Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Alkatetza Dekretua adingabeen babesari buruz
Iruñeko Udaleko Alkatetzak, 2016ko apirilaren 21ean, honako dekretu hau eman du:
DAL 21-ABR-16 (1/GT).
Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema Aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak emandako idazketaren arabera, ezartzen du adingabeekin ohiko kontaktua duten lanbide, ogibide eta jardueretan aritzeko ezinbesteko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik -eta horren barruan daude, sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbideratzea- zein gizakien salerosketagatik, eta horretarako exijitzen du adingabeekin ohiko kontaktua duten lanbide, ofizio edo jarduera horiek egin nahi dituen orok inguruabar hori frogatu beharko duela Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria aurkeztuta.
Halaber, Boluntarioei buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legearen 8.4 artikuluak ezarri du adingabeekin ohiko kontaktua eduki behar duten boluntariotza-entitateetan eta -programetan boluntario izateko betekizuna izanen dela epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta adingabeen salerosketa edo esplotazioagatik ere. 1/1996 Lege Organikoak bezala, xede hartarako arautzen du boluntario aritu nahi dutenek inguruabar hori frogatu beharko dutela halako delituengatik Zigortuen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria aurkeztuta.
26/2015 Legearen azken xedapenetako hamazazpigarrenak sexu-delitugileen erregistro zentralaren sorrera arautzen du, eta Gobernuari esleitzen dio ahalmena behar diren erregelamendu-xedapenak emateko -sei hilabeteko epean, Legea argitaratu eta hortik aitzina-, hala sexu-delitugileen Erregistro Zentrala antolatzeaz -Zigortuen Erregistro Zentralean eta Adingabeen Zigor Erantzukizunari dagokien Epaien Erregistro Zentralean, Justizia Administrazioari laguntzeko erregistro-sistemetan integratuta- nola araubidea zehazteaz bezainbatean, erregistro hartako idazkunak egiteari eta ezerezteari nahiz bertan jasotako informazioa eskuratzeari dagokienez -betiere haien konfidentzialtasuna bermatuta-.
Azken xedapen hori betetzeko onetsi zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretua, Sexu-delitugileen Erregistro Zentrala erregulatzen duena, zeina 2015eko abenduaren 30ean "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta 2016ko martxoaren 1ean indarrean sartu baitzen.
Lege-testuinguru berri horretan, kontuan hartu behar da Iruñeko Udalak zenbait zerbitzu ematen dituela, zuzenean eta bertako langileen bidez, non hainbat profesionalek ohiko kontaktua baitute adingabeekin, eta, horrenbestez, beharrezkoa da behar diren xedapenak ematea, bermatzeko Iruñeko Udaleko langileek edo haren menpe dagoen Haur Eskolen Erakunde Autonomokoek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5. artikuluan ezarritako baldintza bete dezatela beren eginkizunetan aritzean -dela funtzionario gisa, dela administrazio- zein lan-kontratudun bezala-.
Orobat, Iruñeko Udalak zein Haur Eskolen Erakunde Autonomoak esleitzen dituzten kontratu batzuk burutzen jarduten duten hainbat pertsonak -profesional nahiz boluntario- ohiko kontaktua dute adingabeekin.
Halaber, Iruñeko Udalak eta, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak, gizarte-ekintza eta herritarren partaidetza sustatzeko helburuarekin, Hirugarren Sektoreko entitateei diru-laguntzak eman, udal-ondasunak erabiltzeko baimendu, edota beste entitate batzuekin batera hainbat programa edota jardueretan parte hartu edo haiekin elkarlanean aritzen dira, halakoak non hainbat pertsonak -profesional nahiz boluntario- ohiko kontaktua baitute adingabeekin, eta horren karietara egoki diren xedapenak hartu behar dira profesional edo boluntario horiek bete dezaten 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta Boluntarioei buruzko 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitako betekizuna.
Horrenbestez, Dekretu honen xedea da Iruñeko Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak bermatzea lege-baldintza hori betetzen dutela hala bi erakunde horietako langileek nola zerbitzuak haurrei eta nerabeei zuzentzeko helburuz Iruñeko Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak esleitutako kontratuak dauzkaten enpresetako langileek. Halaber, xedapen honen xedea da ziurtatzea betekizun hori bera betetzen dutela Hirugarren Sektoreko entitateetako profesionalek eta boluntarioek, bai eta adingabeendako zentro, zerbitzu edo programetan jarduten duten edozein entitatetakoek ere -baldin eta Iruñeko Udalak eta haren menpe dagoen Haur Eskolen Erakunde Autonomoak emandako diru-laguntzak jasotzen badituzte, edo haien baimena badaukate adingabeei zuzendutako jarduera edo programa-. Baldintza bera eskatu behar zaie profesional edota boluntarioei, baldin eta Iruñeko Udalak edota Haur Eskolen Erakunde Autonomoak haien bidez parte hartzen badute, edo laguntzen, adingabeei zuzendutako jarduerak edo programak egiten.
Horrenbestez, Aholkularitza Juridikoko zuzendariak proposatuta, Dekretu honek zuzenean ukitzen dituen alorrei zein Haur Eskolen Erakunde Autonomoari ere entzun egin zaielarik, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 124. artikuluaren 4. zenbakiaren g) eta ñ) letretan xedatutakoarekin bat, honako hau xedatu dut:
Lehena.–Alkatetza Dekretu hau onestea Adingabeen Babesari buruz:
1. artikulua. Aplikazio-esparrua.
Honako hauek betebeharra izanen dute Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta Boluntarioei buruzko 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko: Iruñeko Udalean eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoan jarduten duten pertsona guztiek, baldin eta dela funtzionario gisa dela administrazio- edo lan-kontratudun bezala aritzen badira, edo aritu nahi badute, adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra dakarkieten lanbide, ofizio eta jardueretan, Iruñeko Udalarenak edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoarenak izaki adingabeei zuzenduak diren zentroetan, zerbitzuetan, programetan eta kontratuetan nahiz beste edozein baliabidetan, bai eta Iruñeko Udalaren edo Haur Eskolen eskutik kontratuak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek ere –boluntarioak barne.
Adibide gisa, eta besteak beste, halako betebeharra dute honako hauetan beren zerbitzuak eskaintzen jarduten duten langile eta profesionalek zein boluntarioek: haur-eskolak, Civivox zentroak, ludotekak, gizarte-ekimenetarako zentroak, prebentzio-ekintza komunitarioko zerbitzuak, Haur, nerabe eta familien artarako familiako esku-hartzeko Programa, gizarte-arazoak dituzten emakumeei eta haien seme-alabei zuzendutako Aukera eman zeure buruari programa eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua –desgaitasunaren eta mendekotasunaren inguruko artari dagokionez, 18 urtetik beherakoen kasuan.
Besteak beste, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua eta Boluntarioei buruzko 45/2015 Legearen 8.4 artikulua betetzen dutela ziurtatzeko betebeharra duten pertsonen artean, honako hauek daude:
a) Adingabeak hartzaile dituzten zentroen, zerbitzuen, programen zein beste edozein baliabideren ardura dutenak -zuzendariak zein bestelakoak-.
b) Haur- eta gizarte-hezitzaileak, gizarte-langileak, psikologoak, gizarteratze-teknikariak, pedagogoak, familia-langileak, irakasleak, Udalaren haur-eskoletako garbiketa- eta sukaldaritza-lanetako laguntzaileak eta Udalaren edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren menpeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan mantentze- eta zaintze-lanak egiten dituzten langileak
c) Monitoreak, kirol-entrenatzaileak eta adingabeen zainketa eta arta ardura dituen beste edozein pertsona
d) Garraioan, jantokietan eta, kasuan-kasuan, beste edozein zerbitzu osagarritan zerbitzuak ematen aritzen diren langileak
e) Eskola-orduetatik at edo eskolaz kanpoko ekintzetan adingabeen zaintza berekin dakarten zerbitzuak ematen dituzten langileak
f) Boluntario-jardueretan aritzen direnak.
2. artikulua. Neurriak, Iruñeko Udaleko langileek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzen dutela egiazta dezaten.
1. Zerbitzu-harremana indarrean duten langileak.
Iruñeko Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak eskatuko diete haiekin dela funtzionario gisa dela administrazio- edo lan-kontratudun bezala harremana eduki eta adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra dakarkieten lanbide, ofizio eta jardueretan ari diren guztiei aurkezteko -hilabeteko epean, noiz eskatzen zaien eta hortik aitzina- Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria, edo baimena emateko Iruñeko Udalari edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoari halako datuak zuzenean kontsultatu ahal ditzaten.
Atzerritarrak badira, edo beste nazionalitate bat badute, jaioterria edo nazionalitatea zein eduki eta herrialde horretako aurrekari penalen ezezko ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulia eta legeztatua, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan jasotako delituei buruz. Kasu horretan, ziurtagiria eskuratzeko epea dokumentazio hori lortzeko baldintzen arabera zehaztuko da.
Baldin eta Iruñeko Udalaren edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzuan ari den norbaitek ez badu ziurtagiria aurkezten emandako epean, edo ez badu baimenik ematen hura eskuratzeko, Iruñeko Udalak edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoak beren ikuskapen-zerbitzuei jakinaraziko diete inguruabar hori, eta, behar izatera, behar diren diziplinazko neurriak hartuko dituzte.
Iruñeko Udalak edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoak baiezko ziurtagiriak daudela egiaztatuz gero, neurriak hartu beharko dituzte kasuan kasuko langileak apartatzeko adingabeekin ohiko harremanik izan ez dezaten.
2. Iruñeko Udalean edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoan sartzekoak diren langileak.
Dela funtzionario gisa dela administrazio- edo lan-kontratudun bezala adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra ekarri behar dieten lanbide, ofizio eta jardueretan aritu nahi duten pertsona guztiek aurkeztu beharko diete, funtzionario-harremana edo administrazio- edo lan-kontratua hasi baino lehen, Iruñeko Udalari edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoari Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria, edo baimena eman beharko diete halako datuak zuzenean kontsultatu ahal ditzaten.
Horretarako, adingabeekin ohiko kontaktua duten lanbide, ogibide eta jardueretan aritzekoak diren funtzionario zein administrazio- edo lan-kontratudun izateko lanpostuak betetzeko deialdietako oinarrietan, langileen hautapen-prozesuetan parte hartzeko aurrekari penalik ez izatearen baldintza ezarriko da, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aurreikusitako delituez bezainbatean. Baldintza hori egiaztatzea eskatuko zaie hautapen-prozesua gainditzen dutenei, betiere haiek funtzionario zein administrazio- edo lan-kontratudun izendatu baino lehen. Halakoek, hautapen-deialdiak ezarritako agiriez gain, Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokie, jaioterria edo nazionalitatea zein eduki eta herrialde horretako aurrekari penalen ezezko ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulia eta legeztatua.
Hautapen-prozesura aurkeztutakoak atzerritarrak badira, edo beste nazionalitate bat badute, jaioterria edo nazionalitatea zein eduki eta herrialde horretako aurrekari penalen ezezko ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulia eta legeztatua, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan jasotako delituei buruz. Kasu horretan, hautapen-prozesura aurkeztutakoek, beren erantzukizunpean, egoki jotzen duten eran aurreikusi egin beharko dute nola jokatu dokumentazio hori edukitzeko Iruñeko Udalean edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoan funtzionario edo administrazio- edo lan-araubideko kontratudun izendatuak izan baino lehen.
3. artikulua. Neurriak, enpresa kontratistetako langileek edota boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua eta 45/2015 Legearen 8.4 artikulua betetzen dituztela egiazta dezaten.
1. Iruñeko Udaleko alorrek edota Haur Eskolen Erakunde Autonomoak kontratuak esleitu eta kontratu horiek betetzean enpresa edo erakunde esleipendunetako langileek edota boluntarioek adingabeekin ohiko harremanetan jardun behar badute, ahalik eta lasterren jakinaraziko diete adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra berekin dakarten kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak norekin egin edo formalizatu eta enpresa edo erakunde horiei haien zerbitzuko langile eta boluntario guztiek bete behar dutela 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta, hala badagokie, 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa.
Kontratuen esleipendunek beren langile edota boluntarioei galdegin beharko diete behar den ziurtagiria aurkezteko, eta Iruñeko Udalari erantzukizunpeko adierazpen bat zuzenduko diote, bertan adierazita jarduerak egin behar duten langile eta boluntario guztiek betetzen dutela, kasuan-kasuan, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa.
Iruñeko Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak kontratuak aldatzeko esanen die enpresa horiei, bertan gehitzeko, kontratua betetzeko funtsezko baldintza gisa, jarduerak egin behar dituzten langile eta boluntario guztiek bete betebehar dutela 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa.
Halaber, Iruñeko Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak aldatu beharreko kontratuak oro aldatuko dituzte, baldin eta galdegin behar badute kontratuaren esleipena daukan enpresako langile bat, edo boluntario bat, berehala ordezka dezatela -pertsona hori 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluko eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluko aurrekari penalek ukitzen badute-.
Orobat, aldaketan adieraziko da esleipendunek eginbehar hori bete ezean Iruñeko Udalak edota, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak behar diren akzioak abiarazi ahalko dituztela kontratua suntsiarazteko.
2. Kontratuen ezaugarri-tauletan, adingabeekin ohiko harremanetan jarduteko beharra berekin dakarten kontratu berriak esleitzeko orduan, kontratuak betetzeko funtsezko baldintza izanen da kasuan kasuko kontratua bete behar duten pertsonak eta, halakorik bada, boluntarioek, men egiteko beharra, zerbitzua ematen edo boluntario gisa aritzen hasi baino lehen, kasuan-kasuan, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikulan ezarritako betebeharrari.
Baldintza teknikoen agiriek jasoko dute Iruñeko Udalak edota Haur Eskolen Erakunde Autonomoak galdegin ahalko dutela kontratuaren esleipena daukan enpresako langile bat, edo boluntario bat, berehala ordezkatzeko -baldin eta pertsona hori 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluko eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluko aurrekari penalek ukitzen badute-.
4. artikulua. Neurriak, entitateetan lan egiten duten edota entitate horiekin elkarlanean ari diren boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua eta 45/2015 Legearen 8.4 artikulua betetzen dituztela egiazta dezaten, baldin eta entitate horiek Iruñeko Udalaren edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren diru-laguntzak edo udal-ondasunak erabiltzeko baimena eskuratzen badute, edo haien lankidetza edo partaidetza, adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra berekin dakarten jarduera eta programetan.
Iruñeko Udalak edo, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak eskatuko dute, adingabeei zuzenduak diren zerbitzu eta programak egiteko diren diru-laguntzen deialdi publiko guztietan, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko, diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduerak edo programak egin behar dituzten pertsona guztiek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa betetzen dutela.
Jada onetsita dauden diru-laguntza publikoen deialdietan, Iruñeko Udalak legezko betebeharren berri emanen die diru-laguntza bat eskatu nahi duten entitateei, entitate horiek ere aurkez diezaioten Iruñeko Udalari aurreko paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena diru-laguntza eskatzerakoan; diru-laguntza jada eskaturik egonez gero, Iruñeko Udalak ofizioz galdatuko du adierazpena, eta hilabeteko epea emanen du hura aurkezteko.
Halaber, eskaera bat egiten bada Udalarenak diren ondasunak erabiltzeko, adingabeekin ohiko harremanetan jardun beharra berekin dakarten jarduerak edo programak egite aldera, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, Udalarena den ondasunaren erabilera eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduera edo programa horiek egin behar dituzten pertsonek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa betetzen dutela.
Baldin eta beste egoera batzuk badaude, non, edozein kausa dela medio, Iruñeko Udalak edo, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak parte hartzen baitute, edo lankidetzan aritu, eta ezagutzen badute haietan jarduerak edo programak garatzen aritu behar duten profesionalek edota boluntarioek adingabeekin ohiko harremanetan jarduteko beharra edukiko dutela, aurkeztu beharreko agirien artean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko galdegingo diete, jarduera edo programa garatu behar duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduerak edo programak egin behar dituzten pertsona guztiek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan aurreikusitakoa betetzen dutela.
5. artikulua. Ziurtagirien balio-epeak.
1. Behin 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluak aipatzen dituzten delituei buruzko aurrekari penalen ezezko ziurtagiria aurkeztuta, joko da haren edukiak indarrean iraunen duela zantzurik sortzen ez diren bitartean, edo jakin arte interesduna epai irmo bidez kondenatu dutela artikulu horietan aurreikusitako delituetako bat dela medio.
Baldin eta ziurtagiria aurkeztu ondoren zantzurik sortu edo jakiten bada adingabeekin dela profesional gisa, dela boluntario bezala ohiko harremanetan jarduten duen pertsona bat epai irmo bidez kondenatu dutela artikulu horietan aurreikusitako delituetako bat dela medio, Iruñeko Udalak edo, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak, edo zerbitzuak emateko kontratatutako enpresak, edo Iruñeko Udalak emandako diru-laguntza bat edo udal-ondasun bat erabiltzeko baimena eskuratu duen zein Iruñeko Udala partaide edo laguntzaile duen jarduera edo programa bat daukan Hirugarren Sektoreko entitateak aurrekari penalei buruzko beste ziurtagiri bat eskatu beharko dute, eguneratua.
2. Adingabeekin ohiko harremanean jardun beharra berekin dakarten eta Alkatetza Dekretu honen lehen artikuluan jasota dauden lanbide, ofizio edo jardueretan ari diren pertsonek orok betebeharra izanen dute, baldin eta 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak aipatzen dituen delituei buruzko aurrekari penalen ezezko ziurtagiria aurkeztu eta gero epai irmo bidez kondenatzen badituzte halako delituak direla medio, hori berehala jakinarazteko Iruñeko Udaleko Langileriako Zuzendariari edo Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Gerenteari –pertsona horiek non lan egiten duten, Iruñeko Udalean ala Haur Eskolen Erakunde Autonomoan–, edo lantoki duten eta kontratuaren esleipenduna den enpresari, edo Udalak emandako diru-laguntza bat edo udal-ondasunak erabiltzeko baimen bat eskuratu duen entitateari, hori guztia, behar diren legezko neurriak hartze aldera.
Boluntario gisa aritzen diren pertsonek orok -baldin eta Iruñeko Udalak emandako diru-laguntza bat edo Iruñeko Udalarenak diren ondasunak erabiltzeko baimen bat eskuratu duten enpresetan edo entitateetan ari badira laguntzen, edo ari badira Iruñeko Udala edo, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoa partaide edo laguntzaile daukaten programa edo jarduera batean- betebeharra izanen dute, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak aipatzen dituen delituei buruzko aurrekari penalen ezezko ziurtagiria aurkeztu eta gero epai irmo bidez kondenatzen badituzte halako delituak direla medio, hori berehala jakinarazteko lantoki duten eta kontratuaren esleipenduna den enpresari, Udalak emandako diru-laguntza bat edo udal-ondasunak erabiltzeko baimen bat eskuratu duen entitateari, edo Iruñeko Udala edo, kasuan-kasuan, Haur Eskolen Erakunde Autonomoa partaide edo laguntzaile dituen programa edo jarduera bat egiten duen entitateari, hori guztia, behar diren legezko neurriak hartze aldera.
Bigarrena.–Dekretu hau noiz sinatu, eta egun horretatik aitzina izanen du indarra, kontuan hartu gabe noiz argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean edota Iruñeko Udalaren Gardentasun Atarian.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 17an.–Alkatea Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L1606119
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
