104. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezartzen duena.

Nafarroako enpresen ikerketa eta garapen proiektuetarako laguntzak dira epe ertaineko eta luzeko neurrietako bat, Nafarroako Gobernuaren 2015-2019 legegintzaldiko Akordio Programatikoan sartuak. Han adierazten da “I+G+B sustatzeko konpromisoa estrategia eta aurrekontu aldetik, eta azpimarratzen (...) indar handiagoa egin beharra enpresaren lehiakortasunean eta kalitateko enpleguaren sorkuntzan zuzeneko eragina duten jarduketetan”. Ildo berean, hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzaile baterako Europa 2020 Estrategiaren helburuek ere ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza ezarri dituzte Europar Batasunaren lehentasunezko helburu gisa. Horrekin bat, laguntza horietarako eman da Nafarroari 2014-2020 programazio aldian esleitutako EGEF baliabideetako zati garrantzitsu bat.

Nafarroako Gobernuak bertako enpresa handiei edo ETEei emanen dien sostengu irmoa ere jasotzen da, baldin eta haien erabakiguneak Nafarroan mantentzearen alde egiten badute; orobat, elkarri onura ekartzen dion harremana mantentzea Nafarroan finkatuta dauden multinazionalekin, eta inbertsio berrien etorrera sustatzeko jarrera proaktiboa, Nafarroan enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea helburu.

Garapen Ekonomikorako Departamentuaren lerro estrategikoen artean, Nafarroako enpresek lehiatzeko duten gaitasunaren oinarrietako bat da berrikuntza, ulertzen baita berrikuntza eta puntako industria aurreratua ezin bereiziak direla eta, zenbat eta handiagoa izan berrikuntza, enpleguaren kalitatea handiagoa izanen dela, eta hori da, hain zuzen ere, Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat.

Honako hauek sektore estrategikotzat jo dira Nafarroan: industria aurreratua edo 4.0 industria; energia berriztagarriak eta energia eraginkortasuna, osasuna eta hari lotutako zerbitzuak, lehen mailako sektorea eta nekazaritzako elikagaien industria, turismo integrala, eta, gainerako jarduerak babestuz, zerbitzu aurreratuak eta teknologia berriak. Hori guztia, beste jarduera sektore batzuetatik etor litekeen edozein ekimen azpitik baloratu gabe.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Enpresek industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak egin ditzaten bultzatzea dute helburu laguntza hauek, haien lehiakortasuna eta eskualdekoa handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatzeko asmoz.

Halaber, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da enpresen eta ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeen artean, hau da, Zentro Teknologikoekin, Unibertsitateekin eta Ikerketarako erakundeekin, I+G proiektuak elkarrekin eginez.

2. artikulua. Proiektuen modalitateak.

“Industria ikerketako” eta “garapen esperimentaleko” proiektuak izanen dira laguntzaren xede, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) idatz-zatietan zehaztutakoaren arabera; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren merkatu bateratuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Hauek dira diruz lagun daitezkeen proiektuen modalitateak:

1. Banakako proiektua, enpresa bakar batek egina denean.

2. Enpresen arteko lankidetza proiektua, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Proiektuak gutxienez ere bi enpresa independenteren arteko lankidetza benetakora behartzea.

b) Horietako bat gutxienez ETEa izatea, eta

c) Horietako bakar batek ere ez izatea bere gain diruz laguntzen ahal diren gastuen %70 baino gehiago.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten proiektuak banakako proiektutzat joko dira, laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

Orobat, Nafarroan kokatua dagoen enpresa batek Nafarroan kokatuta ez dagoen enpresa batekin edo gehiagorekin egindako lankidetza proiektu baterako laguntza eskatuz gero, Nafarroako enpresari eman beharreko laguntza banakako proiektu bati dagokiona izanen da.

Bidezkoa denean enpresaren tamaina kontuan hartzea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa aplikatuko da.

3. Ezagutza transferitzeko proiektua, hau da, enpresa baten edo gehiagoren eta, Nafarroan kokatuta egonik, ezagutza ikertu eta zabaltzeko erakunde baten edo gehiagoren artean egiten dena, baldintza hauek betez gero:

a) Proiektuak aldeen arteko lankidetza benetakoa ekartzea.

b) Ikerketa erakundeak bere gain hartzea diruz laguntzen ahal diren kostuen %10 gutxienez, eta bere ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea izatea.

c) Enpresen parte-hartzeen portzentajeak gehituta guztirako aurrekontuaren %50 baino handiagoa izatea.

d) Parte hartzen duen enpresetako batek eramatea proiektuaren koordinazioa eta lidergoa.

e) Jarduera ez ekonomikoak izatea ikerketako erakundeek egiten dituzten jarduerak, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) atalean jasotzen da “Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundearen” definizioa, eta artikulu beraren 90) atalean, “lankidetza benetakoaren” definizioa.

3. artikulua. Entitate onuradunak.

1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Hurrengo beharkizunak betetzen dituzten sektoreko enpresek eta enpresaburuen elkarteek:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Ezin izanen dituzte urratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

1.2. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeak, ezagutza transferitzeko proiektuetan parte hartu eta aurreko ataleko a) eta c) letretako beharkizunak betetzen badituzte.

2. Telematika bidezko eskabidean dagoen erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen direla frogatzeko.

4. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Nolakoak diren laguntzen entitate onuradunak, gastu hauek onartuko dira:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren enpresentzat, sektoreko enpresaburuen elkarteentzat eta ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Onuraduna enpresaburu bat bada eta soldataren kostua ezin badu dokumentu bidez justifikatu, ondoko taulari jarraituz kalkulatuko da:

KUALIFIKAZIOA

EUROAK ORDUKO

Doktoregoa

40

Masterra

35

Unibertsitateko titulua/Gradua

30

Lanbide Heziketa edo Batxilergoa

25

Kualifikaziorik gabea

20

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan. Gastu horiei dagokienez, honakoa aintzat hartu beharko da:

1.–Eskuratzen diren ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste diru-laguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute diru-laguntza hau jasoko.

2.–Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3.–Halaber, ondareko elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4.–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuak onetsia) 2. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak eta proiektuan I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

e) Estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du diru-laguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin lotura zuzena duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

1.2. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeak ikerketa erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta I+G-ko beste erakunde publiko batzuk direnean, aurreko atalean adierazitako gastuei emanen zaie diru-laguntza, beren langileriaren kostuak izan ezik; alabaina, nahitaez sartu beharko dira proiektuaren aurrekontuan, kopuruaren eta partaidetzaren beharkizunetan kontuan har daitezen. Beraz, proiektua gauzatzeko egiten den langileriaren kontratazioak diru-laguntza izanen du.

1.3. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute diru-laguntza duten langileriaren zuzeneko kostuen %15 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. Proiektuak beren artean helburu desberdinak dituzten hainbat azpiproiektu egitea badakar (helburu anitzeko proiektua), azpiproiektu bakoitzerako identifikatu eta sailkatu beharko dira gastuak.

3. I + G proiektuaren ondorioz sortutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek eraikitzean erabilitako materialen kostua ez da diruz laguntzen ahal diren gastuetan sartuko.

Sortzen diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

4. Diruz laguntzen ahal diren gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo) ekipamenduko ondasunengatik edo zerbitzuak emateagatik, onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan foru agindu honen 12.3 artikuluan adierazitako moduan justifikatuko baita.

5. Ondoko gastu hauek ezin dira diruz lagundu, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

e) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

5. artikulua. Ondorio pizgarria.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte diruz laguntzen diren jarduerak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko, ez baitira diru-laguntzen xede.

Horrenbestez, laguntzak eskatu aurretik hasitako proiektuek ez dute diru-laguntzarik izanen. Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan adierazitakoa izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

6. artikulua. Proiektua gauzatzeko epea.

1. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta deialdi bakoitzean adierazten den egunean beharko dira bukatu.

2. Proiektuek bi urte arte irauten ahalko dute, bi urtekotan banaturik; horien iraupena urteko deialdian ezarriko da.

3. Proiektu bakoitza gauzatzeko epea gehienez ere lau hilabetez luzatzen ahalko da, foru agindu honen 13. artikuluan adierazitako moduan.

7. artikulua. Laguntzen zenbaterainokoa eta haien gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntza zenbaterainokoa den zehazteko, entitate onuradun hauek hartuko dira kontuan:

a) Sektoreko enpresen eta enpresaburuen elkarteen kasuan:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

PROIEKTUAREN MODALITATEA

ENPRESAREN TAMAINA

PROIEKTUAREN MODALITATEA

PROIEKTUAREN MODALITATEA

ENPRESAREN TAMAINA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

Banakakoa

%70

%50

%35

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%80

%65

%50

Garapen esperimentala

Banakakoa

%45

%25

%10

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%60

%40

%25

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

b) Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeen kasuan, laguntza %100 artekoa izaten ahalko da, baldin eta erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez ekonomikoak egiten badituzte eta bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea badute.

Bi jarduerak ezin bereizi diren kasuan, aurreko letran zehaztutakoa izanen da gehieneko laguntza enpresentzat.

2. Hauxe izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzean:

a) Banakako proiektuetan eta enpresen arteko lankidetzakoetan:

–300.000 euro gehienez ere onuradun bakoitzari, modalitate horietako proiektu guztietarako.

–Orobat, enpresen arteko lankidetza proiektu bakoitzak 500.000 euroko diru-laguntza izanen du gehienez ere.

b) Ezagutza transferitzen duten proiektuetan: 300.000 euro gehienez ere onuradun bakoitzari modalitate honetako proiektu guztietarako, eta 500.000 euro proiektu bakoitzerako.

Onuradun bakoitzerako gehieneko laguntza ez zaie ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeei aplikatuko, baina laguntza kontuan hartuko da proiektu bakoitzerako gehieneko laguntza zehazteko.

c) Entitate onuradunek jaso beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak, aurreko a) eta b) ataletan adieraziak, independenteak dira beren artean.

d) Eskatzen den finantzaketa zenbatekoa den adieraziko da proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan, eta parte-hartzaile bakoitzaren arabera banatuta egonen da enpresen arteko lankidetza proiektuetan eta ezagutza transferitzen dutenetan.

8. artikulua. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, urteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.navarra.es) dagokion fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaeran, adierazi behar da jakinarazpenak jaso nahi direla baliabide telematikoen bidez, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, foru agindu honen 3.2 artikuluan aipatzen den erantzukizuneko aitorpena barne.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa.

b) eta c) dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.

Laguntzen atal honetan eskatzen dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.

4. Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenenean, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko du eskabide telematikoa eta b) dokumentua, “Proiektuaren eta enpresaren/zentroaren datuak jasotzen dituen inprimakia”, izenekoa gehitu. Proiektua koordinatzen duenak memoria tekniko deskribatzailea (bakarra izanen da) eta aldeek sinatutako lankidetza hitzarmena aurkeztuko ditu.

5. Enpresa ertainek eta txikiek azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak erantsi beharko dizkiote eskabideari; orobat, langileen kopurua, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Bestela, foru agindu honen 7. artikuluan enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntza.

9. artikulua. Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, foru agindu honen 10. artikuluan baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio handiena eskuratzen duten proiektuei foru agindu honen 7. artikuluan ezarritako laguntzaren zenbatekoa aplikatuko zaie, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

10. artikulua. Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Berrikuntza Sustatzeko Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

20

10

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea

15

8

e) ETEaren parte-hartzea proiektuan

5

-

f) Emakumeen parte-hartzea ikerketa taldean

5

-

g) Nafarroako sektore estrategikoetan sailkatzea

5

-

GUZTIRA

100

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauetan:

–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa.

–Egungo konponbideen eskasiak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean.

–Konpondu beharreko problema eta merkatu aukerak.

b) Proiektuaren berritasun maila. Hona baloratu beharreko alderdiak:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta.

c) Aurrekontuaren justifikazioa, giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez proposamena gauzatzeko, dedikazioaren eta kostuaren aldetik.

Gastuaren beharra eta proiektuaren kontu-sailen zenbaterainokoa justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin, langileen zeregin teknikoak, kostuaren banaketa eta materialen kopurua, kanpoko kolaborazioen parte-hartzea.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gai hauetan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) ETEaren parte-hartzea proiektuan. ETE baten parte-hartzea nahitaezkoa denean, enpresen arteko lankidetzaren proiektu modalitatean gertatzen den moduan, beste ETE bat gehiagoren parte-hartzea baloratuko da.

f) Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN %/PROIEKTUKO GUZTIAK

PUNTUAZIO GEHIGARRIA

≥ 25 eta < 50

1

≥ 50 eta < 75

3

≥ 75

5

Proiektua gauzatzean, lortutako puntuazio gehigarria gutxitzen duen aldaketarik egin nahi bada ikertzaile taldearen osaeran, baimena eskatu beharko da aldez aurretik aldaketa horretarako, foru agindu honen 13. artikuluan adierazitako moduan.

g) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuan (RIS3) identifikatutako sektore batean edo gehiagotan sailkatzea:

–Energia berriztagarriak, barne izanik energia biltegiratzea, isuririk gabeko ibilgailuak eta energiaren eraginkortasuna.

–Nekazaritzako elikagaiak.

–Biomedikuntza, barne izanik medikuntza aurreratu pertsonalizatua edo doitasunezkoa eta medikuntzako ekipamendua.

–Fabrikazio aurreratua, barne izanik robotika, gauzen Internet (IoT) eta sentsorizazioa.

–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), aurrekoen zeharkako sektore gisa.

2. a), b), c) edo d) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertuko da.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, a) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, b), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

11. artikulua. Laguntzak ematea.

1. Berrikuntza Sustatzeko Atalak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Hartan adieraziko da entitate onuradunek diru-laguntza eskuratzeko eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko bi urtekotan banatuta.

Ematen den laguntza zatika ordainduko da, foru agindu honen 15. artikuluan adierazitako moduan.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertuak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena hiru hilabeteko epean gehienez ere eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaio kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu den eskaerari, behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

12. artikulua. Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta jarduerak horiek berak egiten ahal dituen, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Lankidetza proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

3. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Diruz laguntzen ahal diren gastuak izatea, foru agindu honen 4. artikuluan zehaztuak.

b) Laguntzen eskaeran jasotzen bada eta laguntza ematen duen organoak baimentzen badu, gastu hori diru-laguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea, industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

13. artikulua. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

1. Laguntza ematen duen ebazpenean ezartzen den denboran eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko kontuan izandako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak suertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio aldez aurretik organo kudeatzaileari, laguntzen fitxaren bitartez.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko proiektu bakoitzeko, hura gauzatzen den urte bakoitzean.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Proiektua gauzatzeko epea, lau hilabete arte luzatzea baimentzen ahalko baita; betiere, urteko deialdian ezarritako data gainditu gabe.

b) Ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntzen eskaerako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Proiektuan emakumeak izateagatik, foru agindu honen 10.1.f) artikuluaren arabera lortutako puntuazio gehigarria gutxitzen duen ikertzaile taldearen osaera.

d) Enpresen arteko lankidetza proiektu baten aldeak edo ezagutza transferitzen dutenenak, haietako batek proiektu utzi eta beste batek ordeztuta.

3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, eta proiektua gauzatzen den urtea bukatu baino bi hilabete lehenago, gutxienez ere.

Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenenean, proiektua koordinatzen duenak eginen du eskaera, eta aldaketak alde guztietarako izanen dira.

14. artikulua. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen entitate onuradunek diruz lagundutako jarduketa justifikatu beharko dute urteko deialdian ezartzen diren epeetan.

Foru agindu honen 13.2 artikuluan adierazitakoaren arabera proiektua gauzatzeko luzapena emanez gero, hiru hilabetekoa izanen da justifikazio epea, luzapena bukatzen den egunetik aurrera.

Bi urtetik behera irauten duten proiektuetarako, laguntza ematen duen ebazpenean adierazitakoa izanen da diruz laguntzen den jarduketa justifikatzeko epea.

2. Onuradunek, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa, fitxa horretan eskura daitekeen ereduari jarraituz:

a) Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko lehen urtekoan egin eta ordaindutako gastua jasoko duena.

b) Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko bigarren urtekoan egin eta ordaindutako gastua jasoko duena.

c) Tarteko txostena: proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen ari direnei buruz, onuradunak delako urtekoan egindako gastuari buruzko erantzukizuneko aitorpena erantsita. Ondorio horietarako, fakturatua dagoena hartuko da egindako gastutzat, nahiz ordaintzeko zain egon.

3. %100eko laguntza eskuratzen duten onuradunek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, justifikazio kontu bat beharko dute aurkeztu, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, diruz laguntzen ahal diren gastuak xehakatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak. Txostenean egiaztatuko da diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, egindako inbertsioen egiaztapen materiala ekarriko du, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko diru-laguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. Foru agindu honen 4.1.1.g) artikuluan deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

15. artikulua. Laguntzaren ordainketa.

1. Laguntza lau unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

PROIEKTUA
GAUZATZEKO URTEKOAK

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

Tarteko lehen
txostena

Justifikazio
partziala

Tarteko
bigarren txostena

Azken
justifikazioa

1. urtekoa

a)
Konturako lehen ordainketa
(%50 arte)

b)
Likidazio partziala

-

-

2. urtekoa

-

-

c)
Konturako bigarren ordainketa (%50 arte)

d)
Azken
likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: tarteko lehen txostena, foru agindu honen 14.2.c) artikuluan aurreikusia, aurkeztu ondoren, lehen urtekoari dagokion laguntzaren %50 arte ordainduko da.

Lehen txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

b) Likidazio partziala: foru agindu honen 14.2.a) artikuluan aurreikusitako justifikazio partziala egiaztatu ondoren ordainduko da lehen urtekoari dagokion laguntzaren gainerakoa. Une horretan, konturako lehen ordainketa gisa ordaindutako laguntzaren zatia likidatuko da.

c) Konturako bigarren ordainketa: tarteko bigarren txostena aurkeztu ondoren ordainduko da bigarren urtekoari dagokio laguntzaren %50 arte.

Bigarren txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

d) Azken likidazioa: foru agindu honen 14.2.b) artikuluan aurreikusitako azken justifikazioa egiaztatu ondoren ordainduko da bigarren urtekoari dagokion laguntzaren gainerakoa. Une horretan, konturako bigarren ordainketa gisa ordaindutako laguntzaren zatia likidatuko da.

Betiere, 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuetan, egiaztapen materiala eginen da azken likidazioa egin aurretik.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela diru-laguntzaren xedeak betetzeko.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, foru agindu honen 14. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

16. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea Berrikuntza Sustatzeko Atalari.

c) Foru agindu honen 14. artikuluan ezarritako moduan epeetan gauzatu eta justifikatzea diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

d) Laguntza ematen duen ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egiturazko funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, foru agindu honen 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.

e) Diru-laguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea foru agindu honen 17. artikuluan adierazitako moduan.

f) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

g) Helbide elektroniko gaitua izatea, laguntza hauei lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, foru agindu honen 19. artikuluan adierazitako moduan.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza ematen duten ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aurreratuz gero, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

17. artikulua. Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak zabaltzea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Proiektuaren emaitzen inkesta, laguntzen fitxan prest egonen dena, betetzea. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

b) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, entitate parte-hartzaileen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

d) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agertarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF), hala baldin bada.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 200.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat.

Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenetan, bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.navarra.es) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

18. artikulua. Kofinantzaketa, Europar Batasuneko egiturazko funtsekin.

1. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak laguntza hauen %50 kofinantzatzen ahalko du Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez, programa eragile horren “Enpresek gidatutako I+B jarduerak bultzatu eta sustatzea eta enpresa berritzaileak sortu eta sendotzeko laguntza” izeneko 1.2.1 berariazko helburua gauzatu arte (28.250.000 euro).

Laguntzen urteko deialdia onesten duen ebazpenean EGEFek konfinantzatuko dituen proiektuak aukeratzeko irizpideak adieraziko dira; besteak beste, Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (RIS3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoen sailkapena.

2. Laguntza horien entitate onuradunak, betiere laguntza ematen duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Proiektuen frogagiriak gorde beharko dituzte, laguntzen urteko deialdia onesten duen ebazpenean adieraziko den gutxieneko epean.

c) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web-orrian ondokoa ikusgai jarriz, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, eta ondoko logotipoa agertuko du:

F1606330_0.pdf

Enpresak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

19. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioa.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH); horretarako, eskatzaileak, DEH izateaz gain, Nafarroako Gobernuak gaituta dituen jakinarazpen elektronikoaren prozeduren harpide izan beharko du.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

20. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

2. Helburu bererako laguntza bat gehiago dauden egiaztatzeko, diruz laguntzen diren gastu beren gainean eginen da, ez daitezen gainditu 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzak.

3. Entitate onuradunek laguntzaren eskabidean eman beharko diote aditzera Berrikuntza Sustatzeko Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, edo haiek jaso bezain laster eta, betiere, foru agindu honen 14. artikuluan ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

21. artikulua. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hori salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

22. artikulua. Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 66.6 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

Ordaintzeko agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

23. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Berrikuntza Sustatzeko Atalak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnestrans/GE/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020ko Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.meh.es).

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–2016ko laguntzetarako deialdia.

1. I+G proiektuetarako laguntzen 2016ko deialdia onesten da eta, horretarako, 12.000.000 euroko gastua baimentzen, “Enpresentzako diru-laguntzak, I+G+B proiektuetarako, patenteetarako eta bideragarritasun azterlanetarako. EGEF 2014-2020 Programa Eragilea” izeneko 820005 82110 7701 467303 kontu-sailaren kargura (PEP elementua: E-14/000107-01), muga hauekin, nahiz handitzen ahalko diren, aurrekontuan dagoen diruaren arabera:

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(euroak)

2016

3.000.000

2017

6.000.000

2018

3.000.000

GUZTIRA

12.000.000

Honela banatuko da aurrekontuaren kreditua:

–Banakako proiektuak eta enpresen arteko lankidetzakoak: 6.000.000 euro.

–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 6.000.000 euro.

Eskaera guztiei laguntza eman ondoren, gerakinik bada proiektu modalitate bakoitzerako baimendutako kredituan, hura beste modalitate bateko proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da.

2. Baldintza hauek ezartzen dira 2016ko laguntzen deialdirako:

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

b) Eskabidea aurkezten den egunetik 2018ko apirilaren 30a arte izanen da proiektuak gauzatzeko aldia, foru agindu honen 6. artikuluan aipatzen dena. Foru agindu honen 13. artikuluan adierazitako moduan luzapenik emanez gero, 2018ko abuztuaren 31 izanen da proiektua gauzatzeko epearen azken eguna.

Hauxe izanen da proiektuak gauzatzeko urtekoen iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2017ko apirilaren 30a arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Bigarren urtekoa: 2017ko maiatzaren 1etik 2018ko apirilaren 30a arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

c) Hauexek dira diruz lagundutako jarduketaren frogagiriak aurkezteko epeak, foru agindu honen 14. artikulua aipatzen direnak:

1.–2016ko azaroaren 15a arte (egun hori barne): tarteko lehen txostena, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen direnei buruzkoa, aurkeztuko da, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizuneko aitorpena gehituta.

2.–Hiru hilabete, lehen urtekoko jarduera bukatu ondoren eta 2017ko uztailaren 31 arte (egun hori barne): justifikazio partziala aurkeztuko da.

3.–2017ko azaroaren 15a arte (egun hori barne): tarteko bigarren txostena, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen direnei buruzkoa, aurkeztuko da, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizuneko aitorpena gehituta.

4.–Hiru hilabete, bigarren urtekoko jarduera bukatu ondoren eta 2018ko uztailaren 31 arte (egun hori barne): azken justifikazioa aurkeztuko da.

d) Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzeko irizpideei dagokienez, adierazi behar da zenbateko handieneko eragiketak eta Nafarroako espezializazio estrategikoaren sektoreak ordezkatzen dituztenak hautatuko direla.

Entitate onuradunek 2022ko abenduaren 31 arte gorde beharko dituzte proiektuen frogagiriak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Laguntzen urteko deialdia.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak onetsiko ditu foru agindu honetan arautzen diren I+G proiektuetarako laguntzen urteko deialdiak-

Ebazpen horren bidez urteko deialdiari dagokion gastua baimenduko da eta data hauek ezarriko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea.

b) Proiektuak gauzatzeko epea eta foru agindu honen 6 artikuluan aipatzen den urtekoen iraupena.

c) Diruz lagundutako jarduketaren frogagiriak aurkezteko epeak, foru agindu honen 14. artikulua aipatzen direnak.

d) Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzeko irizpideak; besteak beste, Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (RIS3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoen sailkapena.

Orobat, entitate onuradunek proiektuen frogagiriak gordetzeko duten gutxieneko epea adieraziko da, foru agindu honen 18.2.b) artikuluan adierazi bezala.

e) Gainerako kontuak, beharrezkoak izan daitezkeenak laguntzak behar bezala kudeatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 20an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1606330