103. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

227/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, eszedentzia hartzeko laguntza ekonomikoen deialdia onetsi eta horretarako gastua baimentzen duena 2016. urterako, eszedentzia hori adingabeko seme-alabak zaintzeko bada edo, eritasuna edo/eta istripua dela-eta, zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez, laguntza ekonomikoak emateko zenbait deialdiren oinarri arautzaileak onetsi dira 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako, besteak beste, eszedentzia hartzeko laguntza ekonomikoen deialdiarenak, eszedentzia hori adingabeko seme-alabak zaintzeko bada edo, eritasuna edo/eta istripua dela-eta, zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Familiei laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea, 2016. urterako, adingabeko seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzeko eta eritasuna edo/eta istripua dela-eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko eszedentzia hartzeko, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. Guztira 450.000 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko “Eginkizunak batera eramateko laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231507 kontu-sailaren kargura.

3. Diru-laguntza bakoitzerako zenbatekoak ezartzea. Lanaldi osoko kontratua izanik eszedentzia eskatzen den kasuan, 2016. urtean, honako hauek izanen dira zenbatekoak:

a) 645,50 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko a) eta b) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako.

b) 450 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko c), d), e) eta f) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, dagokion aurrekontu-gehikuntzaren bidez.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, baita Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 4an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1605883