106. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

124E/2016 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Zarrakaztelu-Melida eta Zarrakaztelu-Murillo 13,2 Kv-eko linea elektrikoa zatibitzeko proiekturako, Zarrakazteluko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurkeztutako proiektuan, “4634-02-Carcastillo-Mélida eta 4634-04-Carcastillo-Murillo” izeneko 13,2 kV-eko zirkuitu bikoitzeko goi tentsioko linea zatibitu gogo da, eskualdeko hornidura elektrikoa hobetzeko. Horretarako, aireko eta lur azpiko linea elektriko berri bat eginen da. Lehenbiziko tartea lur azpikoa izanen da, 90 metroko luzerarekin, eta Zarrakazteluko BTAtik abiatuko da. Bigarren tartea, airekoa, 273 metro izanen da luze. Egungo zirkuitu sinplea zirkuitu bikoitzarekin ordeztuko da, lehenbiziko euskarrian izan ezik, bertan linea amaierako bi euskarri paratu behar baitira, langileek maniobra segurtasunez egitea bermaturik izan dezaten.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena ageri da. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zarrakaztelu-Melida eta Zarrakaztelu-Murillo 13,2-20 Kv-eko linea elektrikoa zatibitzeko proiekturako, Zarrakazteluko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lotzeko kateetako isolagailuak U70AB66 eredukoak izanen dira.

–Elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleen, XS ebakigailuen, eta tximistorratz autobalbulen arteko lotura zubiak, eta horien eta loturako botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak (euskarriak, eroaleak, etab.) desmuntatu eginen dira.

Hirigintza arloko edukiak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidura sarera lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • 1. Obrak 25 metrotik behera hasiko direnez Azkoien-Zarrakaztelu NA-128 errepidearen kanpoko lerrotik (Foru Komunitateko intereseko errepidea), sustatzaileak kasuan kasuko baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zarrakazteluko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 28an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1605201