106. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

611/2016 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Horrenbestez, industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, neurri hau onesten da: diru-laguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETEei. Zehazki, neurri horretan inbertsioetarako laguntzak ematen dira, betiere helburu hauek badituzte: hazkunde ekonomikorako merkaturatze eta produkzioa gauzatzea, produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea, prozesu eta teknologia berriak ezartzea eta kostuak murriztea.

Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan. Halaber, Gobernuak 2015eko urtarrilaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioko araubideari jarraikiz ematea baimendu zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak, eranskinean jasotakoak, onestea.

3. 14.652.358,90 euroko gastua baimentzea, “Industrietako inbertsioetarako diru-laguntzak. Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea” izeneko 810007 81210 7701 422206 kontu-sailaren kargura, betiere kreditu erabilgarria badago, ondoko muga hauekin:

URTEA

ZENBATEKOA (eurotan)

2016

638.926,90

2017

14.013.432,00

GUZTIRA

14.652.358,90

2017an baimendutako zenbatekoa E-15/000114-01 PEP elementuaren kargura kontabilizatuko da, eta aldaketak izan ditzake, EGEFen kofinantzaketarik gabe ematen diren laguntzen arabera.

Urtean zehar kontu-sail horretan diru erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena NAOn argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 19an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako ETEek produkzio-inbertsioko proiektuak egin ditzaten sustatzea, merkatuan lehiatzeko duten gaitasuna hobetzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Nafarroan establezimendu bat izatea edo laster izatea.

b) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) Ondoko jardueretako bat egitea:

–Manufaktura-industriak (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C sektorea), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak salbu.

–Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (2009ko EJSN: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Informazio jarduerak eta komunikazioak (2009ko EJSN: J sektorea).

–Logistikako jarduerak, hala nola gordetzea eta biltzea, salgaiak maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (2009ko EJSN: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (2009ko EJSN: M saileko 71.12 eta 71.20).

–Ikerketa eta garapena (2009ko EJSN: M saileko 72).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (2009ko EJSN: M saileko 74. 10).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

e) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

f) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta aitorpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioko proiektuak.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagun daitezke, betiere honako helburu hauetako bat badute:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

c) Establezimendu baten produkzioa dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

2. Eskaera egunaren eta 2017ko irailaren 30aren artean gauzatu beharko dira proiektuak.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, 2015eko abenduaren 31ko langile kopuruaren arabera:

LANGILEAK

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

15.000 euro

10etik 49ra bitarte

50.000 euro

50etik 249ra bitarte

100.000 euro

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Honako xedetako bat dutenak:

i) Industrian erabiltzeko lursailak eskuratzea, betiere diruz laguntzen ahal den inbertsio osoaren %10 gainditzen ez badu.

ii) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

iii) Makineria eta ekipamendua erostea edo errentan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak merkatuan duen baliora bitarte, aktibo immaterialak barne.

Halako ondasunak erosten badira, oinarri honen 2. eta 3. atalei jarraituko zaie.

iv) Bestelako gastuak, ii) eta iii) puntuei lotuta, hala nola arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, betiere horietako balioaren %10 gainditzen ez badute.

b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan baino ez erabiltzea, molde eta trokelen kasuan salbu, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahal baitira.

c) Proiektuan planteatzen den helburua eskuratzen laguntzea zuzenean. Helburu hori 3.1 oinarrikoetako bat izanen da.

d) Eskaera egunaren eta 2017ko irailaren 30aren artean egin beharko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutakoa, hurrengo 2. atalean eta 11.3 oinarrian xedatutakoari jarraituko baitio.

e) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, inbertsioko proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

f) Kostuen moderazioa betetzea. Horretarako, baldin diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastu bat, BEZa kanpo, 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa arkitektura eta ingeniaritzako enpresek ekipamendu-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, onuradunak “hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta hiru eskaintza gutxienez aurkeztu.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntzen kudeatzailea den organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez badator bat laguntzak eskatzean aurreikusitakoarekin, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

Kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

i) Aktiboaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan enpresak eskatzen duen bezala hornidura emateko behar adina entitaterik ez badago.

ii) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

iii) Aktiboa hornitzaile horrekin aldez aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa bada.

Nolanahi ere, enpresak hiru eskaintzak ez aurkezteko erabakia modu fede-emailean justifikatu beharko du aipatu inprimakian. Bestela, inbertsioko elementu horrek ez du diru-laguntza jasoko.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzeak diru-laguntza jaso dezake baldin eragiketak oinarri honen 1 ataleko d) letran adierazitako aldian egiten bada, eta haren xedea aktibo finko berriak eskuratzea bada, ondasun higiezinak eta horiei lotutako obrak eta instalazioak salbu.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko duena. Ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta errentamendu finantzarioari lotutako seguruen gastuak.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria argituta eta Espainiako edo Europar Batasuneko diru-laguntzarik jaso ez dutela adierazita.

b) Prezioak erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua ez gainditzea; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagun daitezke ondasun horiek desmuntatu, lekualdatu, muntatu eta egokitzeko kostuak.

4. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Eskaeraren eguna baino lehen egindako ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak.

f) Lursaila eskuratzeko fidantzak, eskaeraren eguna baino lehen ezarriak. Horrenbestez, egun horren ondoko eskuratze gastuek jasoko dute diru-laguntza bakarrik.

g) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

h) Hauetarako inbertsioak: aktiboak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak. Salbu teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

i) Ibilgailuak, salbu barnean erabiltzekoak, esaterako orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

j) Zorraren eta BEZaren interesak.

k) Lursailak eta eraikinak erosteari lotutakoak, betiere aurreko 10 urtean diru-laguntza jaso badute, deialdi honen argitalpen egunetik hasita.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren eta inbertsioko proiektuaren ezaugarrien arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea inbertsioko proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.

a) Enpresaren tamaina eta mota, laguntza eskaeraren egunean:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZA (%)

ETEa

6

Ekonomia sozialeko enpresa

8

b) Enpresaren kokapena:

ENPRESAREN KOKAPENA

LAGUNTZA (%)

Iruñerritik kanpo, hau da, Nafarroako Lurralde Eremuaren 10.4 azpieremutik kanpo*

2

Deialdi honen argitalpen egunean, garapen ekonomikorako plan estrategikoa gauzatzeko hitzarmena onetsirik duen eremu baten barruan

4

* Iruñerriak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

c) Enpresa berria Nafarroan: %5. Ondorio horietarako, halakotzat joko da jarduera Nafarroan 2016tik aurrera hasten den enpresa.

d) Jarduera Nafarroan 2015ean edo lehenago hasi ziren enpresen hazkunde enpresariala:

ENPRESAREN 2015EKO SALMENTAK / ENPRESAREN 2014KO SALMENTAK

LAGUNTZA
(%)

≥ 1,10 eta < 1,20

1

≥ 1,20 eta < 1,50

2

≥ 1,5

3

e) Enpresa batzuek bat egitea eta integratzea, 2010. urtearen eta eskaera egunaren artean, hau da, ETE batzuek bat egitearen ondoriozko enpresa edo beste ETE batzuekin enpresa integrazioko akordioa duen enpresa: %4.

f) Enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2015eko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEEN KOPURUA /
KONTRATUEN KOPURUA, GUZTIRA

LAGUNTZA
(%)

≥ %80 eta < %85

1

≥ %85 eta < %90

2

≥ %90

3

g) Prestakuntza enpresan: 2015ean prestakuntza programetan parte hartzea, gutxienez prestakuntzako 10 ordu egin badira langileko, aukera hauetako baten bidez eginak:

–Gizarte Segurantzako kuoten hobariaren bidez.

–Kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzarako laguntzen deialdiak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginak.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza proiektu bereziak.

–Bestelako prestakuntza, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldeko txostena duena.

Laguntzaren intentsitate osagarria %2 izanen da.

h) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea:

–Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako agiri bat aurkeztuko da.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

Laguntzaren intentsitate osagarria %1 izanen da.

i) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

LAGUNTZA (%)

≥ %25 eta < %50

1

≥ %50 eta < %75

2

≥ %75

3

j) Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

FABRIKAZIO AURRERATUKO SISTEMETAN (INDUSTRIA 4.0)
EGINDAKO INBERTSIOAREN PORTZENTAJEA

LAGUNTZA (%)

≥ %5 eta < %10

1

≥ %10 eta < %20

2

≥ %20

3

Fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Sentsorizazioa.

–Simulazioa.

–Errealitate areagotua.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligent.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

2. Laguntzaren intentsitate hauek, 2014-2020 urteetarako Eskualdeetarako Estatuko Laguntzei buruzko Jarraibideen 5.4.2 atalean ezarriak (2013ko uztailaren 23ko C029 EBAO), ez dira inolaz ere gaindituko:

ENPRESAREN TAMAINA

ESKUALDEKO LAGUNTZEN 2014-2020 MAPAN SARTUTAKO EREMUA (%)

MAPAN SARTUTA EZ DAUDEN EREMUAK (%)

Ertaina

20

10

Txikia

30

20

Mikroenpresa

30

20

–Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) kontsulta daiteke.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

Egun hori baino lehenago deialdirako baimendutako aurrekontuko kreditua bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epearen itxieraren berri emanen da tramiteen katalogoko fitxa erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, lehen aipatutako laguntzen fitxaren bidez.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizuneko aitorpena.

d) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 4.1.f) oinarrian eskatzen den kostuen moderazioa frogatzen duten 3 eskaintzak.

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako lan bizitzaren txostena (2015eko abenduaren 31 artekoa).

f) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Inbertsioa Sustatzeko Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. 2015eko deialdian (2015eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa) aurrekontuko kreditu eskasiagatik laguntzarik jaso ez zuten enpresek, 3. atalean eskatzen den dokumentazioaz gain, aurreko eskaera berresten duen eskaera aurkeztu beharko dute. Eskaera horrek oinarri honen 1. eta 2. ataletan xedatutakoari jarraituko dio.

Kasu horietan, proiektua gauzatzen hasteko erreferentzia eguna 2015eko deialdiaren eskaera eguna izanen da. Hurrengo oinarrian espedienteak ebazteko ordenari buruz xedatutakoaren ondorioetarako, berrespen eskaeraren eguna hartuko da kontuan.

Berrespen eskaerak 2015eko deialdian aurkeztu zen inbertsioko proiektua ukitzen du bakarrik; horrenbestez, enpresak beste inbertsio batzuk aurreikusi baditu, laguntza eskaera berri bat aurkeztu beharko du, oinarri arautzaile hauetara egokitua.

7. oinarria.–Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez esleituko da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazioaren ondoriozko intentsitatearen arabera diru-laguntza esleitzeko irizpideak 3., 4. eta 5. oinarrietakoak dira.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Inbertsioa Sustatzeko Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aldez aurretik, aipatu organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntzak ukatuko direla.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik lau hilabetera eman eta jakinaraziko da.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. 2016ko irailaren 1ean baino lehen bukatzen diren inbertsioko proiektuei 2016ko aurrekontuaren kargura emanen zaizkie laguntzak, eta egun horretatik aitzina bukatzen direnei, berriz, 2017koaren kargura.

9. oinarria.–Instalazioa egin izana frogatzea.

1. Inbertsioko proiektua bukatu eta hiru hilabeteko epean, eta betiere 2017ko irailaren 30ean beranduenez, onuradunek inbertsioa egin dela frogatu beharko dute.

Horretarako, telematika bidez, inbertsioa egin izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren arabera.

2. 5.1 oinarriko i) eta j) letrei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzeko ebazpenean.

3. Proiektua gauzatzean funtsezkoak ez diren aldaketak edo laguntzaren ebazpenean aurreikusten ez ziren inbertsioak egiten badira, enpresak frogatu beharko du proiektuaren helburuarekin lotuta daudela, bai eta kostuen moderazioa ere, 4.1.f) oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Ez dira diruz lagunduko laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez funtsezkoak diren aldaketak, ezta aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen ez dutenak ere.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egin eta frogatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Diru-laguntza lortzen duen inbertsioa enpresaren Nafarroako jarduera ekonomikoari atxikia mantentzea, zazpi urtez bederen erregistroan inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea, aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen aldatzen bada edo errentan hartzen edo besterentzen badira.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 12. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

g) Jasotako diru-laguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzen 2016ko deialdian”.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, zilegi izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuta doitzea eta, hala behar denean, bidezko kopurua itzularaztea. Zehazki:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoa, organo kudeatzaileak frogagiriak egiaztatu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpenean lagundutako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Diruz laguntzen ahal den inbertsioa lagundutako inbertsioaren %50etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak 2017ko maiatzaren 31 baino lehen jakinarazten badu egin beharreko inbertsioa murriztuko dela. Telematika bidez jakinaraziko du, laguntzen fitxaren bidez.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Inbertsioa Sustatzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotiko gorakoa bada, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da, bai eta egiaztapen horren akta edo txostena ere.

3. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, laguntza ordaindu baino lehen, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela (gutxienez diru-laguntzaren zenbatekoaren adinako kapitala).

4. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

12. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan eskatzen dena bete beharko dute proiektuek.

EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Inbertsioko proiektua finantza errentamenduko eragiketen bidez ez finantzatzea.

2. Laguntza hauen onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) EB 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.

c) Onuradunak EGEFen ekarpenaren berri eman beharko du, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, eta ondoko logotipoa agertuko du:

F1606277_0.pdf

Onuradunak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

d) Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko den zerrenda batean (www.dgfc.sgpg.meh.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste laguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

14. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan, 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 17. artikuluan (“ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sgpg.meh.es/sitios/dgfc/eu-ES/Paginas/inicio.aspx).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1606277