106. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2016 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016-2017 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztuna ikastetxe gehiagotan emateko oinarriak ezartzen dituena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak Nafarroan arautzen dituzten dekretuek (abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretua eta martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretua) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntza era bateratu eta koordinatuan eginen dela, ikaskuntza hori optimizatzeko. Halaber, adierazten du baimena eman daitekeela curriculumeko arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Europan eleaniztasuna eta mugikortasuna sustatzeko politikaren esparruan, Hezkuntza Departamentuak programa honen deialdia egiten du 2007az geroztik, programa ezartzea eskatzen duten Bigarren Hezkuntzako institutuetan hizkuntza horien ikaskuntza bultzatu eta hobetzeko xedearekin, betiere esperientziaren kalitatea bermatzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 1ean emandako 70/2011 Ebazpenaren bidez, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ingeleseko programa eleaniztunak emateko oinarriak ezarri ziren, eta 2011-2012 ikasturtean ingeleseko atal elebidunen programa eleaniztuna ikastetxe gehiagotan ezartzeko deialdia egin zen.

2016-2017 ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntza Ingelesez Ikasteko Programa egin duten lehenengo ikasle taldeak (Doña Mayor HLHIkoak, Catalina de Foix HLHIkoak eta Camino de Santiago HLHIkoak) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasten hasiko dira Nafarroako ikastetxeetan.

Bigarren Hezkuntzako atal elebidunen gaineko egungo legedia diseinatu zen Lehen Hezkuntzan ingelesezko irakasgairik izan ez zuten ikasleentzat. Hortaz, araudi berria prestatu behar da aipatutako ikasle horientzat, Haur eta Lehen Hezkuntzako curriculumaren %40 inguruan ingelesa izan baitute komunikazio-hizkuntza.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskari berri horri erantzuteko berariazko araudia diseinatzen da, izan ere, eskari hori ez da gaur egungo atal elebidunen bidez erantzuten dena bezalakoa.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016-2017 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztuna emateko oinarriak onestea.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Irakasleen Prestakuntzako Atalari eta Informazio eta Dokumentazio Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko apirilaren 19an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

2016-2017 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztuna ikastetxe gehiagotan emateko oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunean, curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira. Curriculumeko hizkuntzen tratamendu bateratzailea eta curriculumeko edukien eta hizkuntz arloko edukien arteko integrazioa (AICLE/CLIL) dira ikasketa programa honen oinarri metodologikoak.

1.2. Ikastetxe bakoitzak Ikastetxeko Hizkuntza Plana prestatu beharko du, curriculumeko hizkuntza bakoitzari laguntzeko ekintzak jasoko dituena, ikastetxearen bereizgarriak kontuan harturik, hau da, haren hizkuntza eta kultur aniztasuna, beharrak, baldintza bereziak eta emaitzak.

1.3. Nafarroako curriculumean hizkuntza desberdinak egoteak beharrezkoago egiten du haien arteko lan koordinatua eta integratua egitea, zeren eta gizabanakoek ez baitituzte garatzen hizkuntzak modu independentean. Hizkuntz gaitasunak aukera ematen du hizkuntzen arteko konparazioa eta alderaketa egiteko eta haien arteko etengabeko elkarreragina gertatzeko. Hizkuntza batean maila hobetzeak besteetan ere hobetzea dakar; hizkuntza bakoitzean ikasten denak kontzientzia metalinguistikoa handitzen du, eta ikaslearen garapen kognitiboa sustatzen.

1.4. Bigarren Hezkuntza Eleaniztunak jarraipena ematen die Haur eta Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei (PAI, PAAL eta PAF deiturikoak).

2.–Atzerriko hizkuntzan emanen diren Bigarren Hezkuntzako curriculum arloak.

2.1. Bigarren Hezkuntza Eleaniztunak bermatuko du, Atzerriko Hizkuntza irakasgaiaz gainera, gutxienez beste bi irakasgai gehiago (aukerakoak ez direnetatik) emanen direla oso-osorik atzerriko hizkuntza horretan.

2.2. Curriculumeko edozein irakasgai ematen ahalko da atzerriko hizkuntzan, Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza eta Literatura izan ezik.

2.3. Astero atzerriko hizkuntzan emanen diren saioak, Atzerriko Hizkuntza irakasgaikoak barne, 8 izanen dira gutxienez, eta 12 gehienez.

3.–Atzerriko Hizkuntza.

3.1. Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistek emanen dute Atzerriko Hizkuntza irakasgaia, eta horretan lehentasuna izanen dute ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioek.

3.2. Atzerriko Hizkuntza nahitaezkoa izanen da ikasle guztientzat, eta programari dagokion hizkuntzan irakasten diren gainerako irakasgaietarako errefortzuko edukiak izan ditzake. Hala, ikuspegi holistizkoz landuko da hizkuntza, ez deskriptiboki eta formalki bakarrik. Hizkuntza eta edukia integratuko dituen metodologia erabiltzera joko da.

3.3. Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen beharrei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bultzatuko dira, hizkuntz gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz, non, gramatika edukiez gainera, semantika nozioek eta eginkizun sozialek ere tokia izanen duten.

4.–Ikastetxeek bete beharreko baldintzak.

4.1. Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzan ikasteko programa bat eskaini duten ikastetxeek eskainiko dute Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztuna.

4.2. Ikastetxeek Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua prestatuko dute programa hau etapako lau ikasturtetan ezartzen den bitartean. Horretarako, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalaren aholkularitza izanen dute.

5.–Taldeen antolaketa.

5.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunetan dauden ikasleak eta horrelako programetan ez daudenak ikastetxe berean baldin badaude, ikastetxeak, ahal izanez gero, talde heterogeneotan bilduko ditu ikasleak, hau da, programa horretan dauden ikasleak eta programan ez daudenak batera bilduko ditu. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietan talde ezberdinetan arituko dira ikasleak, eta eredu bakoitzeko (A/G edo D) komunikazio-hizkuntzan ematen diren irakasgaietan, berriz, elkarrekin.

6.–Ikasleen betebeharrak.

6.1. Sarrera automatikoa. Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzan ikasteko programaren batean egin duten ikasleak, hala jarraitu nahi izanez gero.

6.2. Proba bidezko sarrera. Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzan ikasteko programaren batean egin ez duten ikasleak.

6.2.1. Proba honetan ikasleek hizkuntzaren lau trebetasunetan duten gaitasun maila neurtuko da, hain zuzen, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A2 mailari dagokiona.

6.2.2. Eskaerak Hezkuntza Departamentuak ezarritako plaza kopurua baino gehiago badira, ikastetxeak hautapena egiteko behar diren neurriak hartuko ditu, Eskola Kontseiluak onetsita.

6.3. Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunean sartzen diren ikasleek etapa osoa egin beharko dute programa horren barrenean. Dena den, ikasturte bakoitza bukatutakoan, gurasoek edo legezko tutoreek zilegi dute eskatzea ikasle bati baja eman diezaiotela programan. Ikastetxeko zuzendariak eskaera onartu edo ukatu eginen du, irakasle taldearen txostena eta orientazio departamentuaren aholkuak kontuan harturik.

6.4. Bigarren Hezkuntza Eleaniztunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da.

7.–Irakasleak eta koordinazioa.

Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunean irakasteko ordutegia daukaten lanpostuak, ahal delarik, atzerriko hizkuntzaren C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek beteko dituzte. Horretarako, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduko, irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduko eta martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko ziurtagirietako bat eduki beharko dute.

7.1. Hizkuntzen tratamendu integraturako baliabideak-Hizkuntza koordinazioa.

7.1.1. Programan sartutako departamentu didaktiko bakoitzeko, irakastordu bat esleituko da. Departamentuak, bileretara joateko, txostenak eta memoriak idazteko eta abarretarako, aukeratzen duen irakasle ordezkariari esleituko zaio ordu hori.

7.1.2. Programa honetan irakasten duten irakasle guztiek, hizkuntza arlokoak izan ezik, gehienez bi ordu osagarri izanen dituzte dagokien irakasgaia prestatzeko, egokitzeko eta koordinatzeko. Programa honetan irakasten duten atzerriko hizkuntzako irakasleek ere ordu osagarri bat izanen dute beren ordutegian koordinazio lanetarako.

7.1.3. Programaren koordinatzailea atzerriko hizkuntzan edo atzerriko hizkuntza irakasten duen irakasle bat izanen da, ahal delarik, behin betiko destinoa ikastetxean bertan duen irakasle bat. Koordinazioa bere gain hartzen duen departamentu didaktikoari irakastordu bat eta bi ordu osagarri gehiago murriztuko zaizkio, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute.

7.1.4. Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztuneko lan taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

7.2. Irakasle koordinatzailearen eginkizunak.

7.2.1. Ikasturteko lan programa proposatzea: bileren egutegia eta landuko diren gai nagusiak (edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena eta laguntzarako baliabideak).

7.2.2. Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak programako irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira.

7.2.3. Programako irakasleei deia egitea eta bilerak zuzentzea, bilera bakoitzeko gaiak ikusita, eta akta egitea.

7.2.4. Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, programarako berariazko prestakuntza edo lan taldeak proposatuz.

7.2.5. Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea Urteko Plangintza Orokorrean, Bizikidetza Planean eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartu beharreko programaren alderdiei buruz.

7.3. Irakasleen eginkizunak.

7.3.1. Programaren programazioaren eta azken memoriaren prestaketan laguntzea.

7.3.2. Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

7.3.3. Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

7.3.4. Ikastetxeen artean programatzen diren koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

7.4. Koordinazio bilerak:

7.4.1. Irakasle talde guztiarenak. Gutxienez hasierako bilera bat eginen da irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

7.4.2. Departamentuenak edo intereseko arloen araberakoak. Edukiaren arabera zehaztuko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

7.5. Koordinazio bileretan jorratu beharreko gaiak:

7.5.1. Helburuak eta atzerriko hizkuntzan eman beharreko edukiak.

7.5.2. Metodologia.

7.5.3. Ebaluazio irizpideak.

7.5.4. Prestakuntza beharrak.

7.5.5. Beharrezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

8.–Irakasleen prestakuntza eta ziurtapena.

8.1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazio eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztun batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

8.2. Antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak eskubidea du Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunak ezartzen dituzten ikastetxeen lan eta esperientziak erabiltzeko eta zabaltzeko.

8.3. Ikasturte bukaeran, Bigarren Hezkuntzako Programa Eleaniztunean irakasten duten irakasleek ziurtagiri bat jasoko dute, hezkuntza berrikuntzako 50 orduren baliokidea, Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emana.

8.4. Programa honetan parte hartzen dutenek aukera izanen dute nahitaez bete beharreko urteko prestakuntza orduen multzoan sartzeko denbora hori, baina ez zaie prestakuntza orduengatiko ziurtagiririk emanen.

Iragarkiaren kodea: F1604989