103. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

198E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko III. Planak (2012-2015) zenbait programa eta neurri ezartzen zituen Nafarroako txikizkako merkataritzaren sektorearen garapena sustatu eta indartzeko; hortaz, plan horretan aurreikusitako helburuak lortzeko asmoz, sektorerako diru-laguntzen urteko hainbat deialdi onetsi dira aldi horretan.

Gaur egun, Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko Plan berria (2016-2019) prestatzen ari dira eta aurreikusten da III. Planean ezarritako oinarrizko programetako baten jarraipena: merkataritza berria eta ekintzaileak.

Aipatu plana izan arte, bidezkotzat jotzen da aurreikusitako diru-laguntzekin jarraitzea sortu berriak diren txikizkako merkataritzako enpresen inbertsioa sustatzeko, beharrezkoak diren aldaketak sartuz, aurreko urteetako diru-laguntzen deialdietan pilatutako esperientziaren ondorioz behar diren aldaketak eginda. Jarduketa horien bidez, txikizkako merkataritzako enpresa-proiektu berriak ezartzea bultzatzen da eta lehendik dagoen txikizkako merkataritzaren errelebo enpresariala errazten da. Halaber, diru-laguntzen deialdiak berariazko laguntza dauka landa eremuan enpresa berriak ezartzeko.

Deialdiaren helburua da txikizkako merkataritza jarduera sustatzea, enpresaburuen erregenerazioa eta sektorean enplegua sortzea, txikizkako merkatari ekintzaileei laguntzeko jarduketen bidez, merkataritza sarearen galera arinduz.

Deialdi honetako diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidearen bitartez ematen dira. Hortaz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak amaitutakoan, gainerako eskaerak atzera botako dira.

Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 75.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera. Hona hemen, zehaztuta:

a) 20.000 euro, landa eremuetako toki entitateetan diren ekintzailetza proiektuetarako.

b) 55.000 euro, Nafarroako gainerako toki entitateetan kokatuta dauden ekintzailetza proiektuetarako.

4. Gastu hori Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830003-83130-7701-431403: Merkataritzako ekintzaile berrientzako laguntza (MBP, 3. programa)

2016

75.000,00

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 13an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzako ETE berriak sortzeko diru-laguntzak emateko araubidea erregulatzea.

Diru-laguntzaren onura publikoa da txikizkako merkataritzako enpresa-proiektu berriak ezartzen dituzten enpresa berriak sortzea, edo lehendik aritzen den txikizkako merkataritza negozioaren errelebo enpresarialaren gaineko proiektu bat bere gain hartzen dutenak; horrela, merkataritza sarea desegin ez dadin, hori guztia enplegua sustatzeko txikizkako merkataritza sektorean eta Nafarroan ekintzailetza bultzatzeko.

2. oinarria.–Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 75.000 eurokoa da, diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera. Hona hemen, zehaztuta:

a) 20.000 euro, landa eremuetako toki entitateetan diren ekintzailetza proiektuetarako.

b) 55.000 euro, Nafarroako gainerako toki entitateetan kokatuta dauden ekintzailetza proiektuetarako.

3. oinarria.–Egiteko epea.

1. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da inbertsioa egin den eguntzat.

2. Diruz laguntzeko moduko inbertsioen ordainagiriek 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30a artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta hurrengo berariazko baldintzak betetzen dituzten mikroenpresek eta txikizkako merkataritzako enpresa txikiek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak:

1. Enpresa berri bat eratzea Nafarroan, helbide fiskala bertan duena, bai txikizkako merkataritzako enpresa jarduera berri bat hasteko, bai funtzionamenduan den txikizkako merkataritzako negozio bati jarraipena emateko.

Ondorio horietarako, alta emanda egon beharko da jarduera ekonomikoen gaineko zergan, Nafarroako udalerriren batean, oinarri arautzaile honen 5 ataleko jarduerekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean.

Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

2. 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30 bitartekoa, biak barne, izan beharko du aipatu zergan alta emateko egunak, eta egun hori hartuko da jarduera hasteko datatzat.

3. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urtean Nafarroan txikizkako merkataritza jardueraren batean ibili ez izatea bere kontura. Eskatzailea pertsona juridikoa edo sozietatea bada, baldintza hori kide guztiek bete beharko dute.

4. Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

5. Saltokian egindako negozio jarduera guztiek sartuta egon behar dute, apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren 2009ko Sailkapen Nazionalean (CNAE-2009) ezarritakoen artean.

–47.11 eta 47.79 moten arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko moten (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

6. Kanpoan gelditu dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) motako establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabakoaren produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) motetakoak.

7. Establezimendu berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago egitera, haiek guztiak txikizkako merkataritzakoak izanen dira eta oinarri arautzaile honen 5. atalean adierazitako txikizkako merkataritza jardueren barrenean, diruz laguntzen ahal baitira, egonen dira.

8. Jarduera ekonomikoa dagoen ala ez kontuan hartuta:

–Jarduera ekonomikoa berria bada, txikizkako merkataritza jarduerak aldeko plana eduki behar du, bideragarritasunari edo enpresari buruzkoa. Agiri horrek identifikatu, deskribatu eta aztertzen du negozio aukera bat eta aukera ematen dio ekintzaileari bere proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa ebaluatzeko eta horren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzakoa aztertzeko, negoziorako aukera hori enpresa-proiektu zehatz bat bihurtzeko behar diren prozedurak eta estrategiak garatuz.

Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du plana, eta diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Diru-laguntzaren eskabidearekin batera dokumentu hori eransten ez duten eskaerak ukatuko dira eta hori ezin izanen da zuzendu.

–Jarduera ekonomikoa lehendik egonda, eskualdatzea edo belaunaldien arteko aldaketa bada, ekintzaileak agirien bidez frogatu beharko du bereganatutako negozioa kudeatzeko eta zuzentzeko bere egokitasuna, gaitasuna eta lanbide-prestakuntza aztertu direla. Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du azterlan edo plan hori, eta diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Diru-laguntzaren eskabidearekin batera dokumentu hori eransten ez duten eskaerak ukatuko dira eta hori ezin izanen da zuzendu.

Enpresa onuradun dela frogatzeko, 7. 2. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria.–Proiektu motak, diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal diren proiektu motak.

Diruz laguntzen ahal diren inbertsio proiektuak bi motatakoak izan daitezke, saltokia kokatuta dagoen edo kokatuko den toki entitateetako biztanle kopuruaren arabera:

a) Landa eremuetako proiektuak, hau da, 3.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateetan direnak (udalerriak edo kontzejuak).

b) Nafarroako gainerako toki entitateetako proiektuak.

Diru-laguntzen deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak, oinarri hartuko dira.

2. Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

Diruz laguntzen ahal dira sortu berriak diren txikizkako merkataritzako enpresa txikiek eta ertainek egindako inbertsioak, 6. oinarri arautzailean ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte eta eta beharrezkotzat jotzen badira txikizkako merkataritza jarduera berri bat ireki eta abian jartzeko edo lehendik dagoen txikizkako merkataritza jarduera baten lehiakortasuna hobetzeko, betiere honako kontzeptu hauetakoa bada:

a) Txikizkako merkataritza establezimendu berriak ezartzeko lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obrak.

b) Negozioa txikizkako merkataritzako ETE berri bati eskualdatzearen ondoriozko merkataritza establezimenduak, lehendik baitzeuden, zaharberritu eta horiek egokitzeko obrak.

c) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.

–Merkataritza ekipamendu berariazkoa eta, zehazki, salmenta prozesua eta prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak kudeatzeko behar den ekipamendua.

d) Merkataritza jarduerarako behar den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.

e) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira.

f) Frankizietan eta udal merkatuetan sartzeko, erosketa-zentralei atxikitzeko eta enpresa integrazioko beste modu batzuetako kanonak.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa, eskatutako gutxieneko inbertsioa eta gehieneko diru-laguntza.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari (BEZa kanpo) %30eko portzentajea aplikatuz zehazten direnak.

Atal honetan ezarritako gehieneko diru-laguntza lortzen duten proiektuetan, ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoarekin zatituta aterako da laguntzaren azken portzentajea.

Modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea 8.7 oinarri arautzailean ezarritako kasuetan.

Eskatzen ahal den gutxieneko inbertsioa 6.000 eurokoa da saltoki bakoitzeko.

Gehieneko diru-laguntza 5.000 eurokoa da merkataritza establezimendu bakoitzeko.

6. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.

1. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek betebehar hauek dituzte:

a) Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden merkataritzako txikizkako lokaletan edo establezimenduetan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian dauden saltokiak, betiere lurzatiak edo ondoko lurzatiek etxebizitzetarako erabilera nagusia badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan daudenak, baita mugaz gaindiko eremuetan daudenak ere.

b) Diruz laguntzen ahal den merkataritza jardueratzat hartuko dira, deialdi honetan xedatutako ondorioetarako, merkatuan salgai jartzea aldez aurretik horretarako eskuratu diren produktu edo gaiak, horiek funtsean aldatu gabe, baita azken kontsumoko ondasunen salmenta ere, produkzioko edo komertzializazio prozesuetan edo hirugarrenei zerbitzuak ematekoetan sartzea helburua ez baitute.

c) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira eta diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimendu fisikoan egon behar dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.

d) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresak eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.

2. Hauek dira diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

a) Salgaiez edo hasierako izakinez eta material suntsigarriez hornitzeko gastuak.

b) Negozioaren eskualdaketan ordaindutako gastuak.

c) Saltokia alokatzeko gastuak eta gordailuan ematen den fidantza edo bermea, halakorik bada.

d) Finantza gastuak, aholkularitzakoak eta bideragarritasun edo enpresa plana prestatzekoak.

e) Altaren eta kontsumoen ondoriozko gastuak, saltokiko hainbat zerbitzu eta hornikuntza kontratatzekoak: ura, hondakin bilketa, elektrizitatea, gasa, telekomunikazioak, aseguruak eta antzekoak.

f) Paper eta poltsen hornikuntza.

g) Bigarren eskuko aktibo finkoak eta ondasun erabiliak.

h) Saltokia eta lurrak erosteko inbertsioak.

i) Garraioko elementuak.

j) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

k) Erakusketako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.

l) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.

m) Programa eta aplikazio informatikoak.

n) Web-orriak diseinatu, ezarri edo eguneratzea.

o) Mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailua eramangarriak edo ekipamendu informatikoak.

p) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.

7. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakia erabiliz eginen da eskaera.

Eskaerak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta Navarrería kaleko 39an (31001 Iruña) den erregistro bulegoan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean adierazi ahal izateko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Ordua eta minutua agertu ezean, inguruabar horiek jasotzen dituen azken eskaera zer egunetan aurkeztu zen, haren ondoren aurkeztutzat joko da, 8. oinarri arautzailean ezarritako ondorioetarako.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztu den eskabidearen kopia bat gehituta.

Eskatutako dokumentazio guztia, salbu eta eskabidearekin batera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten bada, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

2. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskabide-orria behar bezala beteko eta sinatuko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:

2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Nortasuna frogatzen duen agiria.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoei dagokienez: nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Erantzukizuneko aitorpenak eta beste dokumentazioa.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizuneko aitorpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.

–Mikroenpresa edo enpresa txikia izateko baldintza betetzen duen erantzukizuneko aitorpena, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.

–Diru-laguntza eskaeraren xedeko saltokia jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egoteko aitorpenaren kopia.

Diru-laguntzarako eskaera aurkezteko unean ez badu dokumentu hori, enpresa planak ematen duen informazioa hartuko da kontuan, jarduera ekonomikoa CNAE-2009 delakoan sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako diru-laguntzen onuradun bihurtzen bada, 2016ko abenduaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta hartu izanaren aitorpenaren kopia, diru-laguntza jaso ahal izateko. Aitorpen hori da azkenik kontuan hartuko dena 4.5 oinarri arautzailean aurreikusitako ondorioetarako.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira atal honetan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.

2.2. Inbertsio proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Jarduera ekonomiko berrien kasuan: Bideragarritasun edo enpresa planaren kopia, onetsia, osoa eta bukatua.

Plan horrek informazio zehatza emanen du, alderdi hauen ingurukoa:

–Ekintzailearen lanbide kualifikazioa eta egokitasunaren analisia.

–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta ekonomia eta finantza-analisia.

–Enpresaren antolaketa eta komertzializatu beharreko negozioaren eta produktuen definizioa.

–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen plana 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era arteko aldian.

–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltokia irekitzekoa.

b) Dagoen txikizkako merkataritza jarduera eskuz aldatzen denean: ekintzailearen egokitasuna, lehia eta lanbide-prestakuntzaren eta eskualdatze jarduketaren bideragarritasunaren gaineko azterketa edo analisiaren fotokopia, aurreko kasuan adierazitako informazio bera izanen baitu.

c) 2015eko azaroaren 1etik 2016ko abenduaren 30era arte egindako edo aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; honako agiri hauek aurkeztuz justifikatuko da:

–2015eko azaroaren 1etik diru-laguntza eskabidea aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: egindako inbertsioen fakturen kopia.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2016ko abenduaren 30era arte egin gogo diren inbertsioetarako: Aurrekontuak, proformako fakturak edo gastu horiek kuantifikatzeko bidea ematen duen bestelako dokumentazioa; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

Diruz laguntzen ahal den gehieneko inbertsioaren bolumena zehazteko honako hau hartuko da kontuan: diru-laguntzaren eskabide inprimakiaren informazioa, aurreko atalean aipatutako zerrenda eta oinarri arautzaile honen a) edo b) idatz-zatietan ezarritako dokumentazioa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.

8. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da, eta eskaerak aurkezteko ordenaren arabera tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak 5.1. oinarri arautzailearen oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

2. Aurkeztutako eskaerak sailkatuko dira diruz laguntzen ahal diren bi proiektu motatan, txikizkako merkataritza establezimenduak kokatzen diren toki entitateen biztanle kopuruaren arabera, 5.1. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

3. Proiektu mota bakoitzaren barrenean, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak ebaluatu eta aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Diru-laguntzaren eskabidearekin batera 7. oinarri arautzailearen 2.2.a) idatz-zatian edo, hala badagokio, 2.2.b) idatz-zatian ezarritako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da gerora zuzendu.

4. Zuzenketa epea bukatu eta eskaera bakoitza behin betiko ebaluaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Eskaeren ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik eta, epe hori iraganik ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. 5.1.a) oinarri arautzailean ezarritako proiektu moten barrenean aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 5.1.b. oinarrian ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.

5.1.b) oinarri arautzailean ezarritako proiektu moten barrenean aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 5.1.a) oinarrian ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.

7. Baimendutako gastua lehendik aurkeztutako eskaerei emandako diru-laguntzen kontura gutxitzearen ondorioz, funtsak diruz laguntzen ahal diren bi proiektu mota edozeinetako eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aurrekontuan erabilgarri dagoenaren araberako laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari.

Enpresak 10 egun natural izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntza proposamena onartzeko edo ukatzeko.

Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da eta, zein den kasua, berriz modu berean jokatuko da.

Ez da inoiz 500 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.

8. Laguntzak eman ondoren, aurreko atalei jarraituz, deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortuz gero, gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.

9. Eskatutakoa diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak daudela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeko inprimakiaren barreneko aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bidez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek ziurtatzen dituzten datuak kontsultatzeko.

2. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

3. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun naturaleko epean edo 2016ko irailaren 15a baino lehen aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen den jarduketa ez dela egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola diru-laguntzari. Dena dela, komunikazio hori egin beharko da lehen adierazitako epeei itxoin gabe, enpresa onuradunak inguruabar horren berri jakin bezain laster eta, betebehar hori ez betetzeak 13.3. oinarri arautzailean ezarritakoa aplikatzea ekarriko du.

4. Diru-laguntzaren xedeko inbertsio proiektuko funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.

5. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez eta etenik gabe edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Epe horien kontaketa eginen da inbertsioak martxan jartzen direnetik eta, ondorio horietarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

Deialdi honen xedea da txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertain berriak sortzea; horregatik, diru-laguntza jaso duen enpresak merkataritza jardueran aritzeari uzten badio diru-laguntzaren xedeko saltokian aurreko paragrafoan ezarritako aldietakoren batean, destinoaren beharra bete dela ulertuko da eta ez da bidezkoa izanen diru-laguntzaren itzulketa, betiere enpresak txikizkako merkataritzako jarduera batekin jarraitzen badu, hori deialdian diruz laguntzen ahal izateko zehaztutako jardueretako bat baldin bada, Nafarroako beste edozein saltokitan.

6. Txikizkako merkataritza arloko jarduera ekonomiko arruntean eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko behar diren neurriak hartzea. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari eta antzeko beste erakunde bati ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legean ezarritakoa betez.

7. Diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, kartel bat ezarriko da urtebetez aise ikusteko moduko toki batean, diru-laguntza ordaintzeko agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera; deialdia kudeatzen duen zerbitzuak emanen du kartel horren eredua posta elektronikoaren bitartez.

8. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen enpresa onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, diru-laguntzaren zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, 13. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

10. oinarria.–Egindako inbertsioak justifikatzeko epea eta modua.

1. Justifikazio epea.

Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren eta, beranduenez, 2016ko abenduaren 30ean.

Egindako jarduketen frogagiriak aurkezteko, 7. oinarri arautzailearen 1. atalean eskabidea aurkezteko ezarritakoa aplikatuko da, bai eta oinarri arautzaile honetan ezarritakoa ere.

2. Egindako inbertsioak justifikatzeko modua.

Diruz laguntzen diren jarduketak bukaturik, enpresa onuradunek haiek egin izana frogatu beharko dute eta, horretarako, honako hau aurkeztu:

a) Egindako jarduketak frogatzeko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_eu/), kasuan kasuko zerbitzuen katalogoko fitxan, eskuratzen ahal dena, dokumentazio hau gehituta:

b) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

c) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZa gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren zerbitzuen katalogoko fitxan eskura daitekeen ereduaren arabera.

d) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduarekin eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun den enpresaren izenean jaulki beharko dira.

Ez dira onartuko 100 eurotik beherako faktura justifikatzaileak (BEZa barne).

e) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

Ordainketa honako hauen bidez eginen da: banku-transferentzia, bankuaren ordainagiria, enpresaren kreditu edo zordunketa txartela, txeke izenduna edo zor-agiria. Faktura bakoitza bere ordainketa agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Espediente bakoitzeko, 2.500 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da; betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, fakturaren zenbakia, ordainketa eta bere data (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia) zehaztuta, edo hornitzailearen banku-kontuan eskudirutan egindako sarrera frogatzen bada.

Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

f) Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan (zaharberritzea, egokitzapena eta egokitzeko obrak), edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu izana dioen erantzukizuneko aitorpena, laguntza justifikatzeko inprimakian sartua, bete beharko da, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Enpresa onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

g) Diruz lagundutako aktibo finkoen proba grafikoa eta, merkataritza establezimenduak zaharberritzeko eta egokitzeko obren kasuan, establezimenduaren argazkiak, barrenekoak zein kanpokoak, aurkeztu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko inbertsioak egiaztatzeko bidea ematen baitute, eta, ahal bada, haren egoera egiaztatu ahal izateko jarduketen aurreko eta ondorengo argazkiak.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoan emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Betiere, inbertsioak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, diru-laguntzaren xedeak betetzen jarraitzen beharko du; izan ere, erabiltzeko eta abian jartzeko egoera ezin hobean egon beharko dute inbertsioek ordainketa egin aurretik.

Inbertsio proiektuak bukatu eta gauzatutakoan, haiek burutzean izandako aldaketa edo desbideratzeen ondorioz, hasieran aurkeztutakoa eta diruz lagundutakoa baino zenbateko txikiagoa badute, 13.4 oinarri arautzailean xedatutakoari jarraituko zaio kasu horiei dagokien diru-laguntza ordaintzeko.

12. oinarria.–Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste diru-laguntzekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

13. oinarria.–Graduazio irizpideak ez-betetzeengatik.

1. Egindako inbertsioen justifikazioa betetzen ez bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, justifikazio hori 2016ko abenduaren 30etik aurrera aurkezten bada.

2. Justifikazio egunaren ondoren jartzen badira abian inbertsioak edo irekitzen bada diru-laguntzaren xedeko saltokia, nahiz inbertsioaren frogagiriak behar bezala aurkeztuak izan, abian noiz jarri den deialdia kudeatzen duen zerbitzuari jakinarazitakoan eginen da ordainketa, eta minorazio hauek aplikatuko zaizkio diru-laguntzari:

a) %20, justifikazioaren azken epetik 2 hilabete ondoren gehienez ere jartzen bada abian.

b) %40, 4 hilabete ondoren gehienez ere jartzen bada abian.

c) %60, 6 hilabete ondoren gehienez ere jartzen bada abian.

d) %100, beranduago bada, eta horrek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3. Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzen ez bada, diru-laguntzak lortzeko eskubidea galtzea ekarriko dio enpresa berari edo proiektu berari txikizkako merkatari ekintzaileentzako hurrengo diru-laguntzen deialdian, non ez den inguruabar horren berri ematen 9.3. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

4. Egindako inbertsioengatik aurkezten diren frogagiriek erakusten badute diru-laguntza duen aurrekontuaren %70 baino gutxiago gauzatu dela, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe, diru-laguntza emateko xedea bete ez dela ulertuko da eta, kasu horretan, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren web-orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1606007