103. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

680/2016 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak emana,”Nafarroa 2016ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIV. edizioa” deitu, eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta Laboral Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak 2001etik aurrera egiten dute “Nafarroa Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako” deialdia; horren azken helburua gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzea izan da borondatezko elkartasun lanaren garrantziari buruz, herrialde eta herri pobretuetako gizarte sektore andeatuenen alde.

2016ko maiatzaren 2an sinatu zen Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Laboral Kutxaren arteko lankidetza hitzarmena, Nafarroa Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIV. ediziorako.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. “Nafarroa 2016ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIV. edizioa” deitzea eta haren oinarriak onestea. Eranskin gisa lotu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau eta “Nafarroa 2016ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren” oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau Laboral Kutxako Nafarroako zuzendaritzari jakinaraztea, egoitza ondoko honetan baitu: Arcadio María Larraona, 1; 31008 Iruña.

4. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora eta Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 2an.–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia, Gema Mañú Echaide.

I. ERANSKINA

“Nafarroa 2016ko Elkartasunaren
Nazioarteko Sariaren XIV. edizioko” oinarriak

1.a Sariaren xedea eta zenbatekoa:

1.1. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren edozein arlotan, bereziki garapen jasangarriaren helburuak lortzeko egindako ekarpenari dagokionez, beren ibilbidean nabarmendu diren instituzioek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsona fisikoek egindako lana goraipatzea eta aitortzea du xede sari honek.

1.2. Saria 15.000 eurokoa da eskudirutan. Jasotzeko, entitatearen arduradunak edo saritutakoak saria emateko ekitaldian egon beharko du, ezinbestekoetan izan ezik, horietan ordezkari bat izendatzen ahalko baitu, baita saria ematearen inguruan antola daitezkeen bestelako jardueretan ere.

1.3. Antolatzaileak bere gain hartuko ditu saria jasotzen duen pertsona saria ematen den tokira joateak sortutako gastuak.

2.a Hautagaiak aurkezteko tokia eta epea:

2.1. Proposamenak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (González Tablas 7, 31005 Iruña, Espainia) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean “Nafarroa Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako” dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, honako helbide honetara bidaliko dira: servcoopdes@cfnavarra.es.

2.2. Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko uztailaren 15ean bukatuko.

3.a Entitate proposatzaileak:

3.1. Edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, akademiek, ikerketa zentroek, enbaxadek, kontsulatuek eta abarrek) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta abarrek ere, legez eratuta badaude.

Halaber, erakundeak gonbidatutako izen handiko pertsonek edo entitateen ordezkariek ere aurkezten ahalko dituzte hautagaiak, adierazitako epearen barnean.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaiak aurkeztearen ondorioz, oinarri hauek goitik behera onartuko dira, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.a Eskatzen den dokumentazioa.

3. oinarrian aipatu entitate edo pertsonek hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak edo proposatutako pertsonenak dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen memoria (2.000 hitz gehienez). Bertan ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa jasoko dira, eta saria eskuratzeko baloratzen diren merezimenduak frogatuko (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).

c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.

d) Aurreko deialdietan hautagai bat aurkeztu duten entitateek, aurtengoan berriro proposatu nahi badute, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: datuak dituen frogagiri eguneratua (II. eranskina); azalpen memoria eguneratua (III. eranskina); hautagaiaren aldeko gutun eguneratuak (halakorik lehendik bazeuden edo beste batzuk erantsi nahi badituzte); eta agiri sinatu bat, non adieraziko den zein urte eta ediziotan aurkeztu zen eta orduan aurkeztutako gainerako agiriak (informazio osagarria eta bestelako materialak, hala nola DVD-ak, liburuak, eta abar) baliodunak direla.

5.a Tramitazioa:

5.1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren bidez, eta Laboral Kutxak lehen hautaketa ez loteslea egiten ahalko dute epaimahaiak saria erabaki dezan. Horretarako, hari igorriko dizkio finalisten proposamena eta aurkeztu diren gainerako hautagaiena.

5.2. Lehen hautaketan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:

a) Elkartasun lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.

b) Garapen jasangarriaren helburuak lortzen eta giza garapena sustatzen egindako ekarpena, eskubideen ikuspegitik eta generoaren perspektibatik.

c) Edukiaren izaera berritzailea.

d) Iraupena: esku hartzen den komunitatean edo eremuan.

e) Lanaren orientazioa, talde ahulen alde.

f) Lankidetza eta koordinazioa, antzeko erakunde edo sareekin.

g) Sariak herritarrengan, erakundean edo esku hartzen den eremuan dituen onurak eta/edo ondorio positiboak.

h) Entitate hautagaien ahalmen instituzionala edo proposatutako pertsonen ibilbide profesionala.

5.3. Sari honi buruzko edozein informaziotarako, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzen ahalko da (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), + 34848426313 telefonoan eta servcoopdes@cfnavarra.es helbidean.

5.4. Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.a Epaimahaia, erabakia eta saria ematea:

6.1. Zazpi kidek osatuko dute sarirako epaimahaia –burua eta sei mahaikide– elkartasunaren arloan ospe handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artean hautaturik.

6.2. Epaimahaiak aho batez proposatuko du saria nori emanen zaion, eta kideen gehiengo soilaren bidez aho batez ez bada.

6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela deklaratuko da.

6.4. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, deialdiaren entitateek garaiz jakinaraziko duten egunean.

6.5. Bere egonaldian, sarituak edo saritutako entitatearen ordezkariek erabateko eskua izanen dute sariaren inguruan antolakuntzak proposatzen ahal dituen ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.

II. ERANSKINA

Proposamena egiten duen entitatearen edo pertsonaren datuak (PDF).

III. eranskina

Azalpen txostena

Hurrengo alderdiak jasotzea 2.000 hitzetan gehienez ere:

–Hautagaia den pertsonaren edo entitatearen ibilbide profesionala.

–Elkartasun lana egiten duen eskualdeko testuinguru soziala, ekonomikoa.

–Zenbateraino dagoen errotua bere laneko komunitatean edo eskualdean.

–Zer talderekin egiten den lan eta zenbat diren onuradunak, gutxi gorabehera.

–Egiten diren jarduera eta jarduketen deskripzioa.

–Koordinazioa edo/eta lankidetza beste entitate edo sare batzuekin.

–Esku hartzen den populazioari edo eskualdeari sariaren zuzkidurak eta aitortzak ekartzen ahal dizkion alboko/zeharkako onurak.

–Aurkeztu gogo diren beste datu interesgarri batzuk.

Iragarkiaren kodea: F1605882