratu berdintasunak berezko dituzten balioak sustatzeko helburuarekin eta horretarako, beste neurri batzuen artean, edozein diskriminazio mota suposatzen duten portaera eta eduki sexistak eta estereotipoak ekidinen dituzte.

3. Ikastetxeek ekintzak garatuko dituzte elkarbizitza hobea izaten ikasteko, norberaren bizitzan, familian eta inguruan gatazkak era baketsuan konpondu eta prebenitzeko, giza eskubideak errespetatzeko, gizonak eta emakumeak berdin errespetatzeko, baita desgaitasuna dutenak ere, eta edozein bortizkeria motari arbuio egiteko.

4. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma ekintzailearen espiritua garatu eta finkatzeko osagaiak izanen ditu, sormena, autonomia, ekimena, talde lana, norberaren konfiantza eta zentzu kritikoa gisako gaitasunak oinarri hartuta. Halaber, curriculumeko beste osagai batzuk izanen ditu, ondoko hauekin lotura dutenak: garapen jasangarria eta ingurumena, sexu abusua eta esplotazio arriskua, desgaitasuna dutenei tratu txarrak ematea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak behar ez bezala erabiltzearen ondoriozko arriskuak eta babesa bilatzea larrialdietan eta hondamendietan.

Hamargarrena.–Hezkuntza orientabidea.

Indarreko araudiak hezkuntza orientabideari dagokionez Batxilergoko ikasleentzat eta heziketa zikloko ikasleentzat aurreikusitako neurriak izanen dituzte goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko ikasleek.

EBALUAZIOA

Hamaikagarrena.–Ebaluazioa.

1. Sartzeko ikastaroaren curriculuma ezartzen duen ebazpenean zehaztuko dira ebaluazio irizpideak eta ikasketaren estandar ebaluagarriak, erreferenteak direnak ikastaroaren irakasgaien ebaluazioetan, etengabea edo azkena izan, goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren helburuak eta gaitasunak noraino lortu diren egiaztatzeko.

2. Ebaluazioak, halaber, helburu du ikasleen dedikazioa, esfortzua eta errendimendu akademikoa aitortuko dela bermatzea.

3. Ikasleen ikasketaren ebaluazioa etengabea eta bereizia izanen da irakasgaien arabera. Prestakuntzarako balioko du, bai eta irakaskuntza prozesuak zein ikaskuntza prozesuak hobetzeko ere.

4. Irakasleek ikasleen ikasketa prozesua, ikasteko prozesua eta norberaren irakaslana baloratuko dituzte. Horretarako, ikasleek etengabeko ebaluazioan lortutako emaitzak erabiliko dituzte, besteak beste.

5. Irakasgaien arabera eginen da ebaluazioa. Ikastaroko irakasgai bakoitzaren kalifikazioa zenbakizkoa izanen da, 1etik 10era, hamartarrik gabe.

Ikastaroaren azken nota horien batez besteko aritmetikoa izanen da, bi hamartarrekin adierazia. Positiboa izanen da 5 puntuko edo handik gorako kalifikazioa. Gutxienez 4 puntu atera beharko dira irakasgai bakoitzean batez bestekoa egiteko.

6. Behin bakarrik egin daiteke goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa. Matrikula deuseztatzeko arrazoiak, prozedurak eta eraginak Lanbide Heziketako heziketa zikloetarako indarreko araudian ezarritako berak izanen dira.

7. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren ebaluazioa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren berariazko ebazpenaren bidez erregulatuko da.

Hamabigarrena.–Ikuskapena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu.

Hamahirugarrena.–Ziurtagiria eta eraginak.

1. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa gainditzen duten ikasleek ziurtagiri akademiko bat eskuratuko dute, ikastetxeak emana. Horrek bide emanen du goi mailako zikloetan sartzeko, Nafarroan onarpenari buruzko araudiari jarraituz, ondotik zehazten den moduan.

2. Goi mailako zikoetan sartzeko ikastaroaren eraginei dagokienez, ondokoak izanen dira, zer teknikari titulu edukitzen den eta goi mailako zer ziklotan sartu gogo den:

a) Lanbide Heziketako teknikari titulua izanik Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartu nahi duten ikasleak: sartzeko ikastaroan lortutako batez besteko notak hobari bat emanen du, erdi mailako zikloko batez besteko notari gehituko zaiona, goi mailako zikloan sartzeko nota kalkulatzeko, Nafarroan onarpen prozesua arautzeko araudian ezarritakoari jarraituz.

b) Lanbide Heziketako teknikari titulua izanik Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan edo araubide bereziko kirol ikasketen goi mailako zikloetan sartu nahi duten ikasleak: sartzeko ikastaroan lortutako batez besteko notak hobari bat emanen du, goi mailako zikloetan sartzeko proban lortutako kalifikazioari gehituko zaiona. Gainera, sartzeko ikastaroko irakasgai guztiak gainditzeak bide emanen du goi mailako zikloetan sartzeko probaren zati komuna egitetik salbuesteko. Kirol ikasketen goi mailako zikloetan sartzeko probaren kasuan (zikloetan sartzeko probaren zati komunak osatzen baitu), bide emanen du proba egitetik salbuesteko.

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko titulua edo Kirol Teknikari titulua izanik, Lanbide heziketako goi mailako zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan edo araubide bereziko kirol ikasketetan sartu nahi duten ikasleak: sartzeko ikastaroan lortutako batez besteko notak hobari bat emanen du, goi mailako zikloetan sartzeko proban lortutako kalifikazioari gehituko zaiona. Gainera, sartzeko ikastaroko irakasgai guztiak gainditzeak bide emanen du goi mailako zikloetan sartzeko probaren zati komuna egitetik salbuesteko. Kirol ikasketen goi mailako zikloetan sartzeko probaren kasuan (zikloetan sartzeko probaren zati komunak osatzen baitu), bide emanen du proba egitetik salbuesteko.

Hamalaugarrena.–Taldeak osatzea.

Orokorrean, taldearen ratioa hauxe izanen da: gehienez 30 ikasle eta gutxienez 15.

Hamabosgarrena.–Irakaskuntza eta irakasleak.

1. Ondotik zehazten den irakaskuntza eginkizuna duten irakasleek emanen dituzte sartzeko ikastaroko irakasgaiak ikastetxe publikoetan, ebazpen honen 2. eranskinean irakasgaien eta espezialitateen artean ezarritako korrelazioaren arabera.

2. Eskatutako berariazko kualifikazioa frogatzen duten irakasleek emanen dituzte sartzeko ikastaroko irakasgaiak ikastetxe itunduetan, uztailaren 2ko 860/2010 Errege Dekretuan eta uztailaren 17ko 665/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa garatzeko, ebazpen honen 2. eranskinean irakasgaien eta baldintzen artean ezarritako korrelazioaren arabera.

3. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko talde bakoitzak tutore bat izanen du, ikastetxeko gainerako taldeen moduan. Araudian ezarritako tutoretzari dagozkion eginkizunak beteko ditu, eta, horretarako, beharrezko ordu dedikazioa izanen du.

Hamabigarrena.–Baliabide materialak eta eremuak.

Batxilergoko ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa ematen duten ikastetxeek, eta talde arrunt bat gehiago izanen da eremuak eta instalazioak erabiltzeko orduan, ondorio guztietarako.

Hamahirugarrena.–Eskaintza eta baimena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio eskaintza planifikatzea eta behar den baimena ematea goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa emateko, halako moduz non bermatuko baitira nahikotasuna, kalitatea eta egonkortasuna ikastaro horren eskaintzan.

2. ERANSKINA

Moduluak ematen dituzten irakasleak

Ikastetxe publikoak

GOI MAILAKO ZIKLOETAN SARTZEKO IKASTAROKO IRAKASGAIA

BH-KO KATETRADUNA

BH-KO IRAKASLEA

LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE TEKNIKOA

Komunikazioa gaztelaniaz

Gaztelania eta literatura

Komunikazioa atzerriko hizkuntzan: ingelesa

Ingelesa

Komunikazioa atzerriko hizkuntzan: frantsesa

Frantsesa

Matematika aplikatua

Matematika

Komunikazioa euskaraz

Euskal hizkuntza eta literatura

Teknologia industrial aplikatua

Ibilgailuen mantentze-lanen antolaketa eta prozesuak

Fabrikazio mekanikoko antolaketa eta proiektuak

Sistema energetikoen antolaketa eta proiektuak

Zurgintza eta altzarigintzako prozesuak eta produktuak

Sistema elektronikoak

Instalazio elektrotekniko eta automatizatuak

Teknologia

Ibilgailuen mantentze-lana (1)

Makinen mantentze-lanak eta mekanizazioa (1)

Soldadura

Ekipo termikoak eta fluidoen ekipoak instalatu eta mantentzea (1)

Arotzeriako eta altzarigintzako fabrikazioa eta instalazioa (1)

Ekipo elektronikoak (1)

Instalazio elektroteknikoak (1)

Fisika eta kimika aplikatuak

Fisika eta kimika

Industriako analisia eta kimika

Diagnostiko klinikoen prozesuak eta produktu ortoprotesikoak

Ibilgailuen mantentze-lanen antolaketa eta prozesuak

Sistema elektronikoak

Instalazio elektrotekniko eta automatizatuak

Laborategia (2)

Diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoen prozedurak (2)

Marrazketa teknikoa

Marrazketa

Eraikin zibilak eta eraikuntza

Zurgintza eta altzarigintzako prozesuak eta produktuak

Eraikuntza proiektuen bulegoa

Fabrikazio mekanikoko proiektuen bulegoa

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak

Informatika

Sistema elektronikoak

Instalazio elektrotekniko eta automatizatuak

Teknologia

Merkataritzako prozesuak (3)

Administrazio kudeaketako prozesuak (3)

Sistema eta aplikazio informatikoak (3)

Ekipo elektronikoak (3)

Instalazio elektroteknikoak (3)

Ekonomia aplikatua

Ekonomia

Enpresen administrazioa

LPO (4)

Merkataritzako antolaketa eta kudeaketa

Administrazio kudeaketako prozesuak (4)

Merkataritzako prozesuak (4)

Geografia aplikatua (4)

Geografia eta historia

Enpresen administrazioa (5)

Merkataritzako antolaketa eta kudeaketa (5)

Gizartean eta komunitatean esku hartzea (5)

Komunitatearentzako zerbitzuak (5)

Giza biologia aplikatua

Biologia eta geologia

Irudi Pertsonaleko Aholkularitza eta Prozesuak

Diagnostiko klinikoen prozesuak eta produktu ortoprotesikoak

Osasun prozesuak

Osasun eta laguntza prozedurak (6)

Diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoen prozedurak (6)

Kimika aplikatua (6)

Fisika eta kimika

Biologia eta geologia

Irudi pertsonaleko aholkularitza eta prozesuak

Diagnostiko klinikoen prozesuak eta produktu ortoprotesikoak

Osasun prozesuak

Industriako analisia eta kimika

Laborategia (7)

Diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoen prozedurak (7)

Osasun arloko prozedurak (7)

Fisika aplikatua

Fisika eta kimika

Biologia eta geologia

Diagnostiko klinikoen prozesuak eta produktu ortoprotesikoak

Industriako analisia eta kimika

(1) Espezialitate horietako irakasleek Teknologia industrial aplikatua irakasgaia eman dezakete, baldin eta lizentziadunak, ingeniariak, arkitektoak, diplomadunak, arkitekto teknikoak, ingeniari teknikoak edo gradudunak badira Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren jakintza arloko espezialitateren batean, Teknologia industrialari buruzko prestakuntzarekin.

(2) Espezialitate horietako irakasleek Fisika eta kimika aplikatuak irakasgaia eman dezakete baldin eta diplomadunak, lizentziadunak edo gradudunak badira Zientzien jakintza arloko espezialitateren batean, Fisikari eta Kimikari buruzko prestakuntzarekin.

(3) Espezialitate horietako irakasleek Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak irakasgaia eman dezakete, baldin eta lizentziadunak, ingeniariak, arkitektoak, diplomadunak, ingeniari teknikoak, arkitekto teknikoak edo gradudunak badira Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen, Zientzien edo Ingeniaritzen eta arkitekturaren jakintza arloko espezialitateren batean, hiru kasuetan, Informatikari buruzko prestakuntzarekin.

(4) Espezialitate horietako irakasleek Ekonomia aplikatua irakasgaia eman dezakete baldin eta diplomadunak, lizentziadunak edo gradudunak badira Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen jakintza arloko espezialitateren batean, Ekonomiari buruzko prestakuntzarekin.

(5) Espezialitate horietako irakasleek Geografia aplikatua irakasgaia eman dezakete baldin eta diplomadunak, lizentziadunak edo gradudunak badira Arteen eta humanitateen edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen jakintza arloko espezialitateren batean, bi kasuetan, Geografiari buruzko prestakuntzarekin.

(6) Espezialitate horietako irakasleek Giza biologia aplikatua irakasgaia eman dezakete baldin eta diplomadunak, lizentziadunak edo gradudunak badira Osasun zientzien jakintza arloko espezialitateren batean, Biologiari buruzko prestakuntzarekin.

(7) Espezialitate horietako irakasleek Kimika aplikatua irakasgaia eman dezakete baldin eta diplomadunak, lizentziadunak edo gradudunak badira Osasun zientzien edo Zientzien jakintza arloko espezialitateren batean, bi kasuetan, Kimikari buruzko prestakuntzarekin.

Ikastetxe pribatuak

IRAKASGAIA

HASIERAKO PRESTAKUNTZAREN BALDINTZAK

Komunikazioa gaztelaniaz

Humanitateen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Arteen eta humanitateen jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Komunikazioa atzerriko hizkuntzan

(frantsesa / ingelesa)

Humanitateen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Arteen eta humanitateen jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko, eta kasuan kasuko hizkuntza menperatzea (1).

Filologiako, Filosofia eta letretako (Filologia atalekoa), Itzulpengintza eta interpretazioko lizentziaduna, kasuan kasuko hizkuntzan.

Matematika aplikatua

Zientzia esperimentalen eta osasunekoen, Irakaskuntza teknikoen edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen arloko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluetako edozein, edo Zientzien, Ingeniaritzaren eta arkitekturaren, Osasun zientzien edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen jakintza arloko gradudun titulu ofizialetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Komunikazioa euskaraz

Humanitateen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Arteen eta humanitateen jakintza arloko graduadun titulu ofizialetako edozein, ikasketak euskaraz eginak badira, edo, horrelakorik ezean, Hizkuntza Eskola Ofizialaren Euskararen Gaitasun Agiria edo Nafarroako Gobernuaren EGA, edo ofizialki baliokidetzat jotako titulua; eta, gainera, irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Teknologia industrial aplikatua

Irakaskuntza teknikoen edo Zientzia esperimentalen eta osasunekoen arloko ingeniari, arkitekto edo lizentziadun tituluetako edozein, edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren edo Zientzien jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Fisika eta kimika aplikatuak

Zientzia esperimentalen eta osasunekoen eta Irakaskuntza teknikoen arloko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluetako edozein, edo Zientzien, Osasun zientzien edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren jakintza arloko gradudun titulu ofizialetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Marrazketa teknikoa

Irakaskuntza teknikoen arloko ingeniari edo arkitekto tituluetako edozein, edo Ingeniaritzaren eta arkitekturaren eta Arteen eta humanitateen jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, edo Kultur ondasunak zaindu eta zaharberritzeko edo Diseinu edo arte plastikoetako goi mailako tituluetako edozein, eta, gainera, irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Arte Ederretako lizentziaduna

Arkitektoa.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak

Irakaskuntza teknikoen edo Zientzia esperimentalen eta osasunekoen arloko ingeniari, arkitekto edo lizentziadun tituluetako edozein, edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren edo Zientzien jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, edo Teknologien irakasgaiak irakasteko baliokidetzat hartutako edozein titulu, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Informatikako lizentziaduna edo ingeniaria.

Ekonomia aplikatua

Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, irakasgaien curriculuma irakasteko.

Geografia aplikatua

Humanitateen edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Arteen eta humanitateen edo Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Giza biologia aplikatua

Zientzia esperimentalen eta osasunekoen arloko lizentziadun tituluetako edozein, edo Zientzien edo Osasun zientzien jakintza arloko gradudun tituluetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia, kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Kimika aplikatua

Zientzia esperimentalen eta osasunekoen eta Irakaskuntza teknikoen arloko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluetako edozein, edo Zientzien, Osasun zientzien edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren jakintza arloko gradudun titulu ofizialetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

Fisika aplikatua

Zientzia esperimentalen eta osasunekoen eta Irakaskuntza teknikoen arloko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluetako edozein, edo Zientzien, Osasun zientzien edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren jakintza arloko gradudun titulu ofizialetako edozein, eta irakasteko esperientzia frogatzea, edo goi mailako prestakuntza egokia kasuan kasuko irakasgaiaren curriculuma irakasteko.

(1) Honako honekin froga daiteke hizkuntza menperatzen dela:

a) Filologia, Filosofia eta letrak (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta interpretazioa tituluak eskuratzeko ikasketak kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan egin izana.

b) Hizkuntza eskola ofizialeko gaitasun agiria edo maila aurreratuaren ziurtagiria, kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan.

c) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailari dagozkion gaitasunak kasuan kasuko hizkuntzan menperatzen direla frogatzen duen edozein ziurtagiria, berariaz jasota gelditzen bada maila hori edo beste handiago bat.

F1605691

Iragarkiaren kodea: F1605691